Partekatu edukia
Iruña, 2008ko maiatzaren 19a
Yolanda Barcina Angulo andrea
Iruñeko alkatea
Iruñeko Udala
Udaletxeko plaza, z/g
31001 Iruña
Nafarroa
Andre txit gorena:
Joan den maiatzaren 16an Iruñeko Udalbatzak Nafarroa Bai taldearen mozio bat eztabaidatu zuela jakin dut komunikabideen bidez. Hain zuzen ere, Hiritarren Defendatzailea sortzeko mozioa zen eztabaidatutakoa.
Irakurri dudanaren arabera, udal organo bat sortuko litzateke, hiritarrek administrazioaren aurrean dituzten eskubideak bermatzeko asmoz, eta alderdikeriarik eza, independentzia eta osotasun irizpideak izango lituzke.
Eta albiste horien beren arabera, Udalbatzak ez zuen proposamena onartu. Baina, hala ere, azterketa sakonagoa egiteko eta, antolatzeko eta abian jartzeko aurrekontua nahikoa egonez gero, figura hori sortzeko atea irekia utzi zuen.
Irakurri dudanaren arabera, azken batean, administrazio organo bat sortu nahi da, Iruñeko Udalaren egituraren barnean egongo dena, autonomia eta objektibotasuna duena, herritarren eskubide subjektiboak bermatzeko Nafarroako Arartekoak dituen funtzioen oso antzekoak izango dituena.
Jakina, zuzentzen dudan erakunde honi ez dagokio udal batek, bere burua antolatzeko legezko ahalmenari jarraituta, administrazio organoak sortzeko duen aukera balioestea. Izan ere, 7/1985 Legearen, apirilaren 2koaren, 4.1 artikuluan berariaz bilduta dago hori (Tokiko Araudiaren oinarriak arautzen ditu) eta Espainiako Konstituzioaren 140. artikuluak ezartzen duen udal autonomiaren printzipioaren ageriko adierazpena da.
Are gutxiago dagokit kritikarik egitea edo txartzat jotzea administrazio publiko batek herritarren eskubideak babesteko neurriak hartzea. Alderantziz, baizik. Ontzat jotzen dut eskubide horiek duten benetako babes maila funtsean hobetzen duten neurriak hartzea.
Dena den, bai dagokidala Nafarroako Parlamentuak sortutako erakunde honen osotasuna zaintzea (ni neu ordezkari naizen erakundea), legezko izaera eta hedadura duten funtzioak hobeki betetzea zaintzea, eta bai Administrazioaren zerbitzuen hobekuntza eraginkorra lortzea zaintzea ere, administrazioaren jarduera beharrezkoa duen objektibotasunaz hornitzeko eta, batik bat, administratuen eskubideen bermean, eraginkortasunaz hornitzeko. Hain zuzen ere, hori bera ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren 4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, 16. artikuluak.
Hain zuzen ere, horregatik iruditu zait egokia berorren gorentasunarengana jotzea, ontzat hartzen badu, honako hau eskatzeko: Hiritarren Defendatzailea sortzearekin ados ez nagoela jakinaraztea Udalbatzari. Jakina, Iruñeko Udalari, udalbatza osatzen duten zinegotziei eta osatzen duten udal alderdiei zor diedan begirunerik handiena kontuan hartuta eskatzen diot.
Zenbait arrazoi objektibo ditut figura hori sortzearen aurka egoteko.
Lehenbizikoa postulatu gisa proposatzen den izendapena bera: Hiritarren Defendatzailea. Zalantzarik gabe, nahasmena sortuko die herritarrei, lehenago existitzen baitira arartekoa, Gorte Nagusiek izendatutako arartekoa... Eta hori ez da ona, ez herritarrentzat, ezta aipatutako erakundeentzat ere.
Bigarrena udal administrazio organo hori sortzeko premiarik ez izatea. Izan ere, teorian, foru lege batek Nafarroako Arartekoari eta lege organiko batek Gorte Nagusietako arartekoari emandako funtzioen ia-ia berdinak izango baititu (udal arautegi batek emango dizkio). Kasu honetan, Iruñeko Udalaren aurrean herritarrek dituzten eskubide publikoak babestearen arloari beste figura bat gehitu nahi zaio, eta egun ezin hobeto beteta eta bermatuta dago arlo hori, Nafarroako Arartekoa eta Gorte Nagusietako Arartekoa egonda.
Premiarik ez egote hori handitu egiten da Nafarroako Arartekoari eta Gorte Nagusietako Arartekoari Iruñeko Udalarekin edo horren mendeko direnekin lotuta herritarrek aurkeztu dizkieten kexen kopuru txiki samarra aintzat hartuta: 35 kexa igorri zizkioten Nafarroako Arartekoari 2007an (erakunde honetan Nafarroa osoan kexa gehien aurkeztu ziren urtea). Kexa guztiak 447 izan zirela kontuan izanda, beste kopuru hori %7,83koa da.
Nire ustez, aurkeztutako kexen kopuruak ez du justifikatzen Nafarroako Arartekoaz gain, Estatuko Arartekoak ere badituen funtzio berberak izango dituen hirugarren organoa sortzea.
Kezkatzen nauen eta udal organo hori ez sortzeko aholkua ematera bultzatzen nauen hirugarren arrazoia kexak erabakitzean eta herritarren proposamenei erantzutean irizpide bikoiztasuna izateko arriskua da. Izan ere, Iruñean beste ararteko edo defendatzaile bat egoteak Nafarroakoak dituen irizpideetatik funtsean bereizten direnak ezartzera bultzatzen ahal du, eta, ondorioz, erakundeen eta eskubideak bermatzen dituzten organoen artean oso gomendagarriak ez diren edo batere ez diren kontraesanak sortu ahal dira.
Gerta litekeen irizpide bikoiztasun eta kontraesan hori konpontzeko ezin da erabili honako formula sinplista hau: Nafarroako arartekoak ez dezala Iruñeko Udalaren administrazio jarduera ikuskatu, gainbegiratutako administrazioak berak sortutako organoaren mesedetan, azken horren ezaugarri diren alderdikeriarik eza eta autonomia aditzera ematen badira ere. Hori balitz ere helburua, konponbide hori ez litzateke legezkoa. Izan ere, Nafarroako Arartekoak Nafarroako administrazio publiko guztiak gainbegiratzea du legezko funtzio [Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren 4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, 1.3b) artikulua]. Eta, honenbestez, inolaz ere, ordezkatzen dudan erakundeak ezin ditu bete gabe utzi bere betebeharrak zati batean antzeko funtzioak dituen administrazio organo bat existitzen delako, hain zuzen ere, ikuskatzearen helburu den administrazio batek sortutako administrazio organo bat.
Irizpide bikoiztasuna, beraz, figura hori sortzeko eta horren funtzionamendurako eragozpide garrantzitsua da.
Gogorarazi behar dut Nafarroako Arartekoaren kasuan Gorte Nagusietako Arartekoarekin eta parlamentuetako beste goi mandatari batzuekin koexistitzea erakunde horien arteko koordinazioak lagundu duela. Izan ere, koordinazio hori aurreikusten dute bai 36/1985 Legeak, azaroaren 6koak, -Arartekoaren eta autonomia erkidegoetan dauden antzeko figuren arteko harremanak arautzen ditu lege horrek- eta bai Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, ere. Koordinazio horrek praktikan jarraituki funtzionatzen du, normaltasunez, lege maila duen arauetan oinarrituta, eta hori ezin du udal arautegi batek ziurtatu.
Ados ez egoteko laugarren arrazoia gastu publikoa (botere publiko guztiena) eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera erabiltzeko betebeharra da (Konstituzioak agintzen duen betebeharra, hain zuzen). Eta eraginkortasun eta ekonomia irizpide horiek bultzatzen naute baiestera udal figura hori sortzeak beharrezkoa ez den gastu publikoa ekarriko duela eta dirua eralgitzeko modua izango dela. Eta, objektiboki hitz eginda, badirudi ez dela hori herritarrek eskatzen dutena. Izan ere, inbertsioaren gastu hobea ziurtatzean, ohiko gastuen aurrezki handiago batean eta gizarte gastuak hobeki eta modu orekatuago batean ematean jartzen dute arreta.
Horrelako figura bat sortzeak halabeharrez ekarriko du gastu publiko handiagoa giza baliabideetan, baliabide materialetan eta egoitzan. Eta ez da inolaz ere justifikatzen, Iruñeko eta Nafarroako gainerako tokietako herritarrentzat (berdintasunean) Nafarroako Arartekoa existitzen dela aintzat hartuta. Gainera, erakunde honen urteko azken txostenean ageri den moduan, herritarrek oso ontzat jotzen dute erakunde honen erabilgarritasuna.
Nire ustez kontuan hartu beharko litzateke Nafarroako Arartekoak eskubideak babesteko funtzioaren barnean hartzen dituela Nafarroako 600.000 herritarrak baino gehiago (erakundera jotzen duten atzerritarrez gain) eta horien artean daudela Iruñean bizi diren 190.000 biztanletik gorakoak. Eta ez du bakarrik egiten Nafarroako Gobernuarekin lotutako kexak edo ustezko eskubide urraketak erabakitzeko, baizik eta Nafarroako administrazio publiko guztiekin, eta bai Iruñeko Udalarekin lotutakoak erabakitzeko ere egiten du.
Administrazio antolakuntzaren arrazoizkotasunaren ikuspegitik, horrelako neurri bat, besteak beste, Iruñeko Udalak Iruñeko Kontu Auzitegia sortzea bezain desegokia eta tokiz kanpokoa litzateke; izan ere, Comptos Ganberak dituen funtzioen kidekoak izango bailituzke. Edo Iruñeko Kontsulta Kontseilua sortzea eta horrek Nafarroako Kontseiluaren funtzioen kidekoak izatea, edo Iruñeko Ikus Entzunezkoen Batzordea sortzea eta horrek Nafarroako Ikus Entzunezkoen Kontseiluaren funtzioen kidekoak izatea... eta gehiago izan daitezke parlamentu jatorria izanik foru organo eta erakundeetan egin daitezkeen bikoiztasunak.
Espainiako beste udalerri batzuetan izan duten esperientziak ere ez du aholkatzen organo hori sortzea. Bideratzen diren kexa gehienak gutxi dira eta zenbait organoren ordezkarien ustea da udal figura horiek sortzea ez dagoela boladan, gehienez ere, probintzia bat baino gehiago duten autonomia erkidegoetako hiri handietako hiriburuetan eta milioika biztanle dituztenetan egon daitekeela justifikatua sortzea (esate baterako, Andaluzian, Katalunian edo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ez Nafarroan eta Iruñean), eta, azkenean beren jarduna justifikatzeko bere funtzioek hasieran zituzten mugak gainditzen dituztela, eta horrek, jakina, beraiei ez dagozkien arloetan sartzeko arrisku larria dakar.
Hiritarren udal defendatzailea sortzea ez aholkatzeko bosgarren arrazoia da Nafarroako Arartekoak administrazio publikoen aurrean dituen autonomia eta alderdikeriarik eza ezaugarrien erakuskeria egiteko aukerarik ez izatea organo horrek. Organo hori administrazio organo bat da, udalarena, gainbegiratzen duen udalak berak sortua eta hautatua. Bestea, berriz, parlamentu erakundea da, Nafarroako Parlamentuak sortua eta hautatua. Nafarroako administrazio publikoetara jotzen du, eta ez da horietako bakar baten mendeko ere; beraz, independentzia eta objektibotasun maila guztizkoa da lehen unetik bertatik.
Legeek hala aginduta, Nafarroako Arartekoak dituen eskumenak eta ahalmenak ere ez lituzke izango udalaren administrazio organo horrek.
Bereziki, Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuan bultzatu ahal badu ere Nafarroako Foru Komunitateari dagokion gai sorta zabalean egiazko eskubide subjektibo publikoak sortzea edo eskubide horien edukia eta erabilera hobetzea, besterik gabe eskubide horiek legeek sortzen dituztelako eta edukiaz hornitzen dituztelako arrazoia kontuan hartuta, sortu nahi den udal organo horrek ezin du egin funtsezko lan horietako bakar bat ere, hertsiki administrazio izaera duen organo bat besterik ez baita. Azken batean, hasieratik bertatik funtzioetan mugak eta ahuleziak dituen figura moduan taxutzen da, harrotasunez ordezkatzen dudan erakundearekin alderatuta, baina nire funtzioak gauzatzeko lanean sartzeko arriskua izanda (herritarren nahasmenduagatik bada ere).
Seigarren eta azken arrazoia paradoxa eta zentzugabetasuna da; hain zuzen ere, udal organo horren administrazio izaera dela-eta, "herritarren eskubideak bermatzeko" bere funtzioak betetzean adieraziko lituzkeen erabakiak edo egintzak (aintzat hartzekoak, aintzat ez hartzekoak edo ez onartzekoak izan), era berean, herritarrak Nafarroako Arartekoari aurkezteko kexaren helburu eta horren ikerketaren helburu izan ahal izango lirateke. Paradoxa eta zentzugabetasun hori itxuraz antzekoak diren baina benetan desberdinak diren erakundeen bikoiztasunaren ondorio da.
Laburbilduz, Iruñeko Udaleko Hiritarren Defendatzailea sortzeak ez die ekartzen bermerik Iruñeko herritarren eskubideen babesari eta hobekuntzari. Nafarroako Parlamentuak propio Nafarroako administrazio publikoen jarduerak ikuskatzeko nafarren eskubideak babesteko eta hobetzeko sortua duen erakundeak dituen funtzioetan sartzeko eta horien distortsioa eragiteko arriskua garrantzitsua eta larria da. Ez da beharrezkoa Iruñeko Udalarekin lotuta egiten diren kexen kopurua kontuan hartuta. Eta gastu publikoan bikoiztasuna ekarriko dute, eta hori, nire iritziz, ez da ez eraginkorra, ez arrazoizkoa ez eta ekonomiaren eredu ere.
Aurreko guztia aintzat hartuta, eta idatzi honen hasieran azaldu diodan moduan, biziki eskertuko nioke gogoeta hauek helaraziko balizkie Iruñeko Udaleko zinegotziei eta udal alderdiei. Eta gogoetekin batera, azaldutako arrazoien ondorio gisa, Hiritarren Defendatzailearen figura ez sortzeko gomendioa.
Gutun honi egingo dion arreta eskertuta, aukera baliatu nahi dut berorren gorentasunari eta Iruñeko Udalari nire begirunerik gailenena adierazteko.
Nafarroako arartekoa
Francisco Javier Eneriz Olaechea
Partekatu edukia