Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak hitzaldi bat eman du Kondestablearen Jauregian, honako izenburuarekin: “Gizarte Globalizatuaren Gatazkak eta Erronkak”.

2009 iraila 07

GIZARTE GLOBALIZATUAREN GATAZKAK ETA ERRONKAK

AGURRA ETA ESKER EMATEA:

Arratsalde on denoi.

Lehenbizi, zilegi bekit Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta nire lehenagoko etxeari, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, eskerrak ematea egin didaten gonbitearengatik eta niregan jarri duten konfiantzarengatik, gaur zuekin guztiokin egoteko eta gizarte globalizatuaren gatazkei eta erronkei buruz gogoeta egiteko.

Eskerrak eman behar dizkiot bai Jesús Ramón Loitegui Aldazi –hitzaldi-zikloko zuzendaria, NAPIko Prestakuntza Zerbitzuko zuzendari lankidea eta Nafarroako Psikologoen Elkargoko lehendakaria–, bai NUPeko ordezkari Pedro Charrori, hain gizatiar eta kultua denari, beren aurkezpen-hitz goxoengatik. Eta eskerrak zuei guztioi ere hemen egoteagatik.

Eta oroitzapen sentituena eta sakonena nire adiskide on Ignacio Bandrés zenarentzat, NAPIko zuzendari kudeatzailea izandakoa, orain dela gutxi hil dena eta gaur, gutxienez ere niretzat, sekula baino presenteago dagoena hura gabe NAPIk antolatu duen lehendabiziko ekitaldian, niri parte hartzea suertatu zaidan honetan. Eskerrik asko, Ignacio, nire nagusia, Administrazioaren alorreko nire maisua, eta, garrantzitsuena dena, nire adiskidea izan zinelako, zeinarekin, Serratek kantatzen duen bezala, urtetan bizipenak, umore ugari eta konfidentziak partekatu bainituen.

PLANTEAMENDUA. DEFINIZIOAREN ARAZOA.

Aztergai dugun gaian sartuko naiz jada. Gizarte globalizatuaren gatazkei eta erronkei buruz hitz egitea suertatu zait; hau da, globalizazioak ekarri dizkigun gauza onei eta txarrei buruz.

Nik, noski, ez daukat kristalezko bolarik etorkizuneko erronkak ikusi eta argitu ahal izateko. Baina aztarna batzuk egon badaude, etorkizun hurbilena nolakoa izanen den asmatzea bideratzen digutenak, orainaldian ikusten dugunetik edo egungo joeren proiekzioetatik abiatuta, betiere jarri beharreko prebentzio guztiekin, zeren eta nazioartean garrantzia duen egitate edo fenomeno orok aurreikuspen fidagarrienak ere hondora baititzake.

Gehitu beharreko beste arazo bat da zeinen zaila den “globalizazioa” zer den zehaztasunez definitzea.

ZENTZU HERTSIAN.

Zentzu hertsian, globalizazioa funtsean ekonomikoa den prozesu baten gisara ulertu da. Espainiako Errege Akademiak honela definitzen du termino hori bere hiztegian: “merkatuek eta enpresek zabaltzeko duten joera, nazioetako mugak gainditzen dituen mundu mailako dimentsioa erdiesteraino”.

“Globalizazioa”, kontzeptu hertsi horretan, nazioaz gaindiko honako kontzeptuekin lotzen da: ekonomia (egitura); merkatua; multinazionalak; eta kapitalaren, salgaien eta langileen mugimendua.

Horrenbestez, globalizazioaren fenomeno hori datza nazioetako ekonomiak gero eta gehiago integratzean mundu-merkatuko ekonomia bakar batean. Estatuen mugez gaindiko mundu-merkatu bat lortu nahi da. Bat-bateko asmo bat da hori, nazioarteko eta nazio mailako organismoen zuzendaritzatik kanpo sortua. Eta asmo horretan, estatuak eta haien nazioez gaindiko erakundeak prozesuaren atzeko aldean doaz, eta ez burualdean, nahiz eta batzuetan kontrakoa dirudien. Egiazko eragileak merkatuko kideak dira.

