Partekatu edukia
2018KO URTEKO TXOSTENA
Eskerrik asko, lehendakari anderea, jaun-andreak, egun on denori.
Ohore handia da niretzat, legealdi honen hasieran, Erregimen Foralaren Komisioaren aurrean agertzea, ordezkatzen dudan instituzioaren 2018ko urteko lanaldiaren laburpen bat aurkezteko.
Txostenak Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 37. artikuluak zehazten duen edukiarekin bat dator, honela, egindako kudeaketaren eduki eta datu garrantzitsuenak biltzen ditu.
Jakingo duzuen moduan, Arartekoa, estatu sozial eta demokratiko baten barruan, aktibitate publikoan, herritarrentzat interesa duten gaietan parte hartzeko tresna bat da, baita ere kanpo kontrol tresna eta aktibitatearen gardentasuna bermatzeko baliabidea, eta herritarren eskubideen defentsan aritzen den instituzioa eta haien kexak jasotzen duena. Bestalde, bere izena esaten duen moduan, herritarren interesen eta administrazio publikoaren arteko interesen bitartekaria da. Azkenik, pertsona ahulen arazoak botere publikoari helarazteko tresna bat da, are gehiago, euren eskubide konstituzionalak urratzen diren kasuetarako, defentsa baliabide bat da.
Behin aurrekoa aipatua, 2018ko urtean zehar, instituzioaren aktibitatea 2.645 aktuazioetara igo da.
Zifra honen barruan hurrengoak biltzen dira:
Instituzioak, ikuskatze-lan horretan administrazio publikoei buruzko 826 ikerketa egin ditu eta 413 ebazpeneman dira, honako hauek biltzen dituzte: 214 gomendio, 104 legezko betebeharren gogorazpen, 168 iradokizun eta 11 arautzeko iradokizunak.
Kexak, kontsultak eta herritarren hobekuntza-proposamenak egiteko, guztira 7.910 pertsona erakundeari zuzendu zaizkio edo erakundearen egoitzara etorri dira 2018. urtean. 5.205 pertsona daude kexa horien atzean eta 1.991 pertsona kontsulten atzean.
Kopuru handienetik txikienera ordenatuta, 2018an herritarrengandik kexa gehien eragin dituzten hamar gaiak hauek izan dira: gizarte-ongizatea, enplegu publikorako sarbidea, hezkuntza, funtzio publikoa, ogasuna, osasuna, ingurumena, euskara, trafikoa, etxebizitza. Jarraian horiei egingo diet erreferentzia.
Lehenengo gaia, gizarte-ongizateari dagokionez, 116 kexa aurkeztu ziren. Horien artean:
Azkenik, hiru kexatan ezadostasuna agertzen da gizarte-zerbitzuek emandako arretarekin.
Bigarren lekuan, enplegu publikorako sarbideari buruzko kexak ageri dira: 104 kexa. Horien guztien artetik, 86 kexa Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren jarduerari buruzkoak dira, eta nabarmentzekoa da horietako 64k Hezkuntza Departamentuari zuzenduta daudela. 11 kexa Nafarroako toki-erakundeei buruzkoak dira, eta beste hiru Nafarroako Unibertsitate Publikoari buruzkoak.
Honakoak nabarmendu daitezke:
Hirugarren lekuan, hezkuntzari buruzko kexak ageri dira: 96.
Laugarren lekuan, funtzio publikoari buruzko 96 kexak ageri dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira:
Bosgarren multzoa ogasuna da, 66 kexarekin.
Nafarroako Zerga Ogasunari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin lotutako kexak dira gehienak. Besteak beste, nabarmentzekoak dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan murrizketa edo kenketa batzuk ezin egiteagatik, besteak beste, ezintasun-murrizketa, ohiko etxebizitzako inbertsiogatiko kenkaria, hiru urtetik beherako seme-alaba baten ama langilea izateagatiko kenkaria, edo kotizazio gabeko erretiro-pentsioagatiko kenkaria.
