Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak iradoki dio Gizarte Gaietarako Departamentuari adopzio prozesuetan egokitasun ziurtagiria emateko ez daitezela sei hilabete baino gehiago behar izan

2008 martxoa 27

Nafarroako ararteko Javier Eneriz Olaecheak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietarako Departamentuari iradokizuna egin dio. Iradokizun horretan adierazi dio komenigarria dela adopzio prozesuetan egokitasuna balioztatzea erabakitzeko eta, honenbestez, ziurtagiria emateko gehieneko epea ez dadila sei hilabete baino luzeagoa izan. Adopzio prozesu hori hasteko interesak bultzatuta, eskatzaileak edo eskatzaileek departamentu horretara lehenbiziko aldiz jotzen duenean edo dutenean hasiko dira sei hilabete horiek.

Ziurtagiri hori eman aurreko izapideetan administrazio epeetan luzamendu handiegirik ba ote dagoen egiaztatzea izan zen erakundeak hasi zuen ofiziozko ikerketaren helburua, luzarora, adopzio prozesua burura eramateko atzerapen handia ekar baitezake.

Javier Enerizek azaldutakoaren arabera, adopzio prozesu batek eskatzen dituen bermeak egokitasun ziurtagirien izapideak egiteko arrazoizko epeekin bateragarri egitea lortu nahi da.

Familia, Haurtzaro eta Kontsumo zuzendari nagusiak gai hau dela-eta arartekoari bidali dion txostenean azaldu duenez, izapideak egiteko egun sei hilabete eta erdiko epea behar da. Hori guztia kontuan hartu gabe izapide horiek modu ofizialean hasi aurretik nahitaez egin beharreko zenbait jarduketak eskatzen duten denbora. Egokitasun ziurtagiria lortzeko behar diren izapide horiek honako hauek dira:

  • Eskatzaileak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietarako Departamentura jotzen duenean adopzio prozesua hasteko interesa duelako, informazioa emateko hizketaldi baterako deia egiten zaio. Txostenean ez da ageri zenbat denbora igarotzen den, interesdunak eskaera egin eta gero, hizketaldi hori egin bitartean.
  • Informazioa emateko hizketaldira joan eta gero, adopzio aurreko prestakuntzarako ikastaroa egiteko deia egiten zaie eskatzaileei. Ikastaro hori hilero egiten da.
  • Behin horiek eginda, beren egokitasuna balioztatzeko eskaera aurkeztu ahal dute interesdunek, eta horren ondotik balioztatzeko galdeketa bat ematen zaie. Gizarte Gaietarako Departamentua egiten ari den Gizarte Zerbitzuen Zerrendan ageri denez, balioztatzea eskatzen denetik galdeketa ematen den arte hiru hilabete ere igaro daitezke, nahiz eta adierazten den helburua dela galdeketa ematea eskaera egin eta handik bi hilabetera, adoptatzeko erabakia sendotzeko bidea eman ahal izateko.

    Txostenean azaltzen den moduan, balioztatzeko prozesuak honako bi helburu hauek ditu: alde batetik, eskatzaileei kontzientzia hartzen laguntzea, bai adopzio aitatasuna/amatasuna dela-eta dituzten gaitasunen eta mugen gainean, eta bai adopzioaren ezaugarrien, zailtasunen eta potentzialtasunen gainean ere; eta beste alde batetik, arrakasta izango duten adopzio proposamenak egin ahal izateko nahiko informazioa izatea teknikariek. Bi helburu horiek kontuan izanda, arartekoak uste du nekez justifikatu ahal dela hain epe luzea egotea eskaera eman eta interesdunek bete beharreko galdeketa eman bitartean, besterik gabe adoptatzeko erabakia sendotu gabe egon daitekeelako ustekizuna oinarri hartuta.

  • Behin galdeketa eman zaienean, gutxienez, hilabete behar dute interesdunek betetzeko eta Zuzendaritza Nagusiko dagokion organoari itzultzeko.
  • Behin galdeketa itzultzen denean, gizarte langile batek eta psikologo batek aztertzen dute, eta eskatzaileen etxean elkarrizketa hitzartzen da. Txostenean adierazi denaren arabera, galdeketa itzuli eta handik bi hilabetera ari dira egiten bisita hori.
  • Prozesuaren azken fasea txosten psikosoziala egitean eta egokitasuna erabakitzean datza. Gizarte Zerbitzuen Zerrendaren arabera, eskatzaileek galdeketa itzuli eta egokitasuna erabaki bitarteko epea ezin izango da lau hilabete baino luzeagoa izan.

Prozesuaren deskribapen labur honetan frogatuta gelditzen da egokitasuna adierazteko txostena erabakitzeko gehienezko epeak zortzi hilabete arterainokoak izan daitezkeela, interesdunei eskaera aurkezteko bidea ematen zaien datatik aurrera. Aurretik informazioa eta prestakuntza emateko jarduketak egiteko behar den epea gehitzen badiogu epe horri, prozesu arrunt batek bederatzi edo hamar hilabete baino gehiago beharko ditu, eta, Enerizen iritziz, luzeegia da epe hori.

Partekatu edukia