Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoaren agerraldia Foru Erregimenaren Batzordearen aurrean, jakinarazteko 15 haur ez direla hartuak izan Tuterako Compañía de María ikastetxean.

2017 ekaina 28

NAFARROAKO PARLAMENTUKO FORU ERREGIMENAREN BATZORDEAREN AURREKO AGERRALDIA INFORMAZIO-BILERAN, TUTERAKO COMPAÑÍA DE MARÍA IKASTETXEAN 15 HAUR HARTU EZ IZANARI BURUZKOA, NAFARROAKO ALDERDI POPULARREKO FORU PARLAMENTARIEN ELKARTEKO JAVIER GARCÍA JIMÉNEZ JAUNAK ESKATUTAKOA

Señor Presidente, señorías:

Lehendakari jauna, jaun-andreak:

Buenos días, egun on, muchas gracias, eskerrik asko:

  1. Zuen aurrean aurkezten naiz, Javier García jaunak hala eskatuta, azaltzeko zer ebatzi duen Nafarroako Arartekoak Tuterako Compañía de María ikastetxean 15 haur hartu ez izanagatik jarritako kexari lotuta

    Ebazpen hori maiatzaren 12koa da, eta haren bidez iradokizun bat egiten zaio Hezkuntza Departamentuari, 17/287 zenbakia duen espedientea abiarazi zuen kexari lotuta.

    Ebazpen horretan azaltzen denez, Nafarroako Arartekoaren erakundeak Tuterako herritar baten eskutitza jaso zuen 2017ko apirilaren 3an. Eskutitz haren bidez, herritar hark kexa bat helarazi nahi zion Hezkuntza Departamentuari, Tuterako Compañia de María ikastetxeak ez zituelako zenbait ikasle hartu Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan, eta ez zitzaiolako erantzunik eman ikasgelako ikasle kopurua handitzeko egin zuen eskaerari.

    Honako hau da kexaren testua, izenak eta datu pertsonalak aipatu gabe:

    Jaun agurgarria:

    Zurekin harremanetan jartzen gara, arazo bati konponbidea jartzen lagun diezaguzun eskatzeko. Gure ustez, ez du konponbide zaila maila praktikoan, baina bai, antza, maila politikoan, ez baitugu eskudun erakundeetako bakar baten erantzunik jaso.

    Joan den otsailaren 24an, gure seme-alabak kanpoan geratu ziren Tuterako Compañía de María ikastetxeak Haur Hezkuntzako lehen mailako ikasleak onartzeko egin zuen zozketaren ondorioz. Zozketa hartan, indarrean dagoen legediaren arabera puntu kopuru bera zuten eskatzaile guztiak sartu ziren, baina esan beharra dago ikastetxeak une hartan eskaintzen zituen 100 lekuetatik 51 soilik eskaintzen zirela zozketan, eta, horrenbestez, lekuen gainerako % 50 ezin zituztela eskuratu ez gure seme-alabek ez zozketan lekua eskuratu zutenek.

    Ikastetxeko zuzendariak, xxx jaunak, gure seme-alabek han ikas zezaten genuen interesa ikusirik, aipatu zigun ez bere aldetik ez berak ordezkatzen duen ikastetxearen aldetik ez zegoela inolako eragozpenik ikasle kopurua legez onartutako gehienekora handitzeko, baina ratioa handitzeko eskaerak egiteko epea amaitua zela izena emateko aurretiazko epea baino lehen. Arren eskatzen dizugu zure esku dagoena egin dezazun eta Hezkuntza Departamentuari eska diezaiozun ratio hori handitzeko, Eskolaratze Bulegoari egindako eskaera formala erantzun moduan hartuta (2017-03-09 datan egindakoa, sarrera-erregistroa 2017/150513 duena). Gauza bera egin genuen guk (2017-03-13an, sarrera-erregistroa 2017/156676 duen eskabidearen bidez), eskudun agintaritza horri berari eskatu baikenion ratioa legez onartutako gehienekora handitu zezan, nahiz eta ez adierazitako epean, baizik eta horretarako premia izan genuenean. Horri lotuta, azpimarratu nahi dugu ez dugula ulertzen zergatik eskatu behar duten ikastetxeek ikasle kopurua handitzeko baimena zer behar izango dituzten jakin baino lehen.

