Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Lizarrako Udala entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu du, erakundearekiko lankidetzarik eza dela eta.

2014 azaroa 10

Lizarrako alkate andrea

  1. 2014ko martxoaren 12an, […] andreak aurkeztutako idazki bat jaso zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa adierazi zuen Lizarrako Udalaren aurka, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko AR-3 Unitatea birpartzelatzeko proiektuaren aldaketagatik.

    Idazki horren arabera, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko AR-3 Unitatea birpartzelatzeko izapideak egiteko orduan, maila indibidualean kexagileari berari, baita Lizarrako auzotarren interes orokorrari kalte egin dio, birpartzelatzeak Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrean ezarritako gutxieneko estandarrak bete ez dituelako. Gainera, kexagileari dagozkion hirigintzako eskubideak ukatu zaizkionez, diruaren aldetik ere kaltegarria izan da. Beraz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 149.2 artikuluak dioena ez da bete, eta onuren eta kargen banaketa ez da justua izan.

  2. Aipatutako kexa 2014ko martxoaren 13an Lizarrako Udalari helarazi zitzaion, eta gehienez ere hamabost laneguneko epean auziaren gaineko nahitaezko txostena eman zezan eskatu zitzaion, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1 artikuluarekin bat etorriz.
  3. Erakunde honek bost aldiz idatziz eskatu zuen nahitaezko txostena, 2014ko apirilaren 29ko, 2014ko ekainaren 16ko, 2014ko irailaren 11ko eta 2014ko urriaren 9ko idazkien bitartez, alegia.

    Eskakizuna behin baino gehiagotan egin arren, Lizarrako Udalak ez dio informaziorik eman erakunde honi.

  4. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26.1 artikuluaren arabera, erakunde hau ikuskatzen ari den Nafarroako Administrazio Publiko guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, haren ikerketa eta ikusketetan.

    Foru Lege beraren 24.2 artikuluak dioenez, hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek edo haien nagusiek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izango du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi egingo du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu egingo du. Gainera, 24.3 artikuluak dio gauza bera gertatuko dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin.

    Kexa ebaztearren Lizarrako Udalari txostena eskatu eta eskaera bost aldiz errepikatu arren, Lizarrako Udalak, hainbestetan eskatutako informazioa igorri ez zuela ikusirik, gogorarazi behar zaio baduela legezko eginbeharra Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, eta Legeak ezarritako epeen barruan laguntza emateko. Era berean, Lizarrako Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu behar da. Horren berri emango da eta 2014. urteko txostenean kalifikazio hori nabarmendu egingo da, jakinarazteko beste bide batzuk alde batera utzi gabe.

  5. Auziaren mamiari dagokionez, Lizarrako HAPOko (Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko) AR-3 unitatearen Birpartzelazio Proiektuaren aldaketari buruzko Testu Bateginaren edukia da kexaren ardatza. Testu hori Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onartu zuen 2013ko urtarrilaren 24an egindako bilkuran (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 24. zenbakia, 2013ko otsailaren 5ekoa).

    Kexaren arabera, Birpartzelazio Proiektuak kexagileari berari kalte egiten dio, arrazoi hauengatik: a) Birpartzelazio Proiektutik eratorritako 5 D lursaila birpartzelatzeko Unitatetik kanpo geratu da; b) urbanizazio balioari dagozkion zenbatekoak -2001ean aurreratutakoak- KPIaren arabera eguneratu behar dira c) ekarritako 261. lursailaren balioa gutxietsi egin da 349., 1074. eta 260. lursailen aldean; d) eratorritako lursailen mugak azterketa topografikoaren bidez seinalatzeko eta ezartzeko eskaerari ez erantzutea; eskaera 2013ko martxoaren 22an egin zen eta urte bereko irailean, baita 2013ko azaroaren 19an ere berriro aurkeztu zen, Udalaren aldetik idatzizko erantzunik jaso gabe.

    Gainera, aipatutako kexak planteatzen du Birpartzelazio Proiektuak Lizarrako auzotarren interes orokorra kaltetzen duela, honako arrazoi hauengatik: a) birpartzelazio proiektuak ez du betetzen HAPOk ezartzen duen baldintza, baso-langak sortu ahal izateko beharrezkoa den azalera-erreserbari buruzkoa, (azalera osoaren % 10); b) HAPOren arabera, 997 aparkaleku publiko sortu behar dira, eta 338 baino ez dira aurreikusi, gainerako aparkalekuak (997 kopurura iritsi arte) zona pribatuetan kokatuko dira; c) Udalaren aldetik, urbanizazioaren harrera berandu eta zati batean baino ez da egin, helburu bakarra merkataritza-zentro edo instalazio batek irekitzeko lizentzia lortzea izanik, urbanizazioko hainbat eremutan kalte nabarmenak eta eraikuntza-akatsak antzeman arren; d) lehendik zeuden bide publikoak ez dira kontuan hartu Udalari dagozkion hirigintza-aprobetxamenduetarako, ondorioz, azken horiek galdu egin dira; e) Testu Bateginean agertzen den bezala, hiru jaberi modu irregularrean esleitu zaie gehiegizko azalerako edo aprobetxamendu pribaturako lurzatiak; esleipen horiek ez dira agertu hasieran onetsitako birpartzelazioa aldatzeko proiektuan, beraz, hirigintzako antolamenduaren ondoriozko onurak eta kargak ekitatez banatzeko legezko eginbeharrari uko egin zaio, hau da, ez da bete birpartzelazioaren helburua, Legeak agintzen duenez, soberakin horien esleipena Administrazioaren alde egin beharko litzateke eta.

