Partekatu edukia
Egun on, lehendakari jauna, jaun-andreok.
Dakizuen bezala, 2009ko martxoaren 16an eginiko bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak erabaki zuen, Nafarroa Bai parlamentu-taldeak eskatuta, Nafarroako Arartekoari eskatzea txosten bat egin eta aurkez dezan, eta, bertan, lege- edo erregelamendu-aldaketak proposa ditzan, bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren alorrean egiten dituzten politikak hobeki kontrolatze aldera. Eskari hori betetzeko, txosten bat egin dugu, eta haren laburpena gaur aurkezten dizuet eta jada Nafarroako Parlamentuari igorri zaio.
Zalantzagabea da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna legegilearen agindu bat dela, eta Nafarroako Parlamentua agindu hori dela-eta ez dela entzungor geratu azken urteetan. Horixe erakusten dute orain dela ia zazpi urte Indarkeria Sexistaren Aurkako Neurri Integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea 2003an aldatu zen eta Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legea onetsi izanak, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 13ko 14/2004 Foru Legean sartu izanak ere arauak egiterakoan arau berriak gizon eta emakumeen arteko berdintasunean izanen duen eragina ebaluatu beharra dagoela.
Nafarroako Parlamentuak 2002tik 2004ra bitartean egiazko berdintasuna lortzeko bidean eman zuen bultzada aurreratuaren ondoren, Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa onetsi zen. Lege hori, izan ere, aurrerapauso garrantzitsua da berdintasun hori lortzeko eta botere publikoen -oraingoan Estatua osatzen duten guztien- konpromiso zehatza eta saihestezina lortzeko helburu hori lortzea zailtzen edo eragozten duten oztopoak kentzearren.
Gainera, berriz ere Nafarroako Foru Komunitatearen arlora itzulita, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Plana (2006/2010) onetsi da. Plan horren helburua da zeharkako ekintzak eta ekintza positiboak bultzatzea, emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna bideratzen duten baldintza eta egitura sozialak sor daitezen laguntzeko.
Jada adierazi dudan bezala, orain aurkezten dizuedan txosten hau Nafarroako Parlamentuak adierazi duen borondatetik heldu da, hain zuzen ere konstituzio-eskubideak bermatu behar dituen erakunde bati, alegia, Nafarroako Arartekoari, esleituriko eskumenak guztiz garatu eta zabal daitezen, zertarako eta hobeki kontrolatzeko emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren alorrean Nafarroako administrazio publikoek egiten dituzten politikak.
Ezer baino lehen, egokia iruditzen zait adieraztea ordezkatzen dudan erakundeak dauzkan eskumenetan emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren printzipioaren bermea ere sartzen dela, antolamendu juridikoaren balio bat baita hori. Hala eta guztiz ere, Eledunen Batzarraren iritziarekin bat etorriz, aztertu beharra dago eskumen hori zabaldu ote daitekeen edo zehatz ote daitekeen erakunde honek zer parte-hartze izan dezakeen berdintasun hori lortzeko eta jada lortutakoari eusteko, bai eta sexu-arrazoiengatik gerta daitezkeen zuzeneko nahiz zeharkako bazterkeria modu guztiak desagerrarazteko ere.
Egindako txostenean proposamen bat egiten da, hain zuzen ere Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen aldaketa puntuala egitea, orain zuzentzen natzaion legebiltzarrak egokitzat jotzen badu, eta aldaketa horretan, laugarren xedapen gehigarri bat gehitzea, emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren bermeari dagozkion berariazko eginkizunekin. Eta horixe baieztatzen dugu zeren eta, Nafarroako Parlamentuak eskatuta berriki adingabeen babesa dela-eta esleitutako eskumen eta eginkizunak zabaltzeari buruz erakunde honek eginiko txostenean adierazitakoaz bestera, orain aztertzen ari garen gaiak izaera horizontala baitu, Nafarroako administrazio publikoen politika eta jarduera guztietan agertzen dena. Hori dela eta, administrazio jarduera guztiak ikuskatzeko Nafarroako Arartekoak duen eginkizunaren osotasunean proiektatzen da.
Aipatu laugarren xedapen gehigarriaren edukia izan daiteke ezen Foru Legeak aitortzen dizkion eginkizunak betetzen ari delarik, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak bereziki zainduko duela Nafarroako administrazio publikoek eta Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legearen 1.3 artikuluan aipatzen diren gainerako entitateek emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta jarduerak hobetzea, eta sexua dela-eta gerta daitezkeen zuzeneko nahiz zeharkako bazterkeria moduak deuseztatzea.
Adierazi dugun bezala, hori ez da gaur egun ere Nafarroako Arartekoaren erakundearen eskuetatik kanpo geratzen den zerbait. Izan ere, Arartekoak, erakundea arautzen duen foru legearen 1.1 artikuluan xedatuaren babesean, herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubide eta askatasunen babes-maila defendatzeko eta hobetzeko egiten du lan, zentzurik zabalenean. Hala eta guztiz ere, eginkizun hori xedapen gehigarri batean berariaz eta modu zehatzean bilduz, Nafarroako Arartekoak emakumeen eta gizonen berdintasun erreala, osoa eta egiazkoa lortzearen alde garatzen duen edo gara lezakeen lan proaktiboa indartzen da.
Nafarroako Arartekoak ikuskatu beharreko Nafarroako administrazio publikoen jarduteko irizpideei dagokienez, balizko bigarren xedapen gehigarri horretako bigarren idatz-zatian zehatz litezke. Zentzurik zabalenean Nafarroako administrazio publikoen politikak eta jarduerak, oro har, inspiratu behar lituzketen irizpideak izanen lirateke, betiere aplikatzekoak diren arauen araberakoak. Honakoak izanen lirateke:
Bai Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko Foru Legean, bai Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunerako Lege Organikoan jasotako irizpide bat da. Gainera, Nafarroan onetsitako Aukera Berdintasunerako I. Planean jaso ziren helburuetako bat da.
Berdintasun printzipioaren proiekzioa era askotako esparruetan gauzatu behar da. Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunari buruzko Lege Organikoak politika publikoak oro har aipatzen ditu, eta botere publikoen jarduketa irizpide orokorrez gainera, hezkuntza, osasuna, informazioaren gizartea, etxebizitza-politika eta beste arlo batzuetan aurrera eraman beharreko ekintza administratiboak ezartzen ditu. Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onetsitako Aukera Berdintasunerako I. Planak zenbait arlo jasotzen ditu berariazko esku-hartzerako: sustapen ekonomikoa, enplegua eta prestakuntza; lurralde antolamendua eta etxebizitza; hezkuntza eta sustapena; osasuna eta gizarte ongizatea, eta abar.
Administrazioek tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa garatzen dituzten politiketan txertatzen ote dituzten ikuskatzeari dagokiona Nafarroako Arartekoak berariaz duen eginkizun gisa jasotzen duenez legegileak, azpimarra berezia jartzen da Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko Foru Legean eta Nafarroako Foru Administrazioak onetsitako Aukera Berdintasunerako I. Planean aurreikusitako neurriak egiazko egiteko beharrean. Gainera, planean zehaztuta dator esku hartzeko arlo bakoitzeko ekintzak garatzeko ardura nork duen.
Nafarroako aipatutako Aukera Berdintasunerako I. Planak jasotzen duenez, Nafarroako emakumeen parte-hartze politikoa, sindikala eta elkarteen arlokoa oraindik ere oso txikia da. Hori dela eta, aipatu planean diseinaturiko helburuen artean, emakumeen parte-hartze sozial, politiko eta sindikalaren garrantzia zabaltzea eta hari buruz sentsibilizatzea ageri dira, bai eta emakumearen presentzia sustatzea Nafarroako elkarteek osaturiko sarean. Horregatik, eta ikusita Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna sustatzeko Foru Legeak bee artikuluetan Nafarroako Gobernuak eta haren menpeko organoek eta entitateek hartu beharreko neurri batzuk jasotzen dituenez, gizarte eta politika arloetako bizitzan emakumeek parte har dezaten sustatzeko eta haien parte-hartzea areagotzeko, ez litzateke sobera egonen honakoak zehaztea, Nafarroako Parlamentuaren goi ordezkariaren berariazko eginkizun gisa: berariazko lankidetza eta elkarlanerako tresnen ezarpena zaintzea eta gizarte-eragileekiko lankidetza-tresnak, emakumeen elkarteak eta beste entitate pribatu batzuk sustatzea.
Ministroen Kontseiluak 2007ko abenduan onetsitako Aukera Berdintasunerako Plan Estrategikoan (2008-2011) adierazitakoaren arabera, "berdintasuna ez da soilik iristen emakumeak lan merkatuan sartzearekin; herritar guztiak eta gizarte sektore guztiak konprometituko duten neurri batzuk ere eskatzen ditu (...)". Ildo horixe da Nafarroako Gobernuak onetsitako Aukera Berdintasunerako Planean jasotakoa. Ildo horretan, ordezkatzen dudan erakundeari legokiokeen eginkizuna mugatuko litzateke, besteak beste, ikuskatzera Nafarroako administrazio publikoek ekintza-lerro batzuk ezartzen dituztela emakumeek enplegua lor dezaten sustatzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta ordainsarietan berdintasuna lortzeko, bai eta enpresen gizarte-erantzukizuneko ekintzak bultzatzeko ere.
Bai indarkeria Sexistaren Aurkako Neurri Integralak hartzeari buruzko Foru Legeak, bai Generoko Indarkeriaren Aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko Lege Organikoak, neurriak ezartzen dituzte gisa horretako indarkeriari aurrea hartzeko eta hura deuseztatzeko, bai eta biktimei laguntza ematera zuzendutako neurriak ere.
Atal honetan aurreikusitako eginkizuna, alegia, Nafarroako Arartekoari berariaz aitortzea neurri hauek eta generoko indarkeria deuseztatzeko beharrezkoak diren gainerakoak betetzen direla zaintzeko ahalmena, gainerako guztiak bezala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeak esleitutako eginkizunen markoan garatuko litzateke, eta beste ahalmen baten berariazko aitorpenarekin osatuko litzateke: herri-akusazioa egin ahal izatea emakumearen aurkako indarkeria-kasuetan, larritasun arrazoiengatik "Nafarroako Parlamentuak hala eskatzen dionean". Aurrerako hitz eginen dut neurri horri buruz. Hartara, generoko indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko dauden mekanismoak indartuko lirateke, eta Nafarroako Arartekoak parte-hartze aktiboa izanen luke emakumearen defentsan.
Erakunde honetan egiten den lanaren poderioz metatutako eskarmentuak aukera ematen du egiaztatzeko inguruabar pertsonal eta sozial batzuk direla-eta une batzuetan pertsona batzuk zaurgarritasun bereziko kolektiboetan daudela. Emakumeen kasuan, babesgabetasun kasu gehiago gerta daitezke, inguruabarrak metatzen direnean edo inguruabar horien arteko erlazioengatik; esate baterako: gutxiengo batekoa izatea, emakume etorkina izatea, ezgaitua izatea edo beste batzuk. Horrelako kasuetan, botere publikoen jardun koordinatu eta integrala eskatzen da. Batzuetan, gainera, ekintza positiboko neurriak hartu beharko dira, kolektibo horietan gertatzen diren desberdintasunak zuzentzeko. Hori dela eta, proposatzen dugu eginkizun gisa sartzea horrelako ekintzak egiazki garatzen direla ikuskatzearena. Horren xedea da, parlamentu-erakunde hau arautzen duen foru legearen 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ekintza horiek bete ezean, parlamentu-erakundeari bidezkoa dena iradokitzea edo gomendatzea, edo, bestela, bidezkoa den legezko betebeharra gogoraraztea.
Egiazko berdintasunari buruzko Lege Organikoak berariaz jasotzen ditu transkribatutako irizpideak botere publikoen jarduketarako irizpide orokorren gisara. Konstituzio Auzitegiak ere berariaz aipatu ditu amatasunak eskatzen duen babesa eta lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ezartzeko beharra.
Nafarroako Arartekoaren ikuskatze-lana Konstituzioaren printzipioetan oinarrituriko zaintza-lan bat denez, eta, horrenbestez, legezkotasunaren kontrolaz besteko irismena duenez, arlo horretan gara dezakegun ikuskatze-lanaren bidez atzeman ahalko ditugu antolamendu juridikoaren arau-hausteak eta urratzeak ez ezik, emakumeen eta gizonen familia eta lana uztartzeko eskubideez zuzen baliatzea zailtzen edo eragozten dituzten gabeziak ere.
Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko Foru Legean aurreikusitako berariazko neurrietako bat da. Erakunde honen ikuskatze-eginkizuna lagungarri gerta litzateke Nafarroako administrazio guztiek neurri hori bete dezaten zaintzeko, behar diren iradokizun eta gomendioen bitartez.
Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko Foru Legearen bi helburu dira.
Ministro Kontseiluak 2007ko abenduan onetsitako Aukera Berdintasunerako Plan Estrategikoan (2008-2011) eginiko diagnosiaren arabera, emakumeen parte-hartzearen handitzea egiaztatu ahal izan da, funtsean, parlamentu-ordezkaritzan, beste esparru batzuetan ez bezala. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berdintasunari buruz onetsitako planak honakoa ezartzen du: "ekintza positiboko neurrien ezarpena bultzatzea, emakumeen parte-hartze orekatuaren edo/eta parekidearen alde egiteko, batez ere ardurako lanpostuetan."
