Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Javier Enériz Olaecheak Gorte Nagusietako jarduneko Ararteko María Luisa Cava de Llano andreari herritar baten kexa igorri dio, izapide dezan. Kexa haren bidez, herritarrak adierazten zuen ez zegoela ados unibertsitate-titulua duten eta prestakuntzako praktikak enpresa pribatuetan egiten dituzten bekadunek gaur egun bizi duten egoerarekin.
Bere kexan, herritarrak azaltzen zuen, besteak beste, bekadunek langabeziarengatiko prestazioari uko egin behar izaten diotela, nahiz eta jasotzen dituzten zenbatekoak barregarriak izan; ez dutela inolako kontraturik –hori dela eta, ez daude Gizarte Segurantzan alta emanda eta, horrenbestez, inork ez du haiengatik kotizatzen–, eta, beraz, ez dutela langabeziarengatiko prestaziorik sortzen beka amaitzen denerako, eta, gainera, bekarengatik jasotzen dituzten zenbatekoengatik zergak ordaindu behar dituztela, PFEZaren aitorpenean.
Egoera horrek laneko arazo eta arazo ekonomiko, pertsonal eta psikologiko larriak eragiten ditu –amaitzen du herritarrak–, eta zama handia du bekadunarentzat, bi aldeetako betebeharrak bete behar baititu: langile batenak (PFEZa dela-eta zergak ordaintzea, baterazintasunak) eta langabetu batenak (langabetuaren txartela zigilatzea, antzinatasunik ez galtzeko, eta abar). Eskubideei dagokienez, ordea, bekadunak ez du bi alde horietako bakarra ere.
Nafarroako Arartekoak enpresetan prestakuntzako praktikak egiten dituzten bekadunek pairatu behar duten egoerarengatiko kezka erakutsi du; izan ere, askotan dauden enpresako langileen berezko lanak egiten dituzte edo egiten amaitzen dute, baina ez dituzte langileen oinarrizko eskubideak (Gizarte Segurantza, oporrak, egindako lanak langabeziarako kontatzea...). Bestalde Ogasunari zergak ordaintzeko edo ezartzen dizkieten bateraezintasun batzuk errespetatzeko betebeharrak dauzkate.
Enérizek uste du prestakuntzako bekadunei buruzko egungo araupetzea nabarmen hobetzeko modukoa dela, eta azken urte hauetan sortutako erregelamenduzko “estatusa”, enpresetako praktikekin osatu dena, gainditu egin beharko litzatekeela, eta egoerari buruzko lege mailako araupetze berezi bat egin beharko litzatekeela, egungoa baino osoagoa eta bekadunarentzat asegarriagoa izanen dena.
Proposatzen duen lege berri hori –azaltzen du Nafarroako Arartekoak– Gorte Nagusien eskumenekoa da, eta bekaduna eskubide eta betebeharren subjektu gisa hartu beharko luke (oinarrizko lan eskubideetatik hurbil) dauzkan harreman juridikoetan, bai osatzen duen eta praktikan egiten diharduen enpresarekin (Gizarte Segurantza, oporrak, osasun laguntza), bai gizartearekin ere, prestakuntzak irauten duen bitartean eta prestakuntzaren ondoren ere, halako moduz non behin prestakuntza-garaia amaiturik, kontuan hartuko baita praktiketan emandako denbora, langabeziaren, Gizarte Segurantzaren edo beste arlo batzuen ondorioetarako.
Partekatu edukia