Partekatu edukia
Nafarroako ararteko Francisco Javier Eneriz Olaecheak ageriki zoriondu ditu Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte gaietarako Departamentua eta haren titularra, Maria Isabel Garcia Malo kontseilaria, Gizarte Zerbitzuen Zerrenda egin dutelako.
Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren eta Nafarroako Gobernuaren nahitaezko adostasunaren zain daude Gizarte Zerbitzuen Zerrenda onartzeko, eta behin horiek dituenean, hurrengo asteetan, indarrean sartuko da.
Nafarroako arartekoaren iritziz, zerrenda horrek ezin dudatuzko balioak ditu; nabarmendu behar diren balioak, hain zuzen ere.
Alde batetik, Espainiako erkidegoen artean, antzeko tresna batez hornitzen lehenbizikoa izango da Nafarroa. Orain arte beste autonomia erkidegorik ez da Nafarroa adina aurreratu zehaztasunetan eta hedaduran. Bakarrik Kataluniak du antzeko proiektu bat, baina ez dago Nafarroakoa bezain landua.
Gainera, herritarren eta, oro har, gizartearen parte-hartze prozesu luze eta eredugarri baten emaitza da zerrenda. Zerrenda egiten ezin konta ahaleko gizarte erakundek eta erakunde publikok parte hartu ahal izan dute, horien artean, Nafarroako Arartekoak. Izan ere, egin dizkion iradokizun gehienak aintzat hartu dituztela ikusi du: ahalmen urriko pertsonak garraiatzeko zerbitzua hartzea, buruko gaixotasunak dituztenentzako baliabideak, pertsona nagusiei laguntza ematea, eskaerak erabakitzeko epeak murriztea, zenbait laguntza bermatutzat jotzea...
Oso ontzat jo beharreko beste alderdi bat zerrenda osatzen duten gizarte laguntzen kopuru handia da. Laguntza horietatik gehienak teknikoak dira, eta gainerakoak, diru laguntzak. Hain zuzen ere, 140 laguntza dira (nabarmentzeko moduko kopurua). Laguntza horien bidez, Nafarroako gizarteak egun izan ditzakeen gizarte halabehar gehienei erantzuten ahal zaie.
140 laguntza horietatik 90 (hau da, hirutik bi) ezarrita dauden baldintzak betetzen dituen herritarraren eskubidetzat hartzen dira, eta, honenbestez, administrazioak nahi eta nahi ez onartu behar du existitzen dela eta eskatzen duen herritarrari eman behar dio. Gainerako laguntzak, 50, ez bermatuak dira. Hau da, herritarrari ematea edo ez, aurrekontuetan baliabiderik ba ote dagoen edo ez eta, pentsatzekoa da, kasu bakoitzaren larritasunaren araberakoa izango da. Denborak berak eta hartutako eskarmentuak erakutsiko dute zerrenda horretan, modu arinean, beste laguntzarik sartu behar den sortzen doazen beharrei erantzuteko edo laguntza ez bermatuek lehentasuna dutenen multzora igaro behar ote duten.
Baina Nafarroako arartekoaren iritziz, berrikuntza nagusia da Gizarte Zerbitzuen Zerrendak Nafarroako biztanle behardunenen benetako eta eguneroko arazoei erantzuteko bidea ematen duela: pertsona nagusiak, ahalmen urrikoak, buruko gaixotasunen bat dutenak, gizarteratzeko arazoak dituztenak, zailtasunak dituzten adingabeak, genero bortizkeriaren biktimak... Izan ere, biztanle behardunen kopurua egun, gutxi gorabehera, Nafarroako biztanleriaren %25 da, eta ziur asko, bizi-itxaropena handitzen eta biztanleria zahartzen doan neurrian, handitu egingo da kopuru hori.
Gizarte zerbitzuen zerrenda hori eginda, Nafarroak agerian uzten du bere herritarrenganako sentibera dela, baliabide gutxien dituztenenganako, eta elkartasunez jokatzen duela. Komunitateak giza, ekonomia eta teknika baliabideak eskaintzen dizkie, eta heldu den urteetan kalitateko gizarte zerbitzuen sistema publiko sendoa sortzeko oinarriak ezartzen ditu. Sistema publiko hori osasun eta hezkuntza sistemei eta gizarte segurantzari gehitzen zaie eta, horiek bezala, aurrerantzean hobetzen eta eguneratzen joan beharko da.
Europako Batzordeak emandako datuen arabera, Nafarroa Europako eskualde aberats eta ikasienetako bat bihurtzeko bidean doa pausoz pauso. Sortu den gizarte zerbitzuen zerrenda hori eginda, dituen kultura, heziketa eta, are garrantzitsuagoa dena, bere herritarrekiko elkartasuna erakusten ditu, beste herrialde batzuetako herritar behardunenekin dituen proiektuak alde batera utzi gabe.
Nafarroako arartekoaren arabera, gizarte zerbitzuen zerrenda hori izateak hiru erronka hauei erantzutea eskatuko du (gizarte gaietarako departamentuak erantzun beharko die): laguntzak benetakoak izan daitezen (egungoak edo etorkizunekoak) eta paperetik harago joan daitezen beharrezkoak diren langile eta baliabide ekonomiko nahikoak izatea; laguntzak eskuzabaltasunez onartzea, eta ez modu zekenean; eta ahalik eta azkarrena ematea laguntza horiek, modu arinean eta burokrazia handiegirik gabe. Kudeaketaren hiru alderdi oinarrizko horiek berma daitezen zaintzeko eta gizarte zerbitzuen zerrendaren onuradunek lehenbailehen eta ahalik eta modu zabalenean erabiltzeko konpromisoa hartu du arartekoak.
Partekatu edukia