Partekatu edukia
Lehendakari jauna, jaun-andreok, egun on.
Ohore bat da niretzat Foru Araubide Batzordean agertzea, lehenengo aldiz legegintzaldi berrian, Nafarroako Parlamentuari 2010eko ekitaldian ordezkatzen dudan erakundeak eginiko jarduerari buruzko urteko txostena aurkezteko.
Dakizuen bezala, txostenaren aurkezpena zor zaie bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 18. ter artikuluan ezarritakoari –joan den urteko erreformaren ondoren–, bai Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 36. artikuluan ezarritakoari. Bi lege horiek ezartzen dute Arartekoak, Nafarroako Parlamentuak konstituzio-eskubideak bermatzeko daukan goi ordezkaria den aldetik, urtero bere kudeaketa-lanaren berri eman behar diola legebiltzarrari.
Era berean, azken foru lege horrek zehazten du txostena bilkura-aldi arruntean aurkeztu beharko dela. Hori dela eta, biltzarra joan den martxoan desegin zenez Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egiteko, urteko txostenaren aurkezpena egungo bilkura-aldira arte –irailera arte, alegia– geroratu behar izan genuen, nahiz eta, normalean, erakunde honen urteko txostena maiatzean aurkezten den batzorde honetan.
Hala eta guztiz ere, geroratze horrek abantaila bat ere izan du, aukera izan baitugu maiatzeko hauteskundeen ondoren sortutako legebiltzar berriari emateko egindako kudeaketaren berri, hartara egindako lanaren ekarpenak biltzar berriari eskainiz..
Era berean, Nafarroako Parlamentuaren ibilbide berri honetan, nire lehenengo agerraldia aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko legebiltzar osoari –Nafarroako herriaren borondatearen ordezkaria den aldetik– eta hura osatzen duten eta testuaren lanketan eta onespenean esku hartu zuten parlamentu-talde guztiei, Nafarroako Arartekoaren erakundea Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren erreforman sartzeagatik, hain zuzen ere parlamentu-organo gisa eta Nafarroako herritarren eskubideen bermatzaile gisa.
2010eko txosten orokorrak erakunde hau arautzen duen foru legeko 37. artikuluan xedatutakoa betetzen du, eta egindako kudeaketaren eduki eta datu nagusiak biltzen ditu.
Jardueraren laburpen gisa, aipa daiteke gure zerbitzuak, 2010eko urtean zehar, 2.751 jarduketa egin dituela guztira. Zehazki, 1.150 kexa izapidetu ditu, 1.506 kontsultari erantzun die, ofiziozko 45 jarduketa abiarazi ditu, zerbitzu publikoak hobetzeko herritarrek eginiko 47 proposamen bideratu ditu, eta eduki monografikoko hiru txosten berezi aurkeztu dizkio Nafarroako Parlamentuari.
Gainera, 870 ikerketa egin ditu Nafarroako administrazio eta organoei buruz, eta 434 gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpen egin dizkie jarduketa horien ondorioz.
Kopuru horiei erreparatuta, ondoriozta daiteke jarduera ugaria izan dela, eta herritarrentzako zerbitzu publiko gisa Nafarroako Arartekoaren erakundeak garatzen duen eginkizunari erantzun egin diola. Izan ere, Nafarroako administrazio publikoekiko harremanetan herritarrek dauzkaten eskubideez hobeki baliatu ahal izatearen bermatzailea da Arartekoa, bai eta administrazio horiekiko harremanetan sortzen diren arazoak konpontzeko bide bat ere; gainera, aholkurako ildo bat ere bada, eskubide publiko horiek eraginkorrago betetzeko, askotan gatazkak berak ere aurreikusiz eta saihestuz.
Izan ere, beste edozein gogoetaren gainetik, Nafarroako Arartekoa herritarrentzako zerbitzu publiko bat da, baliatzen erraza eta formalismo gutxi dituena. Herritarren eskubideak modu inpartzialean zaintzen ditu herritar horiek Nafarroako ia 800 administrazio publikorekin, haien erakundeekin eta 30.000 langile publikorekin dauzkaten harremanetan.
2010a izan da erakunde honek, 2001ean abian jarri zenetik, kexa gehien jaso dituen urtea: 929 kexa, hain zuzen ere 2009an aurkeztutakoak baino % 3 gehiago.
Zalantzarik gabe, herritarren kezkak gora egite hori egungo krisi ekonomikoko egoerari zor zaio; izan ere, haren nahigabeko eraginak bazter guztietara iritsi dira eta gehiago edo gutxiago pertsona guztiengan izan dute eragina. Krisiaren eragina islatu da kexa-kopuru handiagoa izatean, baina baita ere herritarrek aurkeztu dizkiguten kexen eta kontsulten edukian ere. 2010ean honakoekin lotutako kezkak nabarmendu dira: enplegu egonkorra lortzea, gizarte gaiak, prestazio publikoak edo hezkuntza.
Funtzio publikoaren gaiak kexa guztien % 15 hartzen ditu (140 kexa). Interesgarria iruditzen zait azpimarratzea kexa-egileak langile publikoak ez ezik, horrelako izaerarik ez duten herritarrak ere badirela. Izan ere, administrazio publikoetakoak ez diren pertsonek aurkeztu dituzte kexa horietatik ia erdiak, eta kexa horien xedea izan dira, nagusiki, administrazioetara sartzeko prozedurak. Horrek bidea ematen digu, gainera, egiaztatzeko ezen, hautapen prozesu horietan parte hartzen dutenen arteko lehiakortasuna bilatzeaz gainera, izangaiek ardura handia dutela bermatzeko lanpostuetarako deia egiten duen administrazioak behar diren neurri guztiak hartzen dituela halako hautapen prozesuetan gailendu behar diren inpartzialtasuna, gardentasuna eta objetibotasun-bermeak ziurtatze aldera.. Arlo honetan, Arartekoaren gomendioen ildoak helburu gisa izan du, hain zuzen ere, berme eta kontrol publikoak ahal den guztian indartzea ziurtatzeko langileen hautapenena konstituzio-printzipioen arabera gauzatzen dela: berdintasuna, inpartzialtasuna, gardentasuna, merezimendua eta gaitasuna. Erakundeak erakutsi du baliabide eraginkor, azkar eta behar den garaikoa dela deialdietan parte hartzen dutenentzat, harengana jo eta aukeren berdintasuna eta merezimenduaren nagusitasuna ziurtatzeko. Aldi berean, erakundearen erabakiek (kanpotik hartutakoak eta objektiboak) prozesuaren legezkotasuna ziurtatzen dute, bai Administrazioarentzat, bai interesdunentzat.
Hezkuntzak eta irakaskuntzak bigarren tokia betetzen dute kexen kopuruari dagokionez, guztizkoaren % 12,16 (113 kexa) izan baitira. Lehenengo urtea da hezkuntzaren gaiak toki nabarmen hori lortzen duena. Kexak, funtsean, ikasleak ikastetxeetan onartzeari edo ez onartzeari buruzkoak izan dira, batez ere lehenengo aukera gisa hautatutakoetan, eskainitako lanpostuak baino eskari gehiago aurkeztearen ondorioz. Halaber, kexak aurkeztu dira hezkuntza prestazioei buruz, zehazki eskola garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz. Eta, halaber, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko arretari buruz.
Gizarte ongizatearen edo gizarte gaien arloko kexek hirugarren tokia betetzen dute, eta aurkeztutakoen % 9,7 dira (90 kexa). Haien heren bat oinarrizko errentari buruzkoak izan dira, dela hura ukatzearekin ados ez egoteagatik, dela hura izapidetu eta ematerakoan geroratzeagatik.
Laguntza horren garrantzi soziala gogorarazi behar dugu beste behin, are gehiago une hauetan, eta, horrenbestez, kontuan hartu beharra dago hura kudeatzen duten zerbitzuek behar adina giza eta gauza baliabide eduki beharko dituztela laguntza hori azkarrago emateko. Era berean, prozedura arinago bat artikulatu beharra dago banakako premiako edo premia familiarreko kasuetarako.
Era berean, Mendetasunari buruzko Legearen aplikazioarekin lotutako kexak jaso ditugu. Kexa horietan agerian jarri da mendetasun egoeran dauden pertsonei egiten zaizkien balorazioak eta laguntzak ematea azkartasunaren printzipioaren arabera ebatzi behar direla, betiere arau indardunetan ezarritako gehieneko epeak betez. Horrek eskatzen du horretarako behar diren neurriak hartzea, eta, bereziki, Nafarroako Parlamentuak otsailean onetsi zuen 1/2011 Foru Legea aplikatzea.
Aurkeztutako kexen kopuruari dagokionez beheranzko hurrenkera bati jarraituz, gaien laugarren multzoan administrazio publikoek informatzeko, legezko epean ebazteko eta herritarrei tratu egokia eta gizalegezkoa emateko daukaten betebeharrari buruzkoak ageri dira. Gai hori dela eta, 79 kexa aurkeztu dira (% 8,5). Berme horiek oinarrizkoak eta abiapuntukoak dira bere burua modernotzat eta zerbitzaritzat hartzen duen eta bizi garen XXI. mendearekin bat datorren administrazio baten eta herritarren eta haien eskubideen arteko harremanetan. Hori dela eta, behin eta berriz eskatu izan dugu honako legezko betebeharra bete dadin: herritarren eskaera eta errekurtsoei erantzun espresa ematea arrazoizko epe batean eta, nolanahi ere, erantzuna legeek ezarritako gehieneko epean ematea, premiarik gabeko geroratzerik gabe eta formulazio lausorik gabe, betiere herritarrarekiko tratu deferente eta gizalegezkoa zainduz.
Bosgarren tokian, herritarren hizkuntza eskubideez baliatzearekin, euskararekin erabilerarekin, lotutako kexak daude. Gai horretan, 78 kexa aurkeztu dira (% 8,4). Edukiari dagokionez, kexa gehienak dira euskara Nafarroako administrazio publikoetan ez erabiltzeari buruzkoak. Erakundeak jarraitzen du zaintzen gauza daitezela Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak eta hura garatzeko udal ordenantzek herritarrei aitortzen dizkieten eskubideak.
Seigarren tokian, osasunari buruzko kexak ageri dira (65 kexa dira, guztien % 7 egiten dutenak); gehienak osasun sistema publikoko erabiltzaileen eskubideei buruzkoak izan dira. Horietatik, batzuk laguntza espezializaturako eta ebakuntza kirurgikoetarako itxaron zerrendei buruzkoak izan dira; beste batzuk, berriz, osasun prestazioak ukatzeari buruzkoak eta gastuak ez itzultzeari buruzkoak izan dira. Herritarrek arlo horretan adierazitako kezkari erantzuteko, berebiziko garrantzia hartzen du Osasun arloan pertsonek dauzkaten eskubide eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak, zeina zuzenduta baitago erabiltzaileen –eta beren jarduera Nafarroako osasun sistema publikoan garatzen duten profesionalen– eskubideak eta betebeharrak bermatzera.
Hori dela eta, beharrezkotzat iruditzen zait Nafarroako Parlamentuak lege hori aldarrikatzerakoan erakutsitako sentiberatasuna aitortzea eta eskubideen eta betebeharren taula garrantzitsu horren aitorpena ere egitea. Izan ere eskubide eta betebehar horiek osasun publikoaren kudeaketan parte hatzen duten guztientzat dira, eta aukera ematen dute aitortua duen kalitateari eusteko.
Bestalde, behin eta berriz azpimarratu dugu Nafarroako osasun prestazioen katalogoa berrikusi beharra dagoela, egungo osasun arretaren errealitateari egokitzeko. Hartara, “gaixotasun arraroak” deitutakoekin lotutako prestazioak jaso beharko lituzke, eta, kasua bada, aurrerapen tekniko edo medikoak direla medio zaharkiturik geratu diren prestazioak ordeztu beharko lituzke.
Kexak jaso direneko gainerako arloak ez dira iristen aurkeztutako kexa guztien % 5 egitera. Honakoak dira arlo horiek: ogasuna, justizia, trafikoa, barne arloa, hirigintza, ingurumena, etxebizitza, zerbitzu publikoak, gizarte segurantza, toki entitateen funtzionamendua, herri lanak, merkataritza, nekazaritza, lana, kultura, atzerritarrak, gazteria eta kirola eta industria.
Kexak hartzen dituzten Nafarroako administrazio publikoei dagokienez, kexa gehienak, tamainarengatik eta eskumenen esparru zabalarengatik logikoa den bezala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde publikoei buruzkoak izan ziren. Izan ere, guztien % 54 Nafarroako Gobernuari zuzendu zitzaizkion. % 29,6, berriz, Nafarroako toki entitateei buruzkoak izan ziren.
Nafarroako Gobernuan kexa gehien jaso zituzten departamentuak honakoak izan ziren, hurrenkeran: Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Gaiak.
Toki entitateei erreparatuta, honakoak izan ziren hamar kexa baino gehiago jaso zituztenak: Iruña (71 kexa), Tutera (22) eta Barañain (9), Lizarra (6) eta Iruñerriko Mankomunitatea.
Kexen % 9 (ia guztiak) Gorte Nagusietako Arartekoari edo antzeko eginkizuna duen autonomia erkidegoetako beste ordezkariren bati bidali zitzaizkien, Estatuaren Administrazio orokorrari edo autonomia erkidegoetako administrazioei buruzko kexak izateagatik. Kexa gure eskumenekoa ez den administrazioren bati buruzkoa ez den espediente horietan, herritarrari laguntza, aholkua eta orientabidea ematen zaizkio eta haren kexa arintasunez helarazten zaio kasuko parlamentu-ordezkariari. Hark, bere aldetik, gai horren izapidetzeari eta ebazpenari buruzko informazioa igortzen digu.
2010ean, ugari izan dira kudeatu ditugun kexa-espedienteak. Zehazki, 1.150 izan dira. Izan ere, urte horretan aurkeztutako 929 kexei, aurreko urteetan aurkeztutako 221 kexen izapidetzea eta ebazpena gehitu behar zaizkie.
Kexen guztizko horretatik, % 82,5 onartu ditugu. Hau da, aurkeztutako hamar kexa bakoitzetik bederatzi izapidetzeko onartu dira. Hamarretik gainerako bien kasuan, bat Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoari igorri diogu, bere eskumeneko gaietan, eta bestea ez dugu onartu, gure erakundea arautzen duen foru legean ezarritako arrazoiak tarteko.
Bestetik, onartutako kexetatik % 60 guztiz edo zati batean baietsi ditugu. Hori dela eta, baietsitako kexen parametroak gora egin du aurreko urtekoen ehunekoaren aldean, eta erakusten du herritarrek gero eta zehaztasun handiagoaz azaltzen dituztela beren arazoak.
Bestalde, Administrazioari entzun ondoren eta kexa sakontasunez aztertu ondoren, administrazio horren jokabide okerrik atzeman ez dugun kasuetan, informazioa eta aholkua eman diegu herritarrei kasuko administrazio publikoari iradokizun edo gomendio bat egitea beharrezkotzat ez jotzeko arrazoiei buruz. Horrela, ikuskatutako administrazio publikoaren jokabidea dela-eta herritarrek izan ditzaketen desadostasunak gorabehera, erakunde honek eman dien aholkuaren arabera, haien eskubideak ez dira urratu, eta, horrenbestez, ahaleginak egin ditugu haiei lasaitasuna transmititzen, beharrik gabe denborarik gal ez dezaten eta bidegabeko gastuak egin ez ditzaten beren asmoen defentsa judiziala egiteko, beren alde ezer lortzeko aukera txikia dutelakoan.
Halaber, egokia da nabarmentzea kudeatutako kexak izapidetzeko epea 70,5 egunekoa izan dela, batez beste. Jaun-andreok, zuen arreta deitu nahi dut izapidetzeko epe labur horren datua dela eta. Izan ere, alde nabarmena dago administrazioarekiko auzien epaitegietako bi epe inguruko epeekin alderatuta, horixe izanen baitzen kexa horiek bide judizialetik aurkeztekotan igaroko zen epea.
2010. urte osoan, guztira 271 ebazpen eta 344 gomendio, legezko betebeharren gogorarazpen eta iradokizun eman ditugu.
Zehazki, 106 izan ziren gomendioak, 182 gogorarazpenak, eta iradokizunak, berriz, 129 (horietatik, hiru iradokizun normatiboak izan ziren).
Dakizuen bezala, Nafarroako Arartekoaren eginkizuna ez da mugatzen herritarrek legearen arabera aurkeztutako kexak jaso eta aztertzera. Izan ere, proposamenen arloa ere lantzen dugu, zerbitzu publikoak edo Nafarroako administrazio publikoen jardunbidea hobetzeko proposamenak egiten baititugu, dela herritarrak jasotzen duen zerbitzuaren kalitatea handitzeko, dela herritarra konstituzio-eskubideez balia dadin errazteko. Hori dela eta, proposamenen nahiz ofiziozko jarduketen bidez, iradokizun eta gomendioak eskaintzen dizkiegu botere publikoei, eta erakundearen eginkizun proaktiboa indartzen dugu.
Ez dudanez nahi zuek neka zaitezten, soilik gomendio, iradokizun eta gogorarazpen horietako batzuk aipatuko dizkizuet.
Gizarte gaien arloan:
Oinarrizko errentari buruzko eskariak arauetan ezarritako epean ebazteko beharra.
Mendetasunerako laguntzak behar ez diren gerorapenik gabe ebatzi eta ordaintzea.
Irakaskuntza-alditik kanpo, garuneko perlesia duten haurren estimulaziorako tratamenduekin jarraitzea.
Babesgabetasun egoeran dauden adingabeek beren familiarekiko harremanak izateko daukaten eskubidea zaintzea.
Nafarroako Bikote Egonkorrentzako Erregistroa sortu eta garatzea.
Iruñeko autobus geltokiaren irisgarritasun-baldintzak hobetzea, ikusmeneko eta entzumeneko ezgaitasunak dituzten pertsonentzat, eta, zehazki, ONCEk eta EUNATE elkarteak zehaztutako betebehar teknikoak betetzea.
Aseguru-kontratuen klausula orokorrak kontrolatzea, GIB-HIESA duten pertsonen kalterako abusuzko jokabideak edo jokabide baztertzaileak desagerrarazteko.
Hezkuntzan:
Behar diren neurriak hartzea ahalbidetzeko dislexia duten ikasleek laguntza berezia jaso dezaten, hezkuntza-aldiak irauten duten guztian.
Eskola-garraioa hartzea adimeneko ezgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-prozesuaren zati gisa eta, horrenbestez, guztiz finantzatzea, eta, halaber, eskolako jantokia finantzatzea.
Ikasleak onartzeko prozesuetan, behar diren tresnak ezartzea seme-alaba bikiak ikastetxe berean eskolatuko direla ziurtatzeko.
Eztabaida bat egitea eskoletako etxeko lanei buruz eta haiek familiako bizitzarekin bateragarriak izateari buruz.
Hezkuntza proiektu bat bultzatzea, Zanduetako hezkuntzarako eta terapiarako egoitza-ikastetxeko adingabeek hezkuntza arautua jaso dezaten.
Arreta defizitaren nahastea goiz antzemateko neurri eraginkorrak ezartzea.
Irakaskuntza ertain eta unibertsitarioetarako beken deialdi orokorraren alderdi batzuk hobetzea, eta, zehazki, laguntza handiagoa ematea familia ugariei; eta emandako laguntzaren zenbatekotik ez deskontatzea ohorezko matrikularengatiko saria.
Iruñeko hizkuntza eskola ofizialeko on line matrikulazioan antzemandako akatsak zuzentzea.
Osasunaren arloan:
Osasun laguntza espezializatua legez aurreikusitako epeetan jasotzeko herritarrak daukan eskubidea bermatzea.
Nafarroan indarrean dagoen osasun prestazioen katalogoa gaurkotzea.
Errezeta elektronikoaren sistema zabaltzen aurrera egitea, eta gaixoek hura hautatu ahal izan dezatela.
Fibromialgiako eta neke kronikoaren sindromeetarako diziplina arteko arreta ematea.
In vitro ernalketako tratamenduetatik kanpo ez uztea jada seme-alabaren bat izan duten emakumeak.
Ugalkortasun ezeko kasuetan, tratamendu bat bermatzea arrazoizkoak diren epeetan.
Haurren eta gazteen buru-osasunaren arreta hobetzea.
Elebitasuna dela eta:
Eremu euskaldunean, herritarren eskura dauden inprimaki ofizialak euskaraz ere egotea.
Nafarroako herriak seinalatzeko kartelak Nafarroako Gobernuak onetsitako toponimia ofizialean jasotako moduan jartzea, bereziki eremu mistoan.
Lanpostuetarako deialdietan, euskara berezko merezimendu gisa baloratzea, plantilla organikoan betekizun gisa ezarri ez denean, hain zuzen ere Euskarari buruzko Foru Legean ezarritako moduan.
Funtzio publikoaren arloan:
Nafarroako administrazio publikoek, orokorrean, erakunde honek eginiko gomendioak eta bitartekaritza-lanak onartzearen ehunekoa handia izan da.
Oro har, administrazio hartzaileek partikularren kexen harira eginiko jarduketen % 86 baino gehiago onartu dituzte, edo, bestela, kexa-egileentzat konponbiderako ildoak ireki izan dira.
Bestalde, ia ez da existitzen administrazioek Nafarroako Arartekoak eginiko informazio-eskariei ez erantzuteko kasurik. Hiru kasu baizik ez dira izan, non ikuskatutako administrazio publikoak ez zion egindako gomendioari erantzun, nahiz eta horretarako errekerimenduak egin zitzaizkion. Eta kasu bakar batean, inplikatutako administrazioak ukatu zuen Arartekoaren erakundeak legitimazioa izatea bere ikuskapen eginkizunerako, planteatutako gaia Nafarroako Administrazio Auzitegiak erabaki bat hartu zain egoteagatik.
Zuzentzen dudan erakundeak ez ditu soilik herritarren kexak jasotzen. Izan ere, egoki ikusten duenean, bere kabuz jardun edo ikertzen du, eta mutu propio jotzen du agintariengana, interes publikoko gaiak hobetzeko.
Horixe egin dugu berrogeita bost aldiz (2009an baino % 50 gehiago).
Ofiziozko jarduketa horietatik, 23 bideratu dira egiaztatzera atxilotuek udal egoitzetan dauzkaten eskubide eta betebeharrak bermatzen direla, eta horretan, izan ere, 2009an eginiko lanari jarraipena eman zaio, urte hartan Foruzaingoaren egoitzen inguruan jardun baikenuen.
Bestalde, jarduera horietatik sei gai sozialekin lotutakoak izan dira, bereziki ezgaitasunari arreta ematearekin eta oinarrizko errentaren prestazioarekin.
Oinarrizko errentari dagokionez, 2010ean irekitako ofiziozko jarduketen xedea izan da prestazio horretarako sarbide-baldintzak hobetzea eta errenta horren ematea arintzea, ordainketa gerora ez dadin, are gehiago eskatzaileen egoera premia larrikoa den egoeretan.
Halaber, gure erakundeak zerbitzu publikoak hobetzeko herritarrek eginiko proposamenak hartzen ditu. Horrekin, herritarren parte-hartzerako mekanismo bat ezartzen da, herritarrek legedia edo zerbitzu publikoen funtzionamendua hobetzeko eginiko ekimenak edo proposamenak bideratzen dituena. Izan ere, halakoak, agian, ez lirateke iritsiko organo eskudunen eskuetara, edo erantzunik ere ez lukete jasoko.
Herritarrengandik iritsi zaizkigun berrogeita azpi proposamenetan, hobekuntzak iradoki dira, besteak beste honako arloetan: hezkuntza, gizarte gaiak, adingabeak babestea, etxebizitza edo osasuna. Esate baterako, ezgaitasunaren arloan, 2009-2012 urteetan ezgaitasuna dituzten pertsonei arreta integrala emateko plana aldatzeko beharra planteatu zen, halako moduz non ezgaitasuna duten pertsonak ez diren modu automatikoan pasako, soilik 65 urte bete dituztelako, adineko pertsonentzako egoitza-zentro batera. Etxebizitzaren arloan, alokairuko araubideko etxebizitzen kopurua handitzea proposatu zen. Eta osasunaren arloan, haur eta gazteen adimen osasuneko arreta hobetzea proposatu zen.
Erakundeak egin eta Nafarroako Parlamentuari aurkeztu dizkion txosten bereziei dagokienez, hiru izan ziren. Bi erakundearen beraren ekimenez egin dira: lehenengoa Nafarroako Justizia Administrazioari buruzkoa eta herritarrek horri buruz aurkeztutako kexei buruzkoa; eta bigarrena Nafarroako herritarren eskubide eta betebeharrei buruzko foru lege bat egiteko komenigarritasunari buruzkoa (izan ere, lege horrek “estatutu-eskubideak” deitutakoak –hau da, autonomia-estatutuen erreforma berrienetan jasotako eskubideak– jaso eta nafar guztiei zabaldu beharko lizkieke). Hirugarrena, berriz, Nafarroako Parlamentuak eskatuta egin zen, eta herritarrek euskara dela-eta dauzkaten hizkuntza eskubideei buruzkoa izan zen.
Gainera, 2010eko abenduaren 29an, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak erabaki zuen Nafarroako Arartekoari eskatzea txosten bat egin zezan aztertzeko zein den herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko administrazio digitalaren arloan dauzkaten hizkuntza eskubideen egiazko egoera. Txosten hori aurten amaitu nahi dut, eta, ondoren, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuk diot.
Nafarroako Arartekoak dauzkan eginkizun garrantzitsuenetako bat da herritarrek eskubide publikoez hobeki baliatzeari begira egiten dizkioten kontsultetan arreta emateko zerbitzu baten gisara jardutea. Eginkizun horrekin, ehunka herritarri orientabideak ematen zaizkie, jakin dezaten zein diren antolamendu juridikoak aitortzen dizkien eskubide publikoak eta horietaz behar bezala balia daitezen. Halaber, herritar horiei azaldu zaie nora jo behar duten eskubide horiek gauzatzeko edo babesa eskatzeko.
Eginkizun horrek aukera ematen du herritarrek administrazioekiko izan ditzaketen kexak edo gatazkak saihesteko, zeren eta herritarrei ikustarazten baitzaie gauzak zergatik diren horrela edo nola administrazioaren egintza jakin bat ez den legez kanpokoa edo eskubideen urratzailea, nahiz eta harekin ados egon ez.
2010ean, 1.506 kontsulta artatu genituen; horrek esan nahi du 2009aren aldean % 39ko hazkundea izan dela, eta 2007aren aldean, berriz, % 51ko hazkundea.
Aurten aurkeztutako kontsulta gehienak baliabide ekonomikorik gabeko pertsonei laguntzak emateari buruzkoak, funtzio publikoari buruzkoak eta hezkuntzari buruzkoak izan dira. Kexa kasuetan gertatzen den modu berean, kontsulten edukiak lotura handia izan du krisi ekonomikoarekin.
2010ean, aurreko urteetan bezalaxe, herritarrei erakundearen funtzionamenduari buruzko iritzia eskatu zitzaien.
Balorazioa inkesta anonimo baten bidez egin zen. Inkesta Nafarroako Arartekoari kexa bat urte horretan zehar aurkeztu zioten pertsonei egin zitzaien. 211 inkesta jaso genituen, honako emaitzarekin:
Elkarrizketatutako hamar pertsonatatik seik jo zuten Nafarroako Arartekoak beren arazoa konpontzeko izandako esku-hartzea baliagarria edo oso baliagarria izan zitzaiela. Logikoa den bezala, beren kexari babesik ez zaiola eman ikusi dutenak dira, hain zuzen ere, erakundea baliagarria ez zaiela izan uste dutenak.
Inkestatuen hamarretik zortzik adierazi dute ados daudela, guztiz edo zati batean, Arartekoak hartutako erabakiarekin.
Hamar herritarretatik zortzik beste pertsona bati erakundera jotzeko aholkua emanen liokete.
Herritarren balorazioaren batez bestekoa 7,6koa da. Moda, edo maizen agertzen den balioa, 8a da (% 24) eta ondoren 10a dator (% 22).
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei egiten dugun lanean jartzen duten konfiantzarengatik eta administrazio publikoei dagokigun eginkizuna dela-eta aitortzen diguten balioarengatik. Nafarroako Parlamentuari, haren taldeei eta haren kide eta langileei ere eskerrak eman nahi dizkiet beren laguntzarengatik, konfiantzarengatik eta uneoro emandako babesarengatik; eta erakundean lan egiten dutenei, eskerrak beren lanarengatik, lanbide-erantzukizunarengatik eta hurbiltzen zaizkigun guztiekin erakutsi duten goxotasunarengatik.
Hauxe izan da 2010eko urteko txostenari buruzko laburpena. Bertan, Arartekoaren erakundearen ekitaldi horretako jardunaren alderdi garrantzitsuenak agertu nahi izan ditut. Espero dut txostena baliagarria gertatzea bai Nafarroako Parlamentuarentzat, bai, beren jardunetan, Nafarroako administrazio publikoentzat.
Amaitzeko, zuen esku jartzen naiz guztiz, egokitzat jotzen dituzuen gaiak argitzeko edo osatzeko, edo egin nahi dizkidazuen galderei nahiz gogoetei erantzuteko. Barkamena eskatu behar dizuet, nire hitzaldia, datuengatik nahiz denborarengatik, agian gehiegizkoa iruditu zaizuelako, baina Foru Araubideko Batzorde berri honetan egin behar nuen lehenengo agerraldian nahitaezkoa iruditzen zitzaidan gure jarduera xehekiago azaltzea.
Eskerrik asko berriz denei zuen adieragatik.
Partekatu edukia