Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean Eginiko Agerrialdia Kexen toki-jatorriari buruzko azterlana (2006-2008 urteak)

2009 maiatza 13

Agerraldi honen bigarren arrazoia da erakundean jasotzen ditugun kexen jatorriari buruzko txostena aurkeztea. Txosten hau, zeinak 2006tik 2008ra aurkeztu diren kexen toki-jatorriari buruzko azterlana jasotzen baitu, foru parlamentari Maiorga Ramírez Erro jaunak eskatuta egin da. Izan ere, iradokizuna Foru Araubideko Batzordean 2007. urteari buruzko urteko txostena aurkezten ari nintzenean egin zuen, jakin nahi baitzuen ea azterlanen bat egina ote zegoen kexen jatorriari buruz, jakite aldera non bizi diren beren eskubideen defentsa eskatzeko erakunde honengana jotzen duten herritar nafarrak.

Eskari horri erantzuteko, erakunde honen zerbitzuek azterlan bat egin zuten, jakiteko nondik heldu diren Nafarroako Arartekoari aurkezten zaizkion kexak, eta gisa horretara egiaztatu ahal izateko, zeharka bada ere, Nafarroako eskualde guztietako jendeak foru erakunde hau ezagutzen duen eta haren bitartekaritza eskatu ohi duen.

Azterlana egiteko bi faktore hartu ziren kontuan: bata denborari dagokiona eta bestea lurraldeari. Lehendabizikoari, denborari, dagokionez, 2006ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra aurkeztutako kexak hartu dira kontuan, hau da, hiru urte osotakoak. Guztira 1.441 kexa dira, Nafarroako udaletatik heldu direnak. Beste faktorea lurraldea da. Izan ere, Nafarroako udalen kopuru handia ikusita, 272 baitira, horiek 9 eskualde handitan eta 31 eremu geografikotan bildu ditugu, multzo funtzional hobeak egiteko irizpideari jarraituz (esate baterako, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Iruñerria, Bortziriak eta abar). Horrekin guztiarekin ere, udal bakoitzean bertako biztanleek aurkezturiko kexen kopurua adierazi da.

Azterlanak ondoko datuak erakutsi zizkigun, arloka:

  • Kexa gehien aurkezten dituzten herritarrak Iruñerrikoak dira, eta zehazki Iruñekoak.
  • Hiru kexetatik bi (% 65,4) Iruñeko eskualde handitik heldu dira.
  • Kexen % 10,4 Tuterak eta hurbileko udalek osatzen duten eskualdetik heldu dira.
  • Kexen % 5 inguru Tafallako eta Lizarrako eskualdeetatik heldu dira.
  • Kexen % 4 Kantauri aurreko ibarretatik heldu dira (Larraun, Sakana eta Ultzama eta inguruko udalak) bai eta Ebroko Erriberatik ere (Mendavia, Andosilla, Lerín eta San Adrián, eta inguruko beste udal batzuk).
  • Eta Pirinio aurreko ibarrek osaturiko eskualdeak (Longida, Urraul eta Aibar eta inguruko udalak) eta, bereziki, Pirinioetako ibarrak (Esteribar, Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari) dira kexa gutxien aurkezten dituztenak: % 2,3 eta 1, hurrenez hurren.

Eskualdeei dagokienez, honakoak dira datuak:

  • Aezkoako (11 udal hartzen ditu) eta Zaraitzuko (10 udal eta 1.845 biztanle) eremuetatik, soilik kexa bana jaso dugu hiru urte hauetan.
  • Los Arcosko (9 udal eta 2.265 biztanle) eta Vianako (16 udal eta 5.648 biztanle) eremuetatik, soilik bina kexa jaso ditugu.
  • Erronkariko eremutik (7 udal eta 1.597 biztanle) hiru kexa baizik ez dugu jaso.
  • Ikus daitekeenez, Pirinioetako eta Lizarra-Logroño ardatzetan, kexa kopurua oso txikia da.
  • Ondoriozta dezakegu landa eremuetan -udal txikiagoak eta urrunago kokatuak-, kexa gutxiago aurkezten direla hiri eremuetan edo biztanle gehiagoko udaletan baino.

Hirugarrenik, udalerrien arabera, eta datu aipagarrienen artean, honakoak azpimarratu behar ditugu:

  • Kexa gehien aurkezten diren udalerria Iruña da (626 kexa, guztien % 43). Izan ere, bertan dago erakundearen egoitza eta, agian, horregatik ezagunagoa da eta fisikoki iristen errazagoa (bi kexatatik bat pertsonalki aurkezten dira erakundean).
  • Bigarren udalerria Tutera da, 71 kexekin (guztien % 5).
  • Hirugarren tokia Burlatak -40 kexa, ia % 3- eta Barañainek -39 kexa- betetzen dute.
  • 14 kexa edo gehiagorekin -hau da, % 1- honakoak ageri dira: Zizur Nagusia (35), Lizarra (32 kexa), Eguesibarra (30), Berriozar (22), Antsoain (21), Etxarri Aranatz (20), Atarrabia (19), Tafalla (16), Martzilla (15) eta Uharte (14).
  • Batere kexarik aurkeztu ez diren udalerriak (0 kexa) 127 dira, hau da, Nafarroako udalerrien % 46,69 (ia Nafarroako udalen erdiak).

Egindako azterlanetik, honako ondorioak atera genituen:

  • Hiriko herritarrak dira kexa gehien aurkezten dituztenak, landa eremuetakoak baino gehiago.
  • Iruñekoak eta ingurukoak dira kexa gehien aurkezten dituztenak.
  • Gutxien aurkezten dituztenak, berriz, Aezkoa, Zaraitzu, Los Arcos eta Vianakoak dira, arestian aipaturiko bi ardatzetan daudenak (Pirinioa eta Lizarra-Logroño). Horietan, izan ere, kexen kopurua oso txikia da.
  • Gehiago kexatzen dira Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko biztanleak iparraldekoak baino. Horiek ia ez dute kexarik aurkezten.
  • Zenbat eta udalerria txikiagoa izan, orduan eta kexa gutxiago daude. Horren arrazoia izan daiteke, besteak beste, Nafarroako Arartekoaren erakundea Iruñetik kanpo eta Nafarroako udalerri handietatik kanpo gutxi ezagutzea, edo erakundearengana iristeko zailtasun handiagoak egotea hiriburutik urrun dauden herrietan.

Datu horiek guztiak ikusita, egokitzat jo genuen gehiago zabaltzea herritarren artean Nafarroako Arartekoaren erakundearen existentzia.

Horretarako, honako zabalkunde-neurri hauek hartu genituen:

  1. 2008an, Nafarroako 272 udalei, mankomunitateei eta beste toki entitate handi batzuei idazki bat bidali zitzaien eskatzeko erakundearen berri eman zezatela, kexa-formularioak toki ikusgarrietan eta herritarren eskura jarriz. 4.000 ale bidali ziren gaztelaniaz eta euskaraz (eskualde euskaldunerako eta mistorako) eta 4.000 ale gaztelaniaz (eskualde ez euskaldunerako).
  2. Iragarkiak jarri ziren Tuterako eta haren Erriberako zabalpen handieneko aldizkarietan. Eta hemendik gutxira, iragarkiak jarriko dira Erriberri aldeko aldizkarietan.
  3. 2009an, Nafarroa osoan, Iruñean eta Iruñerrian izan ezik, posta bidezko kanpaina bat egin da. Horretarako, erakundeak 40.400 esku-orri argitaratu zituen, informazio izaerakoak. Horietatik 17.000 elebidunak ziren. Esku-orriak honela banatu ziren:
    • Eskualdeeuskaldunean: 17.000 esku-orri, ondoko aldeetan banatuak: Baztan, Ultzama, Altsasu, Etxarri-Aranatz, Olazti, Laguntza, Arbizu eta Irurtzun.
    • Eskualde mistoan: 5.600 esku-orri, Lizarran eta Garesen banatuak.
    • Eskualde ez euskaldunean: 17.800 esku-orri, Tafallan, Erriberrin, Obanosen, Mendigorrian, Zangozan eta Tuteran banatuak.

Ekintza horien ondorioz, 2009ko lehenengo lauhilekoan, erakundean jasotako kexen kopuruak ia % 40 egin du gora, 2008ko lehenengo lauhilekoan jasotakoekin alderatuta. Gainera, egiaztatu da gora egin dutela lehenago kexa gutxiago aurkezten ziren eskualdeetatik heldu direnek.

Nolanahi ere, ekitaldiaren bukaerara arte itxaron beharko da baloratzeko neurri horiek nolako eragina izan duten herritarrek erakundeari buruz duten ezagutza-mailan.

Bukatuko dut, jaun-andreak, eta beste behin zuen eskura nago nahi dituzuen gai guztiak argitzeko edo osatzeko.

Eskerrik asko berriz denoi.

Partekatu edukia