Partekatu edukia
Arratsalde on.
Eskerrik asko Lokarriri, Gizarte Foro honetan parte hartzera gonbidatzeagatik, gaur Nafarroako herritarren parte hartzeari buruzkoa izango dena.
Floren Aoizek esan duenez, bake-prozesuaren terminoa eztabaidatu eta are ukatu egiten dute gerra edo gatazka egoera ez dagoela, baizik eta talde batek herritarren aurka indarkeriazko ekintzak egiten dituela, adierazten dutenek.
Eztabaida hori saihestuko dut, uste dudalako nik ordezkatzen dudan erakundeari egin zaion gonbidapena, Nafarroako herritarrak eragile gisa hartuz, positiboa dela.
Dakizuenez, Nafarroa bi modu ezberdin eta kontrajarritan ikus dezakegu.
Objektu gisa ikus dezakegu. Horrela, Nafarroa lurralde bat izango litzateke, geureganatu edo atxiki nahi dugun historia bat duena, eta zeinaren leku eta gailurretan banderak edo seinaleak jartzen diren, jabetzak edo ideiak markatzeko. Garrantzitsuena lurraldea eta lurraldearen gaineko legitimitate historikoa da.
Beste ikuspegian, Nafarroa subjektua da. Ikuspegi honen arabera, bertan bizi diren pertsonak, espazio jakin batean bizi direnak, dira garrantzitsuenak, espazio horretan jaio, ikasten, lan egiten edo bizi direlako. Pertsona horiek garrantzitsuagoak dira lurraldea baino.
Nire ustez, zenbait hamarkadaz (eta gaur egun ere), gizartearen zati handi batean lehenengo ikuspegia izan da nagusi: Nafarroa, batzuen eta besteen arteko liskarraren sorburua. Baina, azken aldian, bigarren ikuspegia zabaltzen ari da. Hau da, Nafarroa subjektu kolektiboa da, nazio bat, jatorrizko zentzuan eta kulturaren ikuspegitik, ez zentzu politikoan. Alegia, jatorri bera duten pertsonak dira (natio), elkarrekin bizi diren pertsonen taldea izan nahi dutenak. Ideia honetan, Nafarroako herritarren garrantzia gailentzen da, eta horregatik egiten da gogoeta beraien borondateari buruz.
Nik neuk nahiago dut bigarren ikuspegi hau lehenengoa baino, noski. Herritarra eta nafarra naizen aldetik eta, apaltasun handiz diot, demokrata naizen aldetik (Lincolnen esaldiari jarraitzearren: herriaren, herriaren aldeko eta herriarentzako gobernua), uste dut bere patua, edozein dela ere, erabaki behar duena Nafarroako biztanleria dela.
Esan dut bake prozesuaren terminoa eztabaidagarria dela, eta jende askok eztabaidatzen duela. Eta uste dut, era berean, Nafarroako herritarrek bake prozesuan parte hartzearen esaera ere eztabaidagarria eta eztabaidatua izan daitekeela. Izan ere, parte hartzea bainoago, uste dut benetan garrantzia duena dela Nafarroako herritarrek une bakoitzean eta beraiei dagozkien gaietan erabakitzea.
Nire iritzian, Nafarroako gizarteak bere patua erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Bere iritzia eman nahi du, edo baliteke iritzia eman nahi ez izatea ere, batzuek nahi duten moduan behintzat. Baina, nolanahi ere, gizarte honek komeni zaiona erabakitzeko eskubidea eskatzen du, eta ez beste batzuek beraren ordez erabakitzea. Nik uste dut nafar gehien-gehienak bat datozela horretan.
Horrenbestez, Nafarroako herritarren parte hartzea ona edo ez izateari buruz egin den lehenengo galderari BAI erantzun behar zaio. Are gehiago, uste dut Nafarroako herritarren parte hartzea eta erabakimena nahitaezkoak direla, beraiengan eragina daukaten auzietan.
Besterik da esatea Nafarroak erabakiak hartu ahal izateko mekanismo eta tresnarik egokienak zeintzuk diren. Baina abiaburua da, nire ustez, gai honetan eta beste gai batzuetan, Nafarroak, gizarte, herri, nazio, komunitate, kolektibitate edo subjektu den aldetik, bere etorkizuna erabaki behar duela, berak bakarrik nahi duen eran. Hori ez den guztia, nire ustez, arazoak sortzea edo areagotzea da, akatsa, eta borondateak gotortzea dakar.
Gidoian egin den bigarren galdera da Nafarroak edo nafar gizarteak zein ekarpen positibo egin dezakeen zehazki, horretarako nolako oztopoak dauden, eta oztopo horiek nola gainditu ahal diren.
