Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Nafarroako Gobernuari iradoki dio Adingabeei buruzko Foru Legearen aldaketa susta dezan, adopzio kasuetan adinarengatiko mugak kentzeko.

2009 iraila 23

Nafarroako Arartekoak iradokizun bat egin dio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko Foru Legeko 74. artikuluaren aldaketa susta dezan.

Iradokizunean proposatzen da adopzioak egiteko adinaren mugak kentzea, edo eskatzaileei baimena ematea, aparteko kasuetan, muga horiek gainditzeko, hain zuzen ere eskatzaileen inguruabar pertsonal eta familiarrak adingabearentzat onuragarriak badira.

Iradokizun hori egin da herritar baten espediente bat izapidetzearen ondorioz. Izan ere, Arartekoaren erakundera jo zuen egindako adopzio eskaria ezetsi ziotelako, hain zuzen ere adoptatzailea izateko baldintzak ez betetzeagatik.

Hori guztia Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko Foru Legeak berak adierazitakoaren ondorioa da. Izan ere, lege horretan esaten da adoptatzaileen adinaren babez bestekoak ez duela 45 urtetan gainditu behar adoptatuaren adina, eta adoptatzaileetako batek ere ezin izanen duela 60 urtetik gora izan.

Aipatu dugun herritarraren kasuan, adingabearen eta adopzio-eskatzailearen arteko adin-tartea 45 urtetik gorakoa da, eta, gainera, adoptatzaileak 60 urte baino gehiago ditu. Hori dela kausa, ez ditu betetzen Nafarroan adopzioa gauzatzeko behar diren baldintzak.

Kode Zibilak adopzioa gauzatzeko adinarengatik ezartzen duen muga bakarra da adoptatzaileak hogeita bost urtetik gora eta gutxienez ere adoptatuak baino hamalau urte gehiago eduki behar izatea. Halere, autonomia erkidegoetan bestelako arauak ezarri dira, eta Nafarroako kasuan araua bereziki murriztailea da.

Nafarroako Foru Komunitatean aukera dago Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari,, Laguntzari eta Babesari buruzko Foru Legean ezarritako adina betetzen ez dituzten pertsonen egokitasun-adierazpenari buruzko eskariak ezesteko adinaren arrazoi hutsarengatik, adoptatzailearen egokitasunari buruzko edo abandonu egoeran dagoen adingabearen onurari buruzko bestelako azterketarik egin gabe.

Adinaren muga gainditzeagatiko egokitasun falta horrek eragozten du familia bakoitzaren edo kasu partikular bakoitzaren beste faktore edo inguruabar berariazko batzuk haztatzea –Nafarroako Arartekoaren iritziz–, eta eragotzi egiten du adingabeek aukera izatea desio duten familia osatzeko, eta sufrimendua besterik eragiten ez dien instituzionalizazio-egoeran bizi behar izatea.

Partekatu edukia