Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak Gorte Nagusietako jarduneko Arartekoarengana jo du, eskatzeko konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat aurkez dezala Sektore elektrikoaren tarifa-defizita zuzentzeko presako neurriak ezartzen dituen abenduaren 23ko 14/2010 Errege Dekretu Legearen aurka, energia fotovoltaikoaren produkzioa mugatzeari dagokionez.
Horren aurretik, Nafarroako Arartekoak irizpen juridiko bat prestatu du, non azaltzen baitu behar adina argudio juridiko-konstituzional badagoela Konstituzio Auzitegian konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat aurkezteko aipatutako errege dekretu legeko lehenengo xedapen gehigarriaren eta bigarren xedapen iragankorraren aurka.
Hori guztia Nafarroako Arartekoaren erakundean jasotako kexa baten ondorioa izan da. Izan ere, kexa hori Nafarroako energia fotovoltaikoaren ekoizleek aurkeztu zuten –guztira 6.583 ekoizlek– zeinak gehienetan familiak baitira, inbertsio handiak egin dituztenak Estatuko Administrazioak horretara bultzatuta, eta orain beren diru-sarreretan % 28 inguruko gutxitzea pairatuko dutenak errege dekretu lege horretatik ondorioztatzen den araubide juridiko eta ekonomiko berriaren ondorioz.
Kexa-egileek baieztatzen dute Nafarroako familia ekoizle askok ezin izanen dituztela itzuli inbertsiorako kontratatu zituzten maileguak, eta horrek ondare-arrisku bat eta familian arazo ekonomiko bat eraginen dizkiela. Adierazten dute, gainera, ezarritako murriztapenen ondorioz, urtero 35 milioi euro gutxiago izanen dituztela diru-sarreretan.
Irizpenaren arabera, administrazio publikoek energia fotovoltaikoa sustatu dute, energia berriztagarria eta ingurumenerako desiragarria dela nabarmenduz. Industria eta Energia Ministerioak energia horren produkzioa diruz lagundu zuen eta araubide juridiko bat ezarri zuen hurrengo ureetarako arrazoizko segurtasun bat bermatzen zuen araubide juridikoa, urte horietan herritarrek etekinak jaso eta etekin horiekin gauzatutako inbertsioen finantziazioari aurre egin ahal izateko. Alabaina, 2010. urtearen amaieran, dekretu lege horren bitartez, gobernuak aurrez ezarritako araubidea aldatu eta funtzionamendu-orduak mugatu ditu, lehenengo 2011-2013 urteetarako eta gero aurreragorako. Jokabide horrekin, egungo lege dekretuak herritarren segurtasun juridikoaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak urra ditzake. Aipatutako lege dekretua onetsi egin da, gainera, arauaren zuzeneko hartzaile direnei aurrez entzunaldirik eman gabe eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteei kontsultarik egin gabe. Elkarte horiek guztiak, izan ere, bat datoz esaterakoan Estatuko Aldizkari Ofiziala irakurriz jaso dutela araubide ekonomiko berriaren berri.
Hasieran, ekoizleek aurreikusten zuten planta fotovoltaikoen bizitza erabilgarri guztian zehar jasotzea pizgarrien bidez sustatutako ordainsaria, 2007ko errege dekretu baten arabera. Eta, hain zuzen ere, errege dekretu hori aldatu da orain, 25 eta 28 urte bitarteko indarraldi bat ezartzeko. Halaber, bi errege dekreturen bitartez (2007koa eta 2008koa) ezarritako produkzio-orduen araubide bat bazuten, baina orain errege dekretu legeak bi araubide ezartzen ditu: lehenengoa 2011ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitartekoa, orduen kopuru txikiegi batekin (Administrazioak ordaindu beharreko gastua gutxitzeko xedez) eta zonifikaziorik ezarri gabe; eta bigarrena 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa, aurrekoa baino ordu kopuru handiago batekin, batez beste, eta berritik ezartzen den zonifikazio batekin. Horri guztiari gehitu behar zaio banaketa-sareetarako sarbidea izateko sari bat ezarri dela, eta araubide bereziko ekoizleek hura ordaindu egin beharko dutela.
Horrenbestez, Errege Dekretu Legeak kalte ekonomiko eta ondarezko handia eraginen die Nafarroako familia ekoizleei, zeren eta ezartzen dituen mugek ustiategietarako ezarritako errentagarritasuna gutxitzen baitu eta beraiekin ekartzen baitute familia ekoizle batzuek hondoa jotzeko egiazko arriskuan egotea; izan ere, familia horiek beren inbertsioak egin zituzten geroan 2007ko dekretuan aurreikusitako araubidearen arabera jokatuko zutela sinistuta, haren bitartez ezarri baitzen araubide bereziko energia elektrikoaren produkzio-jarduerarako araubide juridiko eta ekonomikoa. Kexa-egileek baieztatu dute 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa izanen zen araubide berria orain dela bi edo hiru urte ezagutu izan balute, haietatik gehiengo handi batek ez zuela inbertsiorik eginen energia horretan, arrazoizko errentagarritasunik izanen ez zuelako, hasieran egin beharreko inbertsio handiak direla eta.
Irizpenaren arabera, errege dekretu legeak zenbait konstituzio-printzipio urra ditzake; esate baterako, segurtasun juridikoarena eta konfiantza legitimoarena, gobernuak diseinatu, eskaini eta bermatu zuen araubidean (orain desegiten duen segurtasun juridikoko giro bat sortu zuren harekin) bildu ziren ekoizleak zigortzen baititu. Administrazioak sortutako itxaropen legitimoen mozketa hori, ekoizleek inbertsio material eta finantzario handiak egin ondoren, banakako eskubideen aldekoak ez diren xedapenek atzerako eragingarritasuna ezin izatearen konstituzio-printzipioaren aurkakoa izan liteke.
Halaber, legearen aurreko berdintasunaren printzipioa urra litzake, zeren eta errege dekretu legeak negatiboki baztertzen baitu teknologia fotovoltaikoa araubide bereziko gainerako teknologia energetikoen aldean, pizgarriak ordaintzeko epearen iraupenean muga bat ezartzen baitu, bestelako teknologien kasuan ezartzen ez dena, eta bestelako teknologia horiek araupetze ez hain kaltegarria baitute, orduen mugaketari dagokionez.
Gainera, errege dekretu legearen hautapenak eragin bat sortzen du, zeren eta eragozten baitu ukitutako ekoizleek hura epaitegi arruntetan aurkatu ahal izatea. Izan ere, horrekin, babes judizial eragingarrirako eskubide urratuko luke, zeren eta orain arte, arlo beraren erregelamendu bidezko araupetzeak aurkapen judiziala bideratzen baitzuen.
Era berean, botere publikoen arbitrariotasun-debekuaren printzipioa urra liteke, zeren eta errege dekretu lege horren xedea bailitzateke ez hainbeste tarifen defizita zuzentzea, baizik eta orain arte araubide bereziko ekoizleei ematen zitzaizkien “ordainsari” edo diru-laguntzak gutxitzea. Arbitrariotasun hori agertzera emanen litzateke, era berean, dekretu-legearen eraginaren proportzio ezan, xedapen iragankorrak ordu-kopuru txikiegia ezartzen baitu hiru urtetarako, eta gero kopuru hori handitzen joaten da zonifikazio baztertzaile baten arabera, betiere aurreko araubidean ezarritako batez bestekotik behera.
Hori guztia dela eta, Nafarroako Arartekoak uste du behar adina argudio juridiko-konstituzional badagoela Konstituzio Auzitegian konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa bat aurkezteko Sektore elektrikoaren tarifa-defizita zuzentzeko presako neurriak ezartzen dituen errege dekretu legearen aurka.
Erantsitako fitxategian, Juan Antonio Cabrero jaunak, Nafarroako energia fotovoltaikoko ekoizleen ordezkari gisa, 2011ko urtarrilaren 1ean aurkeztutako kexari buruz Nafarroako Arartekoak eginiko irizpen juridikoa jaits dezakezu. Kexa Sektore elektrikoaren tarifa-defizita zuzentzeko presako neurriak ezartzen dituen abenduaren 23ko 14/2010 Errege Dekretu Legearen aurkakoa da.
Partekatu edukia