Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Irunberriko Udala entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu du, behin baino gehiagotan eskatutako informazioa ez emateagatik.

2014 azaroa 11
  1. 2014ko martxoaren 21ean, […] andreak aurkeztutako idazki bat jaso zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa adierazi zuen Irunberriko Udalaren aurka. Izan ere, kexagilea ez dago ados bere lanpostuko funtzioekin, kontratuan sinatutako herrizain lanpostuari lotutakoekin bat ez datoz eta. Horrez gain, ez zaizkio ordaindu dagozkion ordainsari osagarriak.

    Aipatutako idazkian, […] andreak hau azaldu zuen:

    1. 2006ko azaroaren 13an Irunberriko Udalarekin garbiketa-lanak egiteko kontratua sinatu zuen, 2009ko otsailaren 3ra arte.

    2. 2009ko otsailaren 4an, indarrean dagoen kontratua sinatu zuen udal horrekin herrizain lana egiteko, E mailako lanpostuan. Lanaldi osoko eta bitarteko kontratua zen, hutsik dagoen plaza lehiaketa-oposizio bidez bete arte.
    3. b) atalean aipatzen diren kontratuko baldintzak gorabehera, zeregin berriak egiteaz gain, jarraitzen du lehenago ere izan zituen garbiketa-lanak egiten. Zeregin horiek guztiek ez dute zerikusirik herrizain lanpostuarekin.

      Ez zaio ordaindu Udaleko langilea izateagatik dagokion antzinatasun sari osagarria atzeraeraginezko ondorioekin. Ez du jasotzen lanaldia luzatzeagatik edo zereginen pilaketagatik soldata-osagarririk, ezta aparteko orduak egiteagatik ordainketarik ere.

      Dagozkion langile-eskubideak urratzen ari dira eta horrek Administrazioaren bidegabeko aberastea dakar.

      Hori dela era, eskatu dio Irunberriko Udalari ahalik eta lasterren ebazpena emateko eta horren bidez udaleko langilea izateagatik dagozkion eskubideak aitortzeko.

  2. Aipatutako kexa 2014ko martxoaren 27an Irunberriko Udalari helarazi zitzaion, eta gehienez ere hamabost laneguneko epean arazoaren gaineko nahitaezko txostena eman zezan eskatu zitzaion, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1 artikuluarekin bat etorriz.

  3. Erakunde honek 2014ko maiatzaren 6ko idazkiaren bidez berriro eskatu zuen nahitaezko txostena.

  4. 2014ko maiatzaren 29an Irunberriko Udaleko Alkatearen idazki bat jaso zen, honako hau esanez:

    Idazki honen bitartez, Arartekoak 2014ko martxoaren 27an igorritako eta 2014ko maiatzaren 6an berriro bidalitako idazkiari erantzun nahi diot. Aipatutako idazkian eskatzen zaigu […] andreak aurkeztutako kexari buruzko informazioa emateko, udal honekin duen kontratu-harremana eta horren baldintzak direla eta.

    Ezer baino lehen, barkamena eskatu nahi diot Ararteko erakundeari komunikazio bidalketa atzeratzeagatik. Horren arrazoia ez zen lankidetzan aritzeko asmorik eza, planteatutako egoera aztertzeko nahia baizik.

    Arartekoaren idazkia udal honetan jaso zenetik, dagoen egoera eta […] andrearen lan egoera egokitzeko beharrezkoak diren neurriak berrikusten eta aztertzen ari dira, kexagileari berari eta lege- eta lan-aholkulariei iritzia eskatuz.

    Une honetan, esan dezakedan guztia da orain abian diren berrikusteko prozesu eta kontsulta ororen emaitzak jakinaraziko dizkizugula; zuen esanetara naukazue beharrezkoa den edozein kontutarako.

  5. Emandako erantzuna nahikoa ez zenez, 2014ko ekainaren 3an erakunde honek berriro eskatu zion Irunberriko Udalari […] andrearen lan egoerari buruzko informazioa ahalik eta epe laburrenean, edonola ere, ekainaren 30a baino lehen helarazteko.
  6. Nafarroako Arartekoak 2014ko abuztuaren 20ko eta 2014ko urriaren 9ko idazkien bitartez berriro eskatu zion txostena Irunberriko Udalari.

    Eskakizuna behin eta berriro egin arren, Irunberriko Udalak erakunde honi ez dio helarazi planteatutako auziaren mamiari buruzko informaziorik, 2014ko maiatzaren 29ko erantzuna ez baitzen nahikoa.

  7. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26.1 artikuluaren arabera, erakunde hau ikuskatzen ari den Nafarroako Administrazio Publiko guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, haren ikerketa eta ikusketetan.

    Foru Lege beraren 24.2 artikuluak dioenez, hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek edo haien nagusiek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izango du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi egingo du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu egingo du. Gainera, 24.3 artikuluak dio gauza bera gertatuko dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin.

