- Foru Erregimenaren Batzordean agertu naiz Nafarroan errefuxiatuak hartzeari buruz Nafarroako Arartekoak egindako txosten berezia aurkezteko.
- Helburua. Txosten horren helburua izan da Nafarroan hartutako errefuxiatuen errealitatea nolakoa den jakitea, horretan esku hartu duten administrazioen jarduketa ebaluatzea Nafarroako Arartekoak duen eskumenaren neurrian, eta gomendio eta iradokizun batzuk adieraztea hautemandako egoera kontuan hartuta.
Zenbait datu. 2015ean eta 2016an gatazka armatuak edo gerrak pairatzen dituzten herrialdeetatik Europara iritsitako errefuxiatuei eta migratzaileei buruzko zenbait datu biltzen ditu txosten horrek; esaterako, halako pertsonak milioi bat baino gehiago zirela 2015ean. Halaber, Europar Batasunak onetsitako birkokatze-planen ondorioz Europan zenbat errefuxiatu birkokatu ziren ere jasotzen da txostenean (hasiera batean, 160.000 pertsona hartuko zirela aurreikusten zen).
Horrez gain, 2015ean Nafarroako Gobernuak errefuxiatuak hartzeko plan bat egin zuela jakinarazten da. Gainera, Eskubide Sozialetako Departamentuak emandako planen arabera, 2016ko uztailean Nafarroak 60 errefuxiatu hartzeko tokia zuela ere jasotzen da txostenean. Nafarroan zeuden 52 errefuxiatuetako 23 siriarrak ziren, eta geratzen ziren 8ei buruz Ministerioari zegokion erabakitzea.
Bestalde, txostenean jakinarazten denez, 2016ko azaroan errefuxiatu gehiago hartzea erabaki zen, Nafarroako Gobernuak argitaratutako datuei jarraikiz. Datu horien arabera, 73 errefuxiatu zeuden Nafarroan 2016ko azaroan: 61, harrera-fasean, eta 12, gizarteratze-fasean. Jatorrizko herrialdeen arabera, siriarrak dira gehienak (% 31,5); bigarren ugarienak, berriz, ukraniarrak (% 14) eta venezuelarrak (% 14). Jordaniako, Sri Lankako, Hondurasko, Irakeko, Armeniako, Palestinako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuak ere bazeuden Nafarroan. Datu horien arabera, 2015eko urriaz geroztik, Nafarroako Foru Komunitateak 83 errefuxiatu hartu zituen guztira: 47 gizon, 36 emakume eta 30 adingabe. Errefuxiatu horietako 20 Greziako eta Turkiako kanpamenduen birkokapenen ondorioz etorri ziren.
Halaber, Nafarroako Gobernuak emandako albisteen arabera, urtarrilean Eritreako bederatzi pertsona etorri ziren Italiatik Nafarroako Foru Komunitatera. Horrez gainera, albiste horiei jarraikiz, 2015eko urriaz geroztik 106 errefuxiatu iritsi ziren Nafarroara, haietako 37 adingabeak diren, eta Greziako, Turkiako eta Italiako kanpamenduen birkokapenen ondorioz etorri ziren.
Araubide juridikoa. Espainiako estatuan errefuxiatutako eta hartutako pertsonen araubide juridikoa zerrendatzen da txostenean. Zehazki, Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen urriaren 30eko 12/2009 Legeak ezartzen du araubide juridiko hori eta, besteak beste, honako hauek eskuratzeko gizarte-eskubideak finkatzen ditu:
Enplegurako, hezkuntzarako, osasun-arretarako, etxebizitzarako, gizarte-arretarako eta gizarte-zerbitzuetarako zerbitzu publikoak; genero-indarkeriaren biktimen babesa; gizarte-segurantza; gizarteratzea; etengabeko prestakuntza eta lana; atzerrian emandako titulu akademiko ofizialen aintzatespena; eta familia-unitateari eusteko laguntza-programetan sartzeko eskubidea.
Hori guztia, zerbitzu orokorrak aukera-berdintasunez eta diskriminatu gabe eskuratuko direla bermatuta eta adingabeak, adineko pertsonak eta desgaitasunen bat duten edo larrialdi-egoeran dauden pertsonak gehiago babestuta.
