Partekatu edukia
Francisco Javier Enériz Olaechea Nafarroako arartekoak Soledad Becerril Estatuko Herriaren defendatzaileari eskatu dio Osasun Ministerioari eskatzeko Osasunaren eta Farmaziaren Sistema Nazionaleko Zerbitzuen Oinarrizko Zorroko Zuzendaritza Nagusiaren 2013ko irailaren 10eko ebazpenak orain dela gutxi onetsi duen neurria indargabetzeko. Neurri horren bidez, urriaren 1etik aurrera, ospitaleetako farmazia zerbitzuek gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei ematen dizkieten sendagaien prezioen % 10 (ontzi bakoitzeko 4,2 euroko muga egongo da) kobratzeko eskatuko da.
Nafarroako arartekoak gogorarazi du ebazpen horrek patologia larrietarako edo kronikoetarako sendagaien zerrenda daukala, haien segurtasun profila dela-eta, sendagai horiek erreserba berezien pean daudela. Horrela, ospitaleetako farmazia zerbitzuek ospitaleratu gabeko gaixoei ematen dizkiete, farmazia bulegoek eman beharrean. Beraz, sendagai horiek ez dira ospitalean erabiltzeko, ospitalean emateko baizik. Unera arte sendagai horiek ospitalean doan ematen ziren, baina, urriaren 1etik aurrera, erabiltzaileak sendagai horiek koordaindu beharko dituzte. Osasun ministroak adierazitakoaren arabera, beharrezko neurria da “Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko.”
Nafarroako arartekoak adierazi du neurri horrek gaitzespen handia eragin duela osasun profesionalen entitateen eta kolektiboen eta eragindako gaixoen ordezkariak diren entitateen (adibidez, CERMI-Ezinduen Ordezkarien Espainiako Batzordea) sektore handian. Uste dute neurria bidegabea —osasunaren ikuspuntutik— eta okerra —administrazioaren eta kudeaketaren ikuspuntutik— dela.
Eragindako gaixoek gaixotasun larriak eta kronikoak dituzte, eta horietako asko “errenta txiki”en mailan daude. Beraz, gaixo horien ezaugarriak kontuan hartuta, neurri horrek eragiten duen karga ekonomikoa arriskutsua izan daiteke haien osasun egoera larrirako eta, horren ondorioz, osasuna babesteko konstituzio eskubidea urra dezake. Gainera, Estatu sozialak gaixotasun kroniko larriak izateagatik oso ahulak diren pertsonei begirunerik ez agertzea ekar dezake.
Administrazioaren ikuspuntutik, haren ezarpenak ekarriko duen kostua baino askoz diru-kopuru txikiagoa aurreztea ahalbidetuko duen neurria omen da, ospitaleetako farmaziak ez baitaude prest eta ez baitaukate baliabide teknikorik koordainketaren neurria ezartzeko. Gainera, ospitaleetako farmaziek koordainketa etengabe kudeatu behar izatea horren bidez lortutako diru-sarrerak baino garestiagoa izango litzateke. Laburbilduz, neurri horrek ekarriko lukeen aurrezki ekonomikoa oso urria da edo, behintzat, oso txikia, eragindako gaixoei eragingo dien kaltearekin erkatuta.
Nafarroako arartekoak Estatuko Herriaren defendatzaileari gogorarazi nahi dio Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak adierazi duela “koordainketa horrek ez duela izango disuasio efekturik kontsumoan eta ez duela ekarriko funtsezko aurrezkirik”, eta haren efektu negatiboek zenbait gaixotasunek (esklerosi anizkoitza, C hepatitisa, leuzemia mieloide kronikoa eta abar) eragindako 1.400 gaixo ingururi eragingo dietela.
Komunikabideek jakinarazitako informazioek Nafarroako arartekoaren kezka hori areagotu egiten dute. Informazio horien arabera, zortzi autonomia erkidegok adierazi dute ez dutela koordainketa aplikatuko 2013ko urriaren 1etik aurrera. Horietako lauk (Asturias, Euskal Autonomia Erkidegoa, Kanariar Uharteak eta Andaluzia) koordainketari aurka egiten diote erabat, eta koordainketa eteteko justizia auzitegietara joateko asmoa dutela adierazi dute. Beste hiru autonomia erkidegok (Valentziako Erkidegoa, Aragoi eta Extremadura) adierazi dute, arrazoi logistikoak direla-eta, ezin izango dutela neurria aplikatu. Nafarroako Gobernua ere neurriaren aurka agertu da, eta koordainketa berriaren efektu negatiboak arintzeko “alternatibak” bilatzeko asmoa duela adierazi du.
Javier Enérizek esandakoaren arabera, horretatik ondoriozta daiteke, arrazoi batzuk edo beste batzuk direla-eta, koordainketaren neurria autonomia erkidego gutxi batzuetan bakarrik ezarri eta aplikatu ahalko dela. Beraz, horrek tratu ezberdina ekarriko luke gaixoentzat, zein autonomia erkidegotan bizi diren kontuan hartuta.
Partekatu edukia