Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak proposatu du seme-alaba bat duten amak ez daitezela baztertu in vitro ernalketatik.

2011 otsaila 17

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak iradokizun bat egin dio Osasun kontseilari María Kutz Peironcely andreari, ez daitezen in vitro ernalketako tratamenduetatik baztertu exijitzekoak diren gainerako baldintzak bete bai baina jada seme-alaba bat duten amak.

Gaur egun, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak gehienez ere, eta kasu bakoitzeko inguruabarren arabera, in vitro ernalketako hiru tratamendu edo ziklo finantzatzen ditu seme-alaba bat eduki nahi duten emakumeentzat. Horrek berarekin dakar ezen, emakume bat jada ama denean, osasun administrazioak emakume hori arrazoi horrengatik automatikoki baztertuko duela in vitro ernalketaren tratamendutik edo finantziaziotik.

2010ean eta 2011n zehar, Nafarroako Arartekoak zenbait emakumeren kontsultak eta kexak jaso izan ditu, Nafarroako Osasun Zerbitzuak emakume horiei tratamendu horietakoren bat ukatu dielako lehendik sema-alaba baten amak izateagatik.

Arartekoak uste du “Administrazioak arrazoi horrengatik in vitro ernalketako tratamendua ukatutako kasu horietan, emakumeak borondate irmoa duela ama bigarren aldiz izateko, eta borondate hori ez dela ase arrazoi juridikoengatik, nahiz eta arrazoi medikoak izan beharko ziren kontuan hartu beharko liratekeenak”.

Enérizen ustez, osasun administrazioak laguntzarik handiena eman beharko luke ama izateko eta ama bigarren aldiz izan nahi izateko. Laguntzarik handiena emate hori Konstituzioaren 39. artikuluan dago babestuta; izan ere, artikulu horrek politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidarietako baten gisara ezartzen du botere publikoek familiei babes sozial, ekonomiko eta juridikoa eman behar dietela eta amak babestu behar dituztela. Hartara, Espainiako Konstituzioak familiarako eskubide bat aitortzen du, zeina zaildu beharrean erraztu egin beharko bailitzateke, hura bere osotasunean gertatzeko oztopoak kenduz.

Familiari laguntzeko arrazoi horiek direla medio –eta horri gehitu behar zaio jaiotzen aldeko politiken nahitaezko sustapena, behin eta berriz agerian jartzen dena–, Nafarroako Arartekoak Osasun kontseilariarengana jo du, eginiko iradokizuna aztertu eta balora dezan eskatuz, hain zuzen ere Nafarroako osasun administrazioak in vitro ernalketako tratamenduetatik bazter ez ditzan exijitzekoak diren gainerako baldintzak bete bai baina jada seme-alaba baten amak diren emakumeak.

Partekatu edukia