Helburu horiek guztiek ekintza zehatzak eskatzen dituzte aurrera eramanen badira, eta haien eraginkortasuna eta irismena Nafarroako Arartekoaren erakundeak baloratu eta agertzera eman ditzake.
Hau ere Egiazko Berdintasunerako Lege Organikoan, Generoko Indarkeriaren Aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko Lege Organikoan eta Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko Foru Legean jasotako helburu bat da.
Nafarroako Arartekoak bete beharreko eginkizuna mugatuko da egiaztatzera egiazki gizonen eta emakumeen irudi berdin zalea sustatzen duten neurriak artikulatzera, eta berdintasunaren aurkakoka diren jokabideak desagerraraztera. Neurriak ez ditu ez oztopatzen ez bikoizten Nafarroako Ikus-Entzunezkoen Kontseiluaren eginkizunak, zeren eta helburua baita berdintasunaren printzipioa ebaluatu eta sustatzea. Izan ere, arlo horretan Arartekoak eskumenak badauzka, erakunde hori eratzeari buruzko legetik heldu direnak.
Estatuko eta foru mailako arauetan aurreikusitako neurrien eta Nafarroako Gobernuak onetsitako Berdintasunerako Planean jasotako ekintzen aplikazioa ebaluatu egin behar da, haien guztien eraginkortasuna egiaztatzeko. Berdintasunerako Foru Planean haren ebaluazioa aipatzen da hobetzeko prozesu gisa, ekintzak garatzeko markoaren barrenean eta oztopoak eta premiak atzemateko, eta,kasua bada, ekintzak birdoitzeko beharrezko trena gisa. Planak aurreikusten du urtearen bukaeran Nafarroako Emakumearen Institutuak -gaur egun Nafarroako Berdintasunaren Institutuak- txostena egitea eta txosten hori Nafarroako Parlamentura igortzea. Gainera, plana betetzen den azken urtean, 2010ean, kanpoko ebaluazioa eta amaierako txostena egin beharko dira. Azken txosten hori Nafarroako Parlamentuari igorriko zaio.
Nafarroako Arartekoaren ebaluazioa, txosten berezien bitartez edo urteko txostenaren bitartez, Arartekoaren erakundea sortzeko legean bertan aurreikusitako neurri bat da, eta Administrazioaren organoen neurriez bestelakoa da. Haren irismenak konstituzio-eskubideen betetzea eta bermatzea hartzen ditu, bai eta eskubide horiek babesteko proposamenak egitea ere, eta ez hainbeste politika publikoak in genere ebaluatzea.
Ekintza horiek aurrera eramatea funtsezkoa da erdiesteko administrazio guztiek, gizarte-eragileek, elkarteek eta, oro har, gizarte osoak kontzientzia har dezaten emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko aurrera egiteko premiari buruz. Horregatik, egokitzat jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak administrazio publikoen gainean egiten duen ikuskapen lanetan sartzea kanpaina horiek egiazki egiten direla zaintzeko ardura, ezertan kendu gabe kanpaina propioak egiteko aukera, egokitzat jotzen badu.
Aurreko guztiak biltzen dituen eginkizun orokor bat da, itxiera-klausula baten gisakoa eta arlo honetan ezartzen diren neurri guztiak hartzen dituena.
Orain arte, Nafarroako administrazio publikoen jarduna inspiratzen duten irizpideak aipatu ditugu, hain zuzen ere Nafarroako Arartekoak ikuskatu beharko lituzkeenak. Horrenbestez, administrazio publikoek berek dauzkaten irizpideak dira, eta haien berme eta betetze objektiboaren helburua Nafarroako Arartekoak bere gain hartzen du, herritarren eskubideak zaintzeko bere xede instituzionalaren baitan.
Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna dela eta esleitutako eginkizunak eta eskumenak, or har, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean jasotako erregulazioaren baitan garatuko lirateke.
Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Arartekoak emakumearen eta gizonaren egiazko berdintasunaren bermatzaile gisa duen eginkizun instituzionala indartzeko, laugarren xedapen gehigarrian beste lau puntu sar litezke, ondoko alderdiei buruzkoak:
Lehenengo puntuak aipamen bat jasoko luke ondokoari buruzkoa: bere eginkizunetan diharduenean, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak kasu partikular batean atzematen badu emakumearen egiazko berdintasunerako eskubidearen urraketa jakin bat gertatu dela, administrazio eskudunari edo Ministerio Fiskalari jakinarazi beharko dio, egitateak administrazio-legeak urratzen baditu edo zigor arloko arau-haustea bada. Egungo lege indardunekin ere horretara behartuta dago eta, beraz, araugintzaren ikuspuntutik ez da inolako berritasuna, baina bai da bide bat zehazteko Administrazio eskudunak (botere exekutiboa) eta Ministerio Fiskalak (botere judiziala) eginkizun desberdinak eta bereiziak dituztela, legegintza- eta ikuskapen-eginkizunean finkatzeko.
