Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea jaunak Burlatako eta Iruñeko udalei iradoki die Mendillorri eta Burlata artean behin-behineko bide bat presta dezaten, Ripagainako urbanizazio-lanak direla-eta lehendik dagoen bidea moztuta egoteak bi herrietako bizilagunei eragiten dien kaltea arintze aldera.
Nafarroako Arartekoak iradokizun hori egin du herritar batek egindako kexa jaso eta ondoren; izan ere, herritar horrek azaltzen zuen 2007tik Ripagainan egiten ari diren urbanizazio-lanak direla-eta ez dagoela Mendillorritik ibai-parke aldera pasatzeko inongo biderik. Obrak jada amaituta daudenez, herritar horrek ez du atzematen inongo eragozpenik dagoenik oinezkoentzat behin-behineko bide bat prestatzeko.
Nafarroako Arartekoak gai hori lehendik aztertua zuen, beste herritar baten antzeko edukiko kexa baten ondorioz. Bai Iruñeko Udalak, bai Burlatakoak, 2009ko azaroan txosten bana igorri zioten Arartekoari, non adierazten baitzioten urbanizazio lanen eremua ezin zela zabaldu, udalek oraindik ere urbanizazio-lan horiek jaso gabe zituztelako; izan ere, jaso bezain laster udal jabetzapekoak eta, horrenbestez, udal bakoitzaren ardurapekoak, izatera pasako ziren.
Bi toki entitate horiek adierazi zuten ezen, itxura batean urbanizazioa amaituta zegoen arren, hura izapidetzeko behar zen dokumentazioa aurkezteko zain zeudela, bai eta akatsei konponbidea emateko zain ere. Halaber, adierazi zuten Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Burlatako Udala eta Konpentsazio Batzarra batera lan egiten ari zirela obrak hartu ahal izan zitezen bideratzeko.
Oraindik ere obrak jaso ez direnez eta bidea 2007tik itxita dagoenez, horrek bizilagunei eta oinezkoei eragiten dizkieten arazoekin, Javier Enérizek Iruñeko eta Burlatako udalei iradoki die ezen, urbanizazio obrak jaso bitartean –hori ezinbestez gertatu beharrekoa baita–, presta dezatela behin-behineko bide bat Mendillorritik Burlata aldera iragan ahal izateko.
Partekatu edukia