Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak hipoteka utzarazpenak bertan behera uzteko lege dekretua aldatzeko proposamena egin du. Izan ere, egiaztatu du ez dela batere eraginkorra.

2013 otsaila 22

Nafarroako Arartekoak hipoteka-zordunak euren ohiko etxebizitzatik kaleratzeko aukera bi urtetan zehar bertan behera utzi zuen azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretua aldatzeko proposamena egin du; bere ustez, idazketa kontuan hartuta, ez baita eraginkorra eta oso gutxitan aplikatu baita.

Horretarako, Herriaren Defendatzailearengana jo du eta eskatu dio aztertu dezala eta, hala badagokio, sustatu dezala testuaren aldaketa.

Javier Enérizek Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko hipoteka-bitartekotza zerbitzuari informazioa eskatu zion hipoteka-utzarazpenen inguruan, zerbitzu horrek horietako batzuetan esku hartu baitu.

Nafarroako Gobernuko bitartekotza zerbitzuak jakinarazi zion zerbitzua funtzionatzen hasi zenetik (urrian) urtarrilaren 25era arte 259 eskaera jaso zituela. Aztertu ostean, 64 izapidetu ziren. Horietatik, 46 modu positiboan amaitu ziren, hau da, etxebizitzaren titularraren eta banku erakundearen arteko adostasunarekin (18 ordainean emanez, 15 berregituratze zorraren berritzearekin eta gabealdiekin, barkatze bat eta, gainontzekoak, luzamenduak). Aitzitik, 18 adostasunik gabe amaitu ziren.

Emandako informazioari esker egiaztatu ahal izan da eskaera guztien artean, bik besterik ezin izan dutela utzarazteak bertan behera uzteko lege-dekretua baliatu, baldintzak betetzen baitzituzten.

Iruñeko Udalaren kasuan, irailetik urtarrilaren 23ra arte 85 eskaera jaso ziren. Horietatik, 21 amaitu dira (12 erakundearen eta etxebizitzaren arteko adostasunarekin eta 9 adostasunik gabe).

Datu horiek aztertu ostean eta errege lege-dekretuaren gaineko hausnarketa egin eta gero, Nafarroako Arartekoak ondorioztatu du eragindakoek bertan xedatutako bi urteko luzamendua baliatu dezaten bete behar dituzten baldintzak murriztaileegiak direla eta ez dietela konponbiderik ematen hipoteka-zorrari aurre egin behar dioten eta une horretan ordaintzeko ezintasunagatik haien etxebizitza arriskuan ikusten duten familia gehienei.

Horregatik, Nafarroako Arartekoa Espainiako Herriaren Defendatzailearengana jo du eta lege-dekretua aldatzeko aukera azter dezala eskatu dio, bai eta, hala badagokio, aldaketa hori proposatu dezala ere. Horretarako, honako proposamen zehatz hauek helarazi dizkio:

  • Seme-alaba adingabe bat edo gehiago daukaten familia guztiek lege-dekretu hori baliatzeko aukera eduki dezaten. Enérizek kritikatu du egungo idazketak hauxe ahalbidetzen duela: hiru urte baino gehiagoko eta 18 urte baino gutxiagoko seme-alaba duen familia bat kaleratzea eta hori Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren aurkakoa da (bertan, 18 urte baino gutxiagoko pertsona oro umetzat jotzen da), baita konstituzioaren kontrakoa ere, haurrak juridikoki babesten baititu.
  • Familia unitatearen diru-sarreren muga hauxe izan dadila: Ondorio Askotariko Errentaren Adierazle Publikoa bider bost. Gaur egungoa (bider hiru) oso baxua baita. Une honetan OAEAP hilean 532 eurokoa da eta erdi-mailako klaseko familia askok lana galdu dute edo krisi ekonomikoaren ondorioz diru-sarrera gutxiago daukate.
  • Lege-dekretuak eskatzen dituen inguruabar ekonomikoak eta familia zaurkortasun egoera berezian egotea nahikoa izatea kaleratzeak bertan behera uzten dituen dekretua baliatu ahal izateko. Egungo idazketak, utzaraztea bertan behera utzi ahal izateko zera eskatzen du: zaurkortasun egoera berezi jakin batean dagoen familia izatea eta, gainera, egoera ekonomiko txarrean egotea. Proposatu dena da inguruabar horietako bakoitza, bere horretan, lege-dekretu hori baliatzeko nahikoa izatea.

Modu horretan, lege-dekretua honako egoera hauetako batean dagoen edozein familiari aplikatu ahalko zaio: diru-sarrera baxuak edukitzea, lau urtetan aldaketa ekonomikoak pairatu izana (funtsean, lana galdu izana), hipoteka-kuota jasotzen dituen diru-sarrera garbien ehuneko 50 baino handiagoa izatea edo haurrak dituen familia, ezintasunen bat duen pertsona, langabetua, gaixo larria edo genero indarkeriaren biktima izatea. Javier Enérizen ustez “Orduan lege-dekretuak eraginkortasun erreala eta soziala edukiko luke”.

Hortaz, proposamen horien bidez, lege-dekretuaren hasierako xedea berreskuratuko litzateke, hau da, titularraren ohiko etxebizitza eta eskuragarri duen etxebizitza bakarraren hipoteka-betearazpena bi urtetan zehar bertan behera uztea, konstituzioaren arabera, etxebizitza edukitzeko eskubidea baitauka. Horrela, egungo idazketa murriztailea gaindituko litzateke.

Partekatu edukia