Partekatu edukia
Azken egun hauetan komunikabideetan albiste batzuk agertu dira Gorte Nagusietako Arartekoak eginiko txosten bati buruz. Txostena, izan ere, Jokabidearen nahasteak dituzten eta gizarte egoera zailean dauden adingabeak babesteko zentroei buruzkoa da. Txosten hori Estatu osoari buruzkoa da, eta bertan agertzera eman eta saltzen dira adingabeen eskubideak urratzen dituzten zenbait jarduera, kolektibo horri zerbitzua ematen dioten zenbait zentrotan gauzatzen direnak.
Horrek gure erkidegoan sor dezakeen alarma soziala dela eta, bidezkoa da adieraztea Nafarroako Arartekoak azken urtean bi txosten aurkeztu zizkiola Nafarroako Parlamentuari, adingabeen babesari eta eskubideei buruz. Honako txosten bereziak dira, hain zuzen: Nafarroako administrazio publikoen jarduna adingabeak babesteko eta Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrek Nafarroako Foru Komunitatean duten egoera. Bi txosten horietan administrazio-jardunean hobetu litezkeen alderdiak agerrarazi ziren arren eta bidezko iradokizunak eta gomendioak egiten ziren arren, ez zen gure esparruan eskubideen urraketekin loturiko egoerarik atzeman, Estatuko Arartekoak salatutakoen antzekorik. Aitzitik, egiaztatu genuen gure adingabeei emaniko laguntza publikoa -Nafarroako administrazio publikoek zuzenean emandakoa zein zentroak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten entitateen bitartez emandakoa-, oro har, oso positibotzat jo behar zela.
Horren adierazgarri, berriki Nafarroako Arartekoak Ilundain Fundazioak kudeaturiko "Haritz Berri" zentroaren jarduna ikuskatzeko aukera izan du. Bertan, neurri judizialen pean dauden adingabeak daude; hau da, arrisku handiko jardunengatik kontrol judizialaren pean dauden adingabeak. Zentroak honakoek ikuskatuta egiten du lan: Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua, Adingabeen Fiskaltza eta Nafarroako Arartekoa. Adingabeen eskubideak erreprimitzen eta kaltetzen dituzten praktiketatik urrun, zentroak adingabeen gizarteratzea eta laneratzea bilatzen du orientabide konstruktibo eta hezkuntzakoen bitartez, eta zerbitzu hori ikuspegi sozialetik oso aurreratuak diren moldeetan ematen da. Alderdi hori, gainera, interesdun gehien-gehienek azpimarratzen dute.
Bistakoa da adingabeen eskubideak babestearen arloan lan egiten duten botere publiko eta entitate laguntzaile guztiok bilatu behar dugula, gure erantzukizunei dagokien neurrian, adingabe horiei ematen diegun laguntza hobetzea, bereziki babesgabetasun egoeran edo gizarte gatazkako egoeran daudenei. Aldi berean, erne egon behar dugu eta jarrera kritikoa eduki behar dugu, atseginkerian erori gabe. Hori guztia gorabehera, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak eta entitate laguntzaileek gure erkidegoan egiten duen lana aitortzea. Izan ere, arlo honetan, oro har, oso lan ona egiten ari dira, erakunde honen iritziz. Ez da atzeman, beraz, Nafarroan, gazteen eskubideen urratze sistematikorik. Izan ere, jardun publikoa eta soziala haiek berriz heztera, gizarteratzera eta laneratzera bideratuta dago.
Partekatu edukia