Bigarren puntua, administrazioarekiko auzien arloko legitimazioari buruzkoa da. Nafarroako Arartekoaren erakundea Adingabearen Arartekoaren eginkizunekin indartzeko neurriak hartzeari buruz berriki emandako txostenean ez bezala, oraingo kasuan estatuko lege bat, lege prozesal bat da, hain zuzen ere Emakumeen eta Gizonen Egiazko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, zuzenean legitimatzen dituena "egiazko berdintasunaren arloko eskumenak dituzten erakunde publikoak" bide zibilean eta administrazioarekiko auzien bidean jarduteko "ukituak pertsonen multzo zehaztu gabe bat edo determinatzen zaila denean".
Horrenbestez, aipatu aurreikuspenaren babesean, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak, "arloan eskumena duen organismo publikoa" dela argi eta garbi baitago (egiazko berdintasuna konstituzio-eskubide bat da, Konstituzioko 9.2, 14. artikuluetan eta beste batzuetan jasotakoa), zuzenean legitimaturik egonen litzateke arlo prozesalean emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunerako eskubidea aldezteko.
Hirugarren puntua Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak herri-akusazioa aurrera eraman ahal izateko "betiere Prozedura Kriminaleko Legean ezarritako moduan" legitimazioari buruzkoa litzateke emakumearen aurkako indarkeria kasuetan, baldin eta, daukaten larritasunarengatik, Nafarroako Parlamentuak hori eskatzen badio. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak behar diren hitzarmenak egin ahalko ditu abokatuen elkargoekin, edo bestela, behar diren laguntza teknikoko kontratuak. Ikusten denez, ez da Arartekoaren eginkizun autonomo bat, baizik eta Nafarroako Parlamentuaren borondatearen araberakoa, hura baita Arartekoaren ordezkaritza erabakitzen duena, konstituzio-eskubideak bermatze aldera.
Konstituzio Auzitegiak, 311/2006 epaian, pertsona juridiko-publikoak herri-ekintzaz baliatzeko titulartasunaren auzia aztertu zuen, eta aitortu zuen haiek eskubidea dutela zigor arloan jarduteko, legean ezarritakoaren arabera; horrenbestez, puntu horretan, ez dago konstituzionaltasunari buruzko zalantzarik.
Aipaturiko xedapen gehigarrian sar litekeen laugarren eta azken puntua txosten bereziak eta monografikoak egiteari buruzkoa izanen litzateke, horren bidez ebaluatzeko emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren printzipioa betetzen den Nafarroako administrazio publikoen jardunean, eta ebaluazio hori urteko txostenean sartzeari buruzkoa. Eginkizun hori ez da, berez, berria: izan ere, txosten bereziak egiteko ahalmena eta Nafarroako Parlamentuari urtero txosten bat aurkezteko betebeharra jada Arartekoaren erakundea arautzen duen Foru Legeko 36. artikuluan jasota daude. Hala eta guztiz ere, jada esan dugun bezala, gure ustez, Nafarroako administrazio publikoen jardueran emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren printzipioa betetzeari buruzko ebaluazioa berariaz aipatzea oso baliagarria izan daiteke arlo honetan egiten diren aurrerapenei buruz gogoeta egiteko, batez ere Nafarroako Parlamentuan, eta eskubide hori egiaz lortzeko neurriak sustatzen jarraitzeko.
Erakundeak emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunaren arloko eskumenak gehiago garatu behar izateak, ezinbestez ekarriko du egun dagoen jarduera handitzea. Horrenbestez, litekeena da beharrezkoa izatea aurrekontu-gastuak zerbait handitzea. Hori bere garaian planteatuko litzateke, efizientzia eta gastu-publikoari eusteko beharra kontuan izanda. Helburua izanen litzateke Nafarroako abokatuen elkargoekin egin beharreko hitzarmenak finantzatzea eta abokatuekin, beharrezkoa bada, laguntza teknikoko kontratuak egitea.
Bukatuko dut, jaun-andreok. Txostena laburbiltzen ahalegindu naiz, eta, beti bezala, zuen eskura nago nahi dituzuen gai guztiak argitzeko edo osatzeko. Eskerrik asko denoi.
Partekatu edukia