- Foru Komunitatearen eskumena. Osasun-alorrean, hezkuntza-alorrean eta gizarte-alorrean dagozkion eskumenei jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkio asilo-eskatzaileentzako zerbitzuak eta programak kudeatzea, betiere Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinatuta eta harekin lankidetzan; halaber, kolektibo horri gizarte-baliabide espezifikoei eta asilo-eskatzaileentzako arreta espezializatuan diharduten erakundeei buruzko informazioa eskuratzeko bidea emateko eskumena ere badu Nafarroako Foru Komunitateak.
Egindako jardunak. Bilera Eskubide Sozialetako Departamentuarekin.
Txostena egiteko, Arartekoak honako jardun hauek egin zituen:
Lehenik eta behin, 2016ko ekainaren amaieran zenbait bilera egin zituen Eskubide Sozialetako Departamentuarekin; bilera horietan informazio hau lortu zuen:
- Nafarroan, Enplegu eta Gizarte-segurantzako Ministerioak errefuxiatuen programa kudeatzeko izendatutako erakundea Gurutze Gorria da.
- Nafarroako Gobernuak ez du siriar errefuxiatuentzako programa espezifikorik sortu; horren ordez, ad hoc baliabide espezifikorik sortu gabe, errefuxiatuentzako programa orokorra normalizatzea eta egokitzea erabaki du.
- Errefuxiatuentzako programa orokorrak hiru fase ditu, eta fase horiek 18-24 hilabete diraute guztira.
- 2015eko irailean, Nafarroako Gobernuak harrera-plan bat sortu zuen, eta Nafarroak 200-300 pertsona har zitzakeela aurreikusi zen plan horretan.
- Gizarteari eta erakundeei jakinarazi zitzaien herritarren arretarako 012 telefono-linea eskuragarri zutela.
- Lehen errefuxiatuak 2015eko azaroan eta abenduan iritsi ziren Nafarroara. Kolonbiatik eta Hondurastik etorri ziren. Halaber, bi siriar familia iritsi ziren Ceutatik eta Melillatik, baina hiru egun baino ez zituzten eman Nafarroan. Geroago, maiatzean eta ekainean, 26 siriar eta irakiar iritsi ziren.
- 60 errefuxiatuentzako tokia zegoen, baina zenbat pertsona etorriko ziren eta noiz etorriko ziren ez jakiteak Nafarroako Gobernuaren kudeaketa-lanak oztopatu zituen.
- Hasiera batean, eta duela gutxi arte, Ministerioak Gurutze Gorriari baino ez zion jakinarazten errefuxiatuak iritsi zirela. Eskubide Sozialetako Departamentuaren arabera, Nafarroako Gobernuak azpimarratu zuen errefuxiatuak iritsi zirela jakinarazi behar zitzaiola eta, horregatik, Ministerio eskudunak informazio hori eman dio Eskubide Sozialetako Departamentuari, baina behin baino ez.
Eskubide Sozialetako Departamentuak behin eta berriz eskatu dio Estatuko Administrazioari asilo- eta babes-eskatzaileen lekualdaketa bizkortzeko, egoera larriak agintzen zuen bezala ez duela jardun baiteritzo.
Horrez gainera, beharrezko baliabide ekonomikoak eta administrazio-prozedura egokiak abiarazteko ere eskatu dio Estatuko Administrazioari, Europar Batasunak eta Espainiako estatuak pertsona horiei arreta emateko dituzten baliabide ekonomikoak banatzeko eginkizunean autonomia-erkidegoek ere parte har dezaten, egoera horri erabateko erantzuna emateko neurri egokiak guztiok batera hartze aldera. Bestalde, Immigrazioari buruzko Sektore Biltzarrerako presako deialdia egin behar dela ere eskatu du behin baino gehiagotan, arazo horri guztion artean aurre egiteko.
Bilera Nafarroako Gurutze Gorriarekin. Bigarrenik, Gurutze Gorriak Iruñean duen ordezkaritzarekin bilerak izan zituen Arartekoak. Bilera horietan Arartekoak jakin zuenez, asilo-eskatzaileak eta nazioarteko babesaren jasotzaileak hartzeko eta gizarteratzeko programa integral bat du erakunde horrek. Programa hari esker, hartutako pertsonek programaren barneko zerbitzu guztiak balia ditzakete.
Arartekoak jakin zuenez, errefuxiatuak gizarteratzeko prozesuak honako fase hauek ditu:
Harrera-faseak 6-9 hilabete dirau eta bi modalitate ditu:
- Lehen harrerarako zerbitzua; zerbitzu horretara pertsonek zuzenean jotzen dute, beren kabuz, jaso ditzaketen lehen arretei buruzko informazioa eskatzeko. Behin asilo-eskabidea formalizatzeko hitzordua hartu duela, eskatzaileak bizitzeko baliabiderik ez badu, abegi-zentro batera bideratzen zaio.
