Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean, Ganberak eskatutako txosten berezia aurkezteko. Txosten horrek jasotzen ditu azken urteotan erakundeak Osasun Departamentuari egindako gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren oroigarri nagusiak.
Bere hitzaldian, Verak azpimarratu du txostenaren helburu nagusia parlamentuaren eskaera erantzutea dela, Osasunari buruzko Foru Legearen etorkizuneko aldaketaren inguruko lege-eztabaidan eragin politikorik izan gabe. Ildo horretan, azaldu du dokumentu horrek jasotzen dituela Arartekoak herritarren kexen eta ofiziozko jardueren inguruan emandako erabaki nagusiak.
Txostenak 48 ebazpen biltzen ditu guztira, 21 itemetan egituratuta. Hala, ezpen horiek 52 kexari eta 8 ofiziozko jarduketari erantzuten diete. Hautaketa hori denborazko faktoreen eta faktore materialen arabera egin da. Lehentasuna eman zaie azken hiru urteetako erabakiei, bai eta araudian garrantzia izan dezaketenei ere. Esparru horretan, arau-izaerako iradokizunak, gomendioak eta lege-betebeharren oroigarriak sartu dira, osasun-sistema hobetzen laguntzeko asmoz.
Txostenaren egiturari dagokionez, Patxi Verak zehaztu du lehentasuna eman zaiela kolektibo ahulenen eskubideak bermatzeari eta osasun-zerbitzua eskuratzeko ekitate-printzipioari buruzko adierazpenei, eta, ondoren, herritarren eskubideekin oro har lotutako adierazpenei. Halaber, jakinarazi du ez dela Covid-19aren pandemiari buruzko berariazko ebazpenik jaso, ezohiko egoera batean eman direlako.
Txostenean jorratutako gai nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: unitate psikiatrikoetan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzea, desgaitasuna edo gaixotasun arraroak dituzten pertsonentzako osasun-arreta hobetzea, baliabide urriak dituzten pazienteek tratamendu medikoak eta laguntza ekonomikoak modu ekitatiboan eskuratzea, eta landa-inguruneko osasun-arreta hobetzea. Horrez gain, medikuak askatasunez aukeratzeari, historia klinikorako sarbideari, laguntza bidezko ugalketari eta osasun-langileen lan-baldintzei buruzko erabakiak ere jasotzen dira, besteak beste.
Txostenak, gainera, autonomia-erkidegoetako eta estatuko beste defentsa-erakunde batzuekin lankidetzan egindako bi lan monografiko aipatzen ditu, landa-eremuetan ospitaleetako larrialdiak eta osasun-zerbitzuak emateari buruzkoak.
Amaitzeko, Nafarroako Arartekoak adierazi du espero duela Parlamentuarentzat txosten hori baliagarria izatea Foru Lege berria egiteko prozesuan, eta ahalik eta adostasun handiena lortzea, herritarren eskubideentzat oso sentikorra den gaia baita.
Partekatu edukia