Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak uste du atzerrian 90 egun baino gehiago bizi diren langabeei osasun arreta publikoa ukatzea konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela.

2014 urtarrila 15

Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Enériz Olaecheak, Herriaren Defendatzaileari eskatu dio Osasun Ministerioari gomendio bat helaraz diezaion 2014. urterako Aurrekontu Orokorren Legean gaineratu duen araudia baliogabetu dezala. Izan ere, azken horren arabera, langabezian dauden, langabeziagatiko diru-laguntza jasotzen ez duten eta Espainiatik kanpo 90 egun edo gehiago egoten diren espainiarrek Osasun Sistema Nazionalaren bidez osasun arreta jasotzeko eskubidea galduko dute. Horrez gain eta egokitzat jotzen baldin badu, Konstituzio Auzitegian konstituzioaren kontrakoa izateagatik errekurtso bat aurkez dezan iradoki dio.

2014. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen hamargarren azken xedapenetako lehenak, Espainian osasun arreta publikoa jaso ahal izateko, Espainian bizitzeko baldintza eskatzen die orain langabezian dauden horiei. Era berean, aurrekontuen gaineko lege horren arabera, urtarrilaren 1etik aurrera, ondorioztatuko da urte natural bakoitzean 90 egun baino gehiago atzerrian egoten den pertsona oro ez dela Espainian bizi osasun arloko prestazioen ondorioetarako.

Hala, langabezian dauden, langabeziagatiko diru-laguntzarik jasotzen ez duten eta urte naturalean zehar 90 egun baino gehiago Espainiatik kanpo egoten diren espainiarren kasuan ulertuko da euren ohiko bizilekua ez dagoela Espainian, hortaz, Osasun Sistema Nazionalaren bitartez osasun arreta funts publikoen kargura jasotzeko eskubidea galduko dute. Pertsona horiek Espainiara itzultzen direnean, modu formalean egiaztatu beharko dute berriz ere Espainian bizi direla eta berariaz eskatu beharko dute osasun arreta publikoa jasotzeko eskubidea aitor diezaieten. Bitartean, ez dute arreta publikorik jasoko.

Nafarroako Arartekoaren iritziz, legegintzako neurri berri hori konstituzioaren aurkakoa izan daiteke.

Hala, errepikatu den Konstituzio Auzitegiaren doktrinak adierazi du estatuko aurrekontu orokorrei buruzko legeek bakarrik jaso ahal dituztela aurrekontu eta ekonomia funtzio konstituzionalarekin bateragarriak diren manu jakin batzuk. Auzitegiak ezarri du Gorteek ezin dutela estatuko aurrekontu orokorrei buruzko legeen xedea modu librean zehaztu eta legeek estatu mailako sektore publikoaren gastu eta diru-sarrerak gaineratu behar dituztela. Halaber, gobernuaren politika ekonomikoaren eramaile edo tresna izan arren, ezin dituzte zeregin zehatz horri dagozkionak baino xedapen gehiago jaso.

Konstituzio Auzitegiaren doktrina horrekin bat eginez, 2014. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen aginduek, osasun arreta publikoa jasotzeko eskubidearen titularra izateko baldintzak ezarri dituztenek, ez daukate harreman zuzenik gobernuaren politika ekonomikoa definitzen duten irizpideekin, oso eremu desberdinekoak baitira. Aurrekontuen gaineko legearen agindu horiek konstituzioan jaso den osasuna babesteko eskubidearen edukia arautzen dute, zehazki, osasun arreta publikoa jasotzeko eskubidea, eta kontu horrek ez dauka inolako zerikusirik gobernuaren politika ekonomikoarekin, zentzu hertsian.

Halaber, Nafarroako Arartekoarentzat, 2014. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen laugarren eta hamaikagarren azken xedapenak espainiar guztiak legearen aurrean berdinak direla dioen konstituzioaren printzipioaren aurkakoak dira (konstituzioaren 14. artikulua), baita estatuko botere publikoek espainiarren osasunaren babesa ziurtatzeari dagokionez daukaten betebehar konstituzionalaren kontrakoak ere; izan ere, betebeharrak ez du desberdintzen Espainian dauden edo atzerrian dauden eta Espainian bizi diren espainiarren baldintza baliokideak dituzten pertsonak diren (konstituzioaren 42. eta 43. artikuluak).

Nafarroako Arartekoak gogora ekarri du legeria positiboak bermatu duela, konstituzioaren agindu horiek betetzeko helburuarekin, espainiarrak berdinak direla legearen aurrean osasuna babesteko eskubideari dagokionez. Hala, Atzerrian dauden Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko Legeak atzerrian bizi diren espainiarrei osasuna babesteko eskubidea aitortu die, lurralde nazionalean bizi diren espainiarren baldintza berberetan eta Osasun Sistema Nazionalaren prestazioak parekatuz. Legeria positiboan gailendu behar den konstituzioaren irizpidea espainiarrak legearen aurrean berdinak direla dioena da, ezin baita justifikaziorik gabeko bazterkeriarik egon eta, are gutxiago, subjektiboa, lurralde nazionalean bizi diren espainiarren eta lana bilatzeko xedearekin, ikasketengatik edo justifikatutako beste arrazoi batzuengatik atzerrira joatera behartuta dauden espainolen artean bereiziz, hori gutxi balitz langabeziaren ondorio kaltegarriak jasaten baitituzte.

Horregatik guztiagatik, arartekoak uste du aurrekontu orokorrei buruzko legeak gaineratu dituen aldaketa atzeragarriak konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeela justifikaziorik gabe eta inguruabar pertsonal batean oinarrituta (denbora gehiago edo gutxiago atzerrian bizi izana) langabezian dauden, langabeziagatiko diru-laguntzarik jasotzen ez duten eta urte naturalean zehar 90 egun baino gehiago Espainiatik kanpo egon diren espainiarrak baztertzen baitituzte eta inolako arrazoi objektiboan oinarrituta baldintza okerragoak esleitzen baitizkiete Espainian geratzen diren eta langabeziagatiko diru-laguntzarik jasotzen ez duten langabeekin alderatuz eta lurralde nazionalean bizi diren gainerako espainiarrekin alderatuz.

Beraz, horrela, modu bidegabean, langabezian dauden eta langabeziagatiko diru-laguntzarik jasotzen ez duten espainiarrak zigortzen dira beharragatik lan bila atzerrira joateagatik, Nafarroako Arartekoaren iritziz, botere publikoen politika kontrakoa izan beharko litzatekeen arren, konstituzioaren 42. artikuluan ezarritakoari erantzute aldera.

Partekatu edukia