    Kexa ebaztearren Irunberriko Udalari txostena eskatu eta eskaera bost aldiz errepikatu arren, Irunberriko Udalak hainbestetan eskatutako informazioa igorri ez zuela ikusirik, gogorarazi behar zaio bere legezko eginbeharra dela Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz laguntza ematea, legeak ezarritako epeen barruan. Era berean, Irunberriko Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren entitate ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu behar da. Horren berri emango da eta 2014. urteko txostenean kalifikazio hori nabarmenduko da, jakinarazteko beste bide batzuk alde batera utzi gabe.

  8. Auziaren mamiari dagokionez, Irunberriko Udalarekin lan kontratua duen […] andrearen lan egoera da kexaren ardatza.

    Kexagileak erakunde honi dokumentazio nahikoa aurkeztu dio eta horren bidez frogatu du 2006ko azaroaren 13tik 2009ko otsailaren 3ra Irunberriko Udalean kontratatua egon dela, garbiketa peoiaren kategorian. Horretaz gain, frogatu du 2009ko otsailaren 4an Irunberriko Udalarekin herrizain lana egiteko kontratua sinatu zuela, E mailako lanpostuan, kontratua lanaldi osokoa eta bitartekoa izanik, hutsik dagoen plaza lehiaketa-oposizio bidez bete arte.

    Irunberriko Udalak, aldiz, ez du inolaz ere frogatu […] andreak aurretik izan zituen garbiketa-lanak baita herrizain lanpostuari dagozkion zeregin berriak ere –ordutegirik ezarri gabe eta arduraldi luzeekin– bere gain hartu ez dituenik.

    Langileen Estatutuko 15.6 artikuluak (1995eko martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) zera ezarri du: Eskubide berberak izango dituzte aldi baterako eta iraupen jakineko kontratuak dituzten langileek eta iraupen mugagabeko kontratuak dituzten langileek, eta gainera, (…) eskubide (…) jakin bat langileak duen antzinatasunaren arabera eratxikitzen denean, antzinatasun hori irizpide berberen arabera zenbatuko da langile guztientzat, langile horien kontratazio-modalitatea edozein izanda ere.

    Langileen Estatutu bereko 35.1 artikuluaren arabera, aparteko orduak izango dira (…) gehieneko lanaldi arrunta gainditzen duten lanorduak.

    Aurreko guztia dela eta, eta Irunberriko Udalaren eta […] andrearen artean itundutako lan harremanari buruzko edozein iritzi alde batera utzita, begi-bistakoa da Irunberriko Udaleko langile horrek:

    1. Baduela antzinatasun saria jasotzeko eskubidea, lehenengo aldiz kontratatua izan den unetik hasita, hau da, 2006ko azaroaren 13tik aurrerako ondoreekin.
    2. Baduela eskubidea aparteko orduak egiteagatik ordainketa jasotzeko, lanaldi arrunta edo, hala badagokio, Irunberriko Udaleko funtzionario eta langileek, oro har, izaten duten lanaldia gainditzen bada, eta hemendik aurrera egingo dituen aparteko orduak edo orain arte egindakoak ordaindu behar zaizkio.

      Hortaz, erakunde honek Irunberriko Udalari zera gomendatu behar dio: […] andreari udalaren langile izateagatik dagozkion eskubideak aitor diezazkion, izan ere, antzinatasun saria jasotzeko eskubidea eta egindako edo egingo dituen aparteko orduak egiteagatik ordainketa jasotzeko eskubidea. Antzinatasun saria atzeraeraginezko ondorioekin ordaindu behar zaio.

  9. Ondorioz, eta Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, beharrezkoa dela ebatzi dut:
    1. Irunberriko Udalari gogoraraztea, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lehentasunez eta presaz laguntzeko legezko betebeharra duela, 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritako epeen barruan.

    2. Irunberriko Alkatetza, Udalaren ordezkari gorena den aldetik, Nafarroako Arartekoaren ez-kolaboratzaileen erregistroan sartzea, erakundearen webgunean horren berri ematea eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean kalifikazio hau berariaz nabarmentzea, jakinarazteko beste bide batzuk -egokitzat jotzen direnak- alde batera utzi gabe.

    3. Irunberriko Udalari zera gomendatzea: kexagileari, […] andreari, udalaren langile izateagatik dagozkion eskubideak aitor diezazkiola, izan ere, antzinatasun saria jasotzeko eskubidea eta egindako edo egingo dituen aparteko orduak egiteagatik ordainketa jasotzeko eskubidea. Antzinatasun saria atzeraeraginezko ondorioekin ordaindu behar zaio.

Nafarroako Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Irunberriko Udalak gomendioa onartzen duen ala ez jakinarazi behar dio erakunde honi bi hilabeteko epean, nahitaezkoa eta udalaren legezko eginbeharra denez. Halakorik bada, gomendioa betetzeko hartu diren neurriak ere jakinarazi beharko dira.

Aipaturiko lege-manuan ezarritakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurkeztuko den 2014. urteko txostenean sartzea ekarriko du, arartekoaren iritziz konponbidea aurkitzea posible zenean, horren aldeko jarrerarik erakutsi ez duen Administrazioaren berariazko aipamenarekin.

Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Har ezazu nire agurra,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia