Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak araudian aldaketak egitea proposatu du ezaintasunen bat duten pertsonei zuzendutako zenbait prestaziotan bateraezintasunak saihesteko

2012 urtarrila 27

Nafarroako Arartekoak, Javier Enérizek, Espainiako Herriaren Defendatzailearengana jo du, María Luisa Cava de Llanorengana, eta eskatu dio jardueraren bat sustatu dezan Gizarte Segurantzak ezintasunen bat duten pertsonei ematen dizkien prestazio ekonomikoen bateraezintasunak erregulatzen dituen estatuko araudian aldaketak egin ditzaten.

Nafarroako Arartekoaren jarduera hori Diario de Noticias izenekoan berri baten argitalpenaren ostean gertatu da. Berriaren arabera, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak 11.150 euro itzultzeko eskatu dio ikasle bati. Berriari jarraiki, zenbateko hori aipatutako herritarrak duen ezintasunaren ondorioz ordaindu zioten baina GSIIk ez du bateragarritzat jo kimika kuantikoari buruzko doktorego-tesia egiteko eman dioten ikertzeko beka baten ondoriozko diru-sarrerekin.

Dirudienez, pertsona horrek endekapenezko gaixotasun bat dauka (Wolfram sindromea) eta, ondorioz, zenbait arazo pairatzen ditu. Hala ere, modu berezian nabarmendu den ikasle bat izan da eta Nafarroako Unibertsitatean kimikako ikasketak espediente bikainarekin amaitu ditu. Hori dela-eta, aipatutako ikertzeko beka eman zioten, diziplina horretako doktorego-tesia bukatu zezala.

Horregatik guztiagatik, gizarte segurantzaren arloan indarrean dagoen araudiaren aplikazioa egokia izan bada ere, Nafarroako Arartekoak ez du uste zentzuzkoa denik ezintasun bat eta merezimendu akademiko horiek dituen ikasle batek beka baten prestazioa ezintasun bat izategatik Gizarte Segurantzak ematen dion prestazioarekin bateratzeko aukerarik ez izatea. Batez ere, botere publiko guztiek ezintasunen bat duten pertsonei, konstituzioan ezarritako eskubideak benetakoa eta eraginkorra den berdintasunez goza ditzaten, eman behar dieten babes berezia aintzat hartuta.

Aurreko guztia dela-eta, Nafarroako Arartekoak jarduneko Herriaren Defendatzailearengana jo du eta eskatu dio kasu honetan eta antzerakoetan, Espainian pareko kasuak egon baitaitezke, jarduera motaren bat sustatu dezan. Aipatutakoa bezalako egoerak –Arartekoaren arabera- prestazio ekonomikoen bateraezintasunen inguruan Gizarte Segurantzaren araudiak dituen disfuntzioen adierazgarri izan daitezke.

Partekatu edukia