Ekarpen positibo zehatza, esan dudanez, ekintzaren subjektu eta agente denari entzutea, erabakitzen uztea eta kasu egitea da, subjektu horren erabakia funtsezkoa baita Nafarroan eragina duen edozein gaitan. Nafarroako gizartea subjektu juridiko eta politikoa da, eta ez da nahikoa beraren iritzia kontuan izatea: erabakitzen duena errespetatu behar da.
Gizarte bati entzuteko prozesu orotan bezala, oztopo ugari daude: nafar herritarrei erabakitzen edo iritzia ematen ez uztea, beraien borondatea faltsutzea (hauteskundeetan esandakoa gaiaren mamia ez dena bihurtuz), gaia erradikalizatzea (beldurrak, mehatxuak eta indarkeria erabiliz, aldeko eta kontrako puntuak azaldu beharrean), muturreko jarreretara jotzea, eta abar.
Nire iritzian, aurrean daukagun arrisku handienetako bat, dagoeneko ez bada gertatu, eta egoera aldatzeko urte asko beharko dira argi jokatzen ez badugu eta trebeak ez bagara, nafar komunitatea bi komunitatetan bereiztea da. Ideologikoki eta are lurraldearen arabera bereizitako bi komunitate, une jakin batzuetan aurrez aurre jar daitezkeenak. Gizarte bat bi bloketan bereiztea ez da arraroa: ezkerreko eta eskuineko jendea dago, abertzaleak eta ez abertzaleak, zentralistak eta federalistak edo konfederalistak, herri bateko edo besteko jendea, hizkuntza ezberdinekin... Arriskua da bi blokeak gero eta erradikalagoak izatea eta beste blokea deuseztatzea edo desagerraraztea nahi izatea, eta liskar pertsonalera iristea, zenbait modutan: juridikoki, fisikoki, ekonomikoki, sinbolikoki eta abar.
Espazio berean elkarren aurka dauden bi komunitateen arazoa serioa da. Hurbil asko ikus dezakegu: Ipar Irlanda, Belgika, Israel eta Palestina... Agian esajeratua eta alarmista izan naiteke, baina uste dut (eta espero dut oker egotea) Nafarroan bi komunitate eratzeko bidean gaudela, dagoeneko horra iritsi ez bagara. Bi pentsaera eta portaera ezberdin dituzten komunitateak, gero eta erradikalagoak, muturkeriaren eta bestearen deuseztapenaren arriskuarekin. Eta horrek kezkatzen nau.
Nola gainditu arazo hau:
Konponbide bat, inola ere proposatzen ez dudana eta errefusatzen dudana, lurralde banaketarena da: batzuk iparraldean eta besteak hegoaldean. Harresi bat eraiki liteke (ez du zertan fisikoa izan behar) alde bien artean, Berlingo horma, Zisjordaniako harresia edo Ulsterreko alanbre-hesia bezalaxe. Horma eta muga horiek ez ziren jaio bakarrik liskar fisikoaren ondorioz; batez ere aurkaritza ideologikoa erakusten dute: zu eta zeure ideiak han, eta ni eta neure ideiak hemen. Utzi bakean eta ez gainditu muga ezertarako ere.
Beste konponbide bat, zibilizatuagoa, demokrazian sakontzea da, demokrazia berezko balioa den aldetik: etorkizuneko proiektuen berdintasuna, proiektu horien azalpenean berdintasuna, informazioan berdintasuna, botoan berdintasuna (pertsona bat, boto bat), erabakien errespetua, bizikidetzako esparru berean denak ahalik eta modurik erosoenean eta identifikatuenean egon ahal izateko akordioak bilatzea... Hori dena, bakezko eta kultura-maila handiko giro batean.
Demokraziaren kultura, bakearen bidea hartzea (Gandiren moduan), indarkeriari uko egitea, biktimen duintasunaren errespetua, aniztasunaren errespetua, eta arazo, gatazka edo egoeren konponbideak bilatzea, lekuaren inguruabarrei egokituak eta demokraziaren balio komun horien arabera moldatuak, gero zehaztu behar diren bizikidetza integratzailearen klabe orokorrak dira.
Nafarroaren kasuan gehiago esango nuke. Nafar herritarrak beren patuaren jabe direla errespetatzen bada, garrantzitsuena erradikalismoak ekiditea eta elkar ulertzeko zubiak sortzea da, puntu komunen gainean, bizikidetza integratzailea ahalbideratzeko eta ez bakarrik espazio berean bizitzeko. Aholku eskatuko balidakete eta esango balidate garrantzitsuena aipatu behar dudala, nire ustez hau izango litzateke: nafar gizarteak bizikidetza proiektu komuna edukitzea, nafar guztientzat integratzailea, aniztasuna errespetatuz (lehenik eta behin, hemen denentzako lekua dago, eta bigarrenik, denok egin dezakegu nahi duguna), bakean, gorrotorik gabe, besteak maite duena deuseztatu nahi gabe.
Hau da, nafar herritarrek nahi dutena adierazteko espazioa edukitzea eta adierazpen guztiak errespetatuak izatea (toleratuak bainoago, errespetatuak).
Esparru komun hori espazio propioekin sortu ahal izateko, ezberdintasun bakarrak kulturalak izanik, elkarrizketarako mekanismoak sortu behar dira, ezberdinak direnen arteko zubiak, elementu eta balio komunak, muturretan edo puntu zehatz batzuetan amore eman, eta ezberdina dena errespetatu, aurkakoa deuseztatu gabe.
Nire ustez, galderarik garrantzitsuena da zer emango geniokeen besteari Nafarroa bertan bizi diren guztien etxea izateko eta elkarrekin bizi ahal izateko, harmonian, pozik eta urte askotarako. Zer emateko, egiteko edo ez egiteko kapaz izango ginateke denak Nafarroan eroso egon ahal izateko eta inor baztertuta ez sentitzeko, edo mende askotan denen topaleku izan den lurralde hau inork suntsitu nahi ez izateko?
Hori da, niretzat behinik behin, aurrean daukagun erronka nagusia.
Gidoian hirugarren galdera bat egin zait:
Ze espazio edo ekimen daude Nafarroan parte hartzeko? Nola indartu edo bultzatu ahalko lirateke? Espazio edo ekimen berriak sor litezke?
Nafarroan foro instituzional bat dago. Bertan, edozein ekimen politiko eztabaidatu eta erabaki daiteke, batzuek edo besteek eskatuta. Nafarroako Parlamentua da hori. Niretzat parlamentu ona da, aktiboa eta esanguratsua. Bertan Nafarroako sentsibilitate nagusiak daude eta ahotsa daukate. Bakoitzaren pisu soziala jakin daiteke parlamentuan, ideia guztiak eztabaidatu ahal dira eta erabakiak har daitezke, legeak ere eginez.
Eta beharrezko foroa da. Ulsterreko gatazkan, konponbidearen zati bat denen borondatea ordezkatzen zuen batzar baten sorrera bat izan zen, demokratikoki hautatua. Eta parlamentarismoa arazo politiko eta sozialak eztabaidatzeko sistema da, parlamentu hitzak berak erakusten digunez.
Hala eta guztiz ere, nahikoa al da? Ba, seguruenik, ez. Baina ez dugu ahaztu behar akordioak lortzeko leku aproposa dela.
Espazio eta ekimen berriak sortu behar dira? Bai.
Mahaiak, tailerrak, iritzia emateko edo azaltzeko panel sozialak (eztabaida hitza ez zait gustatzen, edozein iritzi berehala A eta B bihurtu eta erradikalizatzen duelako, bizitzan dena zuria edo beltza bailitzan), gizartean esanguratsuak diren pertsonekin. Katedradunak, adituak, idazleak, artistak, interesa duten pertsonak, parte hartu nahi dutenak eta giro lasai batean beren ikuspegia edo iritzia eman nahi dutenak, herritarren mugimenduen ordezkariak, giza eskubideen aldeko erakundeak, eta abar.
Uste dut gogoeta lasairako espazio horiek sortzea positiboa dela. Gerlariaren arropa eranztea eta, giro lasai eta atsegin batean, gauzei buruz hitz egitea (parlamentuan bezala), lasaitasunez eta berotu gabe.
Eta haietan etiketa politikorik ez daukaten gizarte zibileko pertsonek parte hartu ahal izatea.
Kontzientzia eta kultura demokratikoak sortu ahal izateko.
Biztanleria zibilari inkestak edo galdeketak egitea, beraren iritzia jakiteko eta zabaltzeko.
Zenbait gairi buruzko sinadurak biltzea.
Pertsona independenteek eratutako behatoki bat sortzea, errealitateak nola eboluzionatzen duen objektibitatez behatzeko eta analizatzeko.
Tira, uste dut herritarrek parte hartzeko mekanismo asko aurki daitezkeela, eta ez direla nahitaez alternatiboak edo baztertzaileak izan behar. Horrela, Nafarroako herritarrek beren iritzia eman ahalko lukete, heldutasunez eta lasaitasunez, beraiengan eragina duen edozein gaitan.
Hori da demokrazia, finean: herritarren gobernua, aniztasunaren, errespetuaren, eta askatasun eta berdintasun osoz parte hartzearen balioekin, beraien eta bakarrik beraien interes komun eta orokorren alde.
Eskerrik asko.
Partekatu edukia