Partekatu edukia
Nafarroako Gurutze Gorriak hezkuntzaren, enpleguaren, gizarteratzearen, migratzaileen harreraren, ingurumen-erronka berrien eta osasunaren (prebentziozkoa eta larrialdikoa) arloetan egiten du lan. 16 tokiko batzorde eta bulego autonomiko bat ditu Foru Komunitatean, batez ere desgaitasuna duten pertsonei, adingabeei, lehen harrerako errefuxiatuei eta muturreko kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko.
Bileran, Nafarroako Arartekoak Gurutze Gorriaren proiektuez galdetu zuen. Duela gutxi, hirugarren adinekoentzako arreta-programak jarri ditu abian, digitalizazioan eta telelaguntzan oinarrituta, biztanleria horretan hautemandako bakardadeari aurre egiteko. Gizarte-erakundeak, halaber, Next Generation funtsekin finantzatutako bi proiekturen berri eman zuen: bata, familia-loturak berrezartzera bideratua, eta bestea, Tandem izenekoa, hainbat arazo (sozialak, egokitzekoak, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenak) dituzten ikasle parte-hartzaileen prestakuntzara eta ondorengo kontrataziora bideratua.
Bileran, Gurutze Gorriko arduradunek azpimarratu zuten beharrezkoa dela gizarte-prestazioen sistema berrikustea, arintasun handiagoa emateko eta koordinazioa areagotzeko. Arartekoak erakundearen zerbitzuak eskaini zituen gai horri eta beste batzuei heltzeko.
Nafarroako Gurutze Gorriaren aldetik, Pedro Arzozek, haren ordezkari bereziak, Juanjo San Martinek, koordinatzaile nagusiak, eta Marta Urdanizek, idazkari nagusiak, bileran parte hartu zuten. Instituzioaren aldetik, Patxi Vera, Arartekoa, eta Susana Galilea, kabineteburua, izan ziren.
Partekatu edukia