Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak "Gardentasunari eta gobernu ona"ri buruzko mahai-inguru batean parte hartu du Tuteran.

2015 urria 23

NAFARROAKO ARARTEKOAK TUTERAKO UDALAK TUTERAN 2015EKO URRIAREN 22AN ANTOLATU DUEN GARDENTASUNARI ETA GOBERNU ONARI BURUZKO MAHAI-INGURUAN IZANDAKO HITZALDIA

Hona hemen Nafarroako Arartekoak Tuterako Udalak Tuterako Dekano Jauregian urriaren 22an antolatu duen “Gardentasuna eta gobernu ona: politika berrietarako erronka” mahai-inguru publikoaren garapenean izandako hitzaldiaren testua.

Honako hauek izan ziren parte-hartzaileak:

  • Eneko Larrarte Huguet Tuterako alkatea.
  • Francisco Javier Enériz Olaechea Nafarroako Arartekoa.
  • Itziar Ayerdi Fernández de Barrena Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren Zerbitzuko zuzendaria.
  • Iñaki Montoya Nafarroako Gobernuko Agiritegi Judizialeko arduraduna.
  • Nacho Alamillo Domingo Astrea La Infopista Jurídica SLko zuzendaria.
  • Isabel Murillo García-Atance Logroñoko Udaleko artxibozaina.
  • Fermín Pérez-Nievas kazetaria (moderatzailea).

Arratsalde on,

jaun-andreok, Tuterako alkate jauna, Gobernu Irekiaren Zerbitzuko zuzendari andrea, Nafarroako Gobernuko Agiritegi Judizialeko arduradun jauna eta mahai-inguruko gainerako kideok!

Eskerrik asko Tuterako Udalari eta, bereziki, Beatriz Pérezi, mahai-inguru honetan parte hartzera gonbidatzeagatik.

Mahai-inguruaren titulua “Gardentasuna eta gobernu irekia: politika berrietarako erronka” da, eta herritarren gaur egungo bihotzeko eskaeretako batzuk eta horri buruz lege berriek ezartzen dituzten eskakizunak adierazten dizkigu, botere publikoek eskaera horietan sakondu behar dutela, herritarren iritziarekin lotu nahi badute.

Honako hauek izango lirateke bost eskaera garrantzitsuenak:

  1. Jarduera publikoaren gardentasuna, nagusiki informazio interesgarri nagusia webgunearen bidez jakinarazita.
  2. Herritar guztiek Administrazioaren esku dagoen informazio publikoa inolako interes pertsonalik edo zuzenekorik egiaztatu behar izan gabe eskuratzeko daukaten eskubidea.
  3. Parte-hartze publikoa, hainbat formularen eta metodoren bidezkoa.
  4. Administrazio ona eta administrazio jardunbide onak, herritarrek beren gaiak ondo kudeatzeko dauzkaten eskubideen aintzatespenarekin lotzen direnak:
    • Gaiak modu inpartzialean, zuzen eta arrazoizko epearen barnean tratatzeko eskubidea.
    • Modu txarrean eragiten dion banakako neurria hartu baino lehen entzuna izateko eskubidea.
    • Interesduna den aldetik, eragiten dion espedientea eskuratzeko eta dokumentuen kopiak eta ziurtagiriak eskuratzeko eskubideak.
    • Beren dokumentuak prozedura elektronikoen bidez bideratzeko eskubidea, Administrazio elektronikoari buruzko legediaren arabera.
    • Administrazioak bere erabakiak arrazoitzeko eskubidea.
    • Legez ezarritako epearen barnean Administrazioaren beren-beregiko ebazpena lortzeko eskubidea.
  5. Gobernuaren etika edo ustelkeriarik eza, gure arduradun publikoak interes orokorraren zerbitzura eta ez norberaren edo besteen interes partikularraren zerbitzura lan egitera behartzen dituena.

Informazioari, parte-hartzeari eta zintzotasunari buruzko eskaera orokor horiek guztiak ez dira berriak, baina bai horiek ez betetzeak eragindako eskandaluak eta horri buruz onetsi diren bi legeak.

Hona hemen bi lege horiek:

  1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzen zaio.

    Foru lege horren hirugarren xedapen gehigarriak Nafarroako Gobernua behartzen zuen Nafarroako Parlamentuan aurkeztera, 2013ko abenduaren 28a baino lehen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzeko foru legearen proiektua, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legean gardentasunari, herritarren parte-hartzeari eta laguntzari eta herritarrek informazio publikoa eskuratzeko daukaten eskubideari buruz ezarri dituen printzipioak eta aurreikuspenak Nafarroako toki erakundeen jardueraren barnean sartzeko asmoz, bidezko zehaztapenekin. Baina 2013ko abenduaren 28a igaro zen, baita 2014ko abenduaren 28a ere, eta laster 2015eko abenduaren 28a helduko da eta oraindik ere ez da ikusi foru legearen proiektu hori.

