Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak eta Nafarroako Gobernuak “Gardentasunaren foru legeari eta gobernu irekiari buruzko oharrak” liburua aurkeztu dute.

2013 martxoa 25

Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Enériz Olaecheak, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, Gregorio Eguílaz Gogorzak, “Gardentasunaren foru legeari eta gobernu irekiari buruzko oharrak” liburua aurkeztu dute bulegoaren egoitzan.

Nafarroako Arartekoa erakundeko aholkulari-burua den Juan Luis Beltrán Aguirre eta erakundeko idazkari nagusia, Carlos Sarasíbar Marco, ere ekitaldira joan dira.

Liburua Javier Enérizek, Juan Luis Beltránek eta Carlos Sarasíbarrek idatzi dute eta Nafarroako Arartekoa erakundeak editatu du. Nafarroako Gobernuak ere laguntza eman du. 750 ale editatu dira eta herri-administrazioetako langile publikoei zein gaiarekiko interesa duen edozein pertsonari zuzenduta daude.

Lana bost kapitulutan banatuta dago eta, oro har, ordena Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen egiturarekin bat dator.

Lehenengo kapituluan foru legearen helburuak eta printzipioak jorratu dira. Horretarako, foru legearen xedea deskribatu da eta, jarraian, haren aplikazio eremua azaldu da. Eremu hori aztertzeko ikuspuntu hirukoitza erabili da: subjektiboa, hau da, foru legearen xedapenen hartzaile diren erakunde publikoen ikuspuntutik; objektiboa edo materiala, foru legeak hizpide duen gaia aztertu duena, hau da, jarduera publikoa zentzu zabalean, administrazioaren kontzeptutik harago; eta denborazkoa. Azken horretan, legearen ondorioetarako, zenbait data jorratu dira, horien artean, nagusiena, hau da, indarraldia (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera). Halaber, kapitulu horretan legearen funtsezko printzipioa aztertu da, hau da, gardentasunaren printzipioa jarduera publikoan. Bertan, irismenaren inguruan sakondu da eta, horretarako, kontzeptualki desberdindu dira publikotasun aktiboa (oro har administrazioak herritar guztiei modu publikoan eman behar dien intereseko informazioa da) eta publikotasun pasiboa (informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin bat datorrena). Publikotasun aktiboari dagokionez, ahalegina egin da sektore material nagusiak mugatze aldera, horietan, jarduera publikoaren informazioaren printzipioak legeriari lotutako espezialitateak agerian jarri ditu, GGIFLrekin zerikusia daukatenak. Kapitulu hori amaitzeko, gardentasunari buruzko estatu mailako hurrengo legea izan daitekeenaren gaineko erreferentzia egin da (lan hau amaitu zen unean, Gorte Nagusietan eztabaida parlamentarioa egiteke zegoen). Izan ere, zenbait gertakariren ondorioz geldiune bat egon da eta haren izapidetzea eta onartzea arindu behar izan da.

Bigarren kapituluan informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen legezko konfigurazioa eta hori gauzatzeko prozedura aztertu dira. Kapitulua hasteko nahitaezkoa den Europako Kontseiluaren Hitzarmenaren gaineko erreferentzia egin da. Hitzarmen hori agiri publikoak eskuratzeari buruzkoa da eta eskubide hori arautzen duten legeen baliozkotasunaren erreferentzia esparrua da. Eskubidearen legezko konfigurazioari dagokionez, eskubidea honela deskribatu da: subjektiboa, ordenamendu juridiko publikoaren ondoriozkoa, berria, autonomoa edo desberdina, legezko izaera duena (ez konstituzionala), unibertsala, orokorra eta ez halabeharrez doakoa. Halaber, funtsezko edukia ere deskribatu da, eskubideen eskubide den aldetik. Izan ere, ahalmen talde batean xehatu daitekeen eskubide bat da. Azken horiek, aldiz, administrazioaren aurrean gauzatu daitezkeen eskubideak dira eta, ondorioz, betebeharrak ezarri dizkiote administrazioari. Oso irakaspenezkoa izan daitekeen arren eta, eskubidearen mugaketei dagokienez, foru legearen letra bortxatzeko arriskuarekin, egokitzat jo da eskubide horren izaera mugatuaren -beste eskubide batzuen bizikide izan behar baita halabeharrez- (pertsona baten eskubide orok uneren batean beste pertsona batzuen eskubideekin bat egiten du, ez baitago eskubide absoluturik) eta eskubidea baliatzeko mugaketen edo ukapenen artean desberdintzea. Azken hori interes publikoak edo legeak barne hartzen dituen hipotesi batzuk (horietan, eskubidea ukatzen da edo eraginkortasunari dagokionez murrizten da) batera aurkitzen direnean gertatzen da.

