Partekatu edukia
Atarrabian entzierroaren hesiak kentzeko lanetan ari zen ibilgailu batek harrapatuta haur bat hil ondoren, Nafarroako Ararteko Javier Enérizek Atarrabiako Udalari gomendatu dio Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren behar den prozedura izapide dezan, baita bere kabuz bada ere, eta hildako adingabearen familiari aitor diezaion Zuzenbidearen arabera dagokion kalte-ordaina.
Erakundeak eginiko azterketaren arabera, Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuna, bere zerbitzuen funtzionamendutik heldu dena, Konstituzioaren 9. eta 106. artikuluetan jasota dago. Konstituzioko 106. artikuluko bigarren idatz-zatian, honakoa adierazten du: “Partikularrek, legeak ezarritako moduan, eskubidea izanen dute kalte-ordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero”.
Toki entitateen esparruan, legediak honakoa ezartzen du: “Toki entitateek zuzenean erantzunen dute partikularrei, beren ondasun eta eskubideetan, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz edo agintari, funtzionario edo agenteen jardueraren ondorioz, eragindako kalte-galerengatik, administrazio-erantzukizunari buruzko lege orokorretan ezarritako moduan.”
Aipatu arauei jarraituz, Toki Administrazioaren ondare-erantzukizuna erantzukizun zuzen eta objektiboa da, eta hartatik ondorioztatzen da kalte-ordainak eman behar izatea partikularrek beren ondasun eta eskubideetan zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz eragindako lesioengatik, ezinbesteko kasuetan izan ezik, alde batera utzita erruduntasun jokabide bat edo jokabide subjektibo bat egon den.
Auzitegi Gorenaren epai askotan, jasota ageri da “partikularrek Estatuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, pairatu duten edozein lesio dela kausa, betiere zerbitzu publikoen funtzionamendu on edo txarraren ondorioz; eta kaltea efektiboa izanen da, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa. Jurisprudentziak zehaztu du, halaber, Administrazioaren ondare-erantzukizuna egoteko honako baldintzak bete behar direla:
Espediente honen kasuan (adingabe baten heriotza, entzierroaren hesiak erretiratzeko lanetan parte hartzen ari zen ibilgailu batek harrapatuta, hau da, udalak antolatutako egintza baten ondorioz), Arartekoak uste du behar diren baldintzak betetzen direla Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuna aitortzeko, zeren eta zoritxarreko gertakaria udalaren titulartasunaren menpeko zerbitzu publiko bat ematearen ondorioz gertatu baitzen, udalak berak egina izan nahiz udalaren kontura egina izan (zezen-ekitaldia eta hesiaren geroko erretiratzea).
Erakunde honetara udalak igorri duen txostenean adierazten da Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak diligentziak zabaldu dituela, atzeman baitu erantzukizun penal eta zibil subjektiboak ekartzeko aztarnak badaudela. Javier Enérizen ustez, Instrukzio Epaitegiak aurretiko diligentziak izapidetzea ez da oztopo Administrazio Publikoaren erantzukizun objektiboaren prozedura administratiboa zabaltzeko eta izapidetzeko, hildako adingabearen familiari kalte-ordain bat emateari begira, alde batera utzita egon litezkeen erantzukizun penal eta zibilak, zeinek izaera subjektiboa eta, kasua bada, erruduntasuneko izaera baitute.
Partekatu edukia