Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak iradoki du ikasleen etxeko lanen zamari eta hura eta familia uztartzeari buruzko eztabaida bat egin dadin

2010 azaroa 25

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako guraso batzuen kezka jaso du, hain zuzen ere beren seme-alabek etxean egin behar izaten dituzten etxeko lanen zama handia eta etxeko lan horiek familiako bizitzan daukaten eragina direla eta, eta Hezkuntza Departamentuari eta Nafarroako Eskola Kontseiluari iradoki die “gizartean eztabaida zabal bat egitea bultza dezaten, hezkuntza komunitateko ordezkari guztien (ikasleak, gurasoak eta irakasleak) eta beste aditu batzuen parte-hartzearekin, eta gogoeta egin dadin ikasleei etxean egiteko ematen zaizkien lanen komenigarritasunari eta bolumenari buruz”.

Guraso horiek Nafarroako Arartekoari helarazitako informazioaren arabera, Nafarroako ikastetxe gehienetan ikasleek etxean egin behar izaten dituzten lanek batez beste ia bi orduko dedikazioa eskatzen dute. Datu hori bat dator, bestalde, Nafarroako Eskola Kontseiluak 2009ko abenduan eginiko txostenaren ondorioetan jasotakoarekin.

Halaber, gurasoek diote beren seme-alabek lanetako asko ezin dituztela bakarrik egin eta gurasoen edo irakasleen edo akademia partikularren laguntza behar izaten dutela. Horrek berarekin dakartza desberdintasunak sortzea ikasle batzuen eta besteen artean, guraso guztiek ez baitute denbora, ezagupen, kultura maila edo maila ekonomiko bera beren seme-alabei etxeko lanetan laguntzeko.

Gainera, ikastorduez kanpoko etxeko lan horiengatik kalifikazioak jartzen dituzte irakasleek, eta kalifikazio horiek espediente akademikoaren zati bat dira. Hori dela eta, guraso horiek jotzen dute ezinbestekoa dela, berdintasunezko hezkuntza bat izanen badugu, ikastetxetako irakasleak izan daitezela ikastorduetan behar diren ezagupen teknikoak emanen dituztenak, zeren eta gurasoek ez baitituzte menperatzen irakasten den curriculumaren metodologiak eta, gainera, hori egiteko betebeharrik ere ez dute.

“Guraso horien nahia ez da beren betebeharrei edo beren erantzukizunei iskintxo egitea, baizik eta guztiz kontrakoa: haiek onartu eta familiako eta eskolako bizitzarekin uztartzea –dio Javier Enérizek–. Guraso horien proposamenak bilatzen du beren seme-alabekin familian gozatu eta haiek hezi ahal izatea, eta haiekin batera lan egin ahal izatea bizitzako beste alderdi batzuetan, eskolakoez bestelakoetan, beren seme-laben nortasuna guztiz garatzeko; honakoak dira alderdi horiek, besteak beste: harremanak zaintzea; beren zaletasunak lantzea; aisiarako, kulturarako edo ikuskizunetarako denbora edukitzea; etxeko eta familiako bizitzako eginbeharrak egitea, eta seme-alabak familia bakoitzaren oinarrizko balio eta printzipioetan heztea. Hori guztia halako moduz gauzatuko da, non gurasoek dagokien denbora izanen baitute beren seme-alabekin partekatzeko.

Hori guztia dela eta, Nafarroako Arartekoak Hezkuntza Departamentuari eta Nafarroako Eskola Kontseiluari iradoki die, Hezkuntza Administrazioaren ordezkariak bai baitira, gizartean eztabaida bat susta dezaten, eta eztabaida horretan gogoeta egin dadin eskolako ordutegiaz kanpoko lanaren zama beharrezkoa izateari edo ez izateari buruz; zama horrek ikasleen artean sor dezakeen desberdintasunari buruz; familia eta eskola uztatzeko beharrari buruz; aparteko etxeko lan horien kalifikazio akademiko beharrezkoa izateari buruz; etxeko lan horiek egin behar izateak familiako bizitzan eta ikaslearen beraren bizitzan daukan eragin negatiboari buruz, eta, azkenik, lan horiek soilik ikastetxean egiteko beharrari edo komenigarritasunari buruz.

Partekatu edukia