Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak agerraldia egin zuen martxoaren 6an Nafarroako Parlamentuaren "Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa egune-ratzeko" Ponentzian. Bere esku-hartzean Verak Foru Komunitatean bizi diren pertsonen eskubideak aintzatesteko eskatu zuen.
Ildo horretatik eskubideen inklusio hori jatorriaren ondorengo garaietan beren autonomia-estatutuak aldatu dituzten autonomia-erkidego guztiek, guztira zazpi, izan duten joeran kokatu zuen. "Hasiera batean, lehen aldiz onartu zirenean, arreta eskumen-eremuan jarri zen, eta, ondoren, berrikuspen bat egiten denean, kasu guztietan foku hori komunitate horretako herritarren eskubideetara zabaltzeko beharra ikusten da, gizarte-konpromisoaren aurrerapen gisa", azaldu zuen.
Gainera, gogorarazi zuenez, "Foru Komunitatean oraindik herritar estatusa lortu ez duten pertsonak bizi dira". Horregatik, bere iritziz, "herritartasun-gutuna eta, beraz, eskubide politikoak ez edukitzeak ez du esan nahi Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta horiek babesteko Espainiak berretsitako Europako eta nazioarteko gainerako tresnetan aitortutako eskubideak izan behar ez dituztenik, ezta gizarte-arloko beste eskubide batzuk ere". Testuinguru horretan azpimarratu zuen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak berak 30 eskubide aitortzen dituela Gizateria osoarentzat, "inolako diskriminaziorik gabe".
Gai horri buruzko xehetasun eta ezagutza handiagoa emateko Arartekoak hainbat dokumentu eman zizkion Parlamentuari, iaz egindako lanaren emaitza direnak, zehatzago esanda zazpi autonomien estatutuetan eta Espainiako Konstituzioan jasotako eskubideen azterketa konparatiboa.
Verak "eskubide digital" izenekoak ere aipatu zituen. Horri dagokionez gogorarazi zuen 2021ean Es-painiako Eskubide Digitalen Gutuna argitaratu zela, botere publikoen ekintzarako ibilbide-orri gisa sor-tua eta arlo horretako etorkizuneko lege-proiektuetarako gida izan nahi duena.
Nafarroako Arartekoak aipatutako beste gaietako bat euskararena izan zen eta bereziki partekatutako kultura-ondare gisa duen dimentsioa baloratu zuen. "Nafarroa da komunitate bakarra, gaztelaniatik bereizitako hizkuntza izanik, berezko hizkuntza gisa maila handiagoko arauan aitortzen ez duena", adierazi zuen. Egoera hori, bere ustez, "zuzendu egin beharko litzateke, etorkizuneko NFEBHLOn euskara Nafarroako berezko hizkuntza gisa aitortua izan dadin".
Ikur instituzionalei dagokienez Nafarroako ereserkia eta Nafarroaren Eguna (abenduaren 3a) sartzea ere iradoki zuen. "Nahikoa adierazgarriak dira, Foru Komunitatea argi eta garbi identifikatzen duten alderdi gisa finkatuta daude eta, aho batez ez bada ere, gehiengo oso zabal eta zeharkakoa erakar dezakete", gaineratu zuen.
Azkenik, Patxi Verak genero-hizkuntzari buruzko gai gehigarria aipatu zuen, eta Hobekuntzaren testua ezaugarri horrekin eguneratu beharko litzatekeela esan zuen. Aipatu zuen emakumeak dagoeneko Nafarroako erakunde guztietako buru izan direla (Gobernuko eta Parlamentuko, Kontuen Ganberako eta Nafarroako Kontseiluko presidenteak eta Arartekoa, baita kontseilariak eta parlamentuko kideak ere). "Ez dakit zer gehiago beharko litzatekeen, NFEBHLO erreformatuz gero, eguneratze hori ezinbestean hizkuntza inklusiboarekin izan dadin", amaitu zuen.
Partekatu edukia