Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Lehendakaritza Departamentuari iradoki dio zaintzaile lanpostuaren eginkizunei buruzko azterlan bat egin dezan.

2010 uztaila 02

Nafarroako Arartekoak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradoki dio azterlan bat egin dezan zaintzaile lanpostuaren eginkizunei buruz, zehazte aldera ea zaintzaileak hautatzeko datozen deialdietan baldintza gisa exijitu beharra dagoen gaur egun exijitzen dena baino prestakuntza tekniko zehatzagoa.

Iradokizun hori heldu da herritar batek Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexa batetik. Kexa horren arrazoia, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko zaintzaile izateko lanpostuetarako oposizio bidezko deialdia da.

Kexa horretan, herritar batek azaltzen zuen Hezkuntza Departamentuan ari zela zerbitzuak ematen zaintzaile lanpostu batean, hain zuzen ere D mailan. Argudiatzen zuen lanpostuaren eginkizunak direla-eta eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera (lege horrek Administrazio Publikoari ezartzen dio hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak artatzeko profesional kualifikatuak edukitzeko betebeharra), lanpostu horretara sartzeko gizarteratzearen arloko goi mailako teknikari titulua edo baliokidea eskatu beharko litzatekeela.

Gainera, kexan adierazten zen, zaintzaile lanpostuak betetzeko azken deialdian ez zela berariazko titulaziorik eskatu D mailako lanpostu horretara sartzeko, eta nahikoa zela eskola graduatua edukitzea.

Nafarroako Arartekoak, espedientea izapidetzerakoan, txostenak eskatu zizkion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

Erantzunean, Lehendakaritza Departamentuak adierazi zuen “interesdunaren desadostasunaren oinarria zela bere iritziz lanpostu horietara sartzeko gizarteratzearen arloko goi mailako teknikariaren titulua edo baliokidea eskatu beharko litzatekeela, eta C mailan sartu beharko litzatekeela”. Eta alegatu zuen ezen “arau indardunak aplikatuz, zaintzaile lanposturako oposizioetako deialdietan jasota ageri dela lanpostu hori D mailakoa dela”.

Javier Enérizek gomendagarritzat jotzen du Lehendakaritza Departamentuak, funtzio publikoaren arloan eskuduna baita, azterlan bat egin dezan zaintzaile lanpostuaren eduki funtzionalari buruz, zehaztea aldera ea hartara sartzeko prestakuntza berezituagoa exijitu beharra dagoen gaur egun egokitzat jotzen dena baino (eskola graduatua nahikoa da), betiere horrek lanpostuari dagokion maila aurrez juzgatu gabe.

Nafarroako Arartekoak dio beste lanpostu bat badagoela, zaintzaile gerontologikoarena (hirugarren adineko pertsonei laguntza ematen diena), zeinaren eginkizunek zalantzarik gabeko lotura duten zaintzaile lanpostuarekin (ezgaitasuna duten pertsonei eta hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei laguntza ematea), zeren eta kasu batean eta bestean laguntza eta zainketak ematen baitzaizkie beren egoeraren ondorioz laguntza berezia behar dutenei. Soilik lehendabizikoan –zaintzaile gerontologikoaren lanpostuan– eskatzen da berariazko prestakuntza bat izatea: erizaintzako zainketa lagungarrien teknikaria lanbide heziketako titulua, osasunaren arloko lanbide familiakoa; laguntza soziosanitarioko teknikaria, erkidegoarentzako zerbitzu soziokulturalak lanbide familiakoa, edo aurrekoen baliokidetzat jotako beste tituluren bat.

Egiazki –dio Javier Enérizek–, lanpostu baten eta bestearen eginkizunen artean berezitasunen bat egon daitekeen arren, ez dirudi eginkizun horiek nahikoa direnik haiek bereizitzat hartzeko; are gehiago, ez dirudi nahikoa direnik batean eta bestean titulazio desberdinak eskatzeko, edo jotzeko ezgaitasuna duten pertsonei edo hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeei laguntza emateak berariazkotasun gutxiagoko prestakuntza bat eskatzen duenik helduei laguntza emateko behar dena baino.

Partekatu edukia