Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Entitate Ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu du Los Arcosko Udala.

2015 azaroa 25

Nafarroako Arartekoak Entitate Ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu du Los Arcosko Udala, eskakizuna behin eta berriro egin arren, erantzunik eman ez diolako enpresa batek toki-erakunde horren aurka jarritako kexari.

Basogintza-enpresa batek emandako laguntza teknikoa ordaintzea eskatu zion Los Arcosko Udalari. Ondoren aurkeztutako kexan oinarritzen da kasua.

Nafarroako Arartekoak, kontua aztertu ondoren, ondorioztatu zuen enpresa zuzen zegoela eta, hain zuzen ere, udalak ez ziola ordaindu benetan emandako zerbitzua, zehazki, basoberritzeko proiektu bat egitea.

Gauzak horrela, Arartekoak, toki-erakundearen ikuskatzailea den aldetik, 2015eko martxoaren 9an, egindako lana ordaintzea gomendatu zuen. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraiki, bi hilabeteko epea eman zion Los Arcosko Udalari, gomendioari erantzuteko.

Legez ezarritako epean erantzunik jaso ez zuenez, Nafarroako Arartekoak beste hiru aldiz eskatu zion toki-erakundeari bere iritzia, hain zuzen, 2015eko uztailaren 29an, 2015eko irailaren 25ean eta 2015eko urriaren 23an. Igorritako errekerimenduetan, Arartekoak gogorarazi zion Los Arcosko Udalari erakunde ikuskatzaileari laguntza eskaintzeko betebeharra zuela.

Azkenean, erantzunik eman gabe jarraitzen zuela ikusita, Arartekoak ulertu du udalak ez duela bere gomendioa onartu, eta ondorioz, Los Arcosko Udalaren laguntzarik eza jakitera eman du.

Jarduerei amaiera emateko ebazpenean jasotzen den bezala, Arartekoak Nafarroako Parlamentuari emango dio laguntzarik ezaren berri, erakundearen jarduerari buruzko urtero egiten duen txostenean. Halaber, Nafarroako Arartekoaren Entitate Ez-kolaboratzaileen Erregistroan jasoko du udalaren jokabidea, Los Arcosko Udala, eta hala badagokio, tokiko agintari arduraduna berariaz aipaturik.

Partekatu edukia