Bilaketa aurreratua

Albisteak

Oficina de Hacienda Foral de Estella-Lizarra

Nafarroako Arartekoak Foru Komunitateko administrazioko aurretiko hitzordua ezabatzea gomendatzen du

2024 maiatza 17

Nafarroako Ararteko Patxi Verak gomendatu du “ahalik eta azkarren” ken dadila Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen administrazioaren bulego eta erregistroetara joateko aurretiazko hitzordua hartu beharra, “proportzioz gaindikoa eta justifikatu gabea” baita, eta oro har, hitzordurik gabeko aurrez aurreko arreta bermatzea.

Hala jasotzen baita Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari bidalitako ebazpen batean. Ebazpen hori honako esteka honen bidez eskura daiteke.

Halaber, Nafarroako Arartekoak gomendatu du, gaur egun ezarrita dagoen arreta-sistema mantentzen bada (hitzorduarekin nahiz hitzordurik gabe arreta emateko ordutegien bereizketan oinarritua), aurretiko hitzordurik gabeko arreta hori "ordu-tarte batean baino gehiagotan ezartzea", pertsona gehiagok izan dezaten aurrez aurreko arreta-sistema tradizionalaz baliatzeko aukera.

Horiek horrela, egungo aldaketa, hitzordurik gabeko arreta soilik 09:30ak arte aurreikusten duena, murriztailea dela uste du eta pertsona askori sarrera eraginkorra galarazi diezaiekeela, hainbat motako betebeharrekin bat datozelako, hala nola pertsonalak, lanekoak, familiakoak eta abar.

Era berean, Verak zalantzan jarri du zaintzako langileek bulegoetara sartzea eragozten dutenik, hitzordua ez izanez gero. Adierazi du bulegoetara sartzen uzteko zeregin hori ez datorrela bat segurtasuneko nahiz zaintzako langileek duten betebeharrekin eta, bulegoetara sarbidea ukatzea guztiz ezabatzen duela aurretiazko hitzordurik gabe arreta jasotzeko aukera. Administrazioaren arabera, aukera hori balizkoa da.

Horregatik, gomendatu du “neurriak hartu behar direla bulegoetarako sarbidea edo bulegoetan egotea kontrolatzen edo zaintzen duten langileek (langileak egonez gero) ez diezaietela sarbidea ukatu aurretiazko hitzordurik ez duten pertsonei”.

Ezein arau juridikok ez du aurretiazko hitzorduaren sistema gaitzen

Gomendioa egin da pertsona batek kexa bat jarri zuelako. Kexa horretan adierazi zuen Nafarroako Foru Ogasunaren Lizarrako bulegora joan zela, aurretiko hitzordua eskatzen zen ordutegi batean (09:30tik aurrera), “galdera huts bat” egiteko asmoz, zerga-aitorpenaren eredu bat aurkezteari buruzkoa. Kaltetuari ez zitzaion arreta eman, nahiz eta “barruan herritar bakarra eta bost funtzionario egon”. Hala, horri buruzko kexa bat aurkeztu nahi izan zuen eta zaintzako langileek ez zioten bulegora sartzen utzi, hain zuzen ere, ez zuelako aurretiko hitzordurik.

Kexa aurkeztu zuenean, foru-administrazio horrek Defendatzaileari adierazi zion, gaur egun, 09:30ak arte ematen dela aurretiko hitzordurik gabeko arreta eta, gainerako orduetan, aurretiko hitzordu-sistema bermatzen dela. Hala ere, “ahal denean” ematen da hitzordurik gabeko arreta. Hala, sistema horren helburu nagusia da herritarren arreta optimizatzea eta itxaronaldiak saihestea. Administrazioak gaineratu zuen arreta jasotzeko “ordezko komunikabideak” ere badaudela, hala nola telefono bidezkoa edo telematikoa.

Nafarroako Arartekoaren ustez arrazoi horiek ez dute aurretiazko zita eskatzea justifikatzen. Horregatik guztiagatik, gogoratu nahi du, aurretiko beste kexa batzuekin egin zuen moduan, administrazio-prozedurari buruzko legeriak aitortzen duela herritarrek eskubidea dutela administrazioak "kasu egin diezaien eta beren eskubideak eta betebeharrak betetzen lagun diezaien", bai eta administrazioarekin "une oro komunikatzeko kanala aukeratzeko" ere.

Era berean, adierazi du foru legeriak “arreta egokirako, zerbitzu publikoetara jotzeko eta idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea" aitortzen duela, eta ez dagoela indarrean herritarrei arreta orokorra emateko aurretiko hitzorduaren sistema gaitzen duen arau juridikorik.

Ildo horretan, Verak uste du, onar litekeela aurretiazko hitzorduaren beharra kudeaketa jakin batzuk egiteko edota “aholkularitza espezifikoa edo asistentzia kualifikatua” behar duten administrazioarekiko harremanak bideratzeko, baita antolaketa-arrazoiengatik beharrezkoa izan daitekeelako ere, baina ez herritarrei arreta orokorra emateko eta erregistro-bulegoetan idazkiak eta dokumentuak jasotzeko.

Q24/70 kexaren harira igorritako ebazpenaren eduki osoa esteka honetan eskura daiteke.

Partekatu edukia