Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Gorte Nagusietako herriaren defendatzaileari gas-sistemaren lege-dekretua aztertzeko eskatu dio, herritarrei kalte egiten baitie.

2014 urria 28

Nafarroako Arartekoak herriaren defendatzaileari eskatu dio azter dezala ea urriaren 3ko 13/2014 Errege Lege Dekretua (2014ko urriaren 4ko BOEn argitaratua) konstituzionala den eta ea bidezkoa den gas-sistemaren erabiltzaileen konstituzio-eskubideen alde egiteko aldatzea. Errege lege-dekretu horren bidez, gas-sistemari eta zentral nuklearren titulartasunari buruzko premiazko neurriak hartzen dira.

Nafarroako Arartekoak Kataluniako Síndic de Greugesen idazki bat jaso zuen errege lege-dekretu horri buruz. Bertan, adierazi zion arau horren arabera Mediterraneo itsasoan dagoen Castor izeneko lurpeko gas-biltegiaren emakidari uko egitearen kostuak gas-sarearen azken kontsumitzaile guztiengan eragina edukiko duela, haien hileko ordainagiriaren bitartez hurrengo hogeita hamar urteetan.

Javier Enérizen ustez, gas naturala lurpean biltzeko ustiapen-proiektu bat baimentzeko eta emateko, edo hibernatzeko eta iraungitzeko, eskumena daukan herri-administrazioak hartzen dituen erabakien ondorioak azkenean gas-sistema erabiltzen duten herritarrengan eragina edukiko dute; beraz, horiek bihurtuko dira erabakien kostuaren ordaintzaile.

Errealitate hori egia izango balitz, errege lege-dekretuak Konstituzioa urra lezake, funtsezko testuaren artikulu hauek hautsiko lituzkeelako:

  1. 106.2. artikulua: izan ere, horren arabera, zerbitzu publikoen titularrak dira horien funtzionamenduak partikularrei sortzen dizkien lesioen arduradunak eta, beraz, titular horiek bakarrik dira kalte-ordaina ordaintzeko arduradunak; hortaz, ezin dute eraginik izan lesioa eragin zuten erabakietan parte hartu ez duten hirugarrenengan.

    Gasa kontsumitzen duten herritarrak ez dira proiektuaren emakida-erabakien arduradunak, ezta horren etenduraren edo hutsalketaren arduradunak ere; ondorioz, ez dute beren ekonomietan (baliabide txikiagoak dituzten familien eta pertsonen kasuetan oso murriztuak baitira) erabaki horien kostuaren gastua jasan behar, erabakiotan parte edo esku hartu ez dute-eta.

  2. 31.3. artikulua: izan ere, laburbilduz, errege lege-dekretu baten bidez gas-sistemaren azken erabiltzaileak diren herritarrengan prestazio ekonomiko bat (munta eta ordainketa ziurrekoa, hilerokoa, fakturatua, etab.) ezartzen delako, Konstituzioaren 86.1. artikuluaren aurka, azken horrek lege-dekretua Konstituzioaren I. tituluan araututako eskubideetan eta eginbeharretan sartzea debekatzen baitu.

  3. Konstituzioaren 51.1. artikulua: izan ere, botere publikoei kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa bermatzeko eta haien interes ekonomiko legitimoak babesteko eginbeharra ezartzen die; kasu horretan ez litzateke hori egingo, zeren eta emakida baten iraungipenaren eta horren kalte-ordainaren kostua bidegabeki interes orokorreko zerbitzu baten erabiltzaileei helaraziko litzaieke-eta.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoari beharrezkoa iruditu zaio herriaren defendatzaileari egoera horren berri ematea eta Konstituzioarekin bat datorren azter dezala eskatzea.

Partekatu edukia