Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak iritzia eman du pobreziaren aurkako Nafarroako GKE-en ordezkari batek aurkeztutako kexa bati buruz. Izan ere, kexan azaltzen da "gizarte-intereseko beste xede batzuetara" bideratu beharreko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ehunekoa ez dela zergaren deklarazioan zergadunek hautaturiko xedeetara bideratzen.
Kexan adierazten da 1987tik Nafarroan, zergadunak PFEZaren ehunekoa gizarte-xedeetara bideratzea erabakitzen duenean nahiz Eliza Katolikoa sustengatzeko bideratzea erabakitzen duenean nahiz bietara bideratzea erabakitzen duenean, egiaz halakorik eginen ez balu bezala jokatzen dela, funts guzti-guztiak foru-kutxetara doazelako.
Kexan azaltzen da, halaber, Estatuaren eta Apezpiku Batzarraren arteko akordioen ondorioz, Eliza Katolikoak ez dituela Nafarroan diru-sarrera gutxiago hartzen, Estatuak bildutako diruaren eta adostutakoaren arteko aldea berdintzen duelako. Halakorik ez da gertatzen, ordea, "gizarte-intereseko beste xede batzuk" laukitxoaren alde egiten denean.
Auzia are larriagoa da Estatuak ez dielako Nafarroako GKE-ei uzten PFEZaren tributu-asignazioaren kargura Ministerioak ematen dituen diru-laguntzen deialdietan parte hartzen, Nafarroan egoteagatik; izan ere, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak uste du foru erkidegoak behar adina denbora izan duela dirua zehazki gizarte-xedeetara bideratzeko.
Arartekoak gaiari buruzko txostena eskatu zion Ekonomia eta Ogasun Departamentuari. Departamentuak jakinarazi zuen Eliza Katolikoa Estatuak finantzatzen duela, eta ez Nafarroak, zergadunek deklaratu duten zenbatekoarekin, horren barne direla finantzaketa modu horren alde egin duten zergadun nafarrak. Horretarako, errentaren gaineko deklarazioaren inprimakietan, baita Nafarroako Ogasunak onartutakoetan, laukitxo bat agertzen da, zeinak aukera ematen baitio zergadunari Eliza Katolikoa finantzatu nahi duen esateko.
Hala eta guztiz ere, zergadun nafarrak "gizarte-intereseko beste xede batzuk" laukitxoa aukeratzen duenean, hautapen horretatik ondorioztatzen den zenbatekoa zuzenean joaten da Foru Ogasunaren diru-sarreren multzoa osatzera, eta, horrenbestez, ez da sartzen gizarte-intereseko proiektu zehatzak finantzatzeko inongo funtsetara. Horren ondorioz, Nafarroako GKE-ek ezin dute parte hartu zergadunek hautaturiko aukeratik heldu den berariazko funts baten kargurako diru-laguntzen deialdietan, Nafarroan funts hori ez baita existitzen.
Horrek ekarri du Nafarroako GKE-ek ezin parte hartzea ez Estatuaren funtsean, Nafarroako Foru Komunitatean daudelako, ez Nafarroako berariazko funts batean ere, ez baita halakorik sortu.
Nafarroako Arartekoaren ustez, Nafarroako zergadunek, laukitxoa markatzen dutenean, ulertzen du bere dirua hautatzen duen xederako bideratzen ari dela: Eliza Katolikorako edo gizarte-intereseko beste xede batzuetarako. Aitzitik, adierazitako laukitxoari dagokion ehunekoa, Foru Ogasunean sartzen da, beste diru-sarrera orokor bat balitz bezala. Horrenbestez, erakundearen ustez batetik desadostasun bat dago Ogasunak herritarrari esaten dionaren eta Foru Administrazioak gero egiten duenaren artean; bestetik, Nafarroako gizarte-entitateak baztertuta geratzen dira Estatuko gainerakoekin alderatzen baditugu.
Egoera hori dela eta, Nafarroako Arartekoak Nafarroako Gobernuari iradokitzen dio Nafarroako Parlamentuari proposa diezaion tributu arloko legeak aldatzeko. Aldaketa horren xedea izanen da zergadunak egiten duen hautuaren dirua gizarte-intereseko xede zehatzetarako bideratuko den berariazko funts batean sartzea. Gero, Foru Administrazioak funts hori Nafarroako GKE-en artean banatuko du, esate baterako, Estatuak gaur egun egiten duen bezalaxe. Hori guztia Gizarte Gaietako Departamentuak Nafarroako aurrekontu orokorren kargura egiten dituen diru-laguntzen deialdi orokorrak ezertan kendu gabe.
Partekatu edukia