Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak. Patxi Verak, "alokairu-poltsan etxebizitzak sartzeko eskatzen diren betekizunak berrikusteko eta malgutzeko" iradokitzen dio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari. Horrela jasotzen da ofiziozko O24/17 jarduketan, esteka honen bidez lor daitekeena.
Nafarroako Arartekoaren ofiziozko jarduketa etxerik ez duten edo etxebizitza bat lortzeko zailtasun larriak dituzten pertsonak artatzen dituzten gizarte-erakundeekin egindako hainbat topaketaren ondorioz sortu zen. Bilera horien esparruan aipatutako erakundeek adierazten zuten, beren ikuspuntutik, "neurriz kanpokotzat edo oso hertsitzat jo daitezkeen betekizun batzuk aplikatzen direla". Hala, ohartarazten zuten ez direla alokairuko poltsarako etxebizitzak onartzen igogailurik ez dutelako, berokuntza elektrikoko sistema bat dutelako, zoruan moketa dutelako, sukalde eta bainugelako alikatatuak sabairaino iristen ez direlako, aluminiozkoak edo PVCzkoak ez diren pertsianak dituztelako etab. "Hori guztia bizitzeko moduko etxebizitzak izanen ziren arren", gaineratzen zuten.
Erakundearen ustez egia da zerbitzuaren web-orrian agertzen diren edo praktikan eskatzen ari diren eskakizunen zati batek "legez aurreikusitakoa gaindituko lukeela".
ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN ERANTZUNA
Arestian deskribatutako egoera kontuan hartuta erakundeak etxebizitzak alokairu-poltsan jartzeko eskatzen diren baldintzei edo betekizun teknikoei buruzko informazio eragingarria emateko eskatu zion Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari. Era berean, erabilgarritasun handiagoa lortzeko neurriak hartzea aurreikusita dagoen jakinarazteko eskatu zitzaion.
Bere erantzunean, Etxebizitzako Sailak baieztatzen zuen eskatutako betekizunak funtsean "zuhurtasun-printzipio" batek justifikatzen dituela.
Hala ere, Nafarroako Arartekoaren iritziz betekizun horiek zorrotz aplikatuz gero "alokatu daitezkeen etxebizitzen kopuru garrantzitsua programatik kanpo geratzea gertatu daiteke".
Horregatik guztiagatik, herritarren eskubideak defendatzen dituen erakundeak Departamentuari "etxebizitzak alokairu-poltsan sartzeko eskatzen diren betekizunak berrikusi eta malgutu ditzala, alokairuaren eskaerari arrazoizko prezioan erantzuteko etxebizitza gehiago izateko” iradokitzea erabaki zuen.
Departamentuak onartu egiten du iradokizuna, eta jakinarazten du asmoa "Alokairuko Poltsa Programan etxebizitzak sartzeko eskatzen diren egungo baldintzak berrikustea, eta horiek hain murriztaileak ez izateko aukera baloratzea" dela.
AURREZ AURREKO ARRETA NASUVINSA ERAKUNDEAREN BULEGOETAN
Beste alde batetik, Nafarroako Arartekoak beste iradokizun bat egiten dio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari, kasu honetan "beharrezko neurriak har ditzala herritarrek Nasuvinsako bulegoetan aurrez aurreko arreta jasotzeko hitzordua lor dezaten". Horrela jasotzen da erakunde honek jaulki duen Q24/1078 ebazpenean, esteka honen bidez eskuratu daitekeena.
Iradokizun honen jatorria herritar batek Nafarroako Arartekoari helarazi zion kexan oinarritu behar da. Kexa horretan azaltzen zuen "ezinezkoa" gertatzen ari zitzaiola Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erroldan zuen inskripzioa eguneratzeko hitzordua lortzea, bai eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko hitzordua lortzea ere.
Arazo horren berri izan ondoren, erakundeak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentura jo zuen, eta bere erantzuna "Nasuvinsan aurrez aurreko arreta emateko, aldez aurretik hitzordua hartu behar da" izan zen. Hitzordua telefonoz edo bide telematikoz lor daiteke "asteazkenero, 08:00etan".
Dokumentu horretan, gainera, Departamentuak onartzen zuen "zenbait unetan eskaera handiak saturazioa eragin duela sisteman" eta, horregatik, "Nasuvinsak bere bulegoetara joateko aukera ematen duela, jendeari arreta emateko ordutegian eta aldez aurretik hitzordua eskatu beharrik gabe, Bezeroarentzako Arretako langileek egin beharreko urratsetan gida ditzaten interesdunak". Gaineratzen zutenez, "egungo saturazio-egoera arintzeko neurriak ezartzeko aukera aztertzen ari dira".
Nafarroako Arartekoaren ustez herritarraren kexan planteatutako gaia "ez da berria, erakunde honetan behin baino gehiagotan planteatu baita", eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari "beharrezko neurriak har ditzala, herritarrek Nasuvinsako bulegoetan aurrez aurreko arreta jasotzeko hitzordua lor dezaten" iradokitzen dio.
Partekatu edukia