Partekatu edukia
Nafarroako Auzitegi Nagusiak, 2010eko ekainaren 3ko autoaren bitartez, berretsi du Nafarroako Arartekoak bortxaezintasunaren prerrogatiba duela Nafarroako administrazio publikoak ikuskatzeko eginkizunetan ari dela.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak auto batean aipatzen du Nafarroako Arartekoak, Nafarroako Parlamentuko goi-ordezkari gisa, bortxaezintasuna duela, hain zuzen ere ondoren azalduko den moduan. Izan ere, auto horren bidez erabaki zuen ez onartzea erakunde honekiko ez-kolaboratzailetzat deklaratutako eta halakotzat Nafarroako Arartekoaren Erakundearen Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan sartutako toki entitate bateko ordezkariek beren ohorea zaintzea eta babestea eskatzeko aurkeztutako demanda bat.
“(...) Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko (LORAFNA) 13.2 artikuluan jasotako prerrogatiba Nafarroako Arartekoari ere zabaldu behar zaio; izan ere, artikulu horrek honakoa ezarri zuen: “Foru parlamentariek, beren agintaldia bukatu eta gero ere, ukiezintasuna izanen dute, parlamentu-egintzetan agertutako iritziak eta beren karguan aritzerakoan emandako botoak direla bide”.
Horren bidez, araubide juridiko indartu bat agerrarazten da, zeina beharrezkoa baita erakundeak bere eginkizuna bete dezan: funtsean, autonomia erkidegoaren administrazioaren jarduera, toki administrazioarena, eta horien ente eta enpresa publiko zein menpekoena behatzea; halaber, araubide hori beharrezkoa da 1978ko Konstituzioko lehen tituluan ezarritako eskubideak hobeki babesteko”.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ondorioztatzen du Nafarroako Arartekoaren erakundearen estatutu juridikoa diputatuen, senatarien eta parlamentario autonomikoen estatutu juridikoaren parekoa dela. Araudi hori, bide batez, Konstituzio Auzitegiak ezarritakoaren argitara interpretatu beharra dago. Izan ere, auzitegi horrek jotzen du bortxaezintasunaren prerrogatiba “ez dela soilik erantzukizunez gabetzeko preskripzio bat, baizik eta edozein motatako prozedura zabaltze hutsaren aurreko pribilegio bat (...)”
Partekatu edukia