Honakoak dira zentzu hertsiko globalizazio horren garapena bultzatzen duten faktoreak: merkatu nazionalak irekitzea, enpresen eta multinazionalen arteko fusioak, enpresa publikoen deuseztatzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta nazioarteko arlo finantzarioaren arauz gabetzea, merkataritza askeko itunen bitartez merkataritza askearen alde egiten duena.

Bestalde, globalizazioaren balizko onurak, zentzu ekonomikoan, honakoak izanen lirateke: merkatuaren efizientzia handiagoa, botere monopolista gutxitu eta bere gaitasuna handitzen baitu; nazioarteko komunikazioa eta lankidetza hobetzea –horrek baliabideen aprobetxamendu hobea ekar dezake–; garapen zientifiko-teknikoaren sustapena, irabaziak lortzeko bidea bilakatu baita; merkatuaren maniobra-gaitasun handiagoa nazioetako ekonomien gorabeheren aurrean; lan merkatuaren, merkatu finantzarioaren eta ondasunen eta zerbitzuen merkatuaren sarrerako oztopoak kentzea.

Bestalde, globalizazioaren arriskuak –berriz diot ikuspuntu hertsiki ekonomikotik–, honakoak lirateke: enpresen eta multinazionalen arduragabekeria (Estatua merkatuaren menpean jartzen da); desoreka ekonomikoak, sozialak eta lurraldekoak areagotzea (desberdintasuna); giza garapenaren adierazleekiko arduragabekeriaz jokatzea (eten deitutakoak) eta pobrezia areagotzea; etekina kalitatearen gainetik bilatzea; lehiari ongi egokitzen ez zaizkion faktoreak galtzea (giza baliabideak barne direla).

Minutu batzuez “marxista” izanen naiz. Ez marxista Groucho Marxengatik, baizik eta Karl Marxengatik (1818-1883). Treverisen edo Trierren (Alemania) izan nintzen behin, Karl Marx jaio zen etxea ikusten, Bruckenstrasse kalean, Azokako Plazatik (kasualitatea da gero!) eta kale zentraletik (Simeon kalea) oso hurbil; azken horrek Porta Nigrarekin lotzen da, non edozein hiri modernotako erdigunean topatzen ditugun saltokiak, dendak eta produktuak baitaude: McDonalds, H y M, Mango, Zara eta abar… Marxek berriz burua altxatuko balu, zur eta lur geratuko litzateke eta Manifestu Komunista eta Kapitala erreko lituzke (ikusi izan balu XX. mendean zer sortu zuen, bada segur aski gauza bera eginen zuen: Stalin, Mao, Pol Pot…). Noski, Marxen garaiak beste garai batzuk ziren, gaurkoez bestelakoak.

GLOBALIZAZIOA ZENTZU ZABALEAN.

Zentzu zabal eta are arruntean ere, globalizazioak dimentsio ekonomikoa gainditzen du eta askotariko dimentsioetara iristen da. Horiexek aztertuko ditut xeheago orain:

  1. DIMENTSIO KULTURALA (informazioaren teknologia berriak, telebista –esate baterako, mundu arabiarrekoa–, zinema –iparramerikarra eta europarra–, planetako puntu batetik bestera sekulako abiaduran bidaiatzeko aukera, nazioarteko turismoa, ingelesaren edo gainerako atzerriko hizkuntzen ezagutza...);
    • Teknologia berrien barruan (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak), lehendabiziko arazoa topatuko dugu. Eten digitala edo analfabetismo elektronikoa deitutakoa da. Batez ere, adineko pertsonengan, etorkinengan, ezgaituengan du eragina, baina baita gazteengan ere. Ikuspuntu demografikotik, ez dago desberdintasun nabarmenik informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako sarbideari dagokionez hiri inguruneetako gazteen eta landa inguruneetako gazteen artean, eta sexuaren arrazoiengatik ere ez dago desberdintasunik; baina bai atzeman daitezke desberdintasunak haurrak bizi diren etxearen errentaren arabera. Espainian, autonomia erkidegoen arabera, desberdintasun nabarmenak daude informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako sarbideari dagokionez. Katalunia, Errioxa eta Aragoiko gazteak dira Internet gehien erabiltzen dutenak; Extremadura, Euskadi eta Asturiaskoak dira, berriz, sakelako telefonoa gehien erabiltzen dutenak. Bai sakelako telefonoaren, bai Interneten erabileran, Murtzia, Galizia eta Ceuta dira maila baxuenak dituztenak. Gainera, Espainiako haurrak dira Europan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gutxien erabiltzen dituztenak.
    • Horrenbestez, herritar guztiek ez dituzte Internet, ordenagailuak, posta elektronikoa, blogak, banda zabalera konektaturiko sakelako telefonoak (16 milioi Espainian) eta abar. Ehunekoa ez da berdina herrialde eta erregio guztietan. Espainiak Europako herrialdeetan 16. tokia betetzen du herritarrek Internet erabiltzeari dagokionean. Lehendabizikoak Norvegia, Finlandia, Suedia, Danimarka eta Holanda dira. 2009ko datuen arabera, Espainian etxeen % 45 dago Internetera konektatua; 10 langile baino gehiagoko enpresen % 97 daude konektatuta (Europako lehendabiziko tokian, Frantziarekin eta Maltarekin batera), eta 10 langile baino gutxiagoko enpresen % 53 daude konektatuta (10 puntu batez bestekoaren azpitik). Gainerakoak ez daude mundu teknologiko berriari konektaturik.
    • Nafarroak, Madril, Katalunia eta Euskadirekin batera, laugarren tokia betetzen du Interneten erabileran garapen gehien lortu duen Espainiako erregioetan. Garapen gutxien lortu duten erregioak, berriz, Murtzia, Galizia, Valentziako Erkidegoa eta Gaztela eta Leon dira. Nafarroan, etxeen % 60 Internetera konektatzen da eta ehunekoa handiagoa da 16 urtez beherako pertsonak daudenean (% 70 baino gehiago). Gazteak Interneteko etorkizuna dira, eta adinekoak, berriz, ez dute ezagutzen.
    • Administrazio elektronikoa. Ebaluatutako 26 zerbitzu publikotan on-line garapen-maila handiena lortu duen autonomia erkidegoa Asturias da. Bederatzi puntu ateratzen dizkie bigarren postuan dauden Andaluziari eta Nafarroari. Asturiasek 23 zerbitzu dauzka 4. etapan (horrek esan nahi du, kudeaketaren % 100 on-line egin daitekeela); Andaluziak eta Nafarroak, berriz, 20 zerbitzu eskaintzen dituzte. Ondotik, Madril, Euskadi eta Galizia datoz.
    • Ingelesaren ezagutza. Espainiarren % 23k baizik ez du esaten ongi edo oso ongi hitz egiten duela (gehiegitxo iruditzen zait). Etorkizunaren hizkuntza da, latin berria. Haren ondoan, gaztelania (Europar Batasuneko lehenengo hizkuntza 2050?) eta mandarin-txinera ageri dira.
  2. LANAREN ARLOKO DIMENTSIOA, non ezagupen tekniko asko eta asko eta prestakuntza zientifiko hobea eskatzen baitira: langileari aldez aurretiko aldeko jarrera bat eskatzen zaio mugikortasun fisikorako (ez dakigu gure seme-alabek non bukatuko duten lan egiten eta bizitzen: Iruñetik hurbil ala Taiwanen) eta mugikortasun funtzionalerako; okerrago ordaintzen da (“mileuristak” agertzen dira, 40 urtez beherako klase ertainaren moduan); kontratazioa ez da finkoa; behin-behineko langileak, aldizkako lan kontratudunak, bekadunak agertzen dira lan-esku merke gisa; lanpostu txarrenak immigranteentzat uzten dira, bertakoek nahi ez dituztelako; krisi ekonomikoarekin langabeziak gora egiten du; enpresa txikiak itxi beharrean aurkitzen dira, finantziaziorik lortzen ez dutelako eta beren zorrak ezin dituztelako ordaindu; diru-sarrerek behera egitearekin, enpresa handiek beren inbertsioak gerarazi dituzte eta enplegu erregulazioko espedienteak hasi dituzte, eta abar.
  3. INGURUMENAREN DIMENTSIOA: klimaren aldaketa gizateriaren berehalako arazo handienetako bat da: poloen eta glaziarren desagertzea (Artikoaren desagertzea bilatu egiten da itsasoko merkatua errazteko eta itsas azpiko baliabide naturalak ustiatu ahal izateko, batez ere baliabide energetikoak); itsasoaren berotzea eta hainbestetan iragarritako maila-igoera (4 eta 9 metro bitartekoa); kostaldeetako uholdeak, urakanak (gehiago eta handiagoak) eta landa-lurren galera; milioika pertsonen mugiaraztea eta lurrarengatiko gatazkak; energiaren kontsumo geldiezina eta energia iturriei buruzko eztabaida (Nuklearra bai ala ez? Bideragarriak al dira energia berriztagarriak?); habitat naturalen suntsipena; era guztietako hondakinen metaketa...
  4. BIZTANLERIAREN DIMENTSIOA: planetako biztanleriaren handitzea eta elikagaien eta uraren banaketa (gaur egun, 7.000 milioi inguru gara, eta 2050ean, aurreikuspenen arabera 10.000 izatera iritsiko gara; elikagaien guztizko ahalmenaren muga, berriz, 12.000 milioitan finkatu da). Horri guztiari gehitu behar zaio biztanle gehienak arraza ugariko hirigune handitan metatzen direla, non hiriaren erdigune aberatsaren eta auzo pobreen (slum deitutakoak) arteko desberdintasunak areagotzen diren, landa-ingurunea abandonatzen den bitartean. Oskar ugari jasotako Slum millionaire film zoragarria edo Clint Eastwooden “El Gran Torino” ikustea besterik ez dago.
    Hegoaldetik Iparraldera doan migrazioa, hain masiboa, hain dramatikoa alde pertsonaletik (txalupak, Atlantikoaren itsas horma sakon eta zabala, Estatu Batuetako horma garaia, Ceuta eta Melillako hesi gero eta altuagoa...), askotan hain ankerra bere erantzunetan (herrialde batzuetan biztanleak kanporatzea, Italian errumaniarrak bezala, hain zuzen ere Europako Batzordeak salatu duena). Migrazioa aldaketa klimatikoarekin eta kostaldeetako hiriak desagertzearekin handituko da. Migrazioarekin batera, xenofobiaren eta arrazismoaren agerpena arrazen aniztasunari aurre eginez, Europako estatuetako hauteskunde-prozesuetan erakutsi den bezala (Frantzia, Holanda, Austria, Suitza, Belgikako alde flamenkoa; Alemaniako, Italiako eta abarretako alderdi neonaziak).
  5. POPULAZIOAREN ZAHARTZEA: Espainian, 3 pertsonatatik bat 65 urtez gorakoa izanen da 2050ean (gaur egun % 20tik hurbil dago) eta gaur jada gehiago dira 65 urtekoak, 16 urtekoak baino. Bizi perspektibak Nafarroan 85 urtekoak dira emakumezkoentzat eta 80 urtekoak gizonezkoentzat, Europako batez besteko ia guztien gainetik. Munduko urtetsuenak gara. Adineko pertsonen mundu bat sortzeko prestatu behar gara: osasun eta gizarte zerbitzuak aldatzea eta pertsona horientzat eta haien arazoentzat egokitzea; zaharrentzako egoitzen kopurua handitzea (batez ere, sistema publiko bat sortzea); eguneko zentroak; adineko pertsonekin bizi diren familiei laguntzea; hiriak eta herriak aldatzea; oztopoak kentzea; topaketarako espazioak ugaltzea; adinekoen kultura, aisia eta prestakuntza hobetzea. Pentsioen sistema publikoa bermatzea eta ez mehatxatzea murrizketekin.
  6. ZERBITZU PUBLIKOEN PRIBATIZAZIOA eta haiek interes orokorreko zerbitzu ekonomiko bihurtzea; hau da, lehiatzeko eta erosteko edo saltzeko edo multinazional handiak sortzeko gai diren enpresa pribatu handi bilakatzea. Telefonia, gasa, elektrizitatea, petrolioa eta abar. Multinazionalak iristen dira are estatuek berek baino botere erreal handiagoa izatera, eta haien jabegoa, askotan, ezkutuko gerra politiko bilakatzen da.
  7. ERRESISTENTZIA ISLAMIARRA, bere ohituretan eta gizonaren eta emakumearen arteko desberdintasunean errotua (emakumearen berdintasunaren alde egin beharreko iraultza Gadafik berak ere eman izan du aditzera), muturretan mendebaldeko demokrazia kapitalistaren aurkako jokabide erradikal eta bortxazkoekin, zeina atentatuetan gauzaturiko terrorismo gisa agertzen ez denean, Afrika eta Asiako lurralde zabaletan garaturiko guda irekia izatera iritsi baita.
    Horrek berarekin dakar mendebaldeko estatu batzuek edo guztiek beren mugen barrenean segurtasun neurriak ezartzea; muga horiek, askotan, zuzenbideko estatu bateko oinarrizko eskubideak ere murrizten dituztenak; esate baterako, polizia etxeetan atxiloturik egoteko gehieneko epea, atxilotu eta ondorengo inkomunikazioa, espetxeko isolamendua, tratu txar fisiko edo psikologikoak, bidaiarien mugatzea eta kontrolatzea (ur botilatxoa); munduari bira ematen dioten torturen eta tratu txarren gaineko irudiak, zeinek islatzen baitute mendebaldekoak direla barbaroak, mendebaldeko balioei autoritatea kenduz.
    Erresistentzia islamiarraz hitz egiten dut, Amazoniako edo Afrikako erresistentziaz ez hitz egiteagatik, hori ez baita ez erresistentzia, ez ezer: kulturen eta haien hizkuntzaren eta tradizioen suntsitze fisiko hutsa da.
    Era berean terrorismo etnikoa ere badago, edo ez da desagertzen, eta orain globalizazioarekin partzialki lotua dago, eta globalizazioak, gainera, arnasa ematen dio, hura desagertzera bultzatu ordez, zeren eta terrorismo nazionalista hori, gizarteko sektore batzuentzat, zerbait erromantiko eta bukoliko bezala aurkezten baita, hain zuzen ere kultura berekia galtzearen aurkako zerbait balitz bezala (ETA AHTaren aurka).
  8. BLOKE GEOESTRATEGIKOEN dimentsioa. Mundua bitan banatuta dago: mundu mailak potentzia handi bat eta erregioetako potentzia handiak. XX. mendearen bigarren erdian, mundua bi bloke handitan banaturik bizi izan da: mendebaldekoa (demokrazia eta giza eskubideak defendatzen dituena) eta ekialdekoa (komunismoa eta proletarioen diktadura defendatzen zuena). Mendebaldekoak, aldi berean, planetan zehar diktadura batzuk mantentzen edo laguntzen zituen (Nikaragua, Txile, Argentina, Paraguai, Uruguai, Jakarta...) eta erregimen feudalak ere bai (Saudi Arabia, Kuwait) edo antzekoak (Pertsia), sozialismoak aurrera egin ez zezan. Bi bloke aurrez aurre gerra hotz deitutako batean, une eta toki jakin batzuetan ongi bero eta odoltsua izanen zen gatazka batean: Korea, Vietnam, Egipto (Suezko Ubidea), Israel, Angola...
    Berlingo harresiaren erortzeak, Sobiet Batasunaren eta haren estatu satelite guztien gainbehera etortzeak (pentsaezina zena), Alemaniaren batasunak... hori guztia aldatu zuten. Hortxe jaio zen benetan globalizazioa; gero, Golkoko I. gerrarekin indartu zen, eta, berez, Dorre Bikien erortzearekin eta ondoren etorri zenarekin gauzatu zen. Mundu bipolar batetik (Washington - Mosku) beste mundu batera pasa ginen. Baina, zer mundu? Polo bakarrekoa (Estatu Batuak) ala polo anitzekoa (Estatu Batuak, Txina, Europar Batasuna, Errusia, India, Iran...)? Benetan, mapa ez dago itxita. Horien guztien artean, oilarraren papera bete dute planetako edo erregio mailako korralean, eta haiei oilar txikiagoen kolonia bat gehitu zaie (G-20a munduko globalizazioaren gobernu berria al da?). Eta horretaz gainera, Israelen eta Palestinaren arteko arazoa dago, munduko ikuspegia desorekatzen duena eta epe ertainean konponbiderik ez duena.
  9. DIMENTSIO POLITIKOAN, globalizazioaren eta nazionalismoaren arteko harremanari buruzko zalantza ageri da. Nazionalismoak aurrera ala atzera egiten du globalizazioarekin? Holandak Europako Konstituzioari ezezkoa esateak globalizazioan aurrera egitea esan nahi du edo gaitzespenaren efektua da? Txekiako Errepublikak edo, neurri txikiagoan, Irlandak –Erresuma Batua ez aipatzearren– Lisboako Itunarekiko erakutsitako errezeloak “globalizazioaren aurkako” nazionalismo bat ezkutatzen ote dute? Latinoamerikako populismoak ez al dira ahalmen txikiagoa dutenek globalizazioari emandako ezezko botoa? Europako eskuin muturreko alderdiek gora egitea, ez al da globalizazioaren aurkakotasuna eta nazionalismo etnikoaren nostalgia edo nazionalismo sozioekonomiko berri baten aldeko apustua? Herri guztiek desio ote dute beren ezaugarriak utzi eredu uniforme edo homologagarri baten alde egiteko?
  10. OSASUNAREN DIMENTSIOA, zeinak hainbesteko alarma sorrarazten duen: A gripea ez denean, beste gaixotasunen bat, behi eroak, hegaztien gripea, sukar aftosoa..., elikagaien krisialdia. Ikara batean bizi gara: haurdun dauden emakumeak eta aita-amak beren seme-alabengatik, adineko pertsonak, gazteak eta abar. Eta ezkutatzen da zenbat heriotza izaten diren alkoholarengatik, tabakoarengatik, elikatzeko ohitura eta ohitura fisiko txarrengatik, auto-istripuengatik, laneko nahiz etxeko istripuengatik. Gerrak ez aipatzearren: 5 milioi hildako Kongon (II. mundu-gerratik hildako gehien eragin dituen gerra); edo okerragoa dena, goseteak: 1.100 milioi pertsonak nozitzen dute eta elikatu gabe daude mundu osoan (Afrikan batez ere), eta inork ez du horri buruz hitz egiten: hain urrun daude!
    Ekonomikoki aurreratuen dauden mendebaldeko herrialdeetan, osasuna da herritarren lehenengo kezka: osasuna lehen mailako gai bilakatzen da (bai Iparramerikan, non Obamak populartasun gutxieneko unean dago bultzatu nahi duen osasun-erreformarengatik –Espainiakoaren antzekoa dena, bidenabar esanda–; bai Europan, non osasunaren arloko gastua lehenengoetako bat den, lehenengoa ez bada, gastu publikoetan, eta hainbeste urtez behin, hura murriztea proposatzen da).
    Eta gaixotasun horien artean, honakoak ere agertzen dira, epidemia moderno bat bailiran: estresa; antsietatea; larritasuna; depresioa; presarengatiko, korrika egiteagatiko, gauza guztietan perfekzionismoa bilatzeagatiko asealdia; bakartasuna; urruntzea eta abar. Hiri-mundu azeleratuak sorrarazitako gaixotasun psikiko berriak dira. Horien aurrean, slow mugimendua sortzen da orain (eta hartan apuntatu naiz ni): goazen mantsoago, ez nazazu larritu eta ez zaitez larritu, egunean bizi eta ez ezazu korrika egin...
  11. DIMENTSIO SOZIALA, non sozialki zaurgarrienak direnak, bai arrazoi ekonomikoengatik (soldata txikiak edo langabezia), bai arrazoi fisikoengatik (ezgaituak), bai adinarengatik (erretirodunak) edo adimen gaixotasunarengatik (haietatik asko abandonaturik, kalean alderrai daudenak), sektore publikoko prestazio sozial, ekonomiko eta sanitarioak topatzen baitituzte. Prestazio horiek aitortzea asko kostata lortu da orain dela gutxi, eta hala ere ukatu, mehatxatu edo murriztu egiten dira krisialdi ekonomikoa datorren bakoitzean. Krisialdi horretan, egiturazko erreformez hitz egiten da (zein erreforma?), gastu publikoaren austeritateaz (zertan?), zuzeneko zergak gutxitzeaz eta zeharkako zergak igotzeaz (berriz ere, ahulenek ordaintzen dute krisia), burokrazia gutxitzeaz (hori ongi dago benetan burokrazia gutxitu eta Administrazioa arina izatea nahi bada) eta abarrez.
  12. Horrela, berriz hitz egiten da ESTATU SOZIALARI INDARRA KENTZEAZ, hain zuzen ere estatu sozial hori izaki borroka eta ahalegin handiak urte askotan egin ondoren estatu batzuek –funtsean, europarrek– hartu duten antolamendu politikoaren modua, miseriaren aurka, kultura faltaren aurka, babesgabetasunaren aurka eta herritar guztien arteko aukera berdintasunaren alde borrokatzeko.
    Eztabaida hori krisialdi ekonomikoarekin areagotzen da. 1973ko krisiarekin gertatu zen; laurogeiko hamarkadan erreforma sakona egin zen (pentsioek behera egin zuten); berriz planteatu zen laurogeita hamarreko hamarkadan (horren ondorioz zerbitzu publikoak pribatizatu ziren) eta berriz planteatzen da orain, oraingoan pentsioekin, zergekin, gizarte eta osasun zerbitzuekin, hezkuntza zerbitzuekin eta beste batzuekin; eta Estatua utzi nahi da ahal duen neurrian segurtasun publikoaz arduratzen den poliziaren gisara (eta ahal ez duenean, dirudunek zinpeko zaindariak, jagoleak eta abar kontrata ditzatela).
    Bitxia eta kontraesankorra da, Estatu sozialaren forma hori gutxien babesten dutenek eta haren merkatu nazionalean eta nazioarteko merkatuan gehiegizko esku-hartzea kritikatzen dutenek, harengana laguntza eske jotzea, zalantzarik gabe, ekonomiak itxura txarra duenean eta bizitzen ari garen krisi finantzarioa bezalako krisialdiak iristen direnean. Orduan, Estatua eta zordunaren dirua beharrezkoak dira bankuek porrot egin ez dezaten (Fortisek aurten egin behar zuen porrot, baina Belgikako Estatuak lagundu zion; lortu zuen diruaren zati bat zuzendaritza kargudunentzako goi mailako jai batean gastatu zuen, eta jada 800 milioi euroko etekinak dauzka, hilabete gutxi batzuetan). Edo bankuek eta kutxek Estatuaren dirua maileguan hartzea % 1 ordainduta eta Altxorraren letretan jartzea ehuneko 2 eta gehiagoko interesean, baldintza onean hartutako mailegu hori premia handiena dutenei helarazi beharrean.

AMAIERAKOAK.

Honekin bukatuko dut. Globalizazioa fenomeno konplexua da, bizitzeko suertatu zaigun mundu berri bat da, izugarrizko abiadan aldatzen den mundua, benetako iraultza bat: mundu hori ez da ez urte gehiago dituztenena, ez gazteenena, ez klase ertainarena, ez estatuena, ez eta enpresena edo beste inorena ere...

Mundu anitza da, zibilizatua, urbanoa, non arrazek eta kulturek hiriak partekatzen dituzten: anglosaxoia, mediterraneoa, arabiar-musulmana, ekialdekoa, latinoamerikarra, hindua, afrikarra, errusiarra...; eta arraza, kultura eta tradizio horiek desio dena baino gehiagotan egiten dute talka (horregatik, “zibilizazioen aliantza” bat bilatzeaz hitz egiten da, bakean –eta ez gudan– elkarrekin bizitzeko. “Zibilizazioen aliantza” delako adierazpide hori inork ez du erabiltzen, ez dakit zergatik utzi nahi den barregarri, ez baita Zapateroren ateraldi bat: librepentsalari askok defendatu izan dute lehenagotik ere), eta, gainera, mundu horretan ingurumena mehatxaturik dago.

Mundu globalizatua taifez betetako inperio handi bat da, non ez baitago guztia menperatzen duen enperadore bat, baina enperadore batek gauza guztiengan du eragina, edo hala ematen du; irakite betean dagoen baina solidotzen ez den magma bat da, eta sekula solidotzera iristen bada, gaurkoz ez dakigu nolakoa izanen den eta nolako eragina izanen duen gugan.

Agian, deskubritu dugun bakarra da mundu berria dinamikoa dela, azeleratua eta etenduna, nahiz eta historian zehar, mendez mende, atzera begiratzen badugu, mundua egonkorragoa zen, edo aldaketak hamarkadetan eta are mendetan zehar gertatzen ziren. Eta ziurgabetasunez betetako mundu bat da. Gure gatazka garrantzitsuena da ziurgabetasun horrekin, beldur horiekin bizi behar dugula, eta gu gainditzen gaituen abiadura batean (“abiadura handiaren” mundua esaten zaio), eta gure erronka da horrela bizitzen ikastea, modua daukatenek prestaturik egotea, eta guztiok egokitzea malgutasunez, nolabaiteko eszeptizismoaz eta humanismo, lasaitasun eta umore ugariz nazioarteko munduaren eta kulturaren inguruabar berrietara (gogo-aldartean ez gaitzatela gainditu). Eta, mundu eta kultura hori, beste guztiak bezala, goizago edo beranduago, desagertu eginen da, eta beste bat etorriko da.

Globalizazio-mundu berriak irauten duen bitartean, ordea, gure erronkak betikoak izanen dira: pertsonengan eta giza balio eta eskubideetan konfiantza izatea, eta, halaber, pertsona guztiek haiek errespetatuko dituzten konfiantza izatea; askatasunaren, tolerantziaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko apustu egitea, zibilizazioaren printzipio handiak diren aldetik; bizikidetasun baketsu eta patxadatsua praktikatzea dauden kulturen artean; eta ahulari solidarioki laguntzea (komandanteak gerrako film iparramerikarretan esan ohi duen bezala: “Guk sekula ere ez dugu gureetako bakarra atzean uzten”). Lider egokiekin, zientziarekin, hezkuntzarekin lan egiteko borondate irmoarekin, guztion artean ez bada gehienon artean, gaur egun dagoena hobetzeko parada edukiko dugu, eta bakean giza aurpegia eta izpiritua –eta ez soilik merkataritzarena– dituen globalizazio bat eraikitzeko parada ere bai, hain zuzen ere gure eta gure seme-alaben etxe goxoa izanen dena.

AGURRA.

Eskerrik asko zuen arretarengatik eta, batez ere, zuen pazientziarengatik. Zuen esku jartzen naiz honi buruz edo zuek egokitzat jotzen duzuenari buruz hitz egiteko. Eskerrik asko bihotzetik.

Francisco Javier Enériz Olaechea,

Nafarroako Arartekoa.

Partekatu edukia