Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Enériz Olaecheak, Konstituzioan ezarritako etxebizitza edukitzeko eskubidea modu eraginkorrean babesteko neurriak krisi ekonomikoaren testuinguruanizeneko jardunaldian esku hartu du. Jardunaldia Asturiasko Printzerriko prokuradore nagusiak antolatu du eta gaur gauzatu da Oviedoko prokuradoretzaren egoitzan. Bertan autonomia erkidegoetako Herriaren Defendatzaile guztiak eta Herriaren Defendatzailearen lehenengo ondokoa bildu dira.
Azalpenean, Javier Enérizek krisi ekonomikoak konstituzioak espainol guztiei aitortu dien eskubidean, hau da, etxebizitza duina eta egokia edukitzeko eskubidean, izan duen eragina aztertu du eta azpimarratu du konstituzioak botere publikoei eskubide hori betetzen dela bermatze aldera beharrezkoak diren baldintzak sustatzeko eta egokiak diren neurriak hartzeko betebeharra ezarri diela.
Bere hitzaldian Nafarroako Arartekoak azaldu du etxebizitza edukitzeko eskubidea funtsezkoak diren beste eskubide batzuei lotuta dagoela, hala nola, norberaren etxebizitzan baimenik gabe ez sartzeko eskubidea edo intimitate pertsonalaren eta familia intimitatearen eskubidea. Hori guztia konstituzioak ezarri du zuzenbidezko gizarte estatu demokratikoaren testuinguruan.
Gaur egungo krisi ekonomikoaren egoeraren aurrean, Javier Enérizek ez du uste botere publikoek espainolek etxebizitza duina eta egokia izateko duten eskubidea betetzen dela bermatu dutenik; izan ere, milaka herritarrek euren etxebizitza galdu dute eta ez daukate etxerik. Hala, aditzera eman du 2007. urtetik hipoteka betearazpenen kopuruak gora egin duela eta 400.000ra heldu dela. Horrez gain, gobernuak bi urteko luzamendua onartu duen arren, uste da 250.000 etxe gehiagotan kaleratzeak gertatuko direla etorkizunean luzamendu horren irismena oso mugatua baitago eta, gainera, ez dauka atzeraeraginezko ondoriorik.
Etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea ez da aldarrikapen bat, ezta itxaropen edo desiderátum bat ere, konstituzioan ezarritako benetako eskubidea bat da -horixe defendatu du Javier Enérizek bere esku-hartzean-, beraz, herri-administrazioek eskubide hori gauzatzeko betebeharra daukate beharrezkoak diren neurriak abian jarriz. Hala ere, krisi ekonomikoak eta balioen krisiak eragin dute ia herri-administrazio guztiek etxebizitza edukitzeko eskubidea betetzen dela bermatzera zuzendutako politika egiteari uko egin izana edo hori egiteko ezintasuna adierazi izana hainbat arrazoi direla bide: baliabide publikorik eza, gastua mantentzeko edo gutxitzeko betebeharra defizit publikoari erantzute aldera, zerga-sarrerak mantentzeko beharra, edo, besterik gabe, krisi ekonomikoak arduradun publikoen artean eragin duen shocka eta aurrean dituzten fronte guztietan krisia gelditzeko zailtasuna.
Nafarroako Arartekoak, bere hitzaldia amaitzeko, aldarrikatu zuen konstituzioak ezarritako eskubidea, herritarrek etxebizitza duina eta egokia edukitzeari buruzkoa, bakarrik gauzatu daitekeela hori bermatzera zuzendutako politika eraginkor eta fidagarrien bitartez. Politika horiek iraganean gobernu eta erregimen oso desberdinek asmatu eta aplikatu zituzten eta eraginkorrak zirela frogatu zuten, juridikoki posibleak eta ekonomikoki bideragarriak diren konponbideen bitartez, hala nola:
Alokairuko etxebizitzarentzako laguntzak ematea errentaren arabera. Modu horretan, gehien behar dutenek diru-laguntzak jasoko dituzte etxebizitza bat alokatu ahal izateko eta maizterrek ez ordaintzeen aurrean edo kalteen aurrean berme publikoak izango dituzte.
Babes ofizialeko etxebizitzen promozioa, bai ohiko erregimenean, bai erregimen berezian (hau da, baliabide gutxien dituzten pertsonei zuzendutakoak edo familia-kargarik handienak dituzten pertsonei zuzendutakoak), 1978. urtean egin zen moduan -ondoren, zenbait autonomia erkidegok mantendu eta sustatu zuten-.
Alokairua, jabetza geroratutako amortizazio erregimenaren bidez (edo alokatzea erosteko aukerarekin) eta, kasu jakin batzuetan, baliabide gehien dituzten familien kasuan hain zuzen, jabetza sustatzea. Hau da, hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadetan erabili izan ziren erregimenak. Horiei esker, milaka pertsonek etxebizitza edukitzeko aukera eduki zuten.
Sustatzaileen eta eraikitzaileen etxebizitzak babes ofizialeko erregimenean sartzea horiek saltzeko zailtasunak dituztenean edo hutsik daudenean. Horrek zera saihestuko luke: beharrezkoa ez den tokian promozio gehiagorik ez eraikitzea, saltzeko arazoak dituzten horiek asimilatuz edo integratuz, hainbat autonomia erkidegotan egin den moduan. Baldintzen arabera, gaineratutako promozioen xedea anitza izan daiteke: salerosketa, alokairua, geroratutako eskuratzea edo zenbait konbinazio misto.
Finantza erakundeek baldintza arrazionalagoekin eta kontrolatuagoekin maileguak ematea berriro ere, laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan aplikatzen zirenen antzerakoak (prezioaren % 70) eta mende honetako lehenengo hamarkadako praktiketatik aldenduta.
Babes ofizialari BEZa edota beste zerga edo tasarik ez aplikatzea, guztiz edo neurri batean, 1978ko babes ofizialeko erregimenean zeharkako zergekin egiten zen moduan.
Alokairuko etxebizitzen ondare publikoa osatzea eta kudeatzea, gizarte alokairuekin, adibidez Vienan bezala, eta alokairuaren kultura bultzatzea.
Albait lasterren azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak jaso duen Etxebizitzen Gizarte Funtsa abian jartzea. Ideia ona da baina abiarazi behar da, ahalik eta azkarren zehaztu, zabaldu etxebizitzarik ez duten kaleratuentzat eta autonomia erkidegoekin koordinatu, horiek baitira etxebizitzaren arloan eskumena dutenak. Funts hori ezingo da aktiboak diren autonomia erkidegoak baztertzen dituen mekanismo pribatu edo estatu mailako mekanismo bat bezala erabili.
Etxebizitzari lotuta, espekulazioaren aurkako neurriak ezartzea, laguntza publikoarekin edo promozio jakin batzuen barruan eraikitako etxebizitzen salmenta prezioari mugak ezarriz etxearen bizitza guztian zehar.
Finantza erakundearen eta ordaintzeko arazoak dituen jabearen arteko bitartekotza zerbitzua eratzea hipoteka betearazpen prozesua abian jarri baino lehen, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Arartekoak hala proposatu ostean) edo Iruñeko Udalak sustatu duten moduan.
Finantza erakundeei ordainean ematea, gizarte alokairuaren bermearekin, ahal bada etxebizitza berean baliabiderik ez duten familien kasuan. Zenbait finantza erakunde dagoeneko hori aplikatzen hasi dira.
Finantza erakundearen aurrean prezioaren edo, hala badagokio, alokairuaren ordainketa atzeratzeko eskubidea aitortzea. Eskubide hori zordunak edo errentariak baliatu ahalko du aldi kopuru mugatu batean, ordaintzeko arazo justifikatuen ondorioz.
Enérizek, kaleratzeen eta luzamenduen inguruko lege-dekretuaren izapidetzean zehar, urrakortasun bereziko kasuak izenekoak berraztertzeko proposatu zuen: 18 urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten familia unitateak gaineratzeko, gutxieneko errenta handitzeko eta bere horretan kasu berezitzat jotzeko, hipotekaren kuotaren pisua diru-sarrera garbien ehuneko 40ra jaisteko eta Etxebizitzen Gizarte Funtsa finantza erakunde bateko hipoteka mailegua ez ordaintzegatik euren ohiko etxebizitzatik kaleratu dituzten pertsona guztiei zabaltzeko.
Partekatu edukia