    Honako hauetan laburbiltzen dira Compañía de María ikastetxea aukeratzeko ditugun arrazoiak:

    • Gure seme-alabek hezibide katolikoa izan dezaten nahi dugu, eta ez dugu horretarako beste aukerarik Tuteran, udalerriko beste ikastetxe katolikoak, Anunciatak, beteak baititu eskain ditzakeen leku guztiak. Badakigu edozein ikastetxetan aukera dezakegula Erlijioa ikasgaitzat, baina horrek ez ditu asetzen, gure ustez, askatasun osoz aukeratu beharko genituzkeen balioekin eta bizibidearekin bat datorren osoko hezibideak ase beharko lituzkeen alderdi guztiak.
    • Uste dugu, gainera, gainerako Tuterarren eskubide bera dugula aukeratzeko zer motatako eskola-jarduna izango duten gure seme-alabek. Izan ere, Compañía de Marían lekurik gabe geratu garenok (ikastetxe horrek jardun etena eskaintzen du) gure seme-alabak etengabeko jarduna eskaintzen duen zentroren batean eskolaratu beste aukerarik ez dugu. Horri lotuta, azpimarratu nahi dugu ez dugula bozkatzeko aukerarik izan ikastetxe horietan zer jardun mota ezarri nahi zen erabakitzerakoan. Izan ere, ez dugu uste batere egokia denik mota horretako ordutegia hain haur txikientzat (2 eta 3 urtekoak), zalantzarik gabe, eragina baitu haur horien garapeneko funtsezko alderdietan, hala nola loaldietan eta otorduetan.
    • Guztiok dugu nolabaiteko lotura aukeratutako ikastetxearekin. Alderdi hori ez dela erabakigarria dakigun arren, uste dugu baduela garrantzi emozionala guretzat, ikastetxe horretako ikasleak izan baikara guztiok edo badugulako ikastetxe horretan ikasi duen edo ikasten ari den senitarteko edo lagunen bat.

      Behin gure aukeraren arrazoiak eman eta gero, zer urrats eman ditugun jakinaraziko dizugu, fruiturik eman ez duten arren:

    • Bilera Tuterako Hezkuntza Zinegotziarekin, hura baita Eskolaratze Batzordearen arduraduna. Data: 2017-03-06. Helburua: eskatzea Batzordeak bozka zezala Haur Hezkuntzako lehen mailako ratioa handitzeko egin genuen eskaeraren alde. Emaitza: esan zitzaigun ez dagokiola bozketa egitea eta ez dela eskaera mahairatu ere egin, gure egoeraren berri eman den arren.
    • Bilera Tuterako alkatearekin; Hezkuntza Zinegotzia ere bertaratu zen. Data: 2017-03-13. Helburua: gure egoeraren berri ematea eta eskatzea lagun ziezagula Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariarekin elkartzen. Emaitza: konpromiso-maila txikia adierazi zitzaigun, eta gaurdaino ez dugu ikusi bitartekotza-saiakerarik Kontseilariarekin bilera bultzatzeko.
    • Eskolaratze Bulegoari zuzendutako eskaera, sarrera-erregistroa 2017/156676 duena. Data: 2017-03-13. Helburua: eskatzea, Compañía de María ikastetxeak egin duen bezala, 28ra handitu dadila Haur Hezkuntzako ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua, 2017-2018 ikasturterako. Emaitza: ez dugu erantzunik jaso.
    • Agerraldia Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Saileko lan-saio batean. Data: 2017ko martxoaren 22an. Helburua: gure egoera aurkeztea eta ahalik lasterren konponbide bat lortzeko arrazoiak ematea. Emaitza: gure eskaerak jakinarazteko aukera eman zitzaigun, bai parlamentuko taldeen aurrean bai iritzi publikoaren aurrean, agerraldi horiek eragin handia baitute hedabideetan. Lan-saio hartan ez zitzaigun konponbiderik proposatu; aitzitik, gaia politizatu zen, erabat egoera partikularra eta konponbide errazekoa dela deritzogun arren. Talde gehienak politika-gaiei buruz aritu ziren hitza hartu zutenean, gure eskaerekin zerikusirik ez dutela uste dugun arren. Behin eta berriz azpimarratu zituzten politika- eta gizarte-arloetako gai polemikoak, hala nola hizkuntza-ereduak eta hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren arteko eztabaida, baina ez zioten ekarpen espezifikorik egin gure eskakizunari, ikastetxe jakin bateko ikasturte jakin bateko ikasle-ratioa handitzeko eskakizunari, alegia.
    • Hezkuntza Kontseilariari zuzendutako eskaera, sarrera-erregistroa 2017/192021 duena. Data: 2017-03-27. Helburua: Kontseilariaren aurrean agertzea, hura baita Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren ordezkari nagusia, ikasle-ratioa 28ra handitzeko egin genuen eskaeraren alde egin zezan, epez kanpo egindako eskaera izan arren. Emaitza: ez dugu erantzunik jaso.

