Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak gomendatzen du semaforoak programa daitezen halako moduan non oinezkoek kalea zeharkatzeko denbora nahikoa izanen baita mugikortasuna murriztua duten pertsonek kalea guztiz zeharkatu ahal izateko.
Joan den martxoan, Iruñeko Zabalguneko Auzo Elkarteak kexa idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Arartekoaren erakundean, oinezkoek Iruñeko kaleak zeharkatzeko duten denbora eskasa dela eta.
Elkarteak txosten bat aurkeztu zuen Iruñeko Udaleko Mugikortasunaren Alorrean. Haren bidez, Nafarroako Behereko etorbidea-Oliveto kontea-Armada etorbidea-Pio XII.a etorbidea ardatza aztertu eta honako ondorioa ateratze zen: aztertutako oinezkoen 30 pasabideetatik 20k ez dute betetzen oztopo fisikoak eta zentzumenekoei buruzko arauak, ezin baitira zeharkatu segundoko 0,7 metroko abiaduran.
Kexa aztertuta, Iruñeko Udalari eskatu zitzaion planteaturiko gaiari buruzko txostena emateko. Txosten horretan honakoa jaso zen: "Udalak irisgarritasuna dela-eta obra ugari egin ditu, ezgaitasunen bat duten pertsonak ez daitezen baztertuak izan eremu publikoetarako sarbideetan eta erabileran". Esate baterako, oinezkoen pasabideak egokitzea, espaloiak beheitituz, itsuentzako semaforo akustikoak jartzea edo atzerako kontua dutenak, besteak beste.
Oinezkoen pasabideetan behar den abiadurari dagokionez, udalak honakoa dio: "Bi dira oinezkoek galtzada zeharkatzeko behar duten denbora zenbatesteko aintzat hartu beharreko alderdiak. Bata martxaren abiadura bera da, eta bestea argi berdea agertzen denetik oinezkoek ibiltzen hasteko behar duten denbora".
Horri dagokionez, udalak adierazi du denboraren informazioa edo atzerako kontatzea duten semaforoak jartzearekin, desagertu egin dela edo nabarmen jaitsi dela oinezkoek erreakzionatzeko behar duten denbora.
Gainera -eransten du- aztertutako pasabide guzti-guztietan atzeman da mediana edo aterpea dagoela arrazoi fisikoengatik, gaixotasunarengatik edo adinarengatik mugikortasuna murriztua duten pertsonek, edo behin kalea zeharkatzeko aldia hasi eta ondoren pasatzen hasi diren pertsonek, aukera izan dezaten iraganaldia bi alditan edo denboratan egiteko. Horrekin, izan ere, pasatzeko behar den abiadura segundoko 0,7 metro baino askoz beherago dago.
Bestalde, igorritako txostenak adierazten du 2008an semaforoetako instalazioak mantentzeko kontratua aldatu zela, eta horrekin erregulatzaileak aldatu direla. Behin aldaketa egin ondoren, haiek hobetzeko zer aukera dauden aztertuko dugu.
Zabalguneko Auzo Elkarteak txostena aurkeztu zuenetik urte eta erdi baino gehiago iragan denean, Nafarroako Arartekoak iradokitzen du Iruñeko Udalak ez duela itxaron behar erregulatzaileak aldatzen bukatu arte semaforoetako instalazioetan egin litezkeen hobekuntzak aztertzeko; izan ere, gure ustez, ahal den bezain azkar behar diren lanak egin beharko ditu, zertarako eta oinezkoek pasabideetan behar adina denbora izan dezaten galtzada guztiz zeharkatzeko, ez soilik mugikortasuna murriztua duten pertsonen kasuan, baizik eta herritar guztien kasuan, askotan estu eta larri ibiltzen baitira oinezkoen pasabideetan, behar adina denbora ez edukitzeagatik.
Partekatu edukia