Bi emakumezkok eta ama-talde batek beste hiru kexa aurkeztu zituzten, Nafarroako Zerga Ogasunak ez dizkielako PFEZan itzultzen amatasun- eta aitatasun-prestazio gisa ordaindutako kopuruak. 2018ko urriaren 3ko Auzitegi Gorenaren 1462/2018 Epaia, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Estatu Legearen aurreikuspenen arabera amatasun-prestazioa PFEZtik salbuesteari buruzko kasazio-errekurtsoa ebaztekoa, jakin ondoren aurkeztu zuten kexa. Epai hori Nafarroako Foru Erkidegoan ezartzea eta zegozkien kopuruak itzultzea eskatzen zuten kexa-egileek, Nafarroako gurasoen eta Espainiako gainerako gurasoen arteko konparazio-bidegabekeriatzat jotzen zutena saiheste aldera.
Lau kexa Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoak izan ziren: horietako bat, aulki gurpildunean ibiltzen diren edo mugikortasun urria duten pertsona ezinduak garraiatzeko ibilgailu bat erosteko orduan BEZaren % 4ko tasa murriztua aplikatzeko eskubidea aitortu ez ziotelako; beste bat, merkataritza-elkarte batek jarri zuen, bere jarduera BEZetik salbuetsita dagoela iritzita; eta beste bat, herritar batek ezin zuelako kitatu, zailtasun ekonomikoak zirela eta, Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuak erreklamatzen zion BEZaren zorra.
Beste herritar batek kexa bat jarri zuen ez zegoelako ados ondorengotza- eta dohaintza-zergen karga-tasen diferentziarekin % 0,8tik gehieneko % 16ra artera doala.
Tokiko ogasunei dagokienez, lursailaren balioa areagotu ez den kasuetan Udalek Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergagatik igorritako likidazioarekin ados ez daudela adierazteko zenbait hiritarrek aurkeztutako kexak nabarmentzen dira.
Beste hamar kexa katastroari buruzkoak izan ziren: haietako batzuk, katastro-datuetako akatsak zuzentzeko eskabideak tramitatzen eta konpontzen udalek izandako atzerapenagatik, eta, beste batzuk, katastro-aldaketa jakin batzuk egiaztatzeko informazio-eskabideei erantzun ez izateagatik.
Beste bi kexa jarri ziren bi udalek kuota desberdinak kobratzen zizkietelako bertan erroldatuta zeudenei eta ez zeudenei kirol-instalazioak erabiltzeagatik.
Beste kasu batean, emakumezko batek bere atsekabea agertu zuen Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak ez duelako sustatzen aldaketarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal-zergaren salbuespenei dagokienez, pertsona ezinduei, arauen arloan, tratu hobea emate aldera. Ondorioz, bere herriko udalak ukatu egin zion zerga horren ordainketatik salbuesteko eskaera, nahiz eta pertsona horren semeak ezintasuna eta mugikortasun murriztua aitortuak izan.
Seigarren lekuan, osasun-arloari buruzko kexak ageri dira: 63 kexa.
Besteak beste, nabarmentzekoak dira itxarote-zerrendekin (traumatologiako espezialitatean dagoen itxarote-zerrendarekin bereziki) lotutako 14 kexa eta osasun-prestazioei eta gastuen ordainketari buruzko 13 kexa (horietako lau sistema pribatuan jasotako osasun-asistentziatik eratorritako gastuak ordaintzeko eskaerei Osasun Departamentuak emandako ukoekin daude lotuta; izan ere, zenbait herritarrek sistema pribatura jo zuten sistema publikoan eskainitako medikuntza-jarraipenarekin ados ez egoteagatik).
Beste hamabi kexatan herritarrek agerian utzi dute beren desadostasuna Nafarroako Osasunbidean jasotako arreta sanitario eta klinikoarekin.
Beste zazpi kexa farmazia-koordinaketa eta -prestazioekin daude lotuta. Horien artean, nabarmentzekoa da herritar batek aurkeztutako kexa, Osasun Departamentuak ez dituelako behar beste neurri hartzen gaixotasun arraroak dituzten pertsonak (haren semea, adibidez) modu aktiboan laguntzeko, gaitza tratatzeko behar dituzten sendagaiak erosteko beren gain hartzen dituzten gastuengatik konpentsatuz.
Bost kexa herritarren historia klinikoarekin eta osasun-informazioarekin lotuta daude.
Eta beste lau, osasun garraio-zerbitzuari buruzkoak dira. Azken horien artean nabarmentzekoa da landa eremutan bizi diren pertsonen egoera, hein handi batean, gaixotasun larriak dituztenak eta onkologiara, logopedara edota errehabilitaziora joan behar direnak, kasu hauetan osasun garraio-zerbitzu horrek luzeegi jotzen du, eta goizegi esnatzera eta ibilgailuan orduak ematera behartzen ditu gaixoak (eritasun larriak dituzte gehienek), langile espezializatuen laguntzarik gabe utzita.
Zazpigarren lekuan, ingurumenari buruzko kexak ditugu: 60 kexa.
Aurreko urteetan bezala, kexa gehienak (23) hainbat jarduerek eragindako zaratekin loturikoak dira, eta bereziki nabarmentzekoak dira herritar batzuek etxean jasaten dituztenak, arrazoi hauek direla eta: gazteek alokatutako etxabeak, elkarte gastronomikoak, jolas-elkarteak, mintzategiak, ostalaritzako negozioak, lantegiak, zakur zaunkak, etengabeko ibilgailu joan-etorria autobideetan, errepideetan edo ingurabideetan.
Hamabost kexa aurkeztu dira ingurumenari buruzko informazioa ukatzeagatik edo atzerapenez eskaintzeagatik.
Bederatzi kexa jarduera klasifikatuen lizentziekin daude lotuta: lizentzia-eskaera ukatuak, espediente zehatzaileak, kontrol falta edota iraungipenari buruz eta lau kexatan agerian geratzen da herritar batzuk ez daudela ados zabor-edukiontzien kokalekuarekin.
Zortzigarren lekuan, euskararen gaia dago: 52 kexa.
Kexa gehienak Foru Erkidegoaren Administrazioak zein tokiko erakundeek langileak hautatzeko prozeduretan euskarari ematen dioten balorazioari buruzkoak dira, eremu ez-euskaldunean euskarari ez zaiolako inolako baliorik ematen, eta, aitzitik, atzerriko hizkuntzei bai, edota euskarari beste hizkuntza horiei baino balio gutxiago ematen zaiolako.
Nabarmentzekoak dira, halaber, zenbait herritarrek jarritako kexak, udal batek euskaren udal-ordenantza urratu bide zuelako 2018/2019 ikasturtean, hizkuntza horretan behar beste kultur- eta kirol-jarduera eskaintzen ez zituela iritzita.
Beste kexa bat Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez dituztelako dagozkien neurriak hartzen unibertsitate horretan euskarazko Erizaintza Gradua ezartzeko.
Herritar batek kexa bat jarri zuen Osasun Departamentuak ez duelako euskaraz dakien langilerik Nafarroako Ospitale Guneko pediatria-eremuan.
Bi kexak salatzen zuten euskarazko hizkuntza-eredua falta dela udal haur-eskolan, eta seme-alabak hizkuntza-eredu horretan matrikulatu nahi dituzten familiek beste udaleko haur-eskoletara jo beste aukerarik ez dutela, kuota handiago bat ordainduz.
Kexa batzuk aurkeztu ziren ez direlako beharrezko baldintzak eskaintzen ETB-3 euskarazko katea Nafarroa osoan behar bezala ikusi ahal izateko.
Kontrako kexak ere badaude, besteak beste, eremu mistoko udal batek kexa bat aurkeztu zuen gehiegizko balorazioa ematen zitzaiolako euskarari zuzenbide-lizentziadun lanpostua betetzeko hautagaiak aldi baterako kontratatzeko deialdi batean. jarri zuen edota Telpark mugikorrerako aplikazioan euskara erabilera-hizkuntza nagusi bezala agertzen zelako, gaztelaniaren aurretik edota Tuteran, Nafarroako Gobernuko bete beharreko dokumentu batean euskara gazteleraren gainetik agertzen zelako.
Bederatzigarren lekuan, trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko kexak daude: 47.
Horietako 19 trafikoaren eta bide-segurtasunaren ordenamenduarekin daude lotuta. Zenbait tokitako egungo bide-trazadurak eta egoera kaskarrak bide-segurtasunerako duen arriskuaren aurrean administrazioek ez dituztela hartu beharreko neurriak hartzen salatzeko jarritako beste bost kexa. Hauek dira bide edo toki horiek: Nafarroako Unibertsitateko campusa zeharkatzen duen errepidea Berrioplano-Berriobeitiko etxebizitza batzuetako espaloi-falta, Oltza Zendeako Errondan eta Zizur Zendeako Errondan abiadura moteltzeko bi “guardia etzanen” desegokitasuna, Ezkaba auzoan bizikletak ausarkeriaz gidatzeak auzotarrentzat dakarren arriskua, edota NA-1300 errepidean, Biaizpe parean, Plazaolako trenak erabiltzen zuen tunel batean, barne-argiztapenik ez egotea.
Horien artean hiru kexa nabarmentzen dira, zirkulazio mugatuko kale batzuetan sartzeko egindako baimen-eskabideei Iruñeko Udalak erantzunik ematen ez dien herritarrek jarriak.
Beste 18 kexatan, herritarrek beren desadostasuna agertzen zuten ezarri zitzaien isunekin. Aurreko urteetan bezala, Iruñeko aparkaleku mugatuko eremuan ezarritako isunekin, udalaren garabi-zerbitzuak ibilgailua eraman izanarekin eta ibilgailua berreskuratzeko ordaindu beharreko gehiegizko tasekin ados ez dauden herritarren kexak nabarmentzen dira.
Beste bost kexa Ibilgailuen Ikuskapen Teknikoarekin (IIT) daude lotuta. Horietako hirutan agerian jarri zenez, udan ilara luzeak sortu eta zerbitzua kolapsatu egin zen, herritarrei ondorio kaltegarriak ekarriz.
Hamargarren lekuan, etxebizitzari buruzko kexak ageri dira: 47 kexa. Nabarmentzekoak dira etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldan hainbat urtez izena emanda egon arren, eta egoera ekonomikoa, pertsonala edo familiarra dela-eta hautagai egokiak izan arren, etxebizitza babesturik esleitzen ez zaiela salatzeko herritarrek aurkeztutako kexak nabarmentzen dira, baita etxebizitza babestua alokatzeko diru-laguntzaren ehunekoa murrizteari buruzko kexak edo etxebizitza babestuetako akatsekin lotutako kexak ere.
Halaber, zazpi herritarrek kexa bana aurkeztu zuten Iruñeko Udalean, gizarte-larrialdiko etxebizitza bat emateko eskaera ukatu zitzaiela salatzeko.
Nafarroako Arartekoaren kexa-jarduketek % 65,34ko onarpen-maila izan dute administrazio publikoetan. Portzentaje horretan sartzen dira, batetik, ikerketa egin eta gero onartutako ebazpenak, eta, beste alde batetik, administrazioak zuzendu dituen kasuak Arartekoak ebazpena egin baino lehen, hau da, erakundearen esku-hartze baten bidez herritarraren arazoa informazio-eskaeraren hasierako fasean konpondu denean.
Nafarroako Arartekoaren ebazpen gehien onartu dituzten administrazioak honako hauek izan dira: Orkoiengo Udala, Iruñerriko Mankomunitatea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, haiei euren atentzioa eta sentsibilitatea eskertzen diet.
Kexen hartzaileak diren administrazio publikoak.
Kexen xedeak diren administrazioei dagokionez, 2018an aurkeztutako kexa guztien % 53,1 Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioarekin lotutakoak izan ziren, baita haren mendeko erakunde eta sozietate publikoen jardunarekin lotutakoak ere. 559 kexa aurkeztu ziren.