      Eman ditugun urrats guztietan argi geratu denez, gure eskaerari erantzun dakion besterik ez dugu eskatzen, hau da, Tuterako Compañía de María ikastetxeari baimena ematea nahi dugu, 2017-2018 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako lehen mailako ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioa 28ra handitzeko. Hala, gure seme-alabei ez zaie ukatuko ikastetxe katoliko batean eta jardunaldi etena eginez ikasteko aukera. Arren, lagun iezaguzu administrazioaren muga hori ez dadin oztopo bat izan gure seme-alaben hezibidea askatasunez eta aukera-berdintasunez aukeratzeko. Azpimarratu nahi dugu ez dugula hezkuntza publikoa zalantzan jarri nahi, gure seme-alaben hezibidea aukeratzeko askatasuna baino ez dugula defendatzen. Sinesbide eta balio guztiak errespetatzen ditugu, eta gureak ere errespeta daitezen eskatzen dugu, horixe jasotzen baita Espainiako Konstituzioaren 27.3 artikuluan, botere publikoek gurasoei dagokien eskubidea bermatu behar dutela, haien seme-alabek heziketa erlijioso eta morala har dezaten, beraien uste sendoei dagokien bezalaxe.

      Ikusi dugunez ez gure erakundeek ez gure ordezkariek ez dihardutela gure alde, arren eskatzen dizugu, Arartekoa zarenez, lagun diezaguzun arazo honi konponbidea ematen, guretzat funtsezkoa baita eta gehien estimatzen ditugunak kaltetzen baititu: gure seme-alabak.

      Adeitasunez, agur bero bat nire eta kaltetutako guraso guztien izenean.

      xxx andrea

      xxx kalea. 31500 PK, Tutera (Nafarroa)

      Telefonoa: xxx

      Laburbilduz, kexa-egileak hau adierazten du:

    • Hartu ez diren ikasleen gurasoek beren seme-alabek osoko hezibide katolikoa izan dezaten nahi dute, eta ez dute horretarako beste aukerarik Tuteran, udalerriko beste ikastetxe katolikoak, Anunciatak, beteak baititu eskain ditzakeen leku guztiak.
    • Compañía de María ikastetxeak jardun etena eskaintzen du, beren eskaerari erantzun ezean egokituko zaizkien ikastetxeek ez bezala.
    • Zenbait ikasle kanpoan geratuko zirela jakindakoan, ikastetxeak bere adostasuna eman zuen, leku kopuruak legezko gehienekora arte handitu daitezen.
    • Horren ondorioz, zenbait jarduketa egin dituzte, ikasle kopurua handitzeko baimena lortzeko asmoz, baina ahalegin horiek ez dute fruiturik eman.
  2. 2017ko apirilaren 5ean, kexa hori Hezkuntza Kontseilariari helarazi zitzaion, kontu horri buruz informa zezan hamabost laneguneko gehieneko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 4/2000 Foru Legean, uztailaren 3koan, jasotakoarekin bat.
  3. 2017ko maiatzaren 8an, Hezkuntza Kontseilariaren txostena jaso zen, eta, han, hau jasotzen zen:

    "Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan aurretiaz izena emateko prozesua abiatu baino lehen, itunpeko ikastetxeei gutun bidez eskatzen zaie zehatz dezaten zenbat ikaslek eman izan ahalko duten izena prozesu horretan, maila eta talde bakoitzean. Ikastetxeek, ikastaldeko 25 ikasleko gutxieneko ratioa handitu dezakete, 28ra arte, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako talde bakoitzeko. Hori horrela izanik, ratioak ezin dira aldatu behin maila bakoitzerakoak ezarri ondoren, kanpoan geratu direnen izen-abizenak jakitearen ondorioz sortutako egoerei aurrea hartzeko.

    2017-2018 ikasturteari dagokionez, gutun hori urtarrilaren 16an bidali zen, eta urtarrilaren 31ra arteko epea eman zen dokumentu hori bete eta erantzuteko.

    Ikastetxeak bidalitako erantzunean, taldeko 25 ikasleko ratioa ezarri zen 3 urtekoen lau taldeetako bakoitzerako.

    Gerora, otsailaren 3an, Hezkuntza Departamentuak maila eta talde guztien ratioak jakinarazi zizkion ikastetxeari. Ratio horiek bat zetozen ikastetxeak Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako eskatutakoekin, eta, horrenbestez, ikastaldeko 25 ikasleko ratioa esleitu zitzaien 3 urtekoen lau taldeei.

    Martxoaren 9an, behin zozketa egin eta kanpoan nor geratzen zen jakin ondoren, ikastetxeak ratioa handitzeko eskaera helarazi zuen, 15 ikasleko itxaro-zerrenda zuelako, eta, horrekin batera, zerrenda hori erantsi zuen.

    Argi geratzen da ikastetxeak aukera izan zuela emandako epean ratioa handitzeko eska zezan, baina ez zuela aukera hori baliatu, gurasoek helarazitako idatzian aitortzen denez.

    Eskaera hori kanpoan nor geratzen zen jakin ondoren egin zen, eta, hori gutxi balitz bezala, ratioa handitzeak 12 ikasle gehiago hartzea eragin lezakeenez asko jota, ez lieke kaltetutako ikasle guztiei eragingo.

    Prozeduraren egutegi horren helburua, hain zuzen, kanpoan nor geratu diren jakin ondoren erabakirik ez hartzea da, konpromisoagatiko edo laguntasunagatiko eskaerarik egon ez dadin. Eta hori gutxi balitz bezala, eskaera onartuko balitz ere, ez litzaieke irtenbidea emango kanpoan geratu diren guztiei, eta, horrek, lege-ondorioak izan litzake, erreklamazioren bat egingo balute.

    Hori guztia dela-eta, Hezkuntza Departamentuak ez du onartzen ikastetxe horrek epez kanpo ratioa handitzeko egin zuen eskaera. Eta erabaki berbera hartu da kanpaina honetan gainerako ikastetxeen eskaeren aurrean ere, modu berean hartzen baitira guztiak".

  4. Maiatzaren 12an, behin eskura zuen informazio guztia aztertu ondoren, Nafarroako Arartekoak bere iradokizuna helarazi zion Hezkuntza Kontseilariari.

    Erakunde honen ebazpena Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoaren 84.1 artikuluan eta Konstituzioaren 27. artikuluan oinarritzen da (ez 28.ean, ebazpenean oker adierazi zenez).

    Honako hau dio Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, 84.1 artikuluan:
    “Hezkuntza-administrazioek ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko aukera arautuko dute eta, horretarako, hezkuntzarako eskubidea, berdintasun-baldintzetan sartzeko aukera eta gurasoek edo tutoreek ikastetxea aukeratzeko askatasuna bermatuko dituzte (...)”.

    Lege-agindu horrek Konstituzioan jasotako hezkuntzarako eta hezkuntza-askatasunerako eskubidearekin du lotura, Konstituzioaren 27.1 artikuluan jasotakoarekin, eta hura garatzen du. Alabaina, gurasoek beren seme-alabak beren uste sendoen araberako heziketa erlijioso eta morala har dezaten duten eskubidearekin du lotura batez ere, Konstituzioaren 27.3 artikuluan jasotakoarekin, eta botere publikoek eskubide hori modu eraginkorrean bermatzeko duten betebeharrarekin.

    Hau argudiatzen da ebazpenean:

    Hezkuntza-eskubidearen berezko ezaugarria da aukeratzeko askatasuna izateko eskubidea, eta legeak erakusten die bidea botere publikoei eskubide hori eraginkor egite aldera hartu beharreko neurriak har ditzaten.

    Aukeratzeko askatasun hori, gainerako guztiak bezala, ez da mugagabea, baina jar dakizkiokeen mugek proportzionalak izan behar dute babes handiagoa eskatzen duten eskubide edo interesekiko.

    Ildo horretatik, jurisprudentziak erakusten du askatasun hori muga daitekeela pedagogia- edo hezkuntza-arrazoiak direla-eta, eta horregatik mugatzen da, hain zuzen, talde edo ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua. Horrenbestez, eskubide hori lehentasun-eskubide bihurtzen da. Eta horri erantzuten dio Hezkuntzako Lege Organikoaren 84.2 artikuluaren edukiak, han zehazten baita zer irizpide baliatu behar diren, behar beste leku ez dagoenean, ikasleak hartzeko lehentasun-ordena zehazteko.

  5. Jaun-andreok ziur dakizuen bezala, eskubide hori zuzenean aplikatu eta bereziki babestu beharrekoa denez, Konstituzioaren 27.3 artikuluak ezartzen du botere publikoek bermatu behar dutela gurasoek beren seme-alabek beren uste sendoen araberako heziketa erlijioso eta morala har dezaten duten eskubidea.

    Eskubide horrek, honako aurrekari hauek ditu:

    • Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak, 1952koak, bere lehen protokolo osagarriaren 2. artikuluan ezartzen duenez, Estatuak, hezkuntza-arloan bere gain hartzen dituen egitekoak betetzean, errespetatu egin behar du gurasoen eskubidea seme-alabek beren uste sendo erlijioso eta filosofikoen araberako hezibidea izan dezaten.
    • 1966ko NBEren Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 13.3 artikuluan xedatzen denez, berriz, Itun horren parte diren Estatuek beren gain hartu behar dute, batetik, gurasoek edo tutoreek beren seme-alabak edo tutoretzapekoak herri-agintariek sortutakoak ez diren ikastetxeetara eramateko duten eskubidea bermatzeko konpromisoa, ikastetxe horiek Estatuak hezkuntzari dagokionez ezartzen edo onartzen dituen gutxieneko eskakizunak betetzen badituzte betiere, eta, bestetik, seme-alabek edo tutoretzapekoek beren uste sendoen araberako hezkuntza erlijioso eta morala jasoko dutela bermatzeko konpromisoa.
  6. Berriki, 2017ko otsailaren 17an, Aragoiko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzien epaitegiak, epai batek bidez, antzeko erreklamazio bat jarri zuten gurasoen eskubidea aitortu zuen, ezohiko egoera behar bezala justifikatu baten aurrean (Jakako ikastetxe publikoetan lekurik ez zela-eta) eta gurasoek seme-alabak beren uste sendoen arabera eskolaratzeko duten eskubideari erantzute aldera, Aragoiko Gobernuko Hezkuntza Departamentuak haien seme-alaben eskolaratze egokia bermatzeko eskubidea, alegia, eta horretarako, haur haiek aukeratutako ikastetxe batean har zitezen ebatzi zuen.
  7. Tuterako Compañía de María ikastetxeari dagokionez, Nafarroako Ararteakoaren erakundeak irizten du, ikastetxearen zuzendaritza ikasgelako ikasle-ratioa legezko gehienekora handitzearekin ados badago (hiru ikasle gehiago hartzeko ikasgelako), Hezkuntza Departamentuak hasiera batean ratio hori handitzeko aukera eman bazuen eta eskatzen dena ratio hori legez onartutakora handitzea bada, lehentasuna eman beharko litzaiokeela konstituzioan gurasoei aitortzen zaion oinarrizko eskubide horri, hau da, seme-alabek gurasoen uste sendoen araberako hezibide erlijiosoa eta morala haiek aukeratutako ikastetxean jasotzeko eskubideari, ez baitu uste babes handiagoa behar duen interes edo eskubiderik dagoenik.

