Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkutaren aurrean 2018ko ekitaldiari dagokion urteko txostena

2019 abendua 11

Foru Komunitateko Arartekoak, Francisco Javier Enérizek, Parlamentuko Osoko Bilkuran aurkeztu du gaur 2018ko ekitaldiari dagokion urteko txostena. Txosten horretan 2.645 jarduketa jaso dira, 2017an baino 233 gehiago, hau da, % 8,8 gehiago.

2018an egin den lanaren bitartez, 168 iradokizun, 216 gomendio eta legezko betebeharren 104 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (499 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 7.910 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 1.398 kontsulta egiteaz gain, 1.052 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (1.193 espediente sorrarazi dituzte); kexa horietatik % 83,7 izapidetzeko onartu dira, eta % 71,9 oinarridunak izan dira. Bestalde, 826 ikerketa egin dira; horietatik 794 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 27 ofizioz egin dira, eta 5 herritarren proposamenei lotuta egin dira.

Kexa gehien eragin dituzten hamabi arloak honako hauek dira, kexa kopuruaren araberako ordenan: gizarte ongizatea (116), enplegu publikorako sarbidea (104), hezkuntza (96), funtzio publikoa (94), ogasuna (66), osasuna (63), ingurumena (60), euskara (52), trafikoa (47), etxebizitza (47), justizia (37) eta hirigintza (34).

2018an aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioari buruzkoak izan dira, bere organismo eta sozietate publikoak barne. 559 kexa aurkeztu ziren, kopuru orokorraren %53,1.

Toki entitateei eta horien mendeko erakundeei aurkeztutako kexak 294 izan dira, % 27,9 hain zuzen.

Estatuko Administrazioari aurkeztutakoak, berriz, 106, hau da, % 10,1.

Kexak aurkezteko erabilitako baliabideari dagokionez, aurreko urteetan ez bezala, bide nagusia Internet izan da: % 49,2. Bigarrenik, aurrez aurreko kexak daude: % 42,7. Azkenik, posta arruntaren bidez bidalitakoak (% 8,1).

Kexak aztertu ondoren, 401 ebazpen eman dira, 2017an baino 3 gehiago. Arartekoaren erabakien onarpen-maila % 65,34 da, aurreko ekitaldiaren ildotik (% 61,4) eta 2016aren antzera, horixe izan zen arbuio gehien erregistratu zituena.

Erakundearekin lankidetza guztiz bete ez duten administrazio publikoen artean aipatzen dira, besteak beste, Garapen Ekonomikorako Departamentua, Hezkuntza eta Osasuna, Iruñeko eta Tuterako Udala eta Erriberako Mankomunitatea.

Kontsultei dagokienez, nagusi izan dira gizarte ongizateari buruzkoak; zehatz-mehatz, gizarte bazterketa eta pobreziaren ingurukoak, errenta bermatuari buruzkoak, desgaitasunari edo adingabeen babesari buruzkoak.

Hezkuntzaren arloan, kontsultagai izan dira haur eskoletan eta ikastetxeetan sartzeko irizpideak, bekak ukatzea edo ematea (jantoki eta eskola garraioa, bereziki), FP plazen eskasia, eskoletako elkarbizitza arazoak, ikasleen eta irakasleen aurkako jazarpena eta eskolen utzikeria honen aurrean.

Etxebizitzari dagokionez, kontsultak babes ofizialeko etxebizitzetarako sarbideari buruzkoak izan dira asko, etxebizitza bat lortzeko zailtasunak edo babes ofizialetako etxebizitzen erakuintzetako akatsak.

Bestalde, herritarren 9 hobekuntza-proposamen jaso dira (dagoeneko 315 dira, ekimen hori 2008an abiarazi zenetik); beken ingurukoak, kirol apustu eta joku makinen erabileraren inguruko kontrolari buruz eta desgaitasunari buruzkoak izan dira.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren aginduz herritarren eskubide eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den erakundea da, eta, helburu horri helduta, Nafarroako administrazio publiko guztien jarduna gainbegiratzen du.

Partekatu edukia