Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean eginiko agerrialdia. 2008ko urteko txostena

2009 maiatza 13

I. Aurkezpena. Balorazioa.

Arratsalde on, lehendakari jauna, jaun-andreok.

Berriz nago zuekin ordezkatzeko ohorea dudan Nafarroako Arartekoaren erakundeak 2008ko ekitaldian garaturiko jarduerari buruzko urteko txostena Foru Araubideko Batzordean aurkezteko. Horrekin bete nahi dugu Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 36.1. artikuluak ezartzen duena; alegia, Arartekoak urtero eman behar diola egindako kudeaketei buruzko txostena Nafarroako Parlamentuari eta txosten hori ohiko bilkuraldian aurkeztu beharko diola.

Txostenaren edukiak aipatu foru legeko 37. artikuluaren eskakizunak betetzen ditu, eta haren egitura, oro har, bat dator 2007ko urteari buruzko txostenekoarekin. Hala eta guztiz ere, aldaketa txikiren bat egin dugu, edukia errazteko eta Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako administrazio publikoek eta txostena ezagutzeko interesa dutenek hura errazago kontsultatu ahal izateko.

Txostenak era askotako alderdiak biltzen ditu: egindako kudeaketa-lanari buruzko datuak; aurkeztutako kexen ebaluazioa; emandako ebazpenen kopurua eta mota; ukitutako administrazio publikoen onarpen maila; erakundearen gomendio eta iradokizun nagusiak; erakundeak bere kabuz egin dituen ikerketak; herritarrek zerbitzu publikoak hobetzeko aurkeztu dituzten proposamenak; eta Nafarroako administrazio publikoek erakundeari lagundu dioten ala ez, bai eta lagundu ez dioten erakunde eta entitateen aipamena ere. Halaber, egindako txosten bereziak aipatzen ditu eta erakundeak herritarrekin eta gizarte zibilarekin duen zuzeneko harremanaren aipamena egiten du; azkenik, herritarrek erakundeari buruzko ebaluazioa egin ondoren lorturiko emaitzen aipamena ere jasotzen du.

Erakundea arautzen duen foru legeak aurreikusi bezala, txostenak eranskin bat badu, non erakundeak 2008ko ekitaldian izan duen aurrekontuaren likidazioa ageri baita.

II. Aurkeztutako kexak

Herritarrek aurkeztutako kexen atalean sartuko naiz. Nabarmendu beharreko lehenengo gauza da aurreko urtearekin alderatuta aurkeztutako kexen kopuruak nabarmen egin dutela gora. Izan ere, 2007an 447 kexa aurkeztu ziren (2006an baino % 1,6 gehiago); 2008an, berriz, 667 kexa aurkeztu dira (horrenbestez, % 45eko igoera, 2007ko urtearekin alderatuta).

Hazkundea eragin duten arrazoietako bat izan da erakundearen existentzia herritarren eta administrazio publikoen artean zabaldu izana, herritarrek, elkarteek eta komunikabideek gauza bera azpimarratu izan baitigute: erakundea ez dela behar beste ezagutzen eta jendeak zehatz zertarako balio duen ez duela jakiten. Erakundearen xedearen hedapena bide desberdinetatik gauzatu da, hitzaldi honen bigarren atalean azalduko dudan bezala.

Halaber, azpimarratu beharra dago pertsona eta elkarte guztiek erakundera gero eta erraztasun handiagoarekin jo dezaketela. Aurkezten diren lau kexetatik bi (% 54) bulegora bertara joanez aurkeztu dira. Izan ere, dena delako gaiari buruz interesa duten pertsonek bertatik bertara lortzen dute informazioa horrela, eta, gainera, aholkulariek eta teknikariek kexa idazteko laguntza pertsonala eta zuzena eskaintzen dute. Kexen % 21, berriz, posta elektronikoaz edo erakundearen webaren bitartez aurkeztu ziren, bitarteko errazekin eta sinadura elektronikoa bezalako zailtasunik aurkitu gabe; izan ere, ez da exijitu ez sinadura aitortua, ez aurreratua, ez eta bestelako oztopo teknikorik ere. Kexen % 20 posta arruntaz aurkezten dira, eta azkenik, % 4, faxez.