    Horri lotuta, kontuan hartu behar da, ikastetxe hori gurasoen lehen aukera izateaz gainera:

    1. Kexa jarri dutenek gure hezkuntza-testuinguruan berezia den hezkuntza-aukera bat hautatu dutela (ideologia katolikoko itunpeko ikastetxe bat).
    2. Adierazi denez, ezaugarri horiek dituen eskaintzak ez du asetzen eskaera, Tuteran. Horregatik, ikasle horiek beren aukerako lehen ikastetxean hartzen ez badituzte, ezingo dute antzeko ezaugarriak dituen beste batera joan, nahi izanda ere.
    3. Ratioa handitzeko eskaera (25 ikasletik 28 ikaslera igotzekoa) legez onartutako gehienekoari egokitzen zaio, eta ohikoa da halakoak egitea Nafarroako itunpeko ikastetxeetan.
    4. Administrazioak eskaera horri ezezkoa emateko adierazten dituen arrazoiak, erakunde honen iritziz, ez dira nahikoa askatasunez aukeratzeko eskubidea urratzeko.

      Batetik, ez dugu uste eragin handiegirik duenik ratioa handitzeko eskaera hori epe barruan eta onarpen-prozesuaren baitan edo epez kanpo egiteak. Alde horretatik, gogorarazi nahi dugu ordenamendu juridiko-administratiboan ezarritako epeak betetzeak duen garrantzia erlatiboa dela, horien izaerak hala agindutakoan baino ez baitute izan behar ondorio erabakigarririk. Bestalde, ikusirik onarpen-prozedurak aukera-berdintasuna bermatzen duten arauak betetzen dituela (onarpen baremoa eta zozketa, hizpide dugun kasuan), erakunde honek ez du uste ratioa handitzeko epez kanpo egindako eskaera horri ezezkoa emateko nahikoa arrazoia denik balizko diskriminazio-kasuei aurrea hartzea (susmo abstraktua eta generikoa), ratioa handituko balitz, neurri horren onuradunak itxarote-zerrendan lehenak izango bailirateke, ez beste inor.

      Ildo horretatik,halaber, ez dugu uste ezezkoa emateko nahikoa arrazoia denik ratioa handituta ere ikastetxe horretan sartzeko eskaerari erabat ez erantzutea eta zenbait pertsona kanpoan geratzea. Izan ere, ondorio hori bera du oraingo onarpen-prozesuak ere. Egia da ez lukeela arazoa erabat konponduko, baina asko arinduko luke, eta erakunde honek uste du helburutzat jarri behar dela ahalik ikasle gutxien kanpoan uztea, betiere, aukera-berdintasuna bermatuta (eta azken helburu hori lortzeko neurri egokiak dira baremoa eta zozketa, ez hainbeste ikastetxeko plaza kopurua).

      Administrazioak emandako arrazoiek, gainera, pisua galtzen dute hiru egin esanguratsu hauek kontuan hartzen badira:

      • Lehenik, ez dago legezko oinarririk leku kopurua zehazteko eta eskatzeko epea urtarrilean jartzeko. Epe hori hezkuntza-ikuskari batek igorritako posta elektronikoko mezu batean jarria da. Epe hori ez da jasotzen Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak urtarrilaren 10ean emandako 2/2017 ebazpenean, ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako onarpen-arauak eta -egutegia onartzekoan, alegia.
      • Bigarrenik, ratioa handitzeko eskaerari ezezkoa ez du eman Hezkuntza Departamentuko eskudun organoak, funtzionario berak baizik, posta elektronikoz eta arauzko oinarririk gabe.

        Ez dago araurik leku kopurua handitzeko prozedurak arautzen duenik, nahiz eta handitzeko eskaerei ezezkoa emateak ondorioak dituen beste pertsona batzuengan.

      • Hirugarrenik, Hezkuntza Departamentuaren datuen arabera, 2017-2018 ikasturtean, Haur Hezkuntzan eta lehen hezkuntzan, 1.529 leku daude ikasgelako 25 ikasleko ratioaren gainetik, itunpeko 30 ikastetxetan. Eta datu horiek ez datoz bat eskaera idatzia aurkeztu duten bi ikastetxeri emandako ezezkoarekin: Compañía de María ikastetxeari (12 leku) eta Paz de Ziganda ikastolari (6 leku) emandakoarekin.

        Datuak zuzenak badira, haur hezkuntzako bigarren zikloan 122 leku gehiago onartu eta 18 ukatu dira.

        Hau da, jardunbide ohikoena eskatutako ratio-handitzeak onartzea da, eta salbuespena, berriz, horiek ukatzea (hizpide dugun kasuan, epez kanpo egin izanagatik eta 18 haur baino ez utzita kanpoan). Hori horrela izanik, uste dugu diskriminaziozko tratua egin dela eta neurrigabe zigortu direla haurrak, haien gurasoak eta Konstituzioak aitortzen dizkien eskubideak, ikastetxearen zuzendariak epez kanpo egin duelako ratioak handitzeko eskaera, behin jakinda bazela horren beharra.

  8. Laburbilduz, Nafarroako Arartekoak ez zuen ikusi legezko eragozpenik interesdunek eta ikastetxeak eskatu bezala ratioak handitu zitezen, eskaera Hezkuntza Departamentuak aurreikusitako epeaz kanpo egin izana salbu (esan bezala, arautu gabeko epea).

    Azpimarratu beharra dut eskaera hori onartu egingo zukeela Hezkuntza Departamentuak martxoan egin beharrean urtarrilean egin izan balitz, eta ikasgelako ikasle kopurua handituta ere ez litzatekeela gaindituko legez ezarritako gehienekoa.

    Hori horrela izanik, beharrezkotzat jo genuen iraokizun bat egitea Hezkuntza Departamentuari, hots, eskolaratze-prozesuaren ardura duen erakundeari, ikastetxea ere ados dagoenez, onar dezan kexan adierazitako eskaera, bete dadin onarpen-prozesuaren helburu garrantzitsuenetako bat, garrantzitsuena ez bada: ahalik eta neurri handienean betetzea gurasoek beren uste sendo erlijioso eta moralen arabera beren seme-alabek zer hezkuntza mota eta zer ikastetxetan jasoko duten aukeratzeko duten eskubidea, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren ildotik.

    Iradokizuna onartuko balitz, ezaugarri hauek beteko lituzke burutuko litzatekeen prozedurak, erakunde honen iritziz: a) legearekin bat etorriko litzateke; b) orain baino neurri handiagoan bermatuko luke gurasoen aukera-eskubidea, hasiera batean ez baita ikusten ezezkoa emateko arrazoi pedagogikorik ez bestelakorik dagoenik, ez eta beste inoren eskubideak urratzen direnik ere; c) ez lituzke 18 haurren eta haien gurasoen oinarrizko eskubideak eta eskubide konstituzionalak arautu gabeko epeen mende utziko (Compañia de María ikastetxeko 12 ikaslerenak eta Paz de Ziganda ikastolako 6 ikaslerenak), leku kopuruak handitzeko eskaerak egiteko epe horiek ez baitaude araututa, nik dakidanez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako arauen bidez.

  9. Horren ondorioz eta 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatuz, honako iradokizun hau egin zion Nafarroako Arartekoak Hezkuntza Kontseilariari, maiatzaren 12an:

    Hezkuntza Departamentuak onar dezala Tuterako Compañía de María ikastetxeko Haur Hezkuntzako lehen mailako ikasgeletako ikasle-ratioak handitzeko eskaera, ahalik eta ikasle gehien sar daitezen aukeratutako ikastetxean.

    Aurrez esan dudanez, antzeko eskaera bat egin zion Paz de Ziganda ikastolak Hezkuntza Departamentuari (Haur Hezkuntzako lehen mailako ikasgelako ikasleen ratioa 6 ikasle handitzekoa, legez onartutakoaren barruan). Kasu horretan ere lehenetsi beharko litzateke, erakunde honen iritziz, gurasoek seme-alabak herri-agintariek sortutakoa ez diren ikastetxeetara bidaltzeko duten eskubidea (Nazioarteko Itunaren 13.3 artikuluan jasotakoa).

    Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikulua, bidezkoa da Hezkuntza Kontseilariak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen. Ohorea da niretzat hori guztia zuei jakinarazi izana, eta zuen esanetara jartzen naiz egin nahi dituzuen ohar guztiak egin ditzazuen eta behar dituzuen argibide guztiak eska ditzazuen, nire esku dagoen heinean erantzungo baitiet. Muchas gracias por su atención, eskerrik asko zuen arretagatik.

Pamplona-Iruña, 28 de junio de 2017.

El Defensor del Pueblo de NavarraNafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia