Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Nafarroako V. Psikologia Jardunaldietan parte hartu du.

2012 azaroa 15

Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako V. Psikologia Jardunaldietan parte hartu du. Jardunaldiak azaroaren 15etik 17ra egin dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialak antolatu ditu.

Nafarroako Arartekoak “Gizarte esku-hartzea eta Nafarroako gizartea” izeneko mahai-inguruan parte hartu du.

Nafarroako gizartea nola ikusten duen eta une honetan gaur egungo krisi ekonomiko sakonari lotutako arazoak aztertu eta gero, Enérizek psikologoek kaltetuei edo krisiaren biktimei eskaintzen dieten laguntza, orientabidea eta arreta azpimarratu nahi izan ditu, gizartearen eta gizabanakoaren arteko gizarte bitartekariak baitira.

2009. urtetik Erresuma Batuko Gobernuak garatu duen esperientziari jarraiki (neurria arazo ekonomikoen, lana galdu izanaren edo familia arteko gatazken ondoriozko antsietate edo depresio arazoak dituzten langileei doako laguntza psikologikoa ematean datza) Nafarroako Arartekoak iradoki dio Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialari neurri multzo bat azter dezan beharrezkoa izanez gero abian jartzeko, bai elkargoak berak, bai administrazioarekin lankidetzan, bai Mugarik Gabeko Psikologoak bezalako gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan:

  1. Mugarriztatzen diren lurraldearen eremuek laguntza psikologikoko unitateak ezartzea edo elkargoan baliabide ekonomikorik ez duten eta krisiaren biktimak diren pertsonentzako doako laguntza psikologikoko zerbitzua antolatzea; gutxienez, larrialdietarako, lehenengo arretarako edo laguntzeko arretarekin. Unitate horiek arazo psikologikoak dituzten pertsonei laguntza estrategia zehatzak emango lizkiekete.

  2. Lehen mailako arreta eskaintzen duten osasun zentroetan laguntza eta orientabide psikologikoko zerbitzuak ezartzea; horrela, psikologo adituek tratamendu espezializatua eman ahalko dute. Horretarako, foru administrazioarekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa izango da.

  3. Administrazioarekin lankidetzan, lehen mailako arretarako osasun lantaldeak osatzea (medikuak, erizainak, eta abar) pertsonei buruko osasuneko arazoak antzematen laguntzeko. Batzuetan, gaur egungo krisi ekonomikoaren ondoriozkoak izan daitezke.

  4. Zuzeneko telefono bidezko laguntza-linea bat ezartzea (Itxaropenaren Telefonoa dagoeneko existitzen da baina, beharbada, hori sustatu eta zabaldu ahalko litzateke). Linea horretan psikologoek eta helburu horrekin behar bezalako prestakuntza jaso duten osasun arloko langileek arreta eskainiko lukete eta, batez ere, depresioa, antsietatea, larritasuna... pairatzen duten pertsonei zuzenduta egongo litzateke.

  5. Internet bidez, zein beste baliabideen bidez, informazioa zabaltzea: herritarren esku dauden eta laguntza, arreta edo orientabidea eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzu guztiei buruzkoa.

  6. Krisi ekonomikoari lotutako arazoen ondorioz sortu daitezkeen zailtasunei aurre egiteko aholku praktikoak biltzen dituzten gidak argitaratzea. Gidaren helburua ez litzateke pertsonek pairatzen dituzten antsietate arazoak edo gogorik eza konpontzea, baizik eta arazo baten hasiera iragartzen duten seinaleak identifikatzen laguntzea eta hori saihesteko zenbait aholku ematea edo, profesional batera jotzeko eta haren esku jartzeko unea heltzen denean, orientabidea ematea.

  7. Prestakuntza ikastaroak antolatzea –motzak eta zehatzak- zailtasunak, arazoak eta eguneroko oztopoak saihesteko eta horiei aurre egiteko. Laburbilduz, emozio negatiboak kontrolatzen eta pertsona bakoitzaren eta taldearen onerako jokamolde jakin batzuk aldatzen irakastea: motibazioa, irabazteko borondatea, optimismoa eta positibismoa, erlatibizatzea, elkarrizketa lasaia, auto-ezagutza, gertuko gizarte sareen bidezko laguntza, inguruabarrei egokitzea, eta abar.

  8. Ahoz ahoko edo prentsa bidezko kanpaina abian jartzea, profesionalen presentziarekin, hau da, kosturik gabeko baliabideen bitartez. Izan ere, enplegua galdu izanagatik edo horren beldur izateagatik sortzen den laneko estresak eragiten duen gastua zuzeneko arreta psikologikoak (lehen mailako arreta sendotuz edo psikologia elkargoen bitartez) eragiten duena baino handiagoa da.

Partekatu edukia