Halaber, bilatu dugu kexa-espedienteen tramitazioa erraztea, beharrezkoak ez ziren urratsak kenduz; kexen tramitazio aldiak ahal den guztian gutxitzea, pertsonen arazoei eman beharreko erantzuna arintzeko; hobekuntza jarraituko mekanismoak aktibatzea, hilero adierazle batzuk landuz eta argitaratuz adierazle horiek zuzenean eta gardentasun osoz kontsultatu daitezke Interneten (arartekoen erakundeetan, nazio mailan nahiz autonomia erkidegoen mailan, aurrenekoak gara guztizko gardentasunaren formula horretara jo dugunak); eta herritarrei argitasunez informazioa ematea urtean zehar haien kezkei erantzuteko garatu ditugun ekintzei buruz.

2008an, lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu Nafarroako Gobernuarekin, informazioaren trukea bide elektronikoen bitartez gauzatzeko; hitzarmen horri jarraituz, kexei eta ikerketa- nahiz ikuskapen-lanei buruzko informazioa bide elektronikoen bitartez helarazten diogu elkarri. Sistema hori ezarri dugunetik, arinago bilakatu dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Arartekoaren erakundearen arteko komunikazioak, eta horrek berarekin ekarri du nabarmen gutxitzea kexak izapidetzeko epea, bai eta, zeharkako eragin gisa ere, Foru Komunitatearen Administrazioan sinadura elektroniko aitortuaren kultura sartzea ere.

Kexa motari dagokionez, % 13 kolektiboak izan ziren; hau da, pertsona-multzo batek aurkeztuak. Horrek esan nahi du gehiago direla Nafarroako Arartekoarengana jotzen duten pertsonak, soilik kexa-kopuruari erreparatuta irudi lezakeena baino; izan ere, dezenaka edo ehunka pertsonak babesten dituzten kexa kolektiboak bai baitaude. Banakoen kexen % 53 gizonezkoek aurkeztu zituzten, eta % 47, aldiz, emakumezkoek.

Kexak aurkeztu ziren gaiei dagokienez, besterik gabe adieraziko dizkizuet, aurreko urteetan egin dudan bezala eta zuek ez nekatzearren, arloka atera ditugun datu orokor batzuk. Izan ere, arlo guztien azalpena eta azterketa txosteneko bigarren kapituluan agertzen da xehetasun guztiekin.

Aurkezturiko kexa kopuru handiena, lehenbiziko aldiz "administrazio moduetan tratu txarra" deitutakoari buruzkoak izan dira; hau da, administrazio publikoek edo haren enplegatuek herritarrari informazioa eman eta espedienteak legediak xedatzen duen epean ebazteko betebeharrari buruzkoak eta tratu txarra edo deskortesia jokabideei buruzkoak. Zehazki, arlo horretan, 70 kexa erregistratu dira. Izan ere, horiek guztizkoaren % 10,8 egiten dute, eta aurreko urtean, berriz, % 4,25 baizik ez. Horrek bidea ematen digu ondorioztatzeko erakundea hobeki ezagutua izatea baliagarri suertatu dela herritarrek tratu txarren kasuei buruz kexa egiteko.

Hori dela eta, garrantzitsutzat jotzen dut beste behin azpimarratzea zeinen beharrezkoa den gogoraraztea administrazio publikoek dituzten legezko betebeharrak, alegia, herritarrei begirunez eta kortesiaz tratatzea eta aurkezten zaizkien eskabideei, idazkiei eta eskakizunei erantzun espresa ematea ahal den arinen, eta, nolanahi ere, legeak ezarritako gehienezko epean. Ehuneko hori gutxitze soilak nabarmen hobetuko luke administrazioaren jarduera.

Funtzio publikoaren eta enplegatu publikoen estatutuaren arloko kexek bigarren tokia hartzen dute, nahiz eta 2007. urtearekin alderatuta ehunekoan behera egiten duten (% 12 izatetik % 10 izatera). Erregistraturiko kexak, kasuen % 50ean baino gehiagotan, Administrazioan sartzeko prozedurekin loturiko alderdiei edo lanpostuak betetzeko prozedurei buruzkoak dira. Gainerako kexak ordainsarien araubideari edo karrera administratiboari buruzkoak dira, edo funtzionarioen eskubide eta betebeharrei buruzkoak eta pasiboen eskubideei eta gizarte segurantzari buruzkoak. Nabarmena da funtzionarioen zati batek, batez ere titulazio handieneko mailetakoek eta kolektibo zabalek Nafarroako Arartekoarengan bilatzen dutela beren eskubideak defendatzeko aukera bat, hain zuzen ere ordezkaritzaren bide normaletatik eta negoziazio sindikalen bidetik asetzen ez dutena.

Kexen hirugarren multzoa (% 9,27; aurreko urtean, berriz, % 11) gizarte ongizateko gaiek hartzen dute; zehazki, adineko pertsonei, adingabeei eta ezgaituei arreta eta babesa emateari buruzkoak eta familiari eta familia eta lana uztartzeari buruzkoak. Halaber, zenbait kexa planteatu zen, zehazki zazpi, Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta haiei laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen aplikazioari buruz. Jasota utzi behar dut arreta berezia eskaini diola lege hori Nafarroan aplikatzeko mailari; besteak beste, Menpekotasunaren Legeari buruzko kexen gaineko informazioa alderatu ahal izan dut beste autonomia erkidego batzuetako nire homologoekin, eta egiaztatu dut Nafarroan, beste autonomia erkidego batzuetan ez bezala, Menpekotasunari buruzko Legearen aplikazioak oso kexa gutxi eragin dituela.

Osasunari buruzko kexek lehenagoko kopuruari eusten diote, eta aurreko urteko ehuneko bera egiten dute (% 7,5). Honakoei buruzkoak dira kexak: zenbait osasun prestazio zerbitzu publikoen katalogoan (Estatukoan) ez sartzea; osasun garraioak sorturiko arazoak; larrialdietako laguntza medikoa; erabiltzaileek osasun sistemarako duten eskubidea, eta osasun administrazioak kasuren batean gastuak itzultzeari ezezkoa ematea.

Antzeko kopuruetan mantentzen dira, hirugarren tokitik bosgarrenera pasata, etxebizitzari buruzko kexak (2008an % 7,5, eta 2007an, berriz, % 8,5). Gehienak jabetza araubideko etxebizitza babestuen adjudikazioari buruzkoak dira eta etxebizitzak erosteko, alokatzeko edo zaharberritzeko laguntza ekonomikoei buruzkoak dira.

Seigarren tokian, igoera deigarriarekin, elebitasunari buruzko kexak daude, 37 hain zuzen. Guztizkoaren % 5,7 izan dira 2008an; 2007an, aldiz, 3 kexa baizik ez ziren aurkeztu. Hazkunde horren arrazoi nagusia da Behatokia Fundazioak, zeinak euskarari dagozkion hizkuntza eskubideen behatoki-lanak egiten baititu, Arartekoaren erakundeari igorri izana Nafarroako administrazio publikoen hizkuntza-eskubideen balizko urratzeei buruz herritarrek fundazio horri igorritako kexak. Aurkeztutako kexak honakoei buruzkoak dira: egoitzen, hiri bideen eta espazio publikoen errotulazioa; inprimakien eta zabalkundeko materialen argitalpena; herritarrekiko komunikazioak, eta administrazio publikoetako lanpostuen profil linguistikoen zehaztapena. Euskararen Legeak ezarritako hiru eskualdeei erreparatuta, kexa horietatik gehienak eskualde mistoari buruzkoak dira.

