Partekatu edukia
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak txoten bat igorri dio Nafarroako Arartekoari, non, Iruñeko ingurabideetan (PA-30) dagoen argiztapen-mailak aztertu ondoren, aurreikusten baitu errepide horien bideuneetan “argi-fluxua” deitutakoa gutxitzea.
Txostena heldu da Nafarroako Arartekoaren erakundean herritar batengandik jasotako proposamen batetik. Izan ere, hartan, herritarrak nabarmentzen zuen Iruñeko ingurabide eta saihesbideetako argiztapena gehiegizkoa dela, eta alegatzen zuen “Ekialdeko saihesbidean, Taxoaretik hasi eta Itaroara arte, ehunka farola indartsu dagoela jarrita, bi norabideetako erreiak argiztatzeko. Gauero guzti-guztiak pizten dira eta hainbesteko argia dago non autoko argiak itzalita ere ez baita ikusgarritasunik galtzen”.
Proposamena jasota, Nafarroako Arartekoak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari igorri zion, azter zezan. Erantzun gisa, aipatu Departamentuak txosten tekniko bat egin du “PA-30 errepidearen (Iruñeko ingurabideak) argiztapen-mailei buruz”.
Agiri horren ondorioen arabera, departamentuak informatu du aztertzen ari dela argi-fluxua Iruñeko ingurabideetako bideune guztietan gutxitzeko aldia zabaltzea, eta ahaleginduko dela errepidean funtzionaltasun eta segurtasun maila arrazoizkoen eta kontsumo-aurrezkiaren eta argi-kutsadura gutxitzearen artean egon beharreko zentzuzko orekari eusten.
Departamentuaren txostenak nabarmentzen du, ikuspuntu teknikotik egon daitezkeen aukeren gisara, argiztapen-maila % 35eraino gutxitzea, uniformetasun egokiari eutsita. Horrekin guztiarekin, dio, energiaren aurrezkia eta aurrezki ekonomikoa lortu eta argi-kutsadura gutxituko litzateke. Konponbide horrekin batera, pixkanaka, bide-enborreko tarteetan (lotune eta bidegurutzeen artekoak), egun dauden 250 watteko lanparen ordez, 150 watteko lanparak jar litezke, “baldin eta bertan egin beharreko azterlanek egiaztatzen badute argiztapen-mailaren gutxitze horrek ez diela bideko erabiltzaileei onartezinezko murriztapenik ekartzen ikusgarritasunean eta segurtasunean”, txostenaren amaieran esaten den bezala.
Partekatu edukia