Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak parte hartu du Erriberako ANDAR Elkarteak TDAHari (Arreta-defizita hiperaktibitatearekin nahiz hiperaktibitaterik gabe) buruz antolatutako I. Jardunaldien aurkezpenean.

2009 iraila 28

NAFARROAKO ARARTEKOA

Arreta-defizita hiperaktibitatearekin nahastea (TDA-Ha) haurrengan zuzen artatzeko eta tratatzeko neurriak.

ANDAR Elkarteak, 2008an, Nafarroako Arartekoari jakinarazi zion kezkatuta zegoela bere ustez Administrazio Publikoak erantzun eskasa ematen ziolako arreta-defizita hiperaktibitatearekin nahastea tratatzeko beharrari, hezkuntzaren eta osasunaren arloan eta arlo sanitarioan, bai eta TDA-Ha duten gazteek lan merkatuan integratzeko zeuzkaten zailtasunengatik ere.

Adituen esanetan, arreta-defizita hiperaktibitatearekin nahastea (TDA-Ha), “hiperaktibitate” izenaz ezagutu ohi dena, haurrengan gehien agertzen den psikopatologia da, haurren populazioaren % 3 eta % 5 bitarterengan agertzen baita. TDA-H nahasteak eragina du bai bera pairatzen duen pertsonaren funtzionamendu pertsonalean eta sozialean, bai haren jokabidean ere. Nahastearen eraginak ez ditu soilik haurrak hartzen: nerabe eta helduengan ere eragina izaten du.

Psikopatologia honen tratamendu egokiak integrala izan behar du eta atzemate azkarra eskatzen du. Tratamendua eta atzematea eraginkorragoak izanen dira protokoloetan eta behaketa-gidetan jasotako irizpideak eta jardun-prozedurak ikastetxeetan eta pediatria zerbitzuetan ezartzen eta zabaltzen badira. Gainera, nahaste honek tratamendu farmakologiko, pedagogiko eta psikologiko berariazkoak eskatzen ditu. Horrek agerian uzten du arloko adituen kopurua handitzeko premia, hain zuzen ere hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen esparruetan.

Eskola adinean dauden haurrengan eta nerabeengan eragin berezia duen nahaste honen atzematea, tratamendua eta jarraipena hobetzeko, Nafarroako Arartekoak neurrien multzo zabal bat proposatu zion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari. Horien artean, honakoak nabarmendu behar ditugu:

A) Neurri orokor eta diziplina anitzekoak:
  • Administrazioak psikopatologia horri buruzko sentsibilizazio kanpainak egitea gizartean: zer den, nork izan dezakeen, zer sintoma dituen, zein diren haren arrazoiak, zein efektu dituen; nola susmatzen den haren presentzia; nola atzematen den; zer jarrera eduki behar duten gurasoek, ikaskideek eta gainerako pertsonek nahastea duten pertsonekin...
  • Protokolo bat artikulatzea, diziplina anitzeko eta departamentu arteko ikuspegi batekin. Protokolo horretan, jasoko dira hasi haurrarengan edo gaztearengan nahastea atzematearekin eta haren tratamendu egokira (tratamendu farmakologikoa, kasua bada) eta jarraipenera bitarte. Horietaz, izan ere, psikologoak eta sendagile espezializatuak arduratuko dira, dagozkien faseetan.
  • TDA-Ha duten pertsonekin zuzeneko harremana duten zerbitzuekin eta unitate administratiboekin koordinatzea.
B) Hezkuntza arlo neurriak:
  • Hiperaktibitatea izan dezaketen haurrak eta nerabeak atzemateko eta haiei hezkuntza-arreta emateko programa edo plan berezi bat egitea.
  • Neurri eraginkorrak ezartzea ikastetxeetan nahaste hori duten pertsonak atzemateko; eta, bereziki, jarraibideak eta irizpideak ezartzea nahaste hori duten adingabeak eta gazteak atzemateko eta tratatzeko.
  • Baldintza egokiak sortzea ikastetxeetan TDA-Ha duten ikasleek behar duten arreta berezia izan dezaten ikasteko prozesuan.
  • Irakasleentzako, hezitzaileentzako eta eskoletako orientatzaileentzako mintegiak eta prestakuntza ikastaroak areagotzea, TDA-Ha zertan den ezagut dezaten, hura atzematen jakin dezaten eta hura dagoen edo egoteko susmoa dagoen kasuak egoki kudea ditzaten.
  • Nahastea duten haurren edo gazteen familientzako eta gurasoentzako informazio ikastaroak antolatzea, egoerari nola aurre egin jakin dezaten.
  • Hezkuntzarako aukerako bide edo programak aztertzea eta, kasua bada, abian jartzea, oro har eskola porrota izan eta psikopatologiak dauzkaten ikasleentzat ezarritakoez bestelakoak. Programa horiek lantzeko, hezkuntzaren, lanaren, osasunaren eta gizarte ongizatearen arloan eskudunak diren departamentuen inplikazioa eta koordinazioa beharko dira.
C) Osasunaren arloko neurriak:
  • Hiperaktibitatearen nahastea duten haurren eta nerabeen laguntza psikosanitario eta farmakologikorako programa berezi bat egitea.
  • Nafarroako Ospitalean Neuropediatriako zerbitzu bat ezartzea, eta neuropediatra lanpostu bat jartzea eskualdeko ospitaleetako pediatria zerbitzuetan.
  • Adimen osasuneko zentroetan haurrentzako psikiatrak eta psikologoak egotea, bai eta behar adina profesional ere, diagnosiak kontuz egin daitezen eta jarraipena hurbilekoa eta jarraitua izan dadin, ukitutako pertsonarentzat zein familiarentzat.
  • TDA-H nahasterako medikazioa gaixotasun kroniko baten medikaziotzat hartzea eta, horrenbestez, gaixoaren ekarpen ekonomikoa ahal den guztian gutxitzea.
D) Gizarte laguntzaren arloko neurriak:
  • Behar diren laguntza ekonomikoak jartzea tratamendu farmakologikoa hartzen duten haur hiperaktiboen familiei laguntzeko, zuzeneko laguntzen bitartez, nahiz kenkari fiskalen bitartez.
  • TDA-Ha nahastea ezgaitasunerako arrazoia izateko aukerari buruzko azterlan bat egitea. Eta halakotzat jotzen bada, behar diren legezko neurriak eta neurri administratiboak jartzea.
  • TDA-Ha duten pertsonen eta familien Nafarroako elkarteei babesa eta laguntza ematea.
E) Enpleguaren arloko neurriak:
  • Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta, esku hartzeko proposamen bat presta dadin, arreta-defizita eta hiperaktibitatea (TDA-Ha) duten pertsonen prestakuntzarako eta laneratzerako, gaur egun Administrazioak eskaintzen dituen enplegu programen bitartez, laneratzeko aukera hobeagoak izan ditzaten.
  • Egokitzat jotzen diren bitartekoen bitartez (jendaurreko kanpainak, Administrazioaren webgunea eta abar...) informatzea Administrazio Publikoak TDA-Ha duten pertsonen prestakuntzarako eta laneratzerako eskaintzen dituen baliabideei buruz.

Nafarroako Arartekoaren ekimenari erantzuteko, Osasun Departamentuak jakinarazi zuen laster arreta-programa bat jarriko dela abian buru osasunaren arloan haur eta gazteentzat, eta zehazki, arreta-programa bat TDA-Ha daukaten haur eta gazteentzat. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak informazioa eman zigun hezkuntzaren arloan psikopatologia hori atzeman eta tratatzeko garatzen dituen esku-hartze programei buruz, eta adierazi digu arlo horretan garatzen dituen jarduerak hobetzearen aldeko jarrera duela, bereziki Osasun Departamentuarekin ezarrita dituen koordinazio mekanismoak eraginkorragoak izan daitezen.

Bestalde, Nafarroako Arartekoaren erakundetik Osasun Departamentuko kontseilariari helarazi zitzaion familien plataformaren proposamena, hain zuzen ere Haur eta Gazteen Psikiatria espezialitatea sortzekoa. Izan ere, proposamen hartan, haurren eta nerabeen psikiatriaren espezialitatea sor dadin eskatzeko arrazoiak azaltzen ziren. Proposamen hori, zeina aztertu baitzen Nafarroako Arartekoak autonomia erkidegoetako beste ararteko batzuekin eta Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekin eginiko bilera batean, positiboki baloratu zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Izan ere, departamentu horrek azaldu zuen osasun eta hezkuntza ministerioetara helaraziko ziela proposamena.

Partekatu edukia