Partekatu edukia
I. Sarrera.
Egun on, presidente andrea eta foru parlamentari jaunak.
Egun on, jaun-andreak.
Eskerrik asko.
Gogoratuko duzuen bezala, ondorengo akordioa egin zuen, pasa den irailaren 1ean, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Kontseiluak, Bikendi Barea Aiestaran jaun txit prestuaren eskariz, Nafarroako Bilduko parlamentarien taldeko foru parlamentaria berau:
Gizarteratzeko errentaren kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak hartutako neurrien egitasmoari buruzko txostena egiteko eskatzea Nafarroako Arartekoari
.
2014ko irailaren 4an bidali zitzaion Bozeramaileen Kontseiluko akordioa Nafarroako Ararteko erakundeari, eta erregistroan sartu. Aipatu foru parlamentariak erakunde honi txostena egiteko eskatzeko egindako idazkia gaineratu zitzaion akordio horri, eta, bertan, eskariaren aurrekariak eta Nafarroako Bilduko parlamentari taldearen gogoeta batzuk ageri ziren.
Erakundeak, lehenbizi, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordearen eskaria aztertu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 16 d) artikuluan jasotakoarekin bat egiten ote zuen ikusteko asmoz. Agindu horri jarraiki, Arartekoak bere eskumenaren eremuko txostenak igorri ditzake. Eremu hori eskubideen eta askatasunen babesa eta hobekuntza dira, konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesten dituen eskubide eta askatasunak, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuaren eskariz.
Txosteneko eskaria herritarrek gizarteratzeko errenta deiturikoa jasotzeari buruzkoa dela ikusita, eta gizarte politikekin zein gizarte ongizatearekin lotuta dagoen herritarren eskubidetzat jotzen denez, Nafarroako Arartekoaren ikuskatze-eskumenen barnekoa zela erabaki zen, konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesten dituen eskubide eta askatasunak babesteko eta defendatzeko funtzioari dagokionean, foru komunitateko eskumenen eremuan (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18 ter.1. artikulua).
Jaun-andre horiek dakizuen bezala, gizarteratzeko errenta prestazio ekonomikoa da, publikoa, periodikoa, osagarria, beste prestazio batzuen ordezkatzailea, bahitu ezin daitekeena oro har, eta, hori eskuratuz gero, bermatutako eskubide subjektiboa jasotzen da, urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legeak ezarritako betekizunak betetzen, eta, beharko balitz, mantentzen badira.
Bere helburua prestazio ekonomiko periodiko baterako eskubidea arautzea dela jaso du foru lege horren 1.1. artikuluak, bai eta gizarteratzea eta lanean hastea erraztuko duten prozesuak eta programak ezartzea ere; pertsonen eta familia-unitateen bazterketa saihesteko, bazterketa egoera aldatzeko eta gizarteratzea zein lanean hastea sustatzeko xedez.
Txostenaren edukiari dagokionez, hiru zatitan dago egituratuta, sarreraren ondoren: a) txostena egiteko jarraitutako metodologia eta eskumena duen herri-administrazioari eskatutako informazioa, baita horrek emandakoa ere; b) Gizarte Politika Departamentuak emandako informazioari buruzko gogoetak, eta, gizarteratzeko errentari dagokionez, aipatu departamentuaren jarduera ikuskatzailearen ikuskapena; eta c) ateratako ondorioak.
II. Txostena egiteko jarraitutako metodologia.
Metodologiari buruz, eta Nafarroako Parlamentuaren akordioa betetzeko asmoz, erakundeak, 2014ko irailaren 5ean, Gizarte Politiken kontseilariari eskatu zion 2014ko urriaren 16a baino lehen informa zezala azaldutako gaien inguruan.
Xehatu egiten diren sei puntutan daude jasota aipatu gaiak, eta Nafarroako Parlamentuari bidalitako txostenean ageri dira; bai eta 2013an eta 2014an gizarteratzeko errenta kontrolatzeko egindako kontrolen, ikuskapenen eta ebazpenen kopuruei buruzko hainbat daturen eskarian ere, edota administrazioaren espedienteetan.
2014ko azaroaren 14an, Gizarte Gaien kontseilariaren txostena jaso zuen Nafarroako Ararteko erakundeak, hamahiru dokumenturekin batera.
Erakunde honek Nafarroako Parlamentuari igorritako txostenaren testuan dago osoki jasota Gizarte Politiken kontseilariaren aipatu txostenaren edukia.
Erakundeak Nafarroako Parlamentuak eskatutako txostenaren behin-behineko testua eginda, Gizarte Politika Departamentuari bidali zitzaion 2014ko azaroaren 24an, azken horrek, komenigarri ikusiko balu, egokien iritzitako oharrak edo arrazoibideak gaineratu ziezazkion.
2014ko abenduaren 22an, Gizarte Politiken kontseilariaren oharrak jaso ziren.
III. Gogoetak.
Gizarteratzeko errentaren kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmoari buruzko txostenean jarri zuen arreta Nafarroako Parlamentuaren txosten-eskariak.
Hortaz, lehenbizi, beharrezkoa da neurrien egitasmo hori ba al den zehaztea, horren edukiak ezagutzea eta gizarteratzeko errentaren onuradunen eskubideen gainean eragiten dituen ondoriok jakitea.
3.1. Gizarteratzeko errentaren kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmoa.
Honakoa da adierazi beharreko lehenengo ondorioa: juridikoki eta administratiboki, administrazioak ez du gizarteratzeko errentaren kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmoa deituriko dokumenturik bideratu.
Termino horietan bederen, ez litzateke berariazko izen eta eduki zehatz hori duen egitasmorik egongo; hau da, eskumena duen erakundeak onartutako dokumentu gisa, administrazio prozedurarekin bat egiten duena, eta herritarrek zein jardunbidea zuzendutako hirugarrenek berau ezagutzea bermatuko duena. Horrenbestez, ez dago Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Kontseiluak eskatutako txostena litzatekeen egitasmoa onartu duen ez administrazio espedienterik, ez foru agindurik, ez bestelako xedapenik.
Honakoa jakinarazi du Gizarte Politiken kontseilariak:
Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika Departamentuko gizarte zerbitzuak ikuskatzeko egitasmoaren barruan dago gizarteratzeko errenten kontrolerako neurrien egitasmoa.
Alabaina, Gizarte Politika Departamentuaren iritziz, gizarteratzeko errenten kontrolerako neurrien egitasmoa izan bada, nahiz eta ez izan berariazko egitasmoa; izan ere, Gizarte Politika Departamentuaren jardunbide multzo baten zati da, baliabide publikoak haietara jotzeko benetako eskubidea duten pertsonengana eta familia-unitateetara iristea bermatzeari begirakoen zati. Zentzu horretan, aipatu egitasmoa kontzeptu material gisa badela baieztatu du; helburu zehatz edo zehatzei zuzendutako baliabideak emateko berariazko erabaki eta ekintza esplizitu eta koherenteen multzotzat ulertuta, dokumentu bakar batean idatzita egon beharrik gabe, jendarteratua eta ezaguna, behin-behinekotasunera edo iraunkortasunera begira zehaztutakoa.
Nafarroako Gobernuko web orrialde ofizialean izenburu hau duen dokumentua aurkitu du erakunde honek: Gizarte Politikak. Gizarteratzeko errenten kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmoa. 2014ko apirilaren 23ko data dauka, eta Gizarte Politika Departamentuak egin duela ondoriozta daiteke, azalean ageri den sinboloa dela-eta, prentsaurrekoan aurkezteko eta prentsa-ohar bidezko iragarpenerako dagoena.
Honako hau zen, 2014ko azaroaren 20an, dokumentu horretara jotzeko helbide elektronikoa:
http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/F73E6384-4CE8-4329-967C-44F645BC71E0/281453/230414ps80.pdf
Esaldi laburrez eta irudiez osatutako hamar diapositibadun multzoa da, eta errenten kontrolerako eta iruzurra kontrolatzeko neurrien egitasmoa islatzen da bertan.
Beraz, badirudi egitasmo gisa iragarri dela 2014ko ikuskaritza egitasmoaren zati dena, aurretiko urteetan bezala onartutakoa; eta horren edukiko berariazko neurri gisa aurkeztu direla, berez, departamentuaren jardunbideen urteroko ikuskaritza egitasmoen zati diren neurriak, hau da, ez zaizkiola gizarteratzeko errentari berariaz zuzentzen.
Hala, honakoa zehaztu du apirilaren 25eko 262/2014 foru aginduaren VII.1. epigrafeak, Gizarte Politiken kontseilariarenak, zeinaren bidez Nafarroako gizarte politikari dagokion ikuskaritza egitasmoa onartu den:
“VII.1. Programa.
Helburua: diru-laguntzak jasotzeko eskatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzea.
Ikuskaritzak, egokien deritzon bideen bidez, diru-laguntzak jaso ahal izateko ezarritako betekizunak ziur betetzen direla egiaztatuko du.
Jasotako diru-laguntzen hartzaileak”.
Administratiboki, gizarteratzeko errenten kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmorik egin eta onartu ez denez, erakunde honek ezin dezake sakondu prestazio publiko hori jasotzen duten herritarren eskubideengan nola eragiten duen.
Era berean, eta guk dakigula, ez da sortu Garapenerako eta Gizarteratzeko Arretarako Zerbitzurako lan-talderik, ezta Oinarrizko Gizarte Zerbitzua ere (Gizarte Zerbitzuen Koordinazio Batzordea), iragarri zen bezala.
3.2. Gizarteratzeko errentari dagokionean, Gizarte Politika Departamentuaren jarduera ikuskatzailearen ikuskapena.
Gizarte Politika Departamentuak igorritako dokumentazioa aztertu du erakunde honek.
Dokumentazio horrek gizarteratzeko errentaren gaineko kontrolak egiten direla egiaztatzea ahalbidetu du; bai eskariak bideratzeaz arduratzen den unitate kudeatzailearen bidez egiten direla (2014an 13.533 kontrol egin zirela baieztatu da, hots, espediente guztiak kontrolatu zirela), bai Ikuskaritza Zerbitzuak gero egindakoak (Ikuskaritzak, 2014an, 427 ikuskapen egin zituela baieztatu da).
Ikus daitekeen moduan, bi unitateen kontrol gehienak unitate kudeatzaileak egiten ditu, izan ere, bideratutako espediente guztiak kontrolatu dituzte. Hortaz, kontrol gutxiago egin ditu Ikuskaritzak.
Honakoa da atera daitekeen beste ondorioetako bat: gizarteratzeko errentari dagokionean, 2014an gora egin du atzera botatako espediente kopuruak, bai eta ikuskapen kopuruak ere, 2013arekin alderatuz gero.
Eta hauxe da hirugarrena: aipatu dokumentazioan ez da iruzurraz hitz egiten, gizarteratzeko errenta jasotzeari dagokionean, araua ez betetze kontzeptua erabili baita (argi dago ez direla berdinak, izan ere, legea ez betetze oro ez da iruzurrezkoa).
Horrela, zera egiaztatzea ahalbidetzen dute Gizarte Politika Departamentuak emandako datuek:
Bideratutako espedienteak.
2013an, guztira, 16.734 gizarteratzeko errenta bideratu ziren, eta, 2014an (urriaren 15era arte), 13.533 espediente.
Atzera botatako espedienteak.
Bideratutako espediente guztietatik, arrazoi posible guztiengatik bota ziren atzera: 2.142 2013an, eta 2.499 2014an; hau da, guztiaren % 12,80 eta % 18,47, hurrenez hurren.
Bestalde, departamentuaren arabera, 1/2012 Foru Legea edo 120/1999 Foru Dekretua ez bete izanagatik bota ziren atzera: 457 espediente 2013an eta 712 espediente 2014an (urriaren 15era arte). Baxu samarra da araua ez betetzeak egiaztatzeko ohiko fase horretan atzera botatako espedienteen kopurua: % 2,73 2013an, eta % 5,26 2014an, bideratutako espediente guztien artean.
Araua ez betetzeko arrazoien artean, honakoak daude. Espediente kopuru gehien dituztenetatik gutxien dituztenetara ordenatu dira:
Familia-unitateen aldaketak ezarritako epeen barruan ez jakinaraztea.
Beharrezko datuak ezkutatzea, edo informazio okerra ematea.
Gizarteratzeko akordioa ez betetzea.
Egoera balioztatzeko lana ez erraztea eta elkarlanean ez aritzea.
Gizarteratzeko akordioa ez sinatu izana.
Gizarteratzeko errenta baino lehenagoko emate aldian ondarea ez egitea.
Lan egoki baterako eskaintzari uko egitea.
Edonola ere, kalifikatu beharko bagenu arrazoi horietariko zeintzuk egon daitezkeen balizko iruzur batekin lotuta (engainatzeko asmotzat ulertuta iruzurra), erakunde honen aburuz, aipatutakoen artean, eta gehienez ere, beharrezko datuak ezkutatzeagatikoak izango lirateke. Horrek, 2013an, 124ra eta, 2014an, 189ra murriztuko lituzke kasuak, hots, % 0,74ra eta % 1,40ra, hurrenez hurren, bideratutako espediente guztien artean.
Bestelako arrazoiak gaineratu ahal izango balira ere, ehunekoak oso baxua izaten jarraituko luke, bideratutako espedienteen bolumenarekin proportzioa eginez.
Burututako ikuskapenak.
2013an, 247 espediente ikuskatu zituen Ikuskaritzak. 2014an (urriaren 15era arte), 427 espediente ikuskatu zituen Ikuskaritzak.
Hautaketa ausaz egin zela baieztatu du departamentuak.
Hortaz, baxu samarra da Ikuskaritzak ikuskatutako espedienteen ehunekoa, espediente guztien artean: % 1,48 2013an, eta % 3,16 2014an.
Araua ez betetzeagatik atzera botatako espedienteak.
2013an, 61 espediente bota ziren atzera araua ez bete izanagatik; eta, 2014an (urriaren 15era arte), 94 espediente bota ziren atzera araua ez bete izanagatik.
Ehuneko txikiak dira, bideratutako espediente guztien artean: % 0,36 2013an, eta % 0,69 2014an.
Gizarteratzeko errenta jasotzean bai 2013an bai 2014an egon diren bajak ez daudela hertsiki iruzurrarekin lotuta egiaztatzea ahalbidetu du dokumentuko 13. azterketak.
Hauek dira bajarako arrazoiak:
Betebeharrak edo betekizunak ez betetzea (3 2013an; 12 2014an).
Gizarteratzeko akordioa ez betetzea (6 2013an; 13 2014an).
Ezarritako epeen barruan, ez jakinaraztea familia-unitateko aldaketak (24 eta 37, hurrenez hurren).
Gizarteratzeko eta lanean hasteko akordioa ez sinatzea (3 2014an).
Datuak ezkutatzea edo informazio okerra ematea (24 2013an; 21 2014an).
Onuradunari egokitu lekiokeen prestazioari, laguntzari edo diru-laguntzari uko egitea (1 2013an; 4 2014an).
Ikus daitekeen bezala, bajarako arrazoietako batzuk onuradunaren ukoagatik izaten dira (4 2014an), edo lan eskaintzak baztertzeagatik (4 2014an). Kasu gehienen arrazoi nagusia familia-unitateko aldaketak ezarritako epeen barnean ez jakinaraztea izaten da (37 2014an; sarri, ez betetze formaltzat jotzen da, eta ez substantibotzat).
Egiazki, datuak ezkutatzeagatikoak izango lirateke iruzurrarekin zerikusia duten bajak; eta, ondorioz, 24ra jaitsiko lituzke horrek arrazoiak 2013an, eta 21era 2014an.
Zigortzeko espedienteak.
2013an, zigortzeko 20 espediente bideratu ziren araua hautsi izanagatik. 2014an (urriaren 15era arte), zigortzeko 17 espediente bideratu ziren.
Berriz ere, ehuneko txikiak dira, bideratutako espediente guztien artean: % 0,12 2013an, eta % 0,13 2014an.
Gaitzespenen, ikuskapenen, bajen eta zigortzeko espedienteen gorakada.
2014an (urriaren 15era arte), Gizarte Politika Departamentuak gizarteratzeko errentaren gaineko kontrola handituko luke, 2013arekin alderatuta:
Gaitzespen gehiago gertatu dira, edozein arrazoirengatik, 2.142tik 2.499ra igaroz (% 16,67 gehiago), denbora tarte txikiagoan.
Gaitzespen gehiago gertatu dira araua ez betetzeagatik, 457tik 712ra igaroz (% 55,8 gehiago), denbora tarte txikiagoan.
Ikuskapen gehiago egin dira, 247tik 427ra igaroz (% 72,87 gehiago), denbora tarte txikiagoan.
Espediente gehiagori eman zaie baja araua ez betetzeagatik, 61etik 94ra igaroz (% 54,1 gehiago), denbora tarte txikiagoan.
Iruzurren kopurua.
Datu horien guztien zehaztasunetik haratago, erakunde honek, eskuratutako informaziotik, honakoa balioztatu du: gizarteratzeko errenta eskuratzean egondako iruzurren kopurua (engainatzeko kontzeptu juridikoan) oso baxua dela, bideratutako eskari eta jasotako laguntza guztien artean.
Ikuskapenerako eta berrikusterako jarraibide orokor, ohiko eta homogeneoak.
Gizarteratzeko errentaren gaineko 2014ko kontrolak, berariazko egitasmo bati jarraitu barik, 2013ko araugintzako jarraibide administratibo eta orokorrak jarraitu dituela balioestea ahalbidetu du aztertutako informazio horrek guztiak.
Unitate kudeatzaileak burutu du kontrol hori, ohikotasunez, eskariak bideratzen ditu-eta. Kontrol txikiagoa gauzatu du Gizarte Politika Departamentuak urtero onartzen duen ikuskaritza egitasmoaren baitako Ikuskaritza Zerbitzuak.
Ikuskaritza Zerbitzuaren 2014ko jardunbidea 2013koa egiteko ohiko modu berean gauzatu da; hau da, departamentuak ausazkotzat jotzen dituen irizpideekin bat egiten duten ikuskapenen bidez. Horrela, onuradunek foru arauak ezarritako betekizunak ez betetzeagatik burutu dira zenbait baja prestazioaren ordainketan, eta, urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legeari jarraiki bideratutako zigortzeko zenbait espediente abiarazi eta ebatzi dira.
Edonola ere, gizarteratzeko errentari dagokionean, 2013tik 2014ra ikuskapenak gehitu egin direla ikus daiteke.
IV. Ondorioak.
Aurrekotik, honakoa ondoriozta daiteke:
Juridikoki eta administratiboki, ez dago Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eskatu duen txostenerako gizarteratzeko errentaren kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmorik.
Gizarte Politika Departamentuak ez luke, 2014an, gizarteratzeko errentaren kontrolerako eta iruzurraren aurkako borrokarako Nafarroako Gobernuak egindako neurrien egitasmoa deituriko administrazio dokumenturik bideratuko.
Alabaina, Gizarte Politika Departamentuaren iritziz, gizarteratzeko errenten kontrolerako neurrien egitasmoa existitzen da, kontzeptu material gisa; helburu zehatz edo zehatzei zuzendutako baliabideak emateko berariazko erabaki eta ekintza esplizitu eta koherenteen multzotzat ulertuta, dokumentu bakar batean idatzita egon beharrik gabe, jendarteratua eta ezaguna, behin-behinekotasunera edo iraunkortasunera begira zehaztutakoa.
Era berean, ez litzateke Garapenerako eta Gizarteratzeko Arretarako Zerbitzurako lan-talderik sortuko, ezta Oinarrizko Gizarte Zerbitzua ere (Gizarte Zerbitzuen Koordinazio Batzordea).
Gizarte Politika Departamentuak, 2014an, 2013ko araugintzako jarraibide administratibo eta orokor berberak jarraitu ditu gizarteratzeko errenta kontrolatzeko, eta unitate kudeatzaileak burutu du kontrolatzeko jardunbide hori, ohikotasunez, eskariak bideratzen ditu-eta. Kontrol txikiagoa gauzatu du Gizarte Politika Departamentuak urtero onartzen duen ikuskaritza egitasmoaren baitako Ikuskaritza Zerbitzuak.
Gizarte Politika Departamentuak gizarteratzeko errentaren gainean 2014an ezarritako kontrola 2013an ezarritakoa baino handiagoa dela esan daiteke, ikuskapen kopuruari eta betebeharrak ez betetzeagatik burututako bajak hartzen baditugu kontuan.
Gizarteratzeko errentari dagokionean, iruzur kontzeptu zehatzari buruzko datuak eskatu direnean, departamentuak ez du kontzeptu horri lotutako daturik zehaztu; izan ere, araua ez betetze kontzeptupean biltzen du gertaera hori, oro har.
Eta horixe da Nafarroako Parlamentuari ohorez jakinarazteko duguna, bere txosten-eskariari dagokionean; beti bezala, bere esanetara geratuz, beharrezko deritzona argitzen saiatzeko prestu.
Eskerrik asko zuen arretagatik.
2015eko urtarrilaren 29a
Partekatu edukia