Nafarroako toki-entitateei eta haien mendeko erakundeei zuzendutako 294 kexa aurkeztu ziren, hau da, guztizkoaren % 27,9.
Ondoren, Estatuko Administrazioari zuzendutakoak daude: 106 kexa, hau da, guztizkoaren % 10,1.
III. Ofiziozko Jarduketak
Instituzioak 25 ofiziozko jarduketak abiarazi zituen.
Ofiziozko 25 jarduketetatik, bost gizarte-ongizateari buruzkoak izan ziren. Haien artean, honako alderdi hauei buruzkoak azpimarra daitezke: a) mendekotasun-egoera eta prestazioak jasotzeko eskubidea epean aitortzea, b) egoitza-plazen urritasuna Iruñeko eremuan, c) bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren bidezko banaketa autonomia-erkidegoen artean, eta d) mendeko pertsonen bizitegi-zerbitzurako laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.
Ofiziozko lau jarduketa herritarren segurtasunari buruzkoak izan ziren. Zehazki, honako alderdi hauei buruzkoak izan ziren: a) Lizarrako NANaren bulegoko zitazioak; b) gehiegizko edo neurriz kanpoko gogortasun-egoerak Cadizko espetxe bateko presoei emandako tratuan; c) eraso homofoboak Iruñeko hilerriaren inguruetan, eta d) liztor asiarraren habien ugalketa Etxabakoitz auzoan.
Datu pertsonalen babesaren gaian, ofiziozko hiru jarduketa hasi ziren, eta honako alderdi hauek izan zituzten ardatz: a) ugalkortasunari buruzko galde-sorta estatistiko bati erantzuteko nahitaezkotasuna; b) gorabehera bat Nafarroako Zerga Ogasunaren sistema informatikoan; eta c) sexu-delitu baten biktimaren intimitaterako eta ohorerako eskubideen urraketa sare sozialetan.
Zerbitzu publikoei buruzko beste hiru jarduketa egin ziren, eta honako alderdi hauek izan zituzten ardatz: a) elurteen ondorioz errepideetan sortutako arazoak konpontzeko neurriak, b) Etxarri-Aranatzen hornidura elektrikoarekin izandako gorabeherak, eta c) Zizur Txikia eta Iruña lotzen dituen espaloiaren arriskugarritasuna.
Genero-indarkeriaren gaian, bi jarduketa egin ziren honako alderdi hauen inguruan: a) genero-indarkeriaren arloko neurri berriak, eta b) genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeen babesa.
Gainerako ofiziozko jarduketak gai hauei buruzkoak izan ziren:
Aurreko urteetan bezala, erakundeak 2018an haurrek eta nerabeek Nafarroan izan duten egoerabalioetsi du. Ez da balioespen orokor edo soziologiko bat, egoera hori haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei ezartzen dizkien eskakizunei jarraikiz egiaztatzeko jarduketa bat baizik.
Bildutako datuek agerian jarri dutenez, adingabeak babesteko sistemaren jarduerak gora egin du oro har, eta berretsi egin da azken urteetan hautemandako joera. Babes-sistemaren bidez lagundutako adingabeak 1.744 izan dira (1.705 adingabe 2017an eta 1.446, berriz, 2016an). 2008-2018 aldia kontuan hartuta, kopuru horrek % 100eko igoera izan du.
2018an, halaber, gora egin du honako adingabe hauen deklarazioen kopuruak ere: babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak, bestalde, berretsi egin dira aurreko urteetan egoitza-harreraren edo erakunde-harreraren aurretik familia-harreraren modalitateari lehentasuna emateko ikusitako zailtasunak. Aipatutako joera gorabehera, adierazi beharra dago azken urtean tutoretzapeko eta egoitza-baliabideetan hartutako adingabeen kopuruak izan duen gehikuntza esanguratsua azken hilabeteetan iritsi diren eta harrera-modalitate horren bidez lagundu zaien bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrek eragin dutela neurri handi batean.