  6. Udalak kexagilearen alegazioak indargabe ditzan informaziorik eman ezean, horrek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta salatutako gertaeren larritasuna ikusirik, egia dela baieztatuz gero, Lizarrako auzotarren interes publikoari kalte handia egingo litzaioke, kasu zehatz honetan Udalak nahiko babesten ez baitu. Era berean, kexagilearen interes legitimo eta pertsonalak kaltetuko lirateke. Arrazoibideen eta hauek indartzeko erantsi diren dokumentuen lehenengo irakurketa egin ondoren, ikusten da badituztela arrazoizkotasun-zantzu nahikoak eta ondo azaldutakoak a priori egiazkotzat hartzeko, behintzat, Udalak kontrakoa gutxienez ere hain arrazoizkoa den modu batean frogatzen ez duen bitartean.

    Hortaz, erakunde honek Lizarrako Udalari gomendatu behar dio hirigintzako kudeaketan adituak diren hirugarren aholkulariei txosten juridikoa zein aditu-txostena urgentziaz eska diezaiela, salatutako gertaerak aztertzeko eta beharrezko neurketak egiteko. Gertaera horiek era sinesgarrian egiaztatzen badira, eta kexan azaltzen den moduan edo beste zentzu batean irregulartasuna frogatzen bada, ofizioz eta urgentziaz ere Lizarrako Udalak Birpartzelazio Proiektua aldatzeari ekin beharko dio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agindutakoaren eta Lizarrako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren arabera egokitzearren, interes publiko eta orokorren zein kalteak izan dituzten partikularren interesen mesedetan.

    Birpartzelazio proiektua hirigintzako plangintza egikaritzeko tresna da, 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen eta Lizarrako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren menpe dagoena, hortaz, ezin du ezarri legeak eta plangintzak agindutakoaren aurka edo gainean dagoen zehaztapen edo neurririk. Hala bada, kasu honetan gertatzen den bezala, Birpartzelazio proiektua baliogabetu eta zuzendu beharko litzateke.

    Halaber, jabe batzuen onerako eta beste batzuen edo Udalaren kalterakoak diren akordioak testu bateginean sartu izanak -birpartzelazio prozedura kontuan hartu gabe- adostutakoa erabat deuseza dela esan nahi du, horretarako ezarri den prozedura administratibotik at egin delako.

    Erakunde honek gomendatutako aholku eta peritu-azterketa egokiak eskatzen ez badira, horrek esan nahi du Udalak pasibotasunez jokatzen ari dela, nolanahi ere, interes publiko, ingurumen, hiri-kalitate eta udaleko ogasunerako kaltegarriak diren gertaeren salaketa larri baten aurrean.

  7. Ondorioz, eta Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, jarraian azaldutakoa beharrezkoa dela ebatzi dut:
    1. Lizarrako Udalari gogora ekartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari, lehentasunez eta presaz, eta 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritako epeen barruan laguntzeko legezko betebeharra duela.

    2. Lizarrako Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren ez-kolaboratzaileen erregistroan sartzea, erakundearen webgunean horren berri ematea eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean kalifikazio hau berariaz nabarmentzea, jakinarazteko beste bide batzuk -egokitzat jotzen direnak- alde batera utzi gabe.

    3. Lizarrako Udalari zera gomendatzea: hirigintzako kudeaketan adituak diren hirugarren aholkulariei txosten juridikoa zein aditu-txostena urgentziaz eska diezaiela, aholkulari adituek kexaren bidez salatutako gertaerak azter ditzaten eta beharrezko neurketak egin ditzaten. Gertaera horiek era frogagarrian egiaztatzen badira eta kexan azaltzen den moduan edo beste zentzu batean irregulartasuna frogatzen bada, ofizioz eta urgentziaz ere Lizarrako Udalak Birpartzelazio Proiektua aldatzeari ekin beharko dio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen eta Lizarrako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren arabera egokitzeko, interes publiko eta orokorren zein kalteak izan dituzten partikularren interesen mesedetan.

Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Lizarrako Udalak gomendioa onartzen duen ala ez jakinarazi behar dio erakunde honi bi hilabeteko epean. Halakorik izanez gero, gomendioa betetzeko hartu diren neurriak ere jakinarazi beharko dira.

Aipaturiko lege-manuan ezarritakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean sartzea ekarriko du, arartekoaren iritziz konponbidea aurkitzea posible zenean, horren aldeko jarrerarik erakutsi ez duen Administrazioaren berariazko aipamenarekin.

Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia