Bilaketa aurreratua

Albisteak

Foto

Nafarroako Arartekoak lege-erreforma bat eskatu du, Nafarroako mutualista erretiratuen tributazioa eta Espainiako gainerako erretiratuena harmonizatzeko

2024 apirila 09

Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari lege-aldaketa bat egiteko iradoki dio. Aldaketa horren helburu nagusia da, Espainian gertatzen ez den moduan, Nafarroako pentsiodunen (antzinako lan-mutualitateetara ekarpenak egin zituztenek) gizarte-segurantzaren pentsioek 2020ko zerga-ekitalditik jasaten duten esklusioa ezabatzea. Esklusio horren ondorioz ezingo dira PFEZean murrizketa jakin batzuk egin, jasotako pentsioaren zenbatekoari dagokionez. Martxoaren 25ean erakunde horrek igorritako Q23/1169 eta J24/2 ebazpenean jaso da eta esteka honetan eskura daiteke.

Iradokizun horrek, 2023ko abenduaren 15ean, Telefonikako langile-talde ohi batek Nafarroako Arartekoari helarazi zion kexan du jatorria. Kexa hori Pertsona Fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legean jasotzen da (bigarren xedapen iragankorra) eta gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen araubide iragankorrari buruzkoa zen. Lege hori 2020an aldatu egin zen. Kexagileen iritziz, indarrean dagoen foru-araudiak berdintasunerako konstituzio-eskubidea eta ahalmen ekonomikoaren printzipioa urratzen ditu eta, horrek, zergapetze bikoitza dakar. Hori dela-eta, erakundearen esku-hartzea eskatu zuten, eta araudia indargabetzea, baliogabetzea edo ez ezartzea bultzatzeko eskatu zioten.

Ondoren, 2024ko otsailaren 5ean, Nafarroako aurre erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak Arartekoari gai horri buruzko idazki bat aurkeztu zion. Idazki horretan eskatzen zen Foru Ogasunak Auzitegi gorenaren otsailaren 28ko 255/2023 Epaiaren ondorioak aplikatu zitzala, epai hori ere aipatutako gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen erregimen fiskalari baitagokio. Elkarteak salatu zuen Nafarroako mutualista erretiratuek “Estatu osorako eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru-lurraldeetarako aurreikusitakoa baino tratu fiskal desabantailatsuagoa” jasaten ari zirela.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dokumentazio guztia helarazi zitzaion. Departamentu horrek bi txosten igorri zituen. Lehenengo txostenean, xehetasunez azaldutako azalpen tekniko bat egin zen, Foru Komunitateak bere fiskalitatearen inguruan legeak egiteko ahalmenari buruzkoa. Horren ondorioz, alde batetik adierazi zen aipatutako arauzko xedapen horrek ez zituela berdintasun printzipioak eta gaitasun ekonomikoak urratzen, eta, bestetik, kaltetutako erretiratuak ez direla zergapen bikoitza jasaten ari. Bigarren txostenean, Foru Ogasunaren argudioak berretsi ziren arren, eta gaiaren inguruko erabaki judizial desberdinak ikusita, adierazi zen “arauzko xedapen horri dagokion analisi teknikoa egiten ari zela”.

Nafarroako Arartekoak, informazio guztia aztertu ondoren, honako hau ondorioztatu du: “Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren laugarren atala aplikatzeak, Gizarte Segurantzatik jasotako pentsioak kanpo utzita, egoera bidegabeak edo kaltegarriak eragin ditzake Nafarroako pentsiodunentzat (Nafarroako zergapekoentzat, zehazkiago esanda), baldin eta:

a) Pentsiodun horiek ezin izango lukete Estatu osoan (baita Euskal Autonomia Erkidegoko foru-lurraldeetan ere) oro har aplikatzekoa den murrizketarik jaso, baina Gizarte Segurantzaren prestazio bereko beste onuradun batzuek ere jaso ahal izanen lukete murrizketa hori, baldin eta esandako lege-xedapenetan eta epaian aipatzen diren urteetan, kotizazioari edo tributazioari dagokionez erabakigarriak diren abiapuntuko egoerak funtsean antzekoak edo berdinak badira.

b) Bazterketak Nafarroako pentsiodunen arteko tratu-desberdintasunik ekar lezake, 2020. urtearen aurreko edo ondoko urteetan jasotako pentsioen arabera, baina ez da inolako alde kualitatiborik edo funtsezkorik antzematen horren emaitza dibergentea atera dadin”.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoak iradoki du lege-aldaketa bultzatzeko, 29/2019 Foru Legeak (indarrean dagoen Foru Legearen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan sartu dena) eragindako bazterketa indarrik gabe utz dadin eta, ondorioz, auzi honetan, Gizarte Segurantzako gainerako pentsiodunei emandako tratu fiskal bera eman dakien.

Q23/1169 eta J24/2 Ebazpenaren eduki osoa esteka honetan eskura daiteke.

Partekatu edukia