Aldi baterako harrerarako zerbitzua.
Fase horretarako, Gurutze Gorriak 60 leku ditu: 20, Iruñeko Eskualdean dagoen komunitate-egoitza batean; beste 40, Iruñeko Eskualde osoan eta Iruñearekin ondo komunikatutako beste udalerri batzuetan dauden apartamentuetan. Etxebizitza-baliabide horiek guztiak Gurutze Gorriaren tutoretzapekoak dira, eta hezitzaile bat joan ohi da haietara, eguneroko bizitzan sor daitezkeen premietan lagun egiteko.
Fase horretan, hartutako pertsonei informazioa eta oinarrizko ikastaroak eman ohi zaizkie, non dauden jakin dezaten.
Gizarteratze-faseak sei hilabete inguru dirau.
Gizarteratze-fasean, hartutako pertsonak etxebizitza aske batean sartzen dira eta Ministerioak laguntza ekonomikoak ematen dizkie bakoitzaren premien arabera (alokairua, hezkuntza-premiak, garraio-premiak, eta abar); halaber, Ministerioak izendatutako erakundeak (Gurutze Gorriak) intentsitate txikiagoko tutoretza ematen jarraitzen dute fase horretan.
Autonomia-faseak sei hilabete inguru dirau.
Autonomia-fasean planteatzen den esku-hartzea puntualagoa da, hartutako pertsonak jada aurrera egin baitu gizarteratze-prozesuan.
Horretaz gain, deskribatutako hiru faseen osagarri gisa, errefuxiatuentzako boluntariotza-zerbitzu bat ere badago. Amek (batez ere, bikotekiderik ez badute), uztartze-zerbitzu bat dute, ikastaroetara edota lan bila joateko aukera izan dezaten.
Herriaren defendatzaileen/arartekoen jardunaldiak. Hirugarrenik, errefuxiatuei buruz Madrilen egin zen jardunaldi batean ere parte hartu zuen Nafarroako Arartekoak; Espainiako Herriaren Defendatzailearen egoitzan egin zen, eta arartekoek/herriaren defendatzaileek, Estatuko Administrazioak eta zenbait administrazio autonomikok, toki-administraziok eta GKEk parte hartu zuten.
Derrigorrezko desplazamenduei, migrazio mistoei, birkokatze-konpromisoen esparruan gauzatzen diren harrera- eta gizarteratze-prozesuei eta koordinazio-ereduaren antolamenduari buruz eztabaidatu zen jardunaldi horretan. Horrez gain, honako hauek nabarmendu ziren:
Toki-erakundeen, autonomia-erkidegoen eta Espainiako Gobernuko Ministerio eskudunaren arteko koordinazioan arazoren bat dagoela.
Errefuxiatuak hartzeko dagoen gaitasuna kontuan hartuz, pertsona gutxi hartzen ari direla.
Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek errefuxiatu gehiago hartzeko konpromisoa beren gain hartzen dutenean, Ministerioak ez diela behar adina denboraz jakinarazten zenbat pertsona hartu beharko dituzten, eta horrek nabarmen oztopatzen duela plangintza.
Errefuxiatuek toki-administrazioek eta administrazio autonomikoek ezarritako harrera-fasea amaitzen dutenean, arazo bat sortzen dela: errefuxiatuek jada ez dute baliabide espezifikorik, eta herritar arruntek bezala eskuratu behar dute etxebizitza. Horrenbestez, egoera horrek gizarte-bazterkeriara bultzatzen ditu errefuxiatuak; izan ere, etxebizitza bat eskuratzeko arazoez gain, enplegu bat lortzeko arazoak ere izan ohi dituzte, errefuxiatu gehienak enplegagarritasun eskaseko profiletakoak baitira (40 urte baino gehiago dituzte, hemengo hizkuntzak ez dituzte oso ondo hitz egiten, hemengoen oso ohitura desberdinak dituzte, eta abar).
Jardunaldi horretan eztabaidatutakotik hainbat ondorio atera ziren:
- Hemengo gizarteak argi eta garbi adierazi du konponbide eta harrera solidarioaren lehen lerroan egon nahi duela.
- Administrazio autonomiko eta udal-administrazio askok oso eskaintza zehatzak eta eskuzabalak egin dituzte harreraren eta gizarteratzearen alorrean.
Birkokatze-programen bitartez errefuxiatuak hartzeari dagokionez, Espainiako estatuak, 2015ean Europar Batasunaren Migrazio Agendaren bitartez, errefuxiatu-kopuru jakin bat hartuko zuelako konpromisoa hartu zuen (17.500 inguru), eta kopuru horren % 96 (gutxi gorabehera) iristeke geratzen da oraindik; 2017a amaitu baino lehen bete beharko luke konpromiso hori.
Proposamenei gagozkiola, behin baino gehiagotan nabarmendu zuten foru-administrazioaren, administrazio autonomikoaren eta udal-administrazioaren arteko koordinazioak eta informazioak arinagoak eta hobeak izan behar dutela eta gizarte hartzailea modu eraginkorragoan sentsibilizatu behar dela, errefuxiatuen errealitateari eta, bereziki, gizarteratzeari dagokienez.
- Bisitaldia errefuxiatuei. Jardunaldi horren ondoren, urriaren amaieran, Arartekoko langileek bisitaldi bat egin zieten Gurutze Gorriak Iruñean kudeatzen duen abegi-etxeko errefuxiatuei (hogei errefuxiatuentzako tokia du Iruñeko abegi-etxe horrek). Azerbaijaneko, Palestinako, Kamerungo, Maliko, Siriako eta beste hainbat lekutako errefuxiatuak daude Gurutze Gorriak Iruñean duen abegi-etxean. Bost errefuxiaturi elkarrizketa egin zitzaien; hau nabarmendu zuten:
- Oro har, Nafarroan ondo tratatu dituztela adierazi zuten, bai Gurutze Gorriaren zerbitzuko langileek bai osasun- eta hezkuntza-alorretakoek, haurren kasuan. Kamerungo pertsonaren hitzetan, beste autonomia-erkidego batean baino askoz ere hobeki tratatu dute Nafarroan. Horren ildotik, esan zuen Nafarroara iritsi eta handik egun gutxi batzuetara jada erroldatuta zegoela, osasun-txartela zuela eta, horrez gain, prestakuntza-ikastaroak egiten ari zela, gerora lana lortzea errazagoa izan zedin.
- Elkarrizketatutako pertsona guztiek aditzera eman zuten Nafarroan gizarteratzeko izan ohi dituzten arazorik handienak honako hauek direla:
- Denak bat zetozen oztoporik handiena etxebizitza bat alokatzea dela. Babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko arazoak izaten dituzte, bisitaldia egin zitzaienean indarrean zegoen baremoan errolda-kontzeptuagatik aitortzen zitzaien puntuazioa zela eta. Horregatik, etxebizitza askeak eskuratzen dituztela adierazi zuten. Ministerioak laguntza ekonomiko bat esleitzen die alokairuari aurre egiteko. Beren kabuz bilatzen dituzte alokairuko etxebizitzak, batzuetan, zuzenean partikularrekin, eta bestetan, higiezinen agentzien bidez.
- Aitortu zuten arazoak izan dituztela etxebizitzen jabeak ez direlako fidatzen, errefuxiatuak izate hutsagatik. Palestinako pertsonak (hainbat seme-alaba dituen emakume bat) adierazi zuen hiru hilabete daramala etxebizitza bat alokatu nahian, baina asko ari zaiola kostatzen, jabeak ez direlako fidatzen, palestinarrak eta errefuxiatuak izate hutsagatik. Azerbaijaneko senar-emazteek hori egia dela esan zuten; izan ere, hainbat hilabete igaro ondoren, haiek azkenik topatu zuten alokairuko etxebizitza bat beraientzat eta beren seme-alabentzat, Iruñean bertan.
- Adierazi zutenez, normalean lan-kontratua eskatzen diete etxebizitzarako abal gisa eta, ez higiezinen agentziak ez jabeak ez dira fidatzen Ministerioaren laguntza ekonomikoarekin errenta-ordainketaren berme gisa.
- Seme-alabak eskolan primeran bertakotu direla eta oso pozik daudela ere adierazi ziguten. Ez dute inolako arazorik ez eskolan ez ikaskideekin.
- Lana lortzeari dagokionez, batere seguru ez daudela adierazi ziguten. Etxebizitza alokatzeko arazoak izan ohi badituzte, lana lortzeko ere arazoak izango zituztelakoan daude.
- Bestalde, lehen fasean gaztelaniako eskoletara joaten dira, egunero bi ordu. Gainera, oinarrizko beste prestakuntza-ikastaro batzuetara ere joaten dira, baliabideei eta lan berri baterako prestatzeari buruzkoak.
- Azerbaijaneko emakumea sendagilea da, eta esan zigunez, Osasun Departamentura joan zen osasun-zerbitzuetan sar ote zitekeen galdetzera, Nafarroan osasunak nola funtzionatzen zuen jakin nahi baitzuen. Baina aukera hori ukatu zioten. Ez daki zer esparrutan egin dezakeen lan mediku gisa hemen, Nafarroan. Iruditzen zaio eremu pribatuan baino ez izango lukeela, baina zailtasun ugari ikusten ditu.
- Laburbilduz, elkarrizketatutako errefuxiatu guztien ustez, Nafarroan tratu ona ematen diete, dela Gurutze Gorriak, dela osasun- eta hezkuntza-zerbitzuek. Hala ere, arazoak dituzte alokairuko etxebizitza eta lana lortzeko.
Hitzarmena CEAR erakundearekin. 2016Ko azaroaren 7an, Nafarroako Arartekoak jakin zuen Nafarroako Gobernuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu duela CEAR Comisión Española de Ayuda al Refugiado erakundearekin; hitzarmen horren bitartez, NASUVINSA sozietate publikoaren sei etxebizitza laga zitzaizkion CEAR erakundeari; guztira, 32 pertsona bizi daitezke lagatako etxebizitza horietan. Alokatzeko laga zaizkio etxebizitza horiek, eta lagapenak urtebeteko iraupena izango du, nahiz eta denbora-tarte hori beste hiru urtez luza daitekeen.
Lankidetza-hitzarmen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak errefuxiatuak hartzeko zuen gaitasuna sendotu duela adierazi du, Nafarroan CEAR ezarri baita hari esker.
2016ko azaroaren 7ra arte, Ministerioak errefuxiatuak hartzeko izendatutako erakunde bakar bat baino ez zegoen Nafarroan: Nafarroako Gurutze Gorria. CEAR erakundearekin lankidetzan aritzeko hitzarmen hori sinatu ondoren, Nafarroak errefuxiatu gehiago har ditzake. Izan ere, lehen, Nafarroako Gurutze Gorria bakarrik egonik, 60 errefuxiatu har zitzakeen; orain, ordea, 110 har ditzake.
- Alegazioak. Azkenik, txosten honen behin betiko idazketa onetsi baino lehen, Arartekoak Eskubide Sozialetako Departamentura eta Nafarroako Gurutze Gorrira igorri zuen zirriborroa, beharrezkotzat jotako ekarpenak egin zitzaten. Haien ekarpenak txosten honen edukian txertatu dira.
- Balioespena. Urrats horiek egin ondoren, honako hauek egiaztatu ditugu:
- Oro har, gatazkak dituzten herrialdeetatik irten eta Nafarroan hartutako errefuxiatuek eraginkortasunez bermatuta dituzte oinarrizko eskubideak lehen hemezortzi edo hogeita lau hilabeteetan.
- Nafarroako Gobernuak eta Gurutze Gorriak pertsona horiei emandako arreta egokitzat jotzen da, Arartekoak txosten hau eman zuen egunean eta eskuragarri zuen informazioan oinarrituta.
- Nafarroan errefuxiatuentzat dagoen harrera-programa egokitzat jotzen da, Arartekoak txosten hau eman zuen egunean eta eskuragarri zuen informazioan oinarrituta.
- 2015eko irailean, Nafarroako Gobernuak 200-300 pertsona har zitzakeela kalkulatu zuen, Espainiako Gobernuak Europar Batasunarekin hartutako konpromisoari eta orduan maneiatzen ziren zifrei jarraikiz. 200-300 pertsona hartzeko gaitasun hori positibotzat hartzen da, baina ez da benetan baliatzen, ustezko harrera-gaitasun horrekin alderatuta errefuxiatu gutxi hartzen ari baita gure lurraldea errealitatean.
- Egia esan, motel iristen dira errefuxiatuak Nafarroara, Nafarroako Gobernuaren eskumen-esparrutik kanpoko zenbait arazo direla eta. Nafarroako Gobernuaren arabera, plangintza gutxirekin iristen dira Nafarroara errefuxiatuak: Nafarroako Gobernuak egun batetik bestera jakiten du nor iritsiko den, eta Estatuko Administrazioa da Gurutze Gorriaren hizketakide bakarra alor horretan.
