Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Izabako Udala entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu du, behin baino gehiagotan eskatutako informazioa ez emateagatik.

2014 azaroa 12
  1. 2014ko maiatzaren 7an, […] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa adierazi zuen, Izabako Udalaren aurka, udal horrek ez baitzuen bete hirigintzaren legezkotasuna babestea, eta Izabako udal barrutian, Casas del Canal delako urbanizazioan urratutako ordena lehengoratzea bermatzeko beharrezkoak diren prozedurak hasi eta ebazteko eginbeharra. Zehazki, R-1 unitatea aipatzen da, non duela hainbat urte zanga bat ireki zuten, Izabako Udalak kudeatutako espediente batetik eratorritako lizentziarekin egiaztatu gabe. Leku hori arriskutsua da pertsona, animalia eta ibilgailuentzat.

  2. Aipatutako kexa 2014ko maiatzaren 22an Izabako Udalari helarazi zitzaion eta gehienez ere hamabost laneguneko epean kontuaren gaineko nahitaezko txostena eman dezan eskatu zitzaion, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1 artikuluarekin bat etorriz.
  3. Erakunde honek lau aldiz idatziz eskatu zuen nahitaezko txostena, 2014ko uztailaren 1eko, 2014ko irailaren 11ko, eta 2014ko urriaren 13ko idatzien bitartez (azken data horretan, idatzi bi bidali ziren).

    Eskakizuna behin eta berriro egin arren, Izabako Udalak ez dio erakunde honi informaziorik helarazi.

  4. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26.1 artikuluaren arabera, erakunde hau ikuskatzen ari den Nafarroako Administrazio Publiko guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, haren ikerketa eta ikusketetan.

    Foru Lege beraren 24.2 artikuluak dioenez, hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek edo haien nagusiek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izango du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi egingo du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu egingo du. Gainera, 24.3 artikuluk dio gauza bera gertatuko dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin.

    Kexa ebaztearren Izabako Udalari txostena eskatu eta eskaera lau aldiz errepikatu arren, Izabako Udalak, hainbestetan eskatutako informazioa igorri ez zuela ikusirik, gogorarazi behar zaio bere legezko eginbeharra dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz laguntza ematea, legeak ezarritako epeen barruan. Era berean, Izabako Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren erakunde ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu behar da. Horren berri emango da eta 2014. urteko txostenean kalifikazio hori nabarmenduko da, jakinarazteko beste bide batzuk alde batera utzi gabe.

  5. Auziaren mamiari dagokionez, kexak zera planteatzen du, besteak beste: 2010eko irailaren 6an, Nafarroako Administrazio Epaitegiak 7630/2010 zenbakidun Ebazpena eman zuen, eta horren bidez baietsi zen Izabako Udalaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa, kexagileak jarritakoa, hirigintza-arloan udalak esku-hartzeko eskaerak (2009ko uztailaren 22an eta abuztuaren 5ean eta 17an egindakoak) isilbidez ezesteagatik. Bide batez, ebazpenean, Izabako Udalari agindu zion hirigintzaren legezkotasuna babestea bermatzeko eta urratutako ordena lehengoratzeko beharrezkoak diren prozedurak hasi eta ebatzi zitzala.

    Gainera, kexak planteatzen duenez, Izabako Udalak ez du bete Nafarroako Administrazio Epaitegiaren ebazpen hori, beraz, ez du hartu hirigintzaren legezkotasuna babesteko eta urratutako ordena lehengoratzeko neurririk.

    Nafarroako Tokiko Administrazioaren 1990eko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluaren arabera, Nafarroako Administrazio Epaitegiaren ebazpenak nahitaez bete behar dituzte tokiko entitateek, organo horren aurrean udaletako egintza eta erabakien aurka gora jotzeko errekurtso bat aurkeztea tokiko entitateen jarduketak aurkaratzeko eta kontrolatzeko bideetako bat delako.

    Foru Lege beraren 340. artikuluaren arabera, errekurtsoaren objektua den egintza edo erabakia eman duen organoak betearazi behar du Nafarroako Administrazio Epaitegiak ebatzitakoa.

    Azken buruan, 2010eko irailaren 6ko 7630/2010 Ebazpena, Nafarroako Administrazio Epaitegiarena, nahitaez betetzekoa da Izabako Udalarentzat eta horrek ebazpena betearazteari ekin behar dio.

    Aipatutako Ebazpenak dioenez, Izabako Udala behartuta dago (hori agintzen zaio) hirigintzaren legezkotasuna babestea bermatzeko eta urratutako ordena lehengoratzeko beharrezkoak diren prozedurak hasi eta ebaztera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 2002ko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak horretarako xedatutakoari jarraituz, eta horixe egin beharko du Izabako Udalak.

    Hortaz, erakunde honek Izabako Udalari gogorarazi behar dio, 2010eko irailaren 6ko 7630/2010 Ebazpena, Nafarroako Administrazio Epaitegiarena, urgentziaz eta berehala gauzatzeko legezko eginbeharra duela, eta ebazpenaren zati erabakitzailearen ondorioz, hirigintzaren legezkotasuna babestea bermatzeko, eta Izabako udal barrutian, Casas del Canal delako urbanizazioan urratutako ordena lehengoratzeko ezinbestekoak diren prozedurak hasi eta ebatzi egin beharko ditu.

    Nafarroako Administrazio Epaitegiaren ebazpena betearaztearren udalak nahitaez esku hartu behar du, eta are gehiago, kexan azaltzen denez bezala, aipatutako lekuan segurtasun neurriak nahikoak ez badira, eta pertsona, animalia eta ibilgailuentzako arriskua badago. Horrek esan nahi du Izabako Udalak ez duela betetzen segurtasun publikoa bermatzeko betebeharrik.

  6. Ondorioz, eta Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, jarraian azaldutakoa beharrezkoa dela ebatzi dut:
    1. Izabako Udalari gogoraraztea, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lehentasunez eta presaz laguntzeko legezko betebeharra duela, 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritako epeen barruan.

    2. Izabako Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartzea, erakundearen webgunean horren berri ematea eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean kalifikazio hau berariaz nabarmentzea, jakinarazteko beste bide batzuk -egokitzat jotzen direnak- alde batera utzi gabe.

    3. Izabako Udalari gogora ekartzea, 2010eko irailaren 6ko 7630/2010 Ebazpena, Nafarroako Administrazio Epaitegiarena, urgentziaz eta berehala gauzatzeko legezko eginbeharra duela, eta ebazpenaren zati erabakitzailearen ondorioz, hirigintzaren legezkotasuna babestea bermatzeko, eta Izabako udal barrutian, Casas del Canal delako urbanizazioan urratutako ordena lehengoratzeko ezinbestekoak diren prozedurak hasi eta ebatzi beharko dituela. Horrez gain, pertsona, animalia eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu beharko ditu.

Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Izabako Udalak erakunde honi jakinarazi behar dizkio: aurreko c) letran aipatzen diren legezko eginbeharren gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta halakorik izanez gero, gomendioa betetzeko hartu diren neurriak. Nahitaezkoa denez, bi hilabeteko epea izango du horretarako.

Aipaturiko lege-manuan ezarritakoaren arabera, eginbeharren gogorarazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean sartzea ekarriko du, arartekoaren iritziz konponbidea aurkitzea posible zenean, horren aldeko jarrerarik erakutsi ez duen Administrazioaren berariazko aipamenarekin.

Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Har ezazu nire agurra,

Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia