Bilaketa aurreratua

Albisteak

El presidente del Parlamento, Unai Hualde, junto al Defensor del Pueblo de Navarra, Patxi Vera.
Unai Hualde, Parlamentuko presidenteak, Patxi Vera Nafarroako Arartekoarekin batera.

Nafarroako Arartekoaren jarduketa-kopurua % 19,7 igo da eta 2025ean guztira 5.654 izan dira

2026 maiatza 06

Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, 2025eko ekitaldiari dagokion Erakundearen Urteko Txostena aurkeztu dio asteazken honetan Unai Hualderi, Nafarroako Parlamentuko lehendakariari. Dokumentu horretan iaz kudeatu zituen 5.654 jarduketak jasotzen dira, hau da, % 19,7ko igoera gertatu da.

2025ean Arartekoari aurkeztutako kexen kopurua 1.750 izan zen, aurreko urtean baino % 23,6 gehiago. Guztira Erakundera jo zuten pertsonak 13.306  izan ziren. Horietatik % 58,3 emakumeak izan ziren, eta % 41,7, gizonak.

Era berean, txostenak nabarmentzen du emaitzei dagokienez 683 kexa herritarren aldekoak izan zirela, bai administrazioek onartutako ebazpenen bidez (303), bai ikerketan zehar konpondu zirelako (380). 2025ean administrazio publikoek kexetan adierazitako uzien % 79,3 onartu zituzten, eta datu horrek herritarrei eskainitako laguntzaren berri ematen du.

Kexa-eremu nagusiak

Gizarte Ongizatea eta Osasuna izan ziren kexa gehien izan zituztenak, 284 eta 264, hurrenez hurren; ondoren Hezkuntza (124), Ogasuna (107), Funtzio Publikoa (102) eta Etxebizitza (102) kokatzen dira. Herritarren Segurtasuna (68), Ingurumena (64) eta Atzerritartasuna (63) dira kexa gehien dituzten hamar gaien zerrenda osatzen dutenak.

Kexen hartzaile diren administrazio edo erakunde publikoei dagokienez, % 53,4 foru- administrazioaren jarduketengatik aurkeztu ziren; % 26,3 Nafarroako toki-entitateen eta haien mendeko erakundeei lotuta; eta % 11,4 Estatuko administraziori lotuta.

Era berean, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako Helburuen (GJH) araberako kexen zerrenda zehazten da. Kexen eragin handiena izan zutenak, handienetik txikienera, honako hauek izan ziren: 11. GJH (hiri eta komunitate jasangarriak), 357 kexarekin; 10. GJH (desberdintasunak murriztea), 326rekin; hirugarrena, 3. GJH (osasuna eta ongizatea), 269rekin; eta laugarrena, 8. GJH (lan duina eta hazkunde ekonomikoa), 249rekin.

Zeharkakotasuna eta gardentasuna

Azkenik, zeharkakotasun edo kolektibo kalteberekiko eragin-irizpideari jarraituz, kexa-bolumen handiena "Haurtzaroa eta nerabezaroa" (358), "Desgaitasuna eta mendekotasuna" (229), "Adinekoak" (132), "Generoa" (25) eta, neurri txikiagoan, "Arrazakeria eta xenofobia" (12) arloetan kontzentratu zen.

Txostenak, gainera, erakundearen 2025eko agenda osoa jasotzen du, gardentasun handiena emateko asmoz. Agendan, egunez egun eta ordena kronologikoan, titularrak eta bere taldeak egindako jarduerak zehazten dira, bai eta aurrekontuaren likidazioa jasotzen duen eranskin bat ere.

Balorazioak

Patxi Verak, Nafarroako Arartekoak, azaldu duenez, txosten honen  xedea "herritarren euren ustez administrazioek ondo tratatzen ez dituzten, beren eskubideak aintzat hartzen ez dituzten edo desberdintasun-arrakalaren aurrean berdintasun handiagoa eskatzen duten pertsonen ahotsa jasotzea" da.

Gainera esan du bere nahia dokumentuak honako hauek lortzeko balio izatea dela: "Nafarroako Parlamentuari dagokionez, errealitatea eta herritarrek dituzten arazoak hobeto eta osoago ezagutzeko; administrazio publikoen kasuan, herritarrei zerbitzua emateko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko jarduera eraginkorragoa eta efizienteagoa garatzen laguntzeko; eta, azkenik, Nafarroan bizi diren pertsonei laguntzeko, Nafarroako Arartekoak zein neurritan lagun diezaiekeen, bereziki kalteberenei, egiazta dezaten".

Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, bere aldetik, adierazi du “Arartekoaren urteko txostenek urtetik urtera berresten dutela herritarrek erakunde horrengan duen konfiantza Administrazioarekin dituzten arazoak konpontzen saiatzeko, hala erakusten baitu jarduketa-kopuruaren igoerak”. Era berean, nabarmendu du alor desberdinetan egiten ari den proposamen-lan garrantzitsua, bai eta gure erkidegoko eragile eta gizarte-taldeekiko harremanaren sakontzea ere".

Dokumentua Parlamentuan aurkeztu ondoren Patxi Verak Foru Araubideko Batzordearen hurrengo bilkuran aurkeztuko du Nafarroako Arartekoaren 2025eko urteko txostena, 926 orrialde dituena.

Informazio-egintza hori uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 36.1 artikuluak arautzen du, zeinak xedatzen baitu Nafarroako Arartekoak "urtero emanen dio egindako kudeaketei buruzko txostena Nafarroako Parlamentuari; ohiko bilkuraldian aurkeztu beharko dio txosten hori".

Partekatu edukia