Aurrekoaz gain, adingabeei lotutako arazo espezifikoak aipatzen dira lehen aldiz txosten honetan. Arazo horiek 2018an aurkeztutako 92 kexatan jaso dira, hau da, aurkeztutako kexa guztien % 8,74tan.
2008. urtetik, erakundeak herritarren parte-hartzea sustatzen du zerbitzu publikoen hobekuntzan.Arartekoak zerbitzu horiek hobetzeko proposamenak aurkeztera animatzen ditu herritarrak, eta, zenbait kasutan, araua aldatzeko proposamen bilakatzen dira.
Herritarren proposamen horiek administrazio publiko eskudunari edo Espainiako Arartekoari —Estatuaren eskumenekoak baldin badira— helarazten dizkio erakundeak, eta, arrazoizkotzat jotzen baditu, erakunde horien aurrean defendatzen ditu.
Horrela, 2008. urteaz geroztik, herritarrek 315 hobekuntza-proposamen aurkeztu dituzte. Haietatik, bederatzi 2018. urtekoak dira.
Besteak beste, honako proposamen hauek egin zituzten herritarrek 2018an:
2018an, erakundearen Herritarrentzako Arreta Bulegoak herritarren 1.398 kontsulta jaso eta erantzun ditu.
Herritarren zuzeneko zerbitzura jarritako funtzio-arlo bat da, hala nola erakundearekin harreman pertsonala errazteko, herritarrentzat kexak aurkeztea errazagoa izateko edo herritarrek beren eskubideak hobeto nola erabili jakiteko egiten dituzten kontsultak errazteko.
Gizarte-ongizateari buruzko kontsultak gailendu dira. Oro har, hauek dira kontsulta gehien eragin dituzten gaiak: pobreziari eta gizarte-bazterketari lotutako arazoak (eta horien artean sartzen da bermatutako errentari buruzko arreta); Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioaren tutoretzei lotutako gaiak; eta adingabeen babesa.
Hezkuntzari buruzko kontsultak datoz atzetik, batez ere gai hauei lotutakoak: hezkuntza-administrazioak ikastetxeetara eta haur-eskoletara sartzeko ezarritako irizpideen aplikazioa; Lanbide Heziketako plazen eskaintza txikia; bekak eta laguntzak ukatu izana; laguntza horiek eskuratzeko zailtasunak edo administrazioak laguntzak itzultzeko egindako eskaerak, horien artean gehienbat eskolako jangelari eta garraioari lotutakoak; eta eskolako bizikidetzak eragindako arazoak, esate baterako ikasleen arteko jazarpen-kasuak, irakasleek ikasleei egindako jazarpenak eta ikastetxeek gertaera horien aurrean izandako pasibotasuna.
Hirugarren lekuan, etxebizitzari lotutako kontsultak ageri dira, eta horien artean babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko laguntzei, etxebizitza bat izateko zailtasunei eta babes ofizialeko etxebizitzetako eraikuntza-akatsei lotutako kontsultak nabarmentzen dira.
Era berean, arlo hauei buruzko kontsultak ere egin dira, kopuruaren arabera gehienetik gutxienerako hurrenkera honetan: ogasuna, justizia, enplegu publikorako sarbidea, gizarte-segurantza, kontsumoa, ingurumena, funtzio publikoa, ondare-erantzukizuna, herritarren segurtasuna, trafikoa eta bide-segurtasuna, enplegua, zerbitzu publikoak eta hirigintza.
Azkenik, erakundearen aurrekontuaren likidazioari buruzko eranskina agertzen da, 2018ko urteari dagokiona. Instituzioaren aurrekontua 754.864 eurotakoa izan da eta exekuzio-maila%93koa izan da, gainontzekoa Ogasun Departamentuari itzuli zaio.
Bukatuko dut. Zuen eskakizun guztietarako eskeintzen dut nire burua, edozein zalantza argitzeko edota azaltzeko, baita ere zuek planteatu dezakezuten zalantzak edo gogoetak erantzuteko.
Eskerrik asko zuen arretagatik,
Iruñan, 2019ko urriaren 11n
Partekatu edukia