- Deskoordinazio-faltako arazoak atzematen dira Estatuko Administrazioaren eta Foru Komunitateko Administrazioaren artean, eta horregatik, Foru Komunitateko Administrazioak ezin du modu eraginkorragoan kudeatu errefuxiatuen harrera. Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen urriaren 30eko 12/2009 Legearen laugarren xedapen gehigarrian jasotako koordinazio- eta lankidetza-printzipioen arabera konpondu beharko lirateke arazo horiek.
- Nafarroako Gobernuak baditu harrera-fasean errefuxiatuei arreta emateko behar adina baliabide. Baina harrera-fasean aurrera egin ahala edota harrera-fasea amaitu dela, errefuxiatuek jada ez dute baliabide espezifikorik eta, horrenbestez, herritar soiltzat hartzeko egoera teorikoan egoteko arriskua izan dezakete. Praktikan, egoera horrek gizarte-bazterkeriara bultza ditzakete errefuxiatuak, etxebizitza eta lana lortzeko zailtasunak izan baititzakete.
- Nafarroan hartutako asilo-eskatzaileek aditzera ematen dutenez, Nafarroan ondo tratatzen dituzte, oro har, bai Nafarroako Gobernuak (gizarte-zerbitzuei, hezkuntza-zerbitzuei eta osasun-zerbitzuei dagokienez), bai Gurutze Gorriak.
- Asilo-eskatzaileen hitzetan, arazo garrantzitsuenak alokairuko etxebizitza eskuratzearekin eta lana lortzearekin lotuta egon ohi dira Nafarroan.
- Gomendioak. Nafarroako Arartekoak, Administrazio publikoen zerbitzuetan hobekuntzak proposatzeko duen eginkizuna gauzatuz, egokitzat jotzen du, txostenaren azken atal honetan, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari honako gomendio hauek egitea:
- Espainiako Gobernuko Ministerio eskudunari berriz ere adierazi beharko lioke errefuxiatu gehiago har ditzakeela, 2015eko irailean Nafarroako Gobernuak sortutako harrera-plana betetze aldera, Nafarroari esleitu zaizkion zifretara iristeko eta, horrenbestez, Europar Batasunaren akordioak betearazteko.
- Estatuko Administrazioa presatu beharko luke koordinazioa hobe dezan, betiere haren eskumenen barnean, errefuxiatuei arreta egokiagoa emateko.
- Gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren esparruetan behar diren laguntza-neurriak indartu beharko lituzke, bigarren fasean eta, bereziki, harrera-fasea amaitu ondoren, errefuxiatuek gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskua baitute eta arrisku hori erabat saihestu beharko bailitzateke.
- Harrera-fasea amaitu ondoren Nafarroan geratu nahi duten errefuxiatuentzat plan berezi bat sortzea ebaluatu beharko luke, Nafarroan behar bezala gizarteratu daitezen faboratze aldera.
- Honako hauek ebaluatzeko adierazle eraginkorrak finkatzeko aukera balioetsi beharko luke: batetik, errefuxiatuen harrera- eta gizarteratze-prozesuak; bestetik, errefuxiatuei ematen zaizkien zerbitzu espezifikoen kalitatea.
- Hainbat autonomia-erkidegotako herriaren defendatzaileekin eta administrazio eskudunekin izandako bileraren ondoren Nafarroako arartekoak emandako gomendioak eta egindako proposamenak kontuan hartu eta txertatu beharko lituzke eta, etxebizitza- eta enplegu-alorretako gomendioen eta proposamenen kasuan, egokitzat jotako moduan garatu beharko lituzke; horretarako, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta egon beharko luke hezkuntzari dagokionez, eta udalekin, berriz, oinarrizko gizarte-zerbitzuei dagokienez.
- Aldian behingo harremanak izan beharko lituzke Nafarroan bizi diren errefuxiatuekin, baita errefuxiatuak hartzeko izendatutako erakundeekin eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ere, harrera- eta gizarteratze-prozesuetan beharrezkotzat jotako hobekuntzak txertatze aldera.
- Besterik gabe, jaun-andreok, nire mintzaldiari amaiera emango diot. Norbaitek zalantzarik badu, erantzuteko prest naukazue.
Pamplona, 20 de enero de 2017.