  2. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko Estatuko 19/2013 Legea Nafarroako toki erakundeei aplikatuko zaie 2015eko abenduaren 10etik aurrera, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea eta estatuko legea garatzen dituen foru legea onetsi arte.

Estatuko lege horren arabera, Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten erakunde guztiek neurriak ezarri beharko dituzte honako helburu hauetarako:

  1. jarduera publikoaren gardentasuna handitu eta indartzea,
  2. informazio publikoa eskuratzeko eskubidea aitortu eta erraztea, eta
  3. arduradun politikoentzat gobernu onaren betebeharrak ezartzea.

A) Gardentasunak legeak publizitate aktibo deitzen duena eta 5. artikulutik 11.era artean garatzen duena dakar. Honako betebehar hauek dakartza berekin:

  1. Jarduera publikoaren gardentasuna eta jarduketa publikoaren kontrola bermatzeko garrantzitsua den informazioa argitaratzea aldizka eta modu eguneratuan. Webgunearen bidez jakitea da.
  2. Publizitate hori webguneetan edo egoitza elektronikoetan argitaratzea modu erraz, argi, egituratu eta ulerterrazean (desgaitasuna dutenentzat ere bai) doan.
  3. Gizarte edo kultur intereseko helburuak bakarrik dituzten eta 50.000 eurotik beherako aurrekontua daukaten irabazi-asmorik gabeko erakundeek beren jarduera argitaratzea bai beren webgunearen bidez bai laguntza edo diru-laguntza publiko gehien ematen dizkien Administrazioak eskura jartzen dien webgunearen bidez.

Derrigor argitaratu beharreko informazioa honako hauek osatzen dute:

  1. Eginkizuwnak.
  2. Araudia.
  3. Antolaketa egitura, organoetako arduradunak eta horien profil eta ibilbide profesionala zehaztuta.
  4. Urteko eta urte anitzeko planak eta programak, helburu zehatzak, jarduerak, baliabideak, epeak eta ebaluazioa zein neurtzeko adierazleak adierazita.
  5. Zuzentarauak, erabakiak, jarraibideak, zirkularrak eta partikularrek egindako galderetarako erantzunak.
  6. Ordenantzak, bandoak, erregelamenduak eta proiektuak. Irizpen bat derrigorrezkoa denean, publizitatea kontsulta organoei eskatu ondoren egiten da, horrek ez duela zertan ekarri berekin jendaurrean jartzerik.
  7. Arau testuak prestatzeko espedienteak osatzen dituzten memoriak eta txostenak.
  8. Indarreko sektore legediaren arabera, bideratzen diren bitartean aldi baterako jendaurrean jarri behar diren dokumentbak.
  9. Kontratu guztiak, helburua, iraupena, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoa, erabilitako prozedura, argitaratzeko baliabideak, parte hartzen duten lizitatzaileen kopurua, adjudikaziodunaren nortasuna eta aldaketak adierazita, baita erabilitako prozeduren ehunekoa ere.
  10. Hitzarmenen zerrenda (ez hitzarmenak) eta kudeaketa aginduena, alderdiak, xedea, epea, aldaketak eta betebeharrak (ekonomia arlokoak barne) aipatuta.
  11. Emandako diru-laguntza eta laguntza publikoak, haien zenbatekoa, helburua eta onuradunak adierazita.
  12. Aurrekontuak, kontu-sail nagusiak eta gauzatze-mailari eta aurrekontu egonkortasunaren betetze-mailari buruzko informazioa zehaztuta.
  13. Urteko kontuak eta kanpo kontroleko organoek egindako kontu-ikuskapeneko eta fiskalizazioko txostenak.
  14. Goi kargudunek eta arduradun nagusiek urtero jasotzen dituzten ordainsariak, baita kargua uzteagatiko kalte-ordainak ere.
  15. Bateragarritasuna baimentzeko edo aitortzeko ebazpenak, enplegatu publikoei eragiten dietenak.
  16. Goi karguak uztean jarduera pribatua gauzatzea baimentzen duten ebazpenak.
  17. Toki erakundeen ondasunei eta jarduerei buruzko urteko aitorpenak, ondasun higiezinen kokapen zehatzari buruzko datuak aipatu gabe, titularren segurtasuna eta pribatutasuna bermatuta.
  18. Bere eskumeneko zerbitzu publikoen betetze-maila eta kalitatea baloratzeko behar den informazio estatistikoa.
  19. Gizarte edo kultur intereseko helburuak bakarrik dituzten eta 50.000 eurotik beherako aurrekontua daukaten irabazi-asmorik gabeko erakundeek jasotzen dituzten diru-laguntzak, eta egindako hitzarmenak eta kontraturk.
  20. Bere jabetzakoak diren edo benetako eskubideren bat ematen dioten ondasun higiezinen zerrenda.

B) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

Legeak pertsona guztiei aintzatesten die toki erakundeen informazio publikoa doan eskuratzeko eskubidea.

Titularra edozein pertsona da, inolako interes edo arrazoirik zertan egiaztatu ez daukanak eta toki erakundeari zuzendutako eskaera aurkezten duena.

Informazio publikotzat jotzen dira haren esku dauden eta bere eginkizunak gauzatzean prestatu edo eskuratu diren edukiak edo dokumentuak, haien formatua edo euskarria edozein dela ere.

Behartua Administrazioa da, eta horrek organo eskuduna identifikatu behar du, eskuratzeko eskaeren berri izateko.

Eskaera eskatzailearen nortasuna, eskatzen den informazioa, harremanetarako helbidea (ahal dela, helbide elektronikoa) eta, hala denean, informazioa eskuratzeko modua egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein baliabideren bidez aurkez daiteke.

Legeak eskaerak ez onartzeko arrazoien eta eskuratzeko eskubidearen mugen (atzeko planoko arrazoiengatik ukatzeko arrazoiak) zerrenda luzea ezartzen du.

Ez onartzeko arrazoiak:

  1. Prestatzeko bidean dagoen informazioari buruzkoak izatea.
  2. Oro har argitaratzeko bidean egotea.
  3. Izaera osagarri edo lagungarriko informazioari buruzkoak izatea, adibidez, ohar, zirriborro, iritzi, laburpen eta administrazio organoen edo erakundeen barneko edo horien arteko komunikazio eta txostenean aipatutako informazioari buruzkoak.
  4. Hedatzeko aurretik berriro prestatzea behar duen informazioari buruzkoak izatea.
  5. Informazioa ez daukan organo bati zuzenduta egotea, organo eskuduna ezezaguna denean, baina hori zein izan daitekeen adierazita. Organoa ezaguna bada, horri bidali beharko zafo.
  6. Argi eta garbi errepikakorrak izatea edo gardentasunaren helburuarekin justifikatzen ez den gehiegizko izaera izatea.

Informazioa ondo zehaztu ezean, hori zuzentzeko 10 eguneko epea eman behar da.

Informazioak hirugarrenei eragiten badie, horiei 15 eguneko epea ematen zaie, egokitzat jotzen dutena alega dezaten. Aurkaritza badago, eskuratzeko eskubidea egongo da, eskuratzea onartu ondoren administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea eman bada eta hori igarotakoan ez bada horrelakorik gauzatu edo informazioa jasotzeko eskubidea berresten duen ebazpena eman bada.

Informazioa beste subjektu publiko batek prestatzen duenean, eskaera horri bidali behar zaio, eskuratzeko eskubideari buruzko erabakia har dezan.

Legeak eskubide hori gauzatzea errazteko helburua dauka. Horregatik, uko guztiak arrazoituta egon behar dira, eta ukatzeko arrazoi guztiak modu murriztailean eta proportzionatuan ulertu behar dira.

Informazioa ukatzeko balizko arrazoiak dira honako hauei modu txarrean eragiten dietenak:

  1. Segurtasun nazionale.
  2. Defensa.
  3. Kanpo harremanak.
  4. Segurtasun publikoa.
  5. Zigor, administrazio edo diziplina arloko legez kontrako kasuen prebentzioa, ikerketa eta zehapena.
  6. Prozesu judizialetan alderdiek daukaten berdintasuna eta tutoretza judizial eraginkorra.
  7. Ekonomia eta merkataritza interesan.
  8. Ekonomia eta diru politika.
  9. Sekretu profesionala eta jabetza intelektuala eta industriala.
  10. Erabakiak hartzeko prozesuetako konfidentzialtasunaren edo sekretuaren bermea.
  11. Ingurumenaren babesa.
  12. Hirugarrenen datu pertsonalen babesa, hirugarren horiek beren baimena eman ezean.

Datu pertsonalak badaude, informazioa datuak bananduz (ezabatuz) eman behar da. Halaber, eskuratze partziala eman behar da, hori posiblea bada.