Eskubidearen mugaketen ondorioz, beharrezkoa da aplikagarriak diren printzipioak ezartzea eta, hemen, proportzionaltasunaren eta muga horien interpretazio murriztailea eta justifikatuaren printzipioak aztertu dira. Hala, legegileak eskubide berri horri eman nahi izan dion indar hedakorra hain da handia non baliatzean gauzatze onuragarriko printzipio orokor gisa eratu nahi izan den. Beraz, horren gaineko edozein mugaketa modu tasatuan legean jaso behar da eta, gainera, hori gertatzen denean, ahalik eta modu murriztaileenean interpretatu behar da, ahal den neurrian, informazioa eskuratzeko eskubidea errazte aldera. Horrela, Nafarroako Parlamentuak lortu nahi duen emaitza erdietsiko da, hau da, eskuratu daitekeen informazioaren kantitatea eta kalitatea ezkutuko informazioaren kantitatea baino handiagoa izan dadila. Zalantzarik gabe administrazioak herritarrei eskaintzen dien informazioa eskuragarritzat jotzeak komunikabideek eskuratu ahalko dutela dakar berarekin, egiazko informazioaren askatasunaren bermatzaileak baitira.

Bigarren kapitulua informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko prozeduraren deskribapenarekin amaitzen da (saiatu da zehatza izan dadila). Hala, prozeduraren ohiko urratsak jarraitu dira: eskaera egiten denetik (zehatza izan behar da), ebazpena ematen den arte, gaitzesteko arrazoiak, eskaeraren ondorioz eragindako hirugarrenen esku-hartzea, erabateko gaitzespena edo zati bat ez onartzea, eskuratzeko modua eta formatua, eskaerak ebazteko epeak eta administrazioaren isiltasunaren esanahia aztertuz. Azken hori positiboa da baina ordenamendu juridikoaren errespetuaren mende dago, inork ez dezala eskuraezina den informazioa eskuratu administrazioaren jarduerarik ezaren ondorioz.

Hirugarren kapituluak herritarren parte hartzea eta lankidetza ditu hizpide. Horixe foru legearen beste oinarrietako bat baita, gardentasunarekin eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin batera. Bertan, administrazioaren funtzioetan herritarrek parte hartzeko dituzten moduak eta modalitateak aztertu dira, oro har eta modu zehatzago batean, foru legerian jasotakoarekin bat eginez. Halaber, modalitateak eta parte hartzeko aukera duten subjektuak deskribatu eta aztertu egin dira, baita herritarrek parte har dezaten dauden mekanismoak ere. Modu berean, herritarrek parte hartzeko duten eskubidearen inguruan sakondu da, konstituzioaren barruko testuingurua azpimarratuz eta barne hartzen dituen eskubideen tipologia definituz, parte hartze publikoari, plan eta programei, xedapen orokorrei eta administrazioaren jardunaren beste alor zehatzei lotuta. Kapitulua amaitzeko foru legeak herritarrek parte har dezaten egokitu dituen mekanismoak aipatu dira, hala nola, mekanismo telematikoak, herritarren parte hartzearen erregistroa, jendaurrean aurkezteko izapideak eta prozedura baten barruan ez dauden parte hartze zuzenerako mekanismoak; zehazki, kontsulta foroak, herritarren panelak eta herritarrez osatutako epaimahaiak.

Laugarren kapituluan GGIFLk arautzen dituen bi alderdi desberdin jorratu dira: alde batetik, administrazioaren modernizazioa eta, bestetik, etika gobernuaren ekintzan. Lehenengoari dagokionez, modernizazioaren ideian sakondu da, legegileak erdietsi nahi zituen helburuetako bat balitz bezala. Horretarako, honelako neurriak hartu dira: administrazioaren egiturak zein administrazio prozedurak arrazionalizatzea eta sinplifikatzea. Horren harira, Administrazioa Sinplifikatzeko Plana eratzea modernizazioaren xede orokorraren zerbitzura dagoen bitartezko zehatz gisa gailendu da. Neurri horiei araudiaren kalitatea arrazionalizatzeko, sinplifikatzeko eta hobetzeko helburuak gehitu behar zaizkie, bai eta testuinguru orokorraren diseinua ere, kalitatea, estrategiak eta konpromisoa etengabe hobetze aldera. Bigarren alderdi nagusiari dagokionez, gobernuaren ekintzan gailendu behar den etikari lotutako jarduteko printzipioak eta, nahiera eder batetik harago, errealitate eztabaidaezina bilakatu dadila ezarritako tresnak aztertu dira. Azken horien artean, hauexek daude: gobernuko kideek eta administrazioaren goi karguek jarduerei, ordainsariei eta ondasunei publikotasuna emateko duten betebeharra, gardentasuna irteten den gobernuaren eta sartzen den gobernuaren arteko botere eskualdaketa gertatzen den unean eta gardentasuna gobernuaren ekintzan eta kontu-arrazoiak ematerakoan.

Azken kapituluan legeak hobeto aplikatzen dela ziurtatzeko ezarri dituen bermeak deskribatu eta aztertu egin dira. Zenbait bermeri buruz ari gara, lehenik eta behin, administratiboak, honako hauek barne hartzen dituenak: legeriak oro har espezialitate organiko batzuekin ezarri dituen administrazio errekurtsoak, foru komunitatearen administrazioaren menpe dauden erakundeentzako administrazio erreklamazioa, foru legeak politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko aintzat hartu zituen administrazio kexak (administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren gaineko erreferentzia egin da) eta, amaitzeko, Nafarroako Arartekoan aurkezten diren kexak, erakunde hori arautzen duen foru legearen terminoetan, horixe baita epaitegietatik eta administraziotik kanpoko berme nagusia. GGIFLk aitortu dituen eskubideen berme horiei buruzko kapituluarekin lana amaitzen da.

Partekatu edukia