Partekatu edukia
Ofiziozko jarduketa abiatu du Foru Gobernuak migratzaileen banaketari buruz duen jarrera ezagutzeko.
Patxi Verak, Nafarroako Arartekoak, ofiziozko jarduketa hasi du Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuekin, Kanarietan dauden migratzaileak autonomia-erkidegoen artean banatzeari dagokionez departamentu hauek duten asmoa ezagutzeko.
Jarduketa hau hasi du Kanarietako bere homologoak, María Dolores Padrón Komuneko diputatuak, lankidetza eskatu diolako "etorkizun hobea eta seguruagoa bilatzen duten migratzaileen etengabeko fluxuagatik" artxipelagoak bizi duen egoera kritikoan.
Defendatzaile kanariarraren arabera "gure artxipelagoan dauden azpiegiturak eta baliabideak ez dira nahikoak pertsona horiei guztiei harrera duina eta egokia emateko, batez ere inoren kargura ez dauden adingabeei".
Jakina denez egoera horren aurrean Espainiako Gobernuak Atzerritarrei buruzko Legearen aldaketa sustatzeko ekimena hartu du, migratzaileen eta, zehatzago esanda, adingabeen banaketa egokia bermatzeko autonomia-erkidegoen artean.
Ofiziozko jarduketa irekitzean Verak gogorarazi du arazo hau Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuari bidali dizkion urteko azken txostenetan aztertu dela eta gaiari buruzko iradokizunak egin direla.
Ildo horretatik, azken txostenean, 2023ko urtekoak, aurreko ekitaldietakoetan bezala, erakundeak honakoa gomendatzen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari: “Inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrei arreta ematen jarraitzea, ahal den neurrian kasuan kasuko programak hobetuz eta eskumena duten beste administrazio batzuekin koordinatuz, babes-sistemaren gainerako programen garapenarekin bateratuz eta bereziki haien gizarteratze-prozesua sustatuz”.
Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 16. eta 18. artikuluekin bat erakunde honi ahalmena ematen zaio herritarren eskubideak defendatzeko eta haien babes-maila hobetzeko eginkizuna betetzeari dagokionez Nafarroako administrazio publikoen jarduketak edo ez-egiteak gainbegiratzeko espedienteak ofizioz hasteko, eta, gainbegiratze horien ondorioz, legezko betebeharrak gogorarazteko eta iradokizunak edo gomendioak egiteko.
Ildo horretatik, Verak adingabe migratzaileen babesean eta, zehatzago esanda, Nafarroako Foru Komunitatera iristen direnen arretan laguntzeko Nafarroako Gobernuaren jarrerari eta prestasunaren berri emateko eskatu die Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuei.
Partekatu edukia