Baimena eman edo ukatzen duen ebazpena hilabeteko epean eman behar da, baina beste hilabete baterako luza daiteke, informazioaren bolumena edo konplexutasuna dela-eta hori arrazoizkoa bada, betiere zirkunstantzia hori jakinarazi ondoren.

Epea igarotakoan, eskaera ukatutzat joko da.

Ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkez daiteke Nafarroako Administrazio Auzitegian eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Halaber, kexa aurkez daiteke Nafarroako Lehendakaritza Departamentuan.

Foru lege edo hitzarmen batek zehaztu arte, ezin da erreklamaziorik aurkeztu Gardentasunari eta Gobernu Onari buruzko Kontseiluan, eskumen arrazoiak direla-eta Nafarroan ez baitago bide hori.

Epea ez betetzea arau-hauste larritzat jo daiteke, diziplina araubidearen ondorioetarako.

C) Gobernu ona.

Estatuko legea toki erakundeetako Gobernu Batzarretako kideei baino ezin zaie aplikatu, eta ez gainerakoei, II. tituluari edo Gobernu Onari dagokionez.

Gobernu onak honako betebehar hauek ezartzen dizkie:

  1. Gai publikoen kudeaketan gardentasunez jardutea, eraginkortasun, ekonomia eta efizientzia printzipioen arabera eta interes orokorra betetzeko asmos.
  2. Zerbitzu publikorako lan eginez beren eginkizunak gauzatzea, printzipio horien aurka doan edozein jokabide saihestuta.
  3. Inpartzialtasun printzipioa errespetatzea, edozein interes partikularrekin independentea den irizpideari eutsita.
  4. Beren eginkizunak gauzatzean berdintasunezko tratua eta inolako bereizkeriarik gabea bermatzea.
  5. Behar bezala arretaz jardutea beren eginkizunak betetzean eta kalitatea sustatzea zerbitzu publikoak ematean.
  6. Jokabide egokia izatea eta herritarrak zuzen tratatzea.
  7. Norberaren eta agintariek zuzentzen dituzten erakundeen erabakien eta jardueren gaineko erantzukizuna beren gain hartzea.
  8. Bidezko zuhurtzia agertzea, beren eskumenak gauzatzearen ondorioz dakizkiten gertaerei edo informazioei dagokienez.
  9. Organo eskudunei dakiten legez kontrako edozein jarduketaren berri ematea.
  10. Araudiak esleitzen dizkien aginteak gauzatzea, horiek emateko oinarri izan zen helbururako baino ez (boterea desbideratu gabe) eta interes publikoa edo Administrazioen ondarea arriskuan jar dezakeen edozein ekintza saihestea.
  11. Baliabide publikoak kudeatu, babestu eta behar bezala kontserbatzea eta ez erabiltzea araudiak onartzen dituen jarduerak ez direnetarako.
  12. Jarduera dedikazio osoz eta bateraezintasunei eta interesen gatazkei buruzko araudia erabat errespetatuta gauzatzea.
  13. Beren eginkizunekin bateraezinak diren egoera, jarduera edo interesetan ez sartzea eta haien objektibotasunari eragin diezaiokeen arrazoiren bat daukaten gaietan esku hartzeari uko egitea.
  14. Beren posizioa ez erabiltzea, abantaila pertsonalak edo materialak eskuratzeko.

Printzipio horiek urratzeak administrazio arloko arau-hauste batzuk ekar ditzake, dena delako toki erakundeko Gobernu Batzarreko osoko bilkurak zehatu ditzakeenak, baldin eta mota eta legea betetzen badira.

Nire ustez, zehapen horiek birtualtasun urria daukate, Gobernu Batzarrak bere kideetako baten kontra ezartzen dituelako eta oso orokorrak eta balio txikiak direlako.

Ikuspuntu praktikoago batetik, agerikoa da webguneko publizitatea izan dela eskuragarriena, batez ere agintarien ordainsariei eta ondasunei dagokien guztian.

Baina informazio publikoa eskuratzeko eskubidea ez da hain praktikoa izan, hori gauzatzeko ziurtagiri elektronikoa eskatzen denean zailtasun handiak baitaude, horrek herritarrek eskubide hori benetan erabiltzea eragozten duela.

Eta ia ez da praktikoa izan arau-hausteen eta zehapenen araubidea, oso orokorra baita eta gutxitan erabiltzen baita.

Eta horixe da oro har adierazi nahi izan dizuedana.

Eskerrik asko zuen arretagatik!

Partekatu edukia