Ogasunaren eta hezkuntzaren arloetako kexek gora egin dute, bai kexa kopuruari dagokionez, bai ehunekoari dagokionez ere (lehenengoa % 3,6 izatetik % 5,6 izatera pasa da; bigarrena, berriz, % 4 izatetik % 5,26 izatera). Ogasunari buruzko kexak foru ogasunaren eta toki ogasunen tributuen kudeaketari eta bilketari buruzkoak dira, eta neurri txikiagoan, Estatuko Tributu Agentziarekiko izapideei buruzkoak. Hezkuntzaren arloko kexetan, era askotako kasuistika bat dago, eta hezkuntza maila guztietan du eragina: haur hezkuntzako lehen zikloan, 0 eta 3 urte bitartekoan, onartuen zerrendekin eta aplikaturiko baremoekin ados ez egotea; bigarren zikloan eta derrigorrezko irakaskuntzetan, berriz, zenbait eraikinetako gabeziak, antzinako ikaslearen irizpide osagarria, ados ez egotea gurasoek liburuen kostuaren zati bat ordaindu behar izatearekin, eta abar; bekak ukatzea; Hizkuntza Eskola Ofizialean deialdi bikoitza kentzea; unibertsitateko irakaskuntzetan baliogabetutako matrikularen zenbatekoa ez itzultzea; tituluen homologazioa, eta abar.

Gainerako arloak ez dira aurkeztutako kexa guztien % 5era iristen: trafikoa, gizarte segurantza, ingurumena, hirigintza, barne arloa, zerbitzu publikoak, nekazaritza, herri-lanak, justizia, merkataritza, atzerritartasuna, lana, industria, kultura, gazteria eta kirola eta turismoa.

Azken batean, 2008an honakoei buruzko kexek egin zuten gora: tratu txar formala, elebitasuna, ogasuna eta hezkuntza. Honako arloetako kexek, berriz, behera egin zuten: funtzio publikoa, gizarte ongizatea, etxebizitza, trafikoa, ingurumena, hirigintza eta barne arloa. Eta, azkenik, osasunari, gizarte segurantzari eta zerbitzu publikoei buruzko kexek lehengo ehunekoetan mantentzen dira.

Kexei buruzko ondorio gisa, esan daiteke ez dagoela funtsezko arlo bat, erakundeak gainbegiratua, non kexek agertzera ematen duten, oro har, zerbitzu publikoen egiturazko akats bat dagoela edo Nafarroako administrazio publiko nagusiek gaizki funtzionatzen dutela (horiek, izan ere, ongi funtzionatzen dute, ezagutzen ditugun kontzeju txiki batzuen kasuak alde batera utzita). Alabaina, atzeman dugu gora egin dutela herritarrei gizalegezko arreta eta arreta espresa eta behar den epean ez emateari buruzko kexak, eta hori, gainera, administrazio guztietan gertatzen da.

III. Kexaren arrazoia diren administrazio publikoak

2008an aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari aurkeztu zitzaizkion, beren departamentu edo erakunde publikoen jardunarengatik. Kexen ia erdiak foru administrazioaren ekintzei buruzkoak izan ziren; hain zuzen ere, 314 kexa izan ziren, guztizkoaren % 48,5 egiten dutenak. Toki entitateen jardunari buruz, berriz, 212 kexa aurkeztu ziren -guztizkoaren % 32,7-. Toki entitateei erreparatuta, Iruña (64 kexa), Etxarri-Aranatz (17), Lizarra (7) eta Tutera (6) izan ziren kexa gehien jaso zituztenak.

Azkenik, kexen % 10 Gorte Nagusietako Arartekoari (ia guztiak) edo antzeko eginkizunak dituen autonomia erkidegoren bateko ordezkariren bati zegozkion.

IV. Kudeatutako kexak.

Orain artekoak aurkeztutako kexak ziren. Kudeatutako kexa-espedienteei dagokienez, berriz, 2008ko ezaugarria da, halaber, espediente asko kudeatu direla, 779 hain zuzen ere (aurreko urtean baino 123 gehiago).

Horien % 90 inguru, 692 espediente, 2008ko abenduaren 31n ebatzita geratu ziren. Gainerako 87 kexak 2008ko abenduaren 31n, ekitaldia ixteko egunean, ebazteke zeuden, data horretatik hurbil aurkeztuak baitziren.

Kudeatutako kexetatik % 77 izapidetzeko onartu ziren, hau da, 10etik 8. Gainerako bietatik bat ez zen izapidetzeko onartu (garaiz kanpokoa izateagatik, izaera juridiko pribatua edukitzeagatik edo epaileek ebazteko zeuden gaiak izateagatik) eta bestea Gorte Nagusietako Arartekoari igorri zitzaion edo, kasu gutxi batzuetan, autonomia erkidegoetako arartekoei, haien eskumeneko gaiak izateagatik. Horrenbestez, 10 kexetatik 9 onartzen dira ikertzeko, eta horrek ongi erakusten du zein den erakunde honen baliagarritasuna.

Baietsitako kexak % 48 dira. Hau da, izapidetzeko onartzen diren bi kexetatik, bat baietsi egiten da. Datu horrek berresten du zeinen justifikatuta dauden, oro har, herritarrek kasu partikularretan aurkezten dituzten kexak. Kexak baiesteak berarekin dakar herritarrek 10 puntutik 7,5 emanez eskertzea erakundeak kasuan kasu izan duen esku-hartzea eta bitartekotza.

Gainera, kexak izapidetzeko batez besteko denbora erdira baino gutxiagora jaitsi da (137 egunetik 67 egunera); horrek, izan ere, aukera eman du aurreko urtean baino espediente gehiago ixteko.

V. Kexa espedienteetan emandako ebazpenak

2008an zehar, erakundeak 241 ebazpen eman zituen. Zenbateko horrek igoera handi bat erakusten du ebazpenen kopuruan, % 41,8koa, aurreko urtearekin alderatuta (170 izan ziren orduan).

Emandako ebazpenen eduki osoa, haiei dagokien espedientearen erreferentziarekin, erakundearen webgunean sartu dugu, kexa-egilearen nortasunari buruzko datuak eta gorde edo isilpean eduki beharreko beste datu batzuk kenduta.
Horrela, herritarrek eta botere publikoek uneoro ebazpenen edukia eta haiek emateko oinarriak ikus ditzakete.

VI. Gomendioak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpenak

2008an, guztira, 446 gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpen eman zitzaizkien Nafarroako botere publikoei. 2007an egindakoak (244) baino % 83 gehiago dira.

Egindako gomendio eta iradokizunen kopurua ikusita, horietako batzuk bakarrik aipatuko ditut, garrantzitsuenak txosteneko seigarren kapituluan aipatzen baititugu, onartu direnak eta onartu ez direnak adierazita.

Izan ere, Gizarte Gaien arloan, honakoak azpimarra daitezke:

  1. Nazioarteko adopzioa aukeratzen duten familia adoptatzaileei laguntzeko behar diren mekanismoak artikulatzea, adopzio prozesuan beren gain hartu behar dituzten gastuak ordaindu ahal izan ditzaten.
  2. Gizarte Gaietako Departamentuan behar adina langile jartzea Nafarroako Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan aurreikusitakoa modu efiziente, eraginkor eta berehalakoan garatuko dela bermatzeko.
  3. Administrazioak prestatzen dituen baldintza administratiboen orrietan, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean aurreikusitako aukeraz baliatzea, eta, horrenbestez, legez ezarritako mugaz goitiko ezgaituen kopuru bat kontratatzeko beharra eta antzeko beste betebehar batzuk sartzea. Onartua.
  4. Protokolo bat erabiltzea abokatu bakarra izendatzeko adingabe baten zigor arloko gai guztietan defentsako eta laguntza juridikoko lanak egiteko.
  5. Legegintza ekimen bat izapidetzea, Nafarroako administrazio publikoek onesten dituzten deialdietan postu batzuk gorde ahal izan daitezen adimeneko ezgaitasun arina edo moderatua duten pertsonentzat eta gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuentzat.

Osasunaren arloari dagokionez:

  1. Nahaste psikikoak dituzten pertsonei beren borondatearen aurkako tratamendu ibiltaria emateko berariazko baldintzak erregulatzeko aukera aztertzea, eta, beharrezkoa bada horretarako behar diren lege-aldaketak egitea. Hain zuzen ere, adimen osasunaren arloa da, erakunde honen iritziz, esku-hartze publiko handiena eskatzen duena, nahiz eta adimeneko gaixo batzuen "abandonua" eragiten duten arrazoietatik askok oinarria izan nazio mailako osasun legeetan eta familia batzuek pairatzen duten arazoari aurre egiteko bitartekoak ez edukitzean.
  2. Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahastea duten haurrei laguntza emateko ekintza-plan bat egitea.
  3. Fibromialgiarako eta neke kronikoaren sindromerako tratamendua emateko jarduerak hastea.
  4. Osasun garraioaren laguntza-prestazioa hobetzea, bai berrazterketa eta tratamenduetan behar diren leku-aldatzeetarako, bai 112 telefonoaren bitartez larrialdiak kudeatzeko.

Ingurumenaren arloan:

  1. Behar diren neurriak ezartzea abeltzaintza-ustiategiek giza jarduerak garatzen diren lekuetan (etxebizitzak, lantegiak edo era guztietako instalazioak) sortzen duten enbarazua ahal den guztian gutxitzeko. Indargabetzea ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuak jasotzen duen aurreikuspena, abeltzaintza-instalazioak lehen graduko ahaideei esku-aldatzeko aukerari dagokionez; izan ere, hori ez baitator bat ez ingurumenaren babes egokiarekin, ez kutsadurarik gabeko inguruneaz gozatzeko eskubidearekin ere.
  2. Bermatzea herritarrek ingurumen-informazioa edukitzeko duten eskubidea, bai eta ingurumenean eragina duten erabakiak hartzen parte hartzeko eskubidea ere. Puntu horretan, herritarren kexek gora egin dute.

Funtzio Publikoaren arloan:

  1. Behar diren legegintza-ekimenak bultzatzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko eskubide pasiboen araubideari atxikitako funtzionarioei aitortzen zaien ezgaitasun gradua berrikusi ahal izateko, gaixotasuna larritzen denean edo diagnosian oker bat egon denean.
  2. Erizainen lanbide karrera ezartzeko foru lege proiektu bat prestatzea.
  3. Hautapen prozeduretan izendatutako epaimahai kalifikatzaileen jardun zuzena zaintzea; bereziki, ondokoei dagokienez: deialdietako oinarriak zorrotz aplikatzea; izangaientzako erreklamazio epeak ezartzea; haiei behar den informazioa ematea, eta eskatzen dutenei azterketak zuzentzeko erabilitako irizpide objektiboak azaltzea.

Elebitasunari dagokionez:

  1. Herritarrek eskualde mistoan dauden bulego eta zerbitzuetara, ahoz nahiz idatziz, euskaraz jotzeko duten legezko eskubidea bermatzea, eta lehendabiziko unean herritarrei laguntza ematen dieten langileek Nafarroako hizkuntza bereki hori ez jakitea ez dadila eragozpena izan eskubide horretaz modu eraginkorrean baliatzeko.
  2. Eskualde euskaldunean banakako osasun txartel elebidunak egiteko legezko betebeharra betetzea.

Jada adierazi dudan bezala, egindako gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpenen kopuru handia dela eta, ezin ditugu hemen guzti-guztiak aipatu.

VII. Onartutakoen ehunekoa eta lankidetza maila

2008an, nabarmentzekoa da Nafarroako administrazio publikoek erakutsitako lankidetzaren portzentaje handia, eta hori goraipatzekoa eta eskertzekoa da. Administrazio publikoek, izan ere, arintasun handiagoz bidali dituzte ikerketa espedienteetan eskatutako txostenak, eta kasuen % 85,5ean gomendioak eta bitartekaritzak onartu dituzte. Kopuru hori oso altua dela esan daiteke, eta aurreko urtekoa baino hobea da.

Aurreko datuak aukera ematen digu esateko gehienetan agintariek eta administrazioen zerbitzuko langileek onartu egiten dituztela Nafarroako Arartekoaren erabakiak, eta onartzen ez diren gomendioen eta iradokizunen kopuruak behera egin duela, nahiz eta oraindik ere menderaezina den % 15eko tarte txiki bat geratu.

Hala eta guztiz ere, 2008an, tamalez, berriz gertatu da administrazio publikoren batek laguntza emateko betebeharra ez betetzea, edo eskatutako informazioa igorri ez duelako, edo erakundearen gomendioak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpenak ez onartzeagatik.

Ez-betetzeen kasu aipagarrienak, honakoak izaten dira normalean: ikerketa espedienteetan informazioa ez bidaltzea eta egindako gomendio, iradokizun eta gogorarazpenei ez erantzutea. Horri dagokionez, nabarmendu nahi dut, datu positiboa delakoan, 2008an, soilik bi ez-betetze izan zirela arrazoi horiengatik. Lehendabizikoa Larragako Udalarena, zeinak ez baitzuen kexa-espediente batean eskatutako informazioa igorri, eta, gero, ez baitzuen egindako gomendioa onartu. Horretaz gainera, tamalez jarrera oztopatzailetzat jo behar dudan jokabidea izan zuen. Bigarren kasua Artatzako kontzejuak erakunde honek eginiko gomendioari ez erantzutea izan zen. Joan den urtean adierazi nuen herritarrei ematen zaien tratuan izaniko gabezietatik asko kontzeju txikienetan gertatzen direla, eta haien eskumenak birformulatzeko proposamena egin nuen, udalen mesedetan. Hori guztia azaltzeko txosten berezia egin nuen.

Informazio horrek agertzera ematen du erakundearekin lankidetzan jarduteko betebeharra positiboki ona dela; izan ere, egia bada ere onarpen-faltako kasuak gertatzen direla, esan daiteke, aipaturiko bi administrazioen salbuespenarekin, 2008an ez dela gertatu informazio-eskaerei eta ebazpenei ez erantzuteko kasurik.

Azkenik, honakoak izan ziren kexa-espedienteren batean erakunde honen gomendioak, iradokizunak edo legezko betebeharren gogorarazpenak onartu ez eta beren erabakia behar bezala justifikatu ez zuten administrazioak:

  • Osasun Departamentua, hamaika kasutan. Hala eta guztiz ere, esan beharra daukat azken hiletan hobekuntza nabarmena atzeman dudala departamentu horren laguntza-jokabideetan, ebazpenak onartzeari dagokionez, eta hori pozgarria da niretzat.
  • Hezkuntza Departamentua, lau kasutan.
  • Iruñeko Udala, lau kasutan, guztiak herritarren segurtasunaren arloko zuzendaritzarekin lotuta daudenak.
  • Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua, bi kasutan.
  • Eta, azkenik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua eta Barañain, Larraga eta Mendigorriako udalak, kasu banatan.

Ikus daitekeenez, kopuru txikiak dira gomendioak, iradokizunak edo legezko betebeharren gogorarazpenak egiteko emandako ebazpenen zenbatekoari erreparatuta. Hala eta guztiz ere, oraindik ere txikiagoak izatea nahiko genuke.

VIII. Arartekoaren erakundeak bere kabuz egindakoak, proposamenak eta txosten bereziak

2008. urtean, Nafarroako Arartekoaren eginkizun proaktiboa indartzen jarraitu dugu, gainditu nahi baitugu herritarrak hartu eta haien kexak ebazteko eginkizun tradizionala, horixe izan arren legez duen eginkizuna; aitzitik, "gure kabuz eginiko jardueren" bitartez, gure eginkizuna zabaldu egin nahi dugu, Nafarroako administrazio publikoen jarduna hobetzeko gomendioak eta proposamenak egin ahal izateko, zerbitzu publikoak hobeki eman daitezen eta jarduera pribatua kontrolatzeko edo sustatzeko xedez.

Erakundeak 27 aldiz jardun du bere kabuz, gehienetan gizarte ongizatearekin, hezkuntzarekin, osasunarekin eta zerbitzu publikoekin loturiko gaietan.
Halaber, herritarrek zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenak egin dituzte, 63 hain zuzen ere. Ekimen berria da hori, jada 2008an probatu zena. Bada, azpimarratu nahi dut administrazio publikoek eta Nafarroako Parlamentuak proposamen horietako batzuk oso ongi hartu dituztela, eta haien ondorioz arau-aldaketak egin direla, horietako batzuk lege mailakoak. Horien artean dago nazioarteko adopzioaren aukera egiten duten familientzako laguntzei dagokiena; hori, izan ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauetan jaso da, eta aukera ematen du, zerga horren gutxieneko pertsonalen barrenean, nazioarteko adopzioaren kasuan berariazko murrizketa bat aplikatzeko.

Txosten bereziak, berriz, zazpi izan dira, eta guztira 118 gomendio eta iradokizun jaso dira haietan.

Kontsultak

Merezi du azpimarratzea 2008. urtean Informazio Bulegoak eginiko lana Izan ere, 2007an 990 kontsulta jaso bagenituen, 2008an, berriz, 1.529 izan dira (% 54 gehiago). Horietatik 277k administrazio publikoren baten jardueraren aurkako kexaren bat aurkeztea ekarri zuten.

Kontsultatik ateratzean inkestatutako herritar ia guztiek erakundea baliagarritzat edo oso baliagarritzat jo izan dute ("oso baliagarria" kalifikazioa bi inkestatu bakoitzeko batek eman du), halako punturaino non asebetetze-mailari dagokion puntuazioaren batez bestekoa bederatzia gainditzen baitu.

Zenbait aldiz jada adierazi izan dudan eta oraingoan berriz agertzera eman nahi dudan bezala, Informazio Bulegoak berebiziko garrantzia duen eginkizuna du herritarrei laguntzeko eta aholkua emateko beren eskubide subjektiboak hobeki ezagutzeko eta hobeki gauzatzeko. Horixe bilakatu da, izan ere, erakunde honen eginkizun garrantzitsuenetako eta baliagarrienetako bat.

IX. Aurrekontuaren likidazioa.

Aurrekontuaren likidazioari buruzko informazioa txosteneko eranskinean ageri da. Hala eta guztiz ere, datu orokorrenak laburbilduta eman ditzakegu.

  • Gastuen hasierako aurrekontua 1.239.759,41 eurokoa zen. Aurrekontu-aldaketa batzuk egin ondoren (2007ko ekitaldiko kreditu-gerakinak gehitzea), 1.241.730,42 euroko behin betiko aurrekontu edo aurrekontu bateratua atera zen.
  • Gastuen aurrekontuaren exekuzio-maila aurrekontu bateratuaren % 78,77koa izan zen.
  • Ekitaldia, 260.887,11 euroko superabitarekin itxi zen.

Horrenbestez, erakundearen funtzionamenduari buruzko datu orokorren hobekuntzak gastu publikoa nabarmen gutxitzea ekarri du (% 15), aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Eraginkortasun eta efizientzia handiago horien merezimendua, zalantzarik gabe, erakundean lan egiten dutenena da, erakundearen motorra eta gasolina baitira. Haien profesionaltasuna, zerbitzu publikoa eskaintzeko bokazioa eta gainerakoei laguntzeko eta zerbitzatzeko eraman handiko interesa, legez exiji daitekeenaz nabarmen gorago daudenak, eta lan egiteko giro inbidiagarriak aukera eman dute herritarrei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko: haientzat guztientzat, beraz, nire aitorpen eta eskerron bene-benetakoa.

X. Agurra.

Bukatuko dut, jaun-andreok. Hauxe izan da 2008ko urteko txostenari buruzko ahozko laburpena. Bertan, Arartekoaren erakundearen jardunaren alderdi garrantzitsuenak agertu nahi izan ditugu. Espero dut haren edukia eta proposamenak baliagarriak izatea Nafarroako Parlamentuarentzat, Nafarroako Gobernuarentzat eta Nafarroako administrazio publikoentzat, dauzkaten erantzukizunetarako.

Beti bezala, zuen eskura jartzen naiz oso argi geratu ez diren gaiak argitzeko edo osatzeko.

Eskerrik asko berriz denoi.

Partekatu edukia