Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak Gorte Nagusietako Arartekoari eskatu dio gobernua premia dezala ahal bezain laster lege organiko baterako proiektua egiteko, buru-gaixotasunen bat duten pertsonak barneratzeari eta haiei nahitaezko tratamendu mediko-klinikoa emateari buruzko araupetze oso eta gaurkotu bat jasoko duena.
Joan den urtearen amaieran, Konstituzio Auzitegiak deklaratu zuen Prozedura Zibileko legearen 763. artikuluaren zati bat Konstituzioaren aurkakoa zela; izan ere, zati horrek ahalmena ematen dio epaile eskudunari baimena emateko nahaste psikikoak dauzkaten pertsonak beren borondateaz kontra barneratzeko. Auzitegiaren iritziz, nahitaezko barneratzea norbanakoaren askatasuna kentzea da, eta horrek exijitzen du hari buruzko araupetzea lege organiko bidez egin dadila, oinarrizko eskubide batean eragiten baitu. Jokabide hori Konstituzioaren aurkakoa dela deklaratu bada ere, buru-gaixotasunen bat duten pertsonen nahitaezko barneratzea eragotziko duen hutsune normatiborik gerta ez dadin, Konstituzio Auzitegiak araua indarrean mantentzen du, eta legegilea premiatzen du ahal bezain laster lege organiko bidez arau dezan nahaste psikikoa dutenen barneratze ez-boluntarioaren neurria.
Konstituzio Auzitegiaren erabaki horren aurrean, Javier Enérizen ustez egokia da gobernua izan dadila, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioaren bitartez, lege organiko baterako proiektua egin eta Gorte Nagusietan aurkezten duena, hain zuzen ere buru-gaixotasun bat izateagatik tratamendu psikiatriko egokia hartzeko barneratu beharrekoak diren pertsonak establezimendu psikiatrikoetan nahitaez barneratzearen arloa arautzeko.
Eta, Nafarroako Arartekoaren iritziz, nahitaezkoa eta lehentasunezkoa da aipatutako lege organikoa onestea, bai barneratze neurriak bete beharreko buru-gaixoek merezi dituzten berme juridikoen babesak, bai haien ezarpenak ere eragina izan dezaten.
Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak Estatuko Arartekoarengana jo du, bera izan dadin gobernua premiatzen duena lege organikoaren proiektu hori azkar prestatzen duena.
Gainera, Javier Enérizek hiru gai proposatzen ditu, zeinak, bere ustez, nahitaezko barneratzeari buruzko lege batean sartu beharko liratekeen: buru-gaixoen borondatez kontrako tratamendu anbulatorioa; osasun publikoko arrazoiengatik pertsonak barneratzea eta haiei nahitaez tratamendua ematea; eta gaixotasun-arrazoiengatik baztertua ez izateko oinarrizko eskubidea urra dezaketen gaixotasun infekzioso eta kutsagarriengatiko muga normatiboak.
Arartekoak dioen bezala, maiz gertatzen da buru-nahaste larri eta kronikoak dituzten gaixo askok ez dutela beren gaixotasunaren kontzientziarik eta preskribitu zaien tratamendu farmakologikoa errefusatzen dutela. Hori dela eta, pertsona horiek berrerori egiten dira gaixotasun psikotikoetan, berrerortze horrek pertsona horrentzat eta hirugarrenentzat izan ditzakeen arrisku guztiekin; eta, halakoetan, beharrezkoa edo oso komenigarria izaten da nahitaezko ospitaleratzea.
Borondatez kontrako tratamendu anbulatorioaren modalitatea nahitaezko ospitaleratzearen eta ezgaitze judizialaren arteko tarteko bidea da. Modalitate horrek ahalmena ematen die laguntza-zerbitzu psikiatrikoei gaixoari tratamendu farmakologiko bat emateko, haien baimena eduki gabe ere eta inongo zentrotan ospitaleratzeko beharrik gabe.
Nafarroako Arartekoak uste du modalitate hori neurri egokia dela gaixoentzat beraientzat, senideentzat eta herritarrentzat, oro har, eta oso positibotzat jotzen du lege organikoaren proiektuan behar den arau substantibo eta prozedurazkoa sartzea buru-gaixoen borondatez kontrako tratamendu anbulatorio horiek egoki arautzeko.
Osasun publikoari buruzko legediak ahalmena ematen die administrazio publikoetako osasun agintariei pertsonei errekonozimenduak egiteko, tratamendua emateko, ospitaleratzeko edo kontrolatzeko, noiz eta herritarren osasunerako arrisku bat badagoela suposatzeko bidea ematen duten aztarna arrazionalak atzematen dituztenean, pertsona baten nahiz pertsona multzo baten osasun-egoera zehatzarengatik edo jarduera bat garatzen deneko osasun-baldintzengatik.
Nafarroako Arartekoak ohartarazten du ezen pertsona horien barneratzea edo nahitaezko tratamendua beharrezkoa den kasuetan, baimen judiziala ere beharrezkoa izanen dela, hain zuzen ere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legeko 8. artikuluan ezarritako baimena. Alabaina, lege organikoaren proiektu berriak, lege-zehaztapen berri eta zehatzak ezarri beharko ditu, honako gaiei buruz: osasun publikoko arrazoiengatik pertsonak barneratzeko eta haiei nahitaezko tratamenduak emateko epaileek baimena emateko kasuak, edukiak, interesdunari entzunaldia emateko prozedura eta norainokoa. Horrenbestez, kontua litzateke legean behar diren berme juridikoak ezartzea askatasun pertsonalaren edo ukituta gerta daitezkeen beste oinarrizko eskubide batzuen gabetze edo murrizte horren aurrean.
Gaur egun, erregelamendu-xedapenetan daude jasota gaixotasun-arrazoiengatik baztertua ez izateko oinarrizko eskubidea urra dezaketen gaixotasun infekzioso eta kutsagarriengatiko muga normatiboak.
Nafarroako Arartekoak uste du muga horiek nahitaez lege mailako arau batean jaso behar direla, legezkotasunaren konstituzio-printzipioak horixe exijitzen baitu. Hori dela eta, komenigarri ikusten du arestian aipatutako lege organikoaren proiektuan arautegi bat sartzea, gai hori behar den bezala antolatuko duena eta justifikaziorik gabeko bazterketak saihestuko duena; hori guztia, gaixotasun horiek dauzkaten pertsonen eskubideak